87. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

31E/2019 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, klusterretan elkarlanean egindako ekintzetarako dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 446223.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiaren arabera, estrategia hori txertatzeko baliabideetako bat da klusterrekin lan egitea lehentasunezkotzat jotzen diren arlo ekonomikoetan. Klusterretan enpresa eta erakundeetako eragileak elkartzen dira, baita balio-kate baten ezagutza entitateak ere, enpresa-lehiakortasunerako eta garapen teknologikorako lerroak sustatzearren elkarlan proiektuen bitartez.

Klusterretan parte hartuz enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duen elkarlan hori sustatzearren, 2016. urtetik laguntza deialdi bat onesten da, urtero jarduketa-ildo ezberdinak dituena, biltzen den esperientziaren arabera eta xedeko elkarteen errealitatearen arabera aldatzen baitira. Horregatik, aurtengo deialdian, bi jarduketa-ildotan bildu dira klusterrentzako laguntzak: bata, klusterren egituretarako laguntzak, eta bestea, klusterreko partaide diren enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntzarako ahalmena indartzeko elkarlan proiektuetarako laguntzak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Klusterretan elkarlanean egindako ekintzetarako dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta gaikuntza-plataformak bultzatzeko plana

2019

400.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako enpresen arteko elkarlana sustatzea, eta, orobat, enpresek beren eraginkortasuna hobetzen duten proiektuetan parte har dezatela kluster erakundeen bitartez.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hauek hartuko dira kluster erakundetzat (hemendik aurrera klusterra): balio-kate baten ezagutza-entitate, erakunde eta enpresen multzoa, bazkideen lehiarako hobekuntza bilatzen duena elkarlanaren bitartez; balio-kate hori merkatu batera edo merkatuaren segmentu batera orientatua izan daiteke, edo teknologia erraztailea eskaintzera.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak sartuak egon beharko dira Nafarroako espezializazio adimentsuaren S3 estrategiak lehenetsitako arlo ekonomikoetako batean: Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak, edo arlo horiek errazten dituen teknologiaren bat.

2. Jarduketa-ildo diruz lagungarriak honako hauek dira:

2.1. A ildoa. Klusterrak sendotzea.

Ildo honetan, klusterren egitura sendotzeko jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Bazkideak erakartzeko lanak, lan mahaiak antolatu eta egitea, taldearen kudeaketa edo klusterraren ordezkaritza.

b) Plan estrategikoak idaztea. Sostengua emanen da kanpoko aholkularitza espezializatu bat azpikontratatzeko, helburua badu klusterraren azterketa estrategikoa egitea eta lehiakortasun posizioa zehaztea, urte anitzeko jarduketa plan bati begira.

c) Proiektuen dinamizazioa. Elkarlanerako proiektuak detektatzea, proiektuetarako kanpo finantzaketa bilatzea (Europako, Espainiako eta eskualdeko deialdiak), etab.

d) Marketin eta komunikazio jarduketak, hala nola, ekintzak eta kanpainak diseinatzea eta katalogoak, direktorioak, liburuxkak, jardunaldiak eta abar egitea.

e) Gaikuntza jarduketak, klusterraren kudeatzaileari edo kudeaketa organoei zuzenduak, klusterrak kudeatzeko berariazko gaiei buruz.

f) Merkataritzako diplomaziako ekintzak, bereziki Nafarroako 2017-2020 aldirako Nazioarteko Planaren ondoriozkoak.

2.2. B ildoa. Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

Jarduketa-ildo honen xedea da kluster bateko enpresen lehiakortasuna eta berritzeko ahalmena sendotzea. Ildo honen barruan, jarduketa hauek jasoko dute dirulaguntza:

a) Klusterreko bazkideen lehiakortasuna hobetzeko asmoz esparru hauetan egiten diren proiektuak: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarren garapena edo aldaketa eta kalitate arauak.

b) Adimen estrategikoari buruzko zerbitzuak eta kanpo kontsulta klusterreko enpresa guztientzat; adibidez, ingurunearen zaintza estrategikorako sistemak ezartzeaz, zaintza teknologikoaz, merkatuez eta lehiakideez.

c) Klusterraren lehiakortasun posizioa zehazten duten eta urte anitzeko jarduketa plan bati begira egiten diren plan estrategikoak gaurkotzea.

d) Elkarlanerako beste proiektu batzuk, klusterren plan estrategikotik sortzen direnak eta A ildoko laguntzen barnean ez daudenak (2.1 atala).

3. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunak 1. oinarrian adierazitako klusterraren definizioaren arabera eratuak egon beharko dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Berezko nortasun juridikoa izatea eta legez eratuak izatea, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa, betiere irabazi-asmorik ez badu.

b) Egoitza soziala Nafarroan izatea, eta lehentasunezko jarduketa-eremu geografikoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea izatea. Gainera, bazkideen edo kideen %50ek Nafarroan izan beharko dute egoitza soziala edo lantokia.

c) Gutxienez 20 bazkide kuotadun biltzea.

d) Helburu sozialen artean bazkideen lehiakortasuna hobetzea izatea, eta, helburu hori lortzeko, lankidetzaren, nazioartekotzearen eta berrikuntzaren alde egitea.

e) Lan eremu nagusia balio-kate bat izanen da, merkatu batera edo teknologia erraztaile bat eskaintzera orientatua, betiere Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren lehentasunezko arlo ekonomikoen barruan; hau da, arlo ekonomiko horietan teknologiaren, ondasunen edo zerbitzuen eskaintza eta diseinua sustatu behar dira.

Kluster batek ezin izanen du erabat edo partez bikoiztu Nafarroako Gobernuak aurretik finantzatutako beste kluster baten lan eremua, baldin eta finantzaketa hori klusterretan elkarlanean egiten diren ekintzetarako dirulaguntzen deialdiren batetik badator.

f) Bazkideek klusterraren lan eremuaren balio-katea ordezkatu beharko dute, eta gutxienez ikerketa, teknologia eta/edo ezagutza zentro bat egon beharko da.

g) Urteko jarduketa-plan bat izatea, epe ertainerako plan estrategiko baten ondoriozkoa.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza-eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena eman dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

2. Kluster erakundea eta hura osatzen duten entitateak ados daudenean haiek zati batean eginen dutela A edo B ildoko jarduketa diruz lagunduren bat, enpresa horiek ere onuradun bihurtuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. A eta B ildoetarako, diruz lagungarriak dira kontzeptu hauengatik fakturatu eta ordaindutako zuzeneko gastuak:

a) Entitateak diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko jartzen dituen langileen soldata kostuak.

b) Bidaia eta ostatu gastuak. Kilometraje kostuak ezin dira 0,30 eurotik gorakoak izan kilometro bakoitzeko. Ostatu-gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 eurokoa izanen da gehienez.

c) Aholkularitza teknikorako edo komunikazioaren edo ezagutzaren arloko kanpo zerbitzuen kontratazioa.

d) Kudeaketarako kanpo zerbitzuen kontratazioa (kudeatzailea edo kluster managerra), lan horretarako langile berekirik ez badu. Hautapena 5. oinarrian adierazten den moduan eginen da.

2. Oinarri honetako 1. ataleko c) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

3. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

4. Diruz lagundutako jarduketak 2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira.

5. oinarria.–Kudeatzailearen edo kluster managerraren hautaketa.

Kudeatzailea edo kluster managerra kontratatzen bada –harekin laneko edo merkataritzako lotura izan gorabehera–, kontratazioa egitean irizpide hauei jarraitu behar zaie: inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna.

Orobat, egiaztatu beharko da klusterraren batzordeak gutxienez 4 pertsona baloratu dituela (bi gizon eta bi emakume), eta baloratu diren lan profilak edo proposamenak aurkeztuko dira. Frogatuz gero ezinezkoa dela lau pertsonaren proposamenak aurkeztea eskatutako profila daukaten behar adina hautagai ez izateagatik edo laguntza-eskaera aurkeztu zenerako kontratazioa egina izateagatik, nahikoa izanen da hautatutako pertsonaren profila aurkeztea.

Kontrataziorako betebeharrak, ahal den guztietan, honako hauek izanen dira:

a) Klusterraren lan eremuan goi mailako prestakuntza teknikoa izatea (nagusiki arlo horretakoa edo baliokidea), arlo horretan lanbide esperientzia izatea eta enpresen kudeaketa arloa ezagutzea.

b) 5 urteko esperientzia izatea, gutxienez, lanpostu exekutibo batean, lan taldeen arduradun gisa, aholkulari gisa edo enpresa proiektuak dinamizatzeko antzeko profilarekin.

c) Esperientzia izatea proiektuak, politika publikoak eta lehiarako estrategiak kudeatzen.

d) Hizkuntzak jakitea, batik bat ingelesa.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzak honenbestekoak izanen dira, jarduketa-ildo bakoitzaren arabera:

1. A ildoa. Klusterrak sendotzea.

a) Laguntzen intentsitatea zehazteko, kontuan hartuko da klusterrak lehenago laguntzarik jaso duen Nafarroako Gobernuak klusterretan elkarlanean egindako ekintzetarako ematen dituen dirulaguntzen deialdien bidez (ez dira aintzat hartuko aurreklusterrei dagozkien laguntzak, 2016koak):

–Gastu diruz lagungarrien %100, lehenago horrelako laguntzarik jaso ez bada.

