85. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Deialdia, obra arduradunaren lanpostu hutsa barne igoerako prozedura murriztuan eta oposizio bidez betetzeko

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 36. zenbakian, 2019ko otsailaren 21ekoan, oinarriak argitaratu ziren Burlatako Udalaren zerbitzuko obretako arduradun izateko lanpostu huts bat lehiaketa bidez betetzeko, 2018rako enplegu eskaintza publikoan ezarritakoarekin bat (2018ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 14koa).

Eskaerak aurkezteko epea iraganda izangairik aurkeztu ez denez, lehiaketa bete gabe deklaratu zen, Alkatetzaren 214/2019 Ebazpenaren bidez.

Burlatako Udalaren eta erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen enplegu-baldintzei buruzko 2018-2020rako akordioaren 8. artikuluarekin bat, langile finkoendako hautaproba murriztuetarako deialdiak egiten ahalko dira, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea. Era berean, gomendagarria da lanpostua betetzeko eskaintza udal langile finkoei egitea, langileen karrera profesionala sustatzeko neurri bat delakoan.

Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Burlatako Udaleko obretako C mailako arduradun lanpostua barne igoera murriztuan eta oposizio bidez betetzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udaleko Obretako Departamentuari eta sindikatuen ordezkaritzari.

Burlatan, 2019ko martxoaren 28an.–Alkate udalburua, José María Noval Galarraga.

DEIALDIA, OBRA ARDURADUN IZATEKO C MAILAKO
LANPOSTU BAT, BARNE IGOERA MURRIZTUAN
ETA OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Obretako arduradunaren lanpostu hutsa barne igoera murriztuan betetzeko deialdia iragarri da, plantilla organikoan 5.56 zenbakia eta euskarak merezimenduetan %5 dituena.

1.2. Hautatzeko prozedura honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

1.3 Deialdi honen ondorioz izendatzen denak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak egingo ditu. Eginkizun guztiak obretako eta zerbitzuetako burutzak ezarritako jarraibideekin bat egingo ditu, eta egin beharreko zereginetako batzuk honako hauek dira:

–Arduratzea egindako lan-programa betetzeaz (jarraipena eta ebaluazioa), eta zerbitzuko burutzari horren berri ematea.

–Obretako eta bide-garbiketako arloetako langileak koordinatzea eta herrian egiten diren ekitaldien logistikaz arduratzea.

–Ikuskapen, plangintza eta halako jarduerak egitea, parkeak, eremu publikoak eta hiri altzariak, urbanizazioak, obrak, eta gainerako elementuak egoera onean daudela bermatzeko, obretako zerbitzuari esleitzen zaizkion lanak zuzentzea, eta obretako eta zerbitzuetako burutzari horren berri ematea.

–Obretako zerbitzuaren lanen plangintza eta programazioa egitea, proiektu txikiak, mantentze-lanak eta gorabeherenak, lan zama banatuz dauden bitartekoen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Bere eskumenekoak diren oharrak eta txostenak egitea, edozein motatakoak izanik ere.

–Burlatako Udaleko gainerako udal zerbitzuekin eta haien erakunde autonomoekin koordinatzea, irizpideak eta jarduketak bateratzeko, udal proiektuen plangintza egiteko eta abar.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate eta profesionalekin.

–Urteko lan egutegirako proposamena egitea eta zerbitzuko burutzari horren berri ematea, eta bere menpean jarduten duten langileak lanera agertzen ote diren, ordutegia betetzen ote duten, absentismo maila zenbaterainokoa duten, eta horrelakoez arduratzea.

–Langileen beharra kontrolatzea, langileen berrantolamendua eta beharrezkoak diren langileen kontratazioak ere proposatuz, gerta daitezkeen hutsegiteak betetzeko (oporrak, bajak, etab.).

–Langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du eta ikusitako hutsen berri emango dio Udaleko Giza Baliabideen Alorrari, eta langileei eta agindutako eginkizunei dagozkien lan oharrak egin beharko ditu.

–Bere kargura dauden langileen jantzien kudeaketa egitea.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea, ezarritako jarraibide eta prozedurekin bat.

–Obretako burutzari alor bakoitzerako behar den aurrekontua proposatzea.

–Urteko gastuak ikuskatzea eta kontrolatzea, aurrekontuko partiden arabera.

–Laneko arriskuen prebentziorako arauak betetzea eta betearaztea.

–Lantaldearen giza alderdiei eta harremanei kasu egitea, horiek bideratzea eta/edo ebaztea, gogobetetasuna, ordena eta diziplina giroa bultzatuz.

