85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Akats zuzenketa, Musika eta Dantza Eskolaren estatutuen aldaketa behin betiko onesteko iragarkian

Akatsa atzeman baita, eranskina ez zelako argitaratu 61. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 29an, hain zuzen ere “Musika eta Dantza Eskolaren estatutuen aldaketa. Behin betiko onespena” izeneko iragarkian. Beraz, hura zuzentzeko, hona ematen da iragarkia osorik.

Altsasuko Osoko Bilkurak, 2018ko azaroaren 28an egin osoko bilkuran, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolaren estatutuen aldaketa hasiera batean onetsi zuen. Iragarkia 2019ko 1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 2an.

Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren arabera, behin betiko onetsi da aipatu ordenantzaren aldaketa.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Altsasun, 2019ko apirilaren 11n.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ERANSKINA

“ALTSASUKO UDAL MUSIKA ETA DANTZA ESKOLAKO PATRONATUA” ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Helburua, izaera eta xedeak

1. artikulua. Patronatuaren izaera.

1. Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolako Patronatua erakunde autonomoa da, administrazio izaerakoa, Altsasuko Udalaren eskukoa, berezko nortasun juridiko publikoa duena estatutu hauetan zehazten diren egitekoak garatzeko.

2. Ulertzen da Udalak zerbitzu publikoa egiteko duen eskumenak eta erakunde autonomoaren eraketak ez dietela kalterik egiten Udalak Altsasuko Musika eta Dantza Eskolaren funtzionamenduan parte har dezaten beste administrazio, pertsona edo entitateekin, izan publikoak ala pribatuak, sinatzen dituen lankidetza hitzarmenei.

2. artikulua. Patronatuaren xedeak.

Patronatuak Altsasuko Musika eta Dantza Eskolaren sustapena, bultzada eta kudeaketa du xede. Haren bidez, udalerriko musika heziketa bideratuko du, eta horretarako hark ongi funtzionatzeko ekintzak egin beharko ditu. Xede horren bila ariko da; betiere, irabazteko asmorik gabeko zerbitzu publiko gisa.

3. artikulua. Patronatuaren helburuak.

Xede hori lortzeko, bere ahalen heinean, Patronatuak honako hauetara zuzenduko du bere lana:

a) Musika eta Dantza Eskolaren beharren berri izatea beti, behar den plangintzaren oinarritutako balioko duten azterketen bidez.

b) Arautu gabeko musika hezkuntzan eskaintza zabal eta anitza garatzea, maila eta mota guztietan, hastapenetik goreneko mailetara.

c) Musika mota guztiak aditzeko interesa sustatzea eta ikasleen zentzu kritikoa garatzea.

d) Musika tresnen irakaskuntza eskaintzea, ikasleek bakarka nahiz taldean jo dezaten.

e) Musika irakaskuntza osagarria eskaintzea musika tresnak jotzen ikastearekin batera.

f) Ikasleen artean ahots edo musika tresnekin parte hartzeko interesa piztea. Horretarako harreman estua izanen da herrian diren elkarteekin edo etorkizunean sortzen ahal direnekin.

g) Alor honetan eskuratutako balio eta lorpenak zabaltzea, euskal musikari eta folkloreari, haren konpositore eta jotzaileei aipamen berezia eginez.

h) Zerbitzuak ezarri, zaindu eta ematea herritarrekin, kultur etxearekin eta Altsasuko gainerako erakundeekin batera, eta horretarako haiekin lankidetzan aritzea.

i) Ikasleren batek talentu eta bokazio berezia duelako irakaskuntza profesionalari ekitea komenigarri bada, ikaslea aholkatzea eta behar bezala prestatzea irakaskuntza horri ekin ahal izateko.

j) Eskola funtzionamenduan mantentzea.

Helburuen definizioan eta horiek betetzeko jarduketan, bereziki hartuko dira kontuan genero-ikuspegia eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren sustapena, hori baita eskolaren jarduketa gidatzen duten balioetako bat.

4. artikulua. Patronatuaren ahalmenak.

