2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Tuteran ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren testu berria. Behin betiko onespena
Udalak, 2018ko abenduaren 21ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tuteran ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren testu berria.
Iragan da jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea, erabakia 2019ko 24. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 5ekoan, argitaratu zenetik eta ez da erreklamazio, kexa edo oharrik egin haren kontra; beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da eta, horrenbestez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik emanen da argitara Tuteran ibilgailu elektrikoak erosteko laguntzak arautzen dituen ordenantzaren testua, osoko bilkurak 2018ko abenduaren 21ean onetsitakoa.
Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Tuteran, 2019ko martxoaren 21ean.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.
TUTERAN IBILGAILU ELEKTRIKOAK EROSTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da laguntzak emateko arauak ezartzea, ibilgailu elektrikoak erosteko. Kanpo gelditzen dira leasing edo renting modalitateen bidez erosten diren ibilgailuak.
2. artikulua. Aplikazio eremua.
Laguntza horiek emanen dira soilik lehen aldiz erositako ibilgailuengatik, Tuterako Udaleko ibilgailuen erroldan inskribatuta badaude.
3. artikulua. Gastua egoztea.
Ordenantza honetako laguntzak adjudikatzeko baimentzen diren gastuetarako, baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea udal aurrekontuetan horretarako berariaz ezartzen den partidan.
4. artikulua. Onuradunak eta betebeharrak.
1.–Onuraduna nor den.
Onuraduntzat ulertzen da aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera ibilgailu elektriko bat erosi duen pertsona fisiko oro, Tuterako udalerrian erroldatua badago, bai eta pertsona juridiko oro, Tuteran egoitza fiskala badu.
2.–Baldintzak:
a) Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Tuterako Udalarekiko betebeharrak eguneratuak izatea dirulaguntza eskatzen duen unean. Betebehar hori ez betetzeak dirulaguntza ukatzea ekarriko du.
Pertsona juridikoa bada, horretaz gainera, Tuterako EJZn alta emanik egon beharko da.
b) Laguntza adierazitako epearen barruan eskatzea, eta eskaerarekin batera beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztea.
5. artikulua. Ibilgailuen baldintzak.
Ibilgailu elektrikoak: motor elektrikoa dutenak eta/edo inolako isuri kutsagarririk ez dutenak.
6. artikulua. Eskaerak nola aurkeztu: epea eta ebazpena.
1) Eskaerak Tuterako Udaleko HLZn (erregistroan) eta Lourdes auzoko HLZn (bulegoan) aurkeztuko dira, irekitzeko ezarritako ordutegietan. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz industria@tudela.es helbide elektronikora.
2) Eskaerak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), deialdian finkatzen den epearen barnean aurkeztuko dira.
3) Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik hasita, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.
4) Urtero, iragarki bat argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta haren bidez irekiko da eskabideak aurkezteko epea. Eskaerei erantzunen zaie urte bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte, barne direla kredituen sorrerak, handitzeak edo gehitzeak, halakorik baldin bada.
5) Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua.
6) Dagokion departamentuak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Ebazpena espresuki jakinarazten ez bada, ezetsi delako izanen da beti.
7) Egindako gastuen fakturek 205/2004 Foru Dekretuak agindutakoa bete beharko dute (haren bidez onartu baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua). Fakturek, bidenabar, dirulaguntza eskatu duenaren izenean egon behar dute beti.
Fakturak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira. Ez dira kontuan hartuko esku-dirutan ordaindutako 2.500 euroko edo gehiagoko eragiketak, edo atzerriko dibisetan kontrabalio hori dutenak, eragiketa horretan parte hartzen duen alderdietako batek enpresari gisa edo profesional gisa diharduenean; izan ere, halaxe xedatu da urriaren 29ko 7/2012 Legean (iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa). Nolanahi ere, zenbatekoari jarritako muga gaurkotu eginen da lege indardunak unean-unean zer finkatzen duen kontuan hartuta.
8) Gobernu Batzarrak ordenantza honen eranskinetan ageri diren dokumentuak (eskabide orriaren eredua, erantzukizunpeko adierazpena eta abar) alda ditzake, hala erabakitzen badu, baldin eta aldaketa horrek ez badu eraginik ordenantza honetan lerro bakoitzarerako araututako funtsezko alderdietan.
7. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.
Dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Tuterako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ahalko ditu.
Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta dirulaguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.
Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edota betebeharrak aldatu badira.
8. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.
Dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu ibilgailuaren erosketaren kostua, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo dirulaguntzekin batera.
9. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.
Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak emateko eskumena izanen duen organoa, hark izanen baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.
10. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak.
a) Eskaera, behar bezala betea (1. eranskina).
b) Zirkulazio baimenaren fotokopia konpultsatua.
c) Ezaugarri teknikoen ziurtagiria (fitxa teknikoa).
d) Efizientzia energetikoari buruzko kalifikazioaren ziurtagiria.
e) Ibilgailuaren erosketaren faktura.
f) Fakturaren ordainagiriak.
h) Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dituela dioen ziurtagiria.
i) Nafarroako Ogasunarekikoak eguneraturik dituela dioen ziurtagiria.
j) Erantzukizunpeko adierazpena (2. eranskina).
k) Helburu berbererako beste dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena.
l) Hirugarrenen fitxa (4. eranskina).
Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du ez dutela berarekin zorrik.
11. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntza 3.000 eurokoa izanen da gehienez ibilgailu bakoitzeko.
10. artikulua. Laguntzaren ordainketa.
Udal aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, laguntzaren %75 ordainduko da lehen ordainketan.
Azken likidazioa (emandako laguntzaren gainerako %25) eginen da onuradunak ibilgailuaren titularra izaten jarraitzen duela egiaztatzen denean eta Tokiko Gobernu Batzarraren adjudikazioaren urtebetera. Ibilgailua beste titular bati saltzeak edo eskualdatzeak laguntza automatikoki itzultzea ekarriko du.
12. artikulua. Laguntzak galtzea edo gutxitzea.
Emandako laguntza galdu eginen da honako egoeraren bat gertatuz gero:
a) Dirulaguntzaren xede den ibilgailua salduz edo jabez eskualdatuz gero, Tokiko Gobernu Batzarrak hura eman eta urtebete baino lehenago.
b) Ibilgailuari baja emanez gero dagokion erregistro publikoan (Trafikoko Buruzagitza) edota beste udalerri batera transferituz gero. Tuterako Udala, Plaza Vieja 1, 31500 Tutera. Telefonoa: 948 41 71 00. Faxa. 948 41 71 19.
Aitzineko artikuluan jasotzen diren kasuetan, Udalak eskatu ahalko du eskuratutako diru kopuruak osoki edo partez itzultzea, hartu zirenetik iragan den denborari dagozkion legezko interesak gehituta; indarra duen legeriak ezarritako premiamendu bidea erabiltzen ahalko da horiek ordainarazteko. Laguntzen onuradunak indarreko legeriak dirulaguntza eta laguntza publikoen gainean ezarritako arau-hauste eta zehapen araubidearen menpe egonen dira.
13. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.
a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honelako kasuetan:
–Dirulaguntzari uko egitea.
–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.
–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.
–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.
–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.
–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.
b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.
c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, izan daitezkeen erantzukizunak kontuan hartu gabe.
d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.
e) Lau urte iraganda preskribatuko da itzulketa aitortu eta likidatzeko Administrazioak duen eskubidea. Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak proposa ditzan. Udalaren Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak suntsiarazi edo errebokatzeko organo eskudun bakarra. Oinarri hauetan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.
14. artikulua. Zehapen prozedura.
Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak aipatu legean ezarritakoak izanen dira.
15. artikulua. Publizitatea
Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Tuterako Udalak diruz lagundu dituela agertu beharko da.
16. artikulua. “De minimis” araubidea.
Deialdi honetako dirulaguntzak “de minimis” motako laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an eman 1407/2013 Erregelamenduan xedatuarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Xedapen iragankorra.–2018. urtean erositako ibilgailu elektrikoetarako eskaerak aurkezteko epea 2019. urteko deialdian ezarritakoa izanen da.
2019. urteko eskaerak aurkezteko epea xedapen iragankorra indarrean jarri eta biharamunean hasiko da, eta 2019ko abenduaren 20an bukatuko.
1. ERANSKINA
Tuteran ibilgailu elektrikoak erosteko laguntza eskaera.
2. ERANSKINA
Erantzukizunpeko adierazpena.
3. ERANSKINA
Xede berbererako dirulaguntza eskaeren zerrenda.
4. ERANSKINA
Hirugarrenen fitxa.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: L1904062