–Alorra hobetzen saiatuko da, behar diren ekintzak eta aldaketak proposatuz zerbitzua hobetze aldera.

–Ibilgailuen, tresnen, udal makineriaren eta departamentuari esleitzen zaion beste edozein baliabideren gaineko kontrolaren, mantentze lanen eta kontserbazioaren ardura hartzea.

–Gertatzen diren larrialdi, zailtasun eta desbideraketei irtenbidea ematea, beharrezkoak diren zuzenketa egokiak eginez larrialdien edo ezartzen diren lehentasunen arabera, eta horien guztien berri emanez Obretako burutzari.

–Mantentze-lanetako ofizial gisa jardutea beharrezkoa den edozein unetan, eta laguntzea zerbitzuko gainerako langileei ere, zereginen pilaketa gertatzen denean, edo baten bat lanera agertzen ez edo gaixorik dagoenean.

–Obra eta zerbitzuetako burutza ordeztea, hura ez dagoenean.

–Agintzen zaion bere kategoria, maila eta gaitasun profesionaleko beste edozein zeregin egitea.

2.–Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartzen dutenek ondoko beharkizunak bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Burlatako Udalaren edota haren erakunde autonomoen langile finko izatea, eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

b) Deitutako lanpostu hutsa baino maila beheragokoa izatea, hau da, D mailako lanpostua jabetzapean izatea.

c) Batxilergo titulua, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa nahiz baliokidetzat hartutako beste bat edukitzea, edo hura eskuratzeko baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta Administrazio Publikoetan bost urte zerbitzu ematen eginak izatea frogatzea.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, tituluaren ordez administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

e) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

f) B motako gidabaimena edukitzea.

3.–Ordainsariak.

Gora igotzen diren langileek, plantilla organikoan ezarritako lansariak jasoko dituzte, indarra duten xedapenen arabera.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia

Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira Erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es/eu/) NAN-e edo ziurtagiri digitala edukiz gero; bertara joanda, Burlatako Udalaren Erregistro orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrañetako plaza, z.g.) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak igorri beharko ditu oac@burlada.es helbide elektronikora, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izango dira, eta https://sedeelectronica.burlada.es udal web-orrian eskuratu ahalko dira; era berean, Udal bulegoetan ere (Larrañetako plaza, z.g.) eskuratu ahalko dira.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (III- eranskina), izangaiek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Deialdiaren 2.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo eskaerak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria. Edota administrazioan gutxienez zortzi urtez lan egin izana frogatzen duten agiriak.

b) Administrazioan gutxienez bost urtez lan egin izana frogatzen duen agiria.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenen fotokopia, deialdiaren 2.f) oinarrian eskatzen baita.

d) Euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek, honako hau aurkeztu beharko dute: ziurtagiri ofiziala edo mailakatze froga egiteko eskatu.

e) %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia

Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo hamar egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emango du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da noiz eta non eginen den lehen proba.

6.–Epaimahaiko kideak.

Honako hauek izango dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

1. mahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegi, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuen burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. mahaikidea: Adriana Peru Beramendi, Burlatako Kirol Patronatuko kudeatzailea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

3. mahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Idazkaria: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1. Oposizioa 2019ko maiatzetik aurrera hasiko da.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Burlatako Udalaren webgunean eta iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

7.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

–Lehen proba.

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 100 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Probaren iraupena eta erantzun okerren penalizazioa proba eginen den egun berean finkatuko dira.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

–Bigarren proba.

Teoriko-praktikoa: epaimahaiak I. eranskineko gaiei buruz eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei buruz planteatutako kasu praktiko bat edo hainbat garatu eta ebatzi beharko da.

Probaren iraupena proba eginen den egun berean finkatuko da.

Proba honetan 45 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 22,5 puntu lortzen ez dituztenak.

Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau, eta izengaia bakoitzak epaimahiaren aurrean defenditu beharko du bere ariketa. Epaimahaiak egokitzat jotzen dituen galderak egiten ahalko ditu ariketari buruz.

–Hirugarren proba.

Proba praktiko batzuk egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia dutenak, ofimatikako ezagutzei buruz: Windows 10 Pro 64 bits sistema eragilea, eta oinarrizko ezagutzak honako hauetan: Autocad LT 2016, Office 2010 (Word, Excel), Internet Explorer 11. Bai eta ohiko eginkizunetarako beharrezkoak diren beste programa batzuk ere: SITNA, Lurraldeari buruzko Informazio Sistema.