Bere jarduera atxikitako helburuetara egokitzeko, Patronatuak, estatutu hauetan arautzen denari jarraikiz, halakoak egin ahalko ditu:

a) Edonolako ondasunak erosi eta eduki, eta horiek besterendu eta kargatu.

b) Bere ondarea administratu, baita bestelako pertsona fisiko edo juridikoek lagatako ondasunak ere.

c) Tasak edo prezio publikoak hartu.

d) Jaraunspenak, legatuak eta doan emateak onartu, dirulaguntzak, sorospenak eta bestelako laguntzak eskuratu edozein erakunde publiko nahiz pribatuetatik, are pertsona fisikoengandik ere.

e) Kontratu mota guztiak, hitzarmenak eta lankidetza itunak sinatu.

f) Zerbitzua egiteko behar diren langileak kontratatu.

g) Urteko aurrekontu eta kontuak prestatu eta hasiera batean onetsi.

h) Ekintza judizial eta administratiboak erabili.

5. artikulua. Helbidea.

Patronatuaren egoitza egongo da Musika eta Dantza Eskolaren egoitzan (Burunda kalea 1-A, Altsasu).

6. artikulua. Iraupena.

Patronatua denbora mugagaberako eratu da, eta desegiten ahalko da eta iraungirik gelditu estatutu hauetan aurreikusten den moduan.

II. TITULUA

Gobernu eta administrazio organoak

7. artikulua. Gobernu organoak.

Patronatuak gobernu organo hauek ditu:

a) Lehendakaritza.

b) Lehendakariordea.

c) Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordearen menpe eta kontrolpean, komenigarri ikusten diren adina lan batzorde eratzen ahalko dira. Haien lana izanen da gaiak aztertzea eta Batzordeari txostenak eta erabakiak hartzeko proposamenak igortzea. Batzorde horietan bai Zuzendaritza Batzordeko kideek bai horretarako egokiak juzgatzen diren pertsonek parte hartzen ahalko dute.

2. Ezin dira Zuzendaritza Batzordeko ordezkari izendatu zinegotziak izan eta, aldi berean, eskolako ikasleen ama edo aita direnak, ez eta bertako ikasleak edo irakasleak direnak ere.

3. Zuzendaritza Batzordean nahiz lan batzordeetan emakumeen eta gizonen arteko ordezkaritza parekidea izango da ezinbestean. Horretarako aukerarik egon ezean, horren arrazoiak dagokion organoa osatzeko erabakiarekin batera azalduko dira.

I. KAPITULUA

Zuzendaritza Batzordea

8. artikulua. Zuzendaritza Batzordea osatzea.

Zuzendaritza Batzordea Patronatuaren gobernu organo gorena da. Batzorde honek haren gobernua eta kudeaketa gorena izango ditu bere gain, eta kide hauek osatuko dute:

–Altsasuko Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako ordezkari bana. Horietako bik lehendakari eta lehendakariorde karguak hartuko dituzte euren gain. Ordezkaritza bost lagunek osatuko dute beti.

–Klaustroak hautatutako irakasle bat.

–Ikasleen familietako bi ordezkari.

–Ikasleen ordezkari bat, heldua eta independentea dena.

–Udal Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria.

Idazkari-lanak egiten dituen pertsonak Zuzendaritza Batzordeko kide izan beharko du, eta hitza izango du baina botorik ez.

9. artikulua. Zuzendaritza Batzordea izendatzea.

1. Osoko Bilkurak izendatuko ditu Altsasuko Udalaren ordezkariak, baita haien ordezkariak ere. Ordezkaritza bost lagunek osatuko dute beti. Udalak osoko bilkuran izendatuko ditu eta haien agintaldia udal agintaldiarekin bat datorrena izanen da. Hauteskundeak egiten direnetik, bi hilabeteko epean berritu beharko dira.

2. Familiek osatutako batzarrak izendatuko ditu familien ordezkariak, betiere horretarako deitutako bilerara bertaratzen direnen gehiengo soilaren bidez.

3. Eskolaren klaustroak izendatuko du irakasleen ordezkaria, gehiengo soilez.

4. Ikasleek osatutako batzarrak izendatuko du ikasleen ordezkaria –heldua eta independentea izan beharko du–, betiere xede horrekin deitutako bilerara bertaratzen direnen gehiengo soilaren bidez.

10. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko ordezkariak kargugabetzea.

Zuzendaritza Batzordeko kideak libreki kargugabetzen ahalko ditu hautatu dituenek, eta haiek hautatzeko prozedura bera erabiliz.

11. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen agintaldiaren iraupena.

Zuzendaritza Batzordea osatzen dutenen agintaldiak lau urte iraungo du, eta beste lau urtez berritu ahal izango da, mugarik gabe.

12. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria.

Altsasuko alkatea izango da Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria, betiere legegintzaldi bakoitzeko hauteskunde-emaitzen arabera. Alkateak Zuzendaritza Batzordean udala ordezkatzen duen pertsona baten esku utzi ahal izango ditu euren funtzioak, aldi baterako edo behin betikoz.

13. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Musika eta Dantza Eskolan idazkari-lanak betetzen dituen pertsonak Zuzendaritza Batzordeko idazkariak berezko dituen funtzioak ere bete beharko ditu.

Udalaren Musika Eskolako Patronatuko idazkariak behar bezala deitzen diren batzorde edo bilkuretan parte hartuko du eta horien akta eginen du, hartzen diren erabakien tramitazioa zainduko du eta artxibo administratiboak berezko dituen espediente eta agiriak begiratuko ditu.

14. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Batzordeak, Patronatuaren gobernu organo gorena den aldetik, haren helburuak betetzen direla zainduko du eta, horretarako, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Barne araubidea eta irakaskuntza, zerbitzu eta diziplina arloetako erregelamenduak onestea, Musika eta Dantza Eskolaren gobernu, zuzendaritza eta administraziorako beharrezkoak direnak.

b) Eskolaren barnean jarduerak koordinatzea eta Eskolaren funtzionamendu egokia kontrolatu eta begiratzea, administrazio, instalazio eta zerbitzuen arloan.

c) Eskolako irakasleak aukeratu eta kontratatzea, irizpide egokiak ezarri ondotik. Jarduera hori indarra duen legerian nola dagoen sailkaturik, lan sailkapen horixe izanen dute langile horiek.

d) Musika eta Dantza Eskolako langile ez irakasleak aukeratu eta kontratatzea.

e) Musika eta Dantza Eskolako zuzendaria izendatzea eta, hala behar badu, kargu gabetzea, irakasleen klaustroak proposaturik, baita arduraren bat duten gainerako karguak ere.

f) Bere xedeak betetzeko, gastu eta dirusarreren urteroko aurrekontua eta langileen plantilla organikoa prestatzea eta Udalari igortzea, behin betikoz onets ditzan.

g) Urtean egindako gastuak ikuskatzea, behar diren txosten, kontu eta balantzeak idazteko. Hura Udaleko Kontu Hartzailetzaren gainbegiradapean eginen da eta Udalari igorriko zaio, behin betikoz onets dezan.

h) Erakunde publikoetan bilatzen diren helburuetarako dirulaguntzak kudeatzea.

i) Mota guztietako ondasunak salerostea, kredituak hartzea eta doan emateak, legatuak eta jaraunspenak onartzea.

j) Azpiegituren eta eskola materialen berriztapena sustatzea eta haien kontserbazioa zaintzea.

k) Gastuak baimendu eta xedatzea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontua betearazteko oinarrietan erabakitzen denaren arabera.

l) Ikasleak onartzeko irizpideak finkatzea, bereziki eskaera eskaintzen ahal diren postu kopurua baino handiagoa denean.

m) Baliabideen kudeaketaren eraginkortasuna aztertu eta baloratzea, baita bizikidetza arauen aplikazioa ere.

n) Ikasleen portaerek Eskolako bizikidetza larriki urratzen badute, gatazkak konpontzea eta zuzenbideak ezartzea, betiere xede pedagogikoak oinarri.