–%90, deialdi batean jaso baldin bada laguntza.

–%80, bi deialditan jaso baldin bada laguntza.

–%65, bi deialditan baino gehiagotan jaso baldin bada laguntza.

b) Gehieneko laguntza 50.000 eurokoa izanen da.

2. B ildoa. Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

a) Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarrien %80koa izanen da, gehienez. Proiektu bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera kalkulatuko da, 8. oinarriko irizpideak aplikatuta eta proiekturik onenak lortutako puntuazioarekin konparatuta, formula honi jarraituz:

Laguntzaren intentsitatea = %80 * P / PMAX

P: proiektuak lortutako puntuazioa.

PMAX: proiektu batek B ildoan lortutako puntuaziorik handiena.

b) A eta B ildoetako proiektuen laguntzen batura metatua ezin da 70.000 eurotik gorakoa izan.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntza-eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Kluster bakoitzak eskaera bakar bat aukeztuko du, eta bertan adierazi beharko da 2. oinarriko zer jarduketatarako eskatzen den laguntza.

5. Zer ildotarako den, honako agiri hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera, agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezalako izenarekin identifikatuta (adibidez: “Estatutuak”):

a) Eskaera-orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan; besteak beste, klusterra sustatzen duten kideen edo entitateen zerrenda sartuko da, adierazita izena, jarduera, tipologia (enpresa txiki eta ertaina, enpresa handia, ezagutza zentroa, etab.), gutxi gorabeherako fakturazioa, langile kopurua eta sarrera urtea.

b) Klusterraren eraketa-agiria edo akta.

c) Klusterraren estatutuak.

d) Proiektua gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatua, non hartutako konpromisoak adieraziko baitira, 3.2 oinarrian aipatutako edukia zehaztuta.

e) Klusterraren plan estrategikoa, barnean lehiakortasunaren analisia eta epe ertainerako agenda estrategikoa hartzen dituena, lehenesten diren lehiakortasun eta berrikuntza ildoak zehaztuta.

f) A ildoko jarduketen kasuan, klusterraren urteko jarduketa plana aurkeztu beharko da. Barnean, laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa ere izanen du, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

g) B ildoko jarduketen kasuan, memoria bat aurkeztu beharko da laguntzaren xedeko proiektu bakoitzeko. Memoria bakoitzean jaso beharko da laguntzen fitxan adierazitako eduki espezifikoa, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Politika Enpresarialaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen horrela egiten ez badu eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 13.1. oinarrian adierazitako moduan.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun zerrenda bat ezartzeko ildo bakoitzerako, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideen arabera.

2. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaeren aurrekontu onartuari 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaio, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte:

a) 300.000 euro A ildoko jarduketak diruz laguntzeko (“Klusterrak sendotzea”).

b) 100.000 euro B ildoko jarduketak diruz laguntzeko (“Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak”).

A ildoko jarduketak diruz laguntzeko kreditua agortzen ez bada, B ildoko jarduketak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

3. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

3.1. A ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 10 puntu bildu arte:

a) Lerrokatze estrategikoa. Honako hauek baloratuko dira: proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa, klusterraren lehiakortasun beharretara nola egokitzen diren eta plan estrategikoarekin bat egiten duten, baita proposatutako helburuak ere (5 puntu gehienez).

b) Elkarlana. Honako hauek baloratuko dira: jarduketetan parte hartzen duten bazkideen kopurua, bazkideen konpromisoa eta bateragarritasuna, beste eragile batzuen inplikazioa eta nola koordinatzen diren Nafarroako Gobernuaren ekintzekin (3 puntu gehienez).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta zehaztapena koherenteak izatea, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako eta espero den emaitzarako, bai eta finantzaketarako beste funts batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (2 puntu gehienez).

3.2. B ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira, gehienez 10 puntu bildu arte:

a) Lerrokatze estrategikoa. Honako hauek baloratuko dira: proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa, klusterraren lehiakortasun beharretara nola egokitzen diren eta plan estrategikoarekin bat egiten duten, baita proposatutako helburuak ere (5 puntu gehienez).

b) Elkarlana. Honako hauek baloratuko dira: proiektuan parte hartzen duten bazkideen kopurua, bazkideen konpromisoa eta bateragarritasuna, beste eragile batzuen inplikazioa eta nola koordinatzen diren Nafarroako Gobernuaren ekintzekin (3 puntu gehienez).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta zehaztapena koherenteak izatea, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako eta espero den emaitzarako, bai eta finantzaketarako beste funts batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (2 puntu gehienez).