Ariketa honetan gehienez ere 5 puntu emango dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 2,5 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Ariketa honen iraupena hura egiten den egunean finkatuko da.

–Laugarren proba.

Profil profesiografikoaren egokitzapena. Proba psikoteknikoak eginen dira, Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (INAP) finkatzekoak (institutu horri eman baitzaio proba egiteko enkargua), izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtzeko.

INAPen kalifikazioa GAI edo EZ GAI izanen da.

Hizkera ez-baztertzaile erabiltzea (5 puntu)

5 puntu emanen dira, bigarren proban hizkera ez-baztertzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori izangaiak guztira eskuratu duen puntuazioari gehituko zaio, behin gainerako atalak batu ondoren.

Euskararen balorazioa (gehienez ere 5 puntu).

Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu, edo borondatezko proba ez baztertzailea egin ahalko da. Gehienez ere 5 puntu jasoko dira (merezimendu-lehiaketako guztizko puntuazioaren %5aren balioa) eta ahozko eta idatzizko C1 maila frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak (B2, B1, A2 eta A1) proportzioan baloratuko dira. Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da eskabidearekin batera. Izangaiak titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera egingo du eskabidean, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

8.–Izangaien zerrenda, eskuratutako puntuazioaren arabera.

Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Burlatako Udalaren webgunean eta iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, guztira eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.

Orobat, zerrenda hori Alkatetzara igorriko da, espediente osoarekin batera, eta era berean, oposizioaren puntu guztiak batuta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena ere.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostua adjudikatuko dio pertsona proposatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Izangaiak adjudikazioaren ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko du adjudikatutako lanpostuaz, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezarri ahalko du ebazpen horretan berean.

Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak mailaz igo aurretik zuen araubide juridikoa, funtzionarioa izan, estatutupeko langilea izan edo lan-kontratuduna izan. Eskubide pasiboen araubide berari ere eutsiko dio.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Burlatako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Burlatako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Burlatako Udaleko Alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia noiz jakinarazten den eta hortik aitzina.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Burlatari buruzko ezagutza orokorra. Geografia, historia eta demografia.

2.–Obra, lorezaintza eta garbiketa zerbitzuak antolatzea Burlatan. Plangintza. Lanak eta erabili beharreko bitartekoak. Garapen faseak. Segurtasun baldintzak, kalitatea. Zerbitzu adierazleak. Ebaluazioa eta doikuntzak.

3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: eskubideak eta betebeharrak.

4.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

5.–Langileak kudeatzeko teknikak eta lanaren antolaketa. Gatazkak ebazteko teknikak. Lan gogobetetzea eta lan motibazioa.

6.–Lan arriskuen prebentzioa bideak garbitzeko lanetan, obretan, lan elektrikoetan eta lorategietan. Lan arriskuen prebentzioa eremu publikoan.

7.–Ekitaldien antolaketa eta plangintza.

8.–Larrialdiak. Larrialdi planak.

9.–Informazio geografikoko sistemak

10.–Komunikazioei, telefonia-sareei eta datuei buruzko oinarrizko nozioak.

11.–Eremu publikoaren kontserbazio integrala. Zoladuren kontserbazio prebentiboa. Zolak birziklatu, sendotu eta birgaitzea. Espaloiak zolatzea. Asfalto gaineko zolaketa.

12.–Eraikinak mantentzeko lanak: mantentze-planak. Prebentziozko mantentze-lanak, zuzenketarako mantentze-lanak. Antolaketa, gauzapena eta erregistroa. Koordinazioa enpresa azpikontratatuekin jarduketen gauzapenean, gainbegiratzean eta egindako jarduketen erreklamazioan.

13.–Argi publikoen instalazioak: eraginkortasun energetikoa, argiztapen mailak, gaueko argitasunaren distira, instalazioetako osagaiak.

14.–Iruñerriko Mankomunitatearen Ordenantza. Hornikuntza sareak. Saneamendu sareak.

15.–Hiri altzariak. Motak, materialak eta ezaugarriak. Aplikatu beharreko araudia.

16.–Makineria eta tresnak eraikuntzan, bide garbiketa eta lorategietan. Mantentze lanak eta konponketak.

17.–Igeltserotza. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Pintura. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

18.–Iturgintza eta saneamendua. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Berokuntza eta ur bero sanitariorako instalazioak.

19.–Zurgintza lanak. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Sarrailagintza, metalgintza, kristaleria eta pertsianak.

20.–Elektrizitatea. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

21.–Bide garbiketa. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

II. ERANSKINA

Eskabidea-Orria (PDF).

Iragarkiaren kodea: L1905694