ñ) Patronatuak jaso beharreko tasa eta prezio publikoak prestatzea, baita urteko dirusarrerak banatzeko arauak ere, eta Udalari igorriko zaizkio, behin betikoz onets dezan. Araudi horren barnean, beka pertsonal eta Nafarroako Gobernuarekiko osagarrien araubidea ezartzen ahalko da, familien egoeraren arabera.

o) Musika eta Dantza Eskolako proiektu pedagogikoa, urteko plangintza eta urteko memoria onestea. Era berean, zentroko jarduera nagusia ikuskatu beharko du, betiere aipaturiko proiektua eta plana gauzatzeari dagokienez.

p) Irakasgai berrien eskaintza aztertzea eta horien gaineko txostena egitea.

q) Urte bakoitzerako eskola egutegia onestea.

r) Jarduera osagarriak, hala nola kontzertuak, emanaldiak eta beste, programatu eta garatzeko jarraibideak egitea.

s) Eskolak hezkuntza eta kultur arloan beste ikastetxe, entitate eta erakundeekin lankidetzan aritzeko jarraibideak finkatzea.

t) Irakasgai berriak eskaintzeko baimena aztertzea eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultur Departamentuari onets dezan eskatzea.

u) Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko.

v) Eskolako eskola errendimendua eta errendimendu orokorra aztertu eta baloratzea, eta ikastetxeak hobeki funtzionatzeko edozein hobekuntza proposatzea.

w) Bere eginkizunetan aritzeko komenigarri ikusten dituen batzorde guztiak sortzea.

x) Laburbilduz, Patronatuaren xedeak betetzeari dagozkion eginkizun guztietan aritzea, baita barne araudian aurreikusten diren guztietan eta lehendakariari, Eskolako zuzendariari edo estatutu hauen eta haiek garatzeko ematen diren erregelamenduen ondoriozko organoetako edozeini egozten ez zaizkion ez zaizkien eginkizunetako edozeinetan ere.

y) Udal Musika eta Dantza Eskolako Berdintasun Planean ezarritako helburuak betearaztea.

z) Udal Musika eta Dantza Eskola eta hark antolatzen dituen jardueren berri ematera bideratutako jarduerak ezartzea.

15. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen bileren araubidea.

1. Zuzendaritza Batzordeak aurrez finkatutako egunetan egingo ditu bilkura arruntak eta, gutxienez, hiruhileko bakoitzean behin.

2. Halaber, Zuzendaritza Batzordeak bilkura bereziak egin ahalko ditu, lehendakariak horrela erabakitzen duenean berez, nahiz batzordekideen heren batek hala eskatuta.

3. Bilkuretarako deia eginen da astebete lehenagotik bederen, non ez duen gaiaren presak besterik eskatzen, orduan 48 ordu lehenagotik egin bailiteke. Halakoetan, gai zerrendaren lehen puntuan bileraren presa onetsi beharko da gehiengoz.

4. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago egingo da, hala behar bada, eta horretarako aski izango da batzordekideen herenak agertzea.

5. Bilkurak ez dira ez hasten ahal ez egiten ahal, bertan ez badira lehendakaria eta idazkaria, edo legez haien ordezko direnak. Lehendakaria ez bada, Udalaren ordezkari den beste batzordekide baten esku utziko du bileran buru egitea.

6. Gai zerrendan sartu gabeko kontuak presako deklaratu direnean baizik ez dira erabiliko. Deklarazio horrek bertan direnen gehiengoa beharko du.

7. Toki araubidearen legeriak Udalaren osoko bilkuretarako eskatzen duenetan nahitaezkoak izango dira Udaleko Idazkaritzaren eta Kontu-hartzailetzaren txostenak.

8. Batzordearen erabakiak baliozkoak izango dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzarburuak kalitatezko botoa izanen du berdinketarik izanez gero. Nolanahi ere, 14. artikuluaren f), g), i), k) eta ñ) ataletan aipatzen diren funtzioei buruzko erabakiak hartzeko, ezinbestekoa izango da udal ordezkari gehienen aldeko botoa.

9. Zuzendaritza Batzordearen bozketak arruntak, izendunak edo isilpekoak izan daitezke, edozein kidek eskatuta.

10. Batzordekideek ezin izango dute parte hartu eztabaida edo erabakietan, interes zuzena baldin badute gaietan edo, hala berean, beren ahaideei eragiten badiete, hirugarren gradukoak barne. Halakoetan, interesdunak lekutu beharko du, gaia eztabaidatu eta bozketatzen den bitartean.