4. 5 puntu edo gehiago lortzen dituzten eskaerei baizik ez zaie dirulaguntzarik emanen.

Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, jarduketa-ildo bakoitzerako ezarritako a) irizpideko puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da, eta, berdinduta segituz gero, b) irizpidekoa.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Politika Ekonomikoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak, SODENAren laguntzaz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, adieraziz, eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Zerbitzu horrek eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira bakoitzari dagokion laguntzaren intentsitatea eta onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Norbaiti onartu zaion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu eta diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako kreditua ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek. Kasu horretan, 8.1 oinarrian finkatutako ordenari jarraikiko zaio.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2019ko urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduketa, egun hori barne. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13.1 oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete direla ere (laguntzen fitxan eredu bat dago).

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan; erabili beharreko kalkulu-orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 4. oinarriko langileria gastuak justifikatuko dira nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2019ko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen eta 2019ko urriko Gizarte Segurantzaren ordainagiriak 2020ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuta aurreko atalean eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. 3. oinarrian ezarritakoarekin bat onuradun ateratzen diren entitateen gastuen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira. Bai fakturak bai ordainagiriak onuradunen izenean eginak izan beharko dira.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia laguntzen fitxan eskura daiteke, eta 4.3 oinarrian adierazitako edukia izanen du.

f) Kudeatzailearen edo kluster managerraren lanposturako kontratazioa 5. oinarrian adierazitako moduan justifikatuko da.

g) Egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko onuradunak egokitzat jotzen duen edozein dokumentazio.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Aurreko oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea diruz lagundutako jarduera egin dela.

c) Nafarroako Gobernuak klusterretan elkarlanean egindako ekintzetarako ematen dituen dirulaguntzak bi deialditan edo gutxiagotan baliatu dituzten klusterren kasuan, gastu diruz lagungarriak egiteko aldian bazkide kopurua igo izana eskatuko da (igoera garbia), bai eta bazkideei kuotak ezartzea ere.

d) Klusterraren esportazio ekintzak Nafarroako 2017-2020 aldirako Nazioarteko Planean jasotako ekimenekin koordinatu beharko dira, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuarekin batera.

e) Politika Ekonomikoaren Zerbitzuari aurretik jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduketa eta proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro, horretarako baimena eman dezan; esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan gertatzen diren desbideratzeak.

f) SODENAk onuradunentzat antolatutako jarduketetan parte hartzea (jarraipen mahaiak, prestakuntza jarduerak, etab.) eta aldian behin sozietate publiko horri informazioa ematea diruz lagundutako jardueren segimendua egiteko, eta, orobat, ebaluazio lanetan laguntzea.

g) Nafarroako Gobernua eta SODENA gonbidatzea jasotako laguntzekin finantzatzen diren jarduketetan parte hartzera, baita zuzendaritza batzordeetan edo diruz lagundutako proiektuak koordinatzeko bileretan ere.

h) Webgune korporatiboan eta diruz laguntzen diren ekintzen zabalkunde publikoa egiteko baliabideetan agertzea ekintza horiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa izan dutela. Horretarako, zabalkunderako erabiltzen den materialean “Navarra Clusters” logotipoa jarri beharko da leku ikusgarri batean.

Diruz lagundutako jarduketen zabalkunderako materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko dirulaguntzaren xedeari loturik prestatzen den dokumentazio guztian.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, entitate onuradunek eska dezakete ordainketa bat edo bi egin dakizkiela epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (2018ko azaroaren 1etik 2019ko urriaren 31ra arte).

Horretarako, proiektu bakoitzeko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte 13.1 oinarrian adierazitakoarekin bat: gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda, proiektu bakoitzerako excel formatuan ordenatuta.

2. Nolanahi ere, 10. oinarrian adierazitako frogagiriak aztertuta, laguntzen organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena 6 hilabeteko epean emanen du organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

3. Frogagiriak aztertzerik ez badago, ordainketa ebazpenak 2019an ematen direla ziurtatzearren, 2019ko urriaren 31 arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren konturako ordainketa bat eginen da, salbu eta dirulaguntza osoa ordaindu bada oinarri honen 1. atalean adierazi bezala.

Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak 10. oinarriaren a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.

4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak 10. oinarriaren c) letran adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, helbide horretan bertan egin beharko da Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin, eta bateragarriak, berriz, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek emandakoekin.

15. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Politika Ekonomikoko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu-base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1905102