11. Lehendakariak gai zerrendako puntu zehatzen batera deitzen dituenak etortzen ahalko dira Batzordearen bilkuretara, hitza dutela baina botorik gabe, Patronatuaren zerbitzuko langileak izan ala ez.

12. Altsasuko Udalaren osoko bilkurak zer arau dituen, horiexek zuzenduko dute bilkuren funtzionamendua.

16. artikulua. Bilkuren akta.

1. Akten liburua eramango da eta hartan Zuzendaritza Batzordearen erabakiak jasoko dira. Honako hauek paratuko dira: bilkuren tokia, eguna eta ordua, lehendakariaren eta bertan diren batzordekideen izen-deiturak, eztabaidagai izan diren kontuak, emandako iritzien laburpena eta hartu diren erabakiak.

2. Lehendakariaren eta idazkariaren sinadurek baimenduko dituzte aktak.

II. KAPITULUA

Lehendakaria eta Lehendakariordea

17. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Hona hemen lehendakariaren eginkizunak:

a) Patronatuaren ordezkaritza izatea eta ahalordeak egilestea. Lehendakariordearen esku uzten ahal du bere ahalmena, betiere Udalaren ordezkaria bada.

b) Batzordearen bileretarako deia egitea eta gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru aritu eta zuzendaritza lanetan jardutea.

c) Patronatuak sortzen duen dokumentazioa sinatzea, Batzordearen erabakien betearazpena kontrolatzea eta ordainketak baimentzea, aurrekontua betearazteko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

d) Zerbitzuaren ikuskaritza eta zuzendaritza gorena eramatea. Era berean, onetsitako planak ikuskatu eta zuzendu beharko dituzte.

e) Zerbitzua hartzeagatik partikularrek ordaindu beharreko tasa edo prezio publikoen likidazioak onestea.

f) Presako neurriak hartzea, inguruabar larriak direla-eta Batzordearen deia egiteko aukerarik ez dagoenean. Hari hurrengo bilkuran emango zaio guztiaren berri.

g) Orokorrean, Udalean Alkatetzari dagozkionak, eta barne araubideak haren esku uzten dituenak.

16. artikulua. Lehendakariordea.

1. Zuzendaritza Batzordean Udala ordezkatzen duen zinegotzi bat izango da buruordea. Batzordeko beste edozein kideren esku uzten ahal du bere ahalmena, aldi baterako edo behin betikoz, kide hori Udalbatzakoa bada.

2. Lehendakariordeak laguntza emanen dio lehendakariari bere eginkizunetan aritzean eta hura ordeztuko du kanpoan edo eri egoteagatik bere eginkizunetan aritzea posible ez duen guztietan. Lehendakariak espresuki utzi beharko du kargua lehendakariordearen esku, egintza hori eragozten duen ezintasun agerikoa denean izan ezik.

III. TITULUA

Ondasunak, baliabide ekonomikoak, aurrekontuak eta kontuak

19. artikulua. Patronatuaren ondarea.

1. Musika eta Dantza Eskolako Patronatuaren ondarea honela osaturik dago:

a) Udalak atxikitzen dizkion ondasunak, jatorrizko kalifikazio juridikoa gordeko badute ere.

b) Patronatuak beste edozein titulu bidezko erabiliz erosten dituenak.

2. Horretarako, Patronatuak ondare hori osatzen duten ondasunen zerrenda eginen du bere inbentarioan.

20. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Altsasuko Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren baliabideak honela osaturik daude:

a) Udalak urtero bere aurrekontuetan atxikitzen dion diru ekarpena.

b) Bere ondarean produktu, aprobetxamendu, fruitu eta errendimenduak.

c) Edozein entitate publiko nahiz pribaturen dirulaguntza eta laguntzak, eta partikularrenak.

d) Ikasleengandik heldu diren dirusarrerak (matrikularen kuota eta tasa edo prezio publikoak).

e) Beren ardurapean duten erakundeetako kide edo lankideen kuotak.

f) Beren jarduera berariazkoek, hala nola kontzertuak edo zerbitzuak egitea, ekartzen dituzketen dirusarrerak.

21. artikulua. Patronatuaren aurrekontua.

Aurrekontuaren proiektua Patronatuko buruak prestatuko du, zuzendariak lagundurik, eta Zuzendaritza Batzordeak onetsi ondoan Udalari igorriko zaio, onets dadin, urte bakoitzeko azaroaren lehena baino lehen.

Ustiapen eta kapital aurrekontua prestatuko da, toki entitateen aurrekontuen egiturari egokitua, Udalaren aurrekontu orokorrari eranskin gisa gehituko zaiona.

22. artikulua. Patronatuaren kontuak.

Patronatuaren kontuak Udalaren kontuei gehituko zaizkie, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Kontratazioa.

1. Kontratu publikoei buruzko foru legeetan ezartzen dena izanen da Patronatuaren kontratazio araubidea.

2. Kontratatzeko eskumena ondoko organoei dagokie:

a) Lehendakariari:

–Urteko kontratazioak, haien zenbatekoak gainditzen ez badu aurrekontuko dirusarrera arrunten %10.

–Urte anitzetarako kontratazioak, baldin eta gastua aplikatzen den ekitaldien kopurua lautik gorakoa ez bada, eta urte guztietako zenbatekoak, baturik, arestian aipatu portzentajea gainditzen ez badu.

b) Zuzendaritza Batzordeari, gainerako kasuetan.

IV. TITULUA

Langileak

24. artikulua. Patronatuko langileak.

1. Patronatuak bere xedeak betetzeko behar adina langile izanen ditu, eta haien kopuru, kategoria eta eginkizunak Batzordeak onesten duen plantillan zehaztuko dira. Plantilla hori, dagokion lan eskaintzarekin batean, urtero prestatuko da aurrekontuekin batean, eta Udalari igorriko zaio, osoko bilkuran onets dadin.

2. Bere langileen araubidea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileria arautzen duen foru legerian ezarritakoa da. Langileen ordainsarien baldintzak zehaztu eta aldatzeko, bete beharko dira osoko bilkuran hartarako onesten diren arauak, betiere bat etorriz Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileriari buruzko araudiarekin.

25. artikulua. Langileen burutza.

Patronatuko lehendakariak langileen burutzaren arloko ahalmenak ditu.

26. artikulua. Zuzendaritza taldea.

1. Zuzendariak, ikasketaburuak eta idazkari akademikoak osatuko dute zuzendaritza taldea.

2. Zuzendariak ikasketaburua eta idazkari akademikoa izendatuko ditu bere agintaldiak irauten duen denborarako, eta Zuzendaritza Batzordeari emanen dio izendapenaren berri.

3. Zuzendaritza taldeak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Ikastetxearen funtzionamendu egokia eta irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen koordinazioa begiratzea, deusetan ukatu gabe klaustroari egozten zaizkion eskumenak.

b) Proposamenak aztertzea eta klaustroari aurkeztea, hezkuntza komunitate guztiak irakaskuntza, arte eta kultur jardueran modu koordinatuan parte hartzea errazteko eta bultzatzeko.

c) Ikastetxeko hezkuntza proiektua, barne araubidearen erregelamendua eta urteko programazio orokorra prestatu eta eguneratzea, kontuan harturik klaustroak egiten dituen proposamenak.

d) Proposatzen eta onesten diren jarduketa plan guztiak prestatu eta eguneratzea, kontuan harturik Zuzendaritza Batzordeak eta klaustroak egiten dituzten proposamenak.

e) Ikastetxeko giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea, haren antolaketa eta funtzionamendu egokiaren bitartez.

27. artikulua. Zuzendaritzaren eginkizunak.

Eskolako zuzendariari dagokio:

1. Estatutu hauek, plan pedagogikoa, urteko plana eta Patronatuak onesten dituen arau eta ordenantza guztiak betetzen direla begiratzea, eta orobat Batzordeak bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak, eta eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa ematea.

2. Urtero, plan pedagogiko eguneratua eta ikasturte bakoitzeko memoria prestatzea eta Zuzendaritza Batzordearen aurrean aurkeztea.

3. Zerbitzuak zuzentzea eta, beraz, horien erantzule izatea, lehendakariaren goreneko zuzendaritza eta ikuskaritza gainean dituela.

4. Bulegoetako eta Patronatuari atxikitako langileen zuzendaritza eramatea.

5. Patronatuaren sinadura eramatea ordainagirietan eta barne gutunerian eta, oro har, lehendakariaren sinadura behar ez duten agirietan.

6. Egindako kudeaketen, egoera ekonomikoaren eta kontuan hartu beharreko aurreikuspenen berri ematea Zuzendaritza Batzordeari.

7. Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen dituen kudeaketak zuzentzea eta zerbitzuen funtzionamendurako beharrezko ikusten diren neurri guztiak proposatzea.

8. Behar den koordinazioa segurtatzea Patronatuaren esku utzitako zerbitzuen gobernu eta administrazioaren eta irakaskuntza, arte eta kultur jardueraren artean, huraxe baita erakunde autonomoaren xede soziala.

9. Irakasleen klaustroaren bileren deialdia egitea eta haietan buru egitea.

10. Musika eta Dantza Eskolaren barne araubiderako aurreproiektuak prestatzea, eta orobat haren ardurapeko zerbitzu, ezarpen edo talde artistikoei dagokienez, barne direla jardueren programak, aurrekontuak, materialen eta giza baliabideen premiak eta bere jarduketa eremua hobetzen laguntzen duten gainerako inguruabar guztiak.

11. Irakasle eta ikasleen gain eginkizun akademikoak eta diziplina arlokoak eramatea, eta orobat haren ardurapean gelditzen diren elkarte eta zerbitzuetako osakideen gain, eginkizun horiek lehendakariaren edo Zuzendaritza Batzordearen eskuetan egon ezik.

12. Musika eta Dantza Eskolak kultur eta musika arloan duen politika garatzea eta jarraibideak gauzatzea eta, hartara, Batzordeari komenigarri ikusten diren ekimen guztiak proposatzea.

13. Esku hartzea ikasleak onartzean, irakasleak eta instrumentistak hautatzean, ziurtagiriak luzatzean eta Eskolak eta musika taldeek berezko dituzten gainerako egintzetan, eta musika kulturarekin eta folklorearekin zerikusia duten bertze jardueretan, betiere lege xedapenek eta Patronatuak onesten dituen arauek ezartzen duten moduan.

14. Bere ardurapeko zerbitzu, ezarpen eta taldeak antolatu, zuzendu eta ikuskatzea eta, hartara, irakaskuntza, arte eta kultur arloko alderdiak alderdi ekonomiko, administratibo eta teknikoekin koordinatzea.

15. Ikasleen gurasoei arreta ematea, aldez aurretik hitzordua eskatu ondoren.

16. Zuzendaritza Batzordeak eta lehendakariak espresuki haren esku uzten dituzten gainerako eginkizunetan aritzea, baita zerbitzuen kudeaketak berezko dituen gainerakoetan ere, espresuki Patronatuko gobernu eta administrazio organoarendako ez badira.

28. artikulua. Ikasketaburuaren eginkizunak.

Ikasketaburuari dagokio:

a) Zuzendaritza taldearendako aipatu diren eginkizunen garapenean parte hartzea, gainerako taldekideekin koordinatuta.

b) Zuzendaritzaren jarraibideekin bat, irakasle eta ikasleek hezkuntza proiektuarekin eta urteko programazioarekin loturik egiten dituzten jarduerak koordinatzea, izan horiek akademikoak, orientazio eta tutoretzakoak, eskolaz kanpokoak nahiz osagarriak, eta egin egiten direla begiratzea.

c) Irakasleen hobekuntzarako jarduerak koordinatzea, eta prestakuntza jarduerak eta ikastetxean egiten diren proiektuak planifikatzea eta koordinatzea.

d) Zuzendaritzaren jarraibideekin bat, irakasleen zuzendaritza eramatea arlo akademikoari dagozkion guztietan.

e) Ikasle eta irakasleen ordutegi akademikoak prestatzea, zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera eta urteroko programazio orokorrean sartutako irizpide pedagogiko eta antolaketa arlokoekin bat, baita horiek hertsiki betetzen direla begiratzea ere.

f) Guztiek erabiltzeko espazio, baliabide eta material didaktikoen erabilera koordinatzea, hezkuntza proiektuan eta urteroko programazio orokorrean ezarritakoari jarraikiz.

g) Zuzendaritzaren titularrak bere eskumenen esparruan edo dagozkion erregelamendu organikoek eta indarra duten xedapenek aginduta manatzen ahal dizkion gainerako eginkizun guztiak.

29. artikulua. Idazkari akademikoaren eginkizunak.

Idazkari akademikoari dagokio:

a) Zuzendaritza taldearendako aipatu diren eginkizunen garapenean parte hartzea, gainerako taldekideekin koordinatuta.

b) Ikastetxeko araubide administratibo eta ekonomikoa antolatzea.

c) Klaustroan idazkari lanetan aritzea, bilkuren akta egitea eta hartutako erabakien fedea ematea zuzendariaren ikus-onetsiarekin.

d) Ikastetxeko inbentario orokorra egitea eta eguneraturik edukitzea, eta instalazioak eta eskola ekipamendua mantentzen eta zaintzen direla begiratzea, zuzendariaren jarraibideekin bat.

e) Zuzendariak bere eskumenen esparruan edo dagozkion erregelamendu organikoek eta indarra duten xedapenek aginduta manatzen ahal dizkion gainerako eginkizun guztiak.

V. TITULUA

Udalaren ahalmenak eta haren esku hartzea

30. artikulua. Udalaren esku-hartzea.

Altsasuko Udalak, Patronatuari dagokionez, eginkizun hauek gordeko ditu beretako:

a) Aurrekontua onestea.

b) Urteko kontuak onestea.

c) Plantilla organikoa eta lan eskaintza publikoa onestea.

d) Ikasleek ordaindu beharreko prezio publikoak onestea.

e) Ondasun higiezinak erosi, besterendu edo kargatzeko aldez aurreko baimena.

f) Aldez aurreko baimena, kredituak eta maileguak hartzeko.

g) Pertsona fisiko edo juridikoekiko hitzarmenak onestea, kasuan kasuko Udalbatzaren agintaldia baino denbora luzeagoan izan behar badute indarra.

31. artikulua. Estatutuen aldaketa.

Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta eginen du estatutu hauen aldaketa. Horiek prestatzeko zer bide erabili zen, horrexeri segituko zaio.

32. artikulua. Patronatuaren desegitea.

1. Altsasuko Udalak, osoko bilkuran bildurik, noiznahi desegiten ahalko du Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Patronatua. Horretarako arrazoiak izan daitezke likidezia falta, eskolaren funtzionamendu okerra, ikasle falta edo Udalak osoko bilkuran egokitzat hartzen duen beste edozein.

2. Udalak ofizioz edo Zuzendaritza Batzordeak proposatuta erabaki dezake desegitea, betiere Udalbatza osatzen dutenen legezko kopuruaren gehiengo osoa alde badago.

3. Patronatua deseginda, hari atxikitako ondasunek beren lotespena galduko dute, eta Altsasuko Udalak eskuragarritasun osoa izanen du haien gain. Orobat, Patronatuarenak baizik ez diren ondasunak Altsasuko Udalaren jabetza bilakatuko dira.

4. Patronatua deseginik, Udalak beretako hartuko ditu hartan zerbitzu egiten duten langileak, Udalaren beste edozein erakunde, enpresa edo zerbitzutan lan egin dezaten. Haien egoera juridikoa eta eskuratutako eskubideak errespetatuko dizkie.

VI. TITULUA

Araubide juridikoa

33. artikulua. Patronatuaren araubide juridikoa.

1. Patronatuko Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren egintzek amaiera ematen diote administrazio bideari.

2. Patronatuko organoen ebazpenen kontra paratzen ahalko dira Nafarroako toki entitateen egintzen kontra une bakoitzean bidezko diren errekurtsoak.

34. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Estatutu hauetan jasotzen ez den orotan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeari eta aplikatzen ahal diren gainerako lege xedapenei jarraikiko zaie.

Iragarkiaren kodea: L1905093