84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

146/2019 EBAZPENA, martxoaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko beharrezkoa den gaitasun artistikoaren probaren deialdia egiten duena 2019. urterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 52. artikuluaren 1. eta 2. apartatuek, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloen curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuek xedatzen dutenaren arabera, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, sarrera baldintzak betetzeaz gainera, kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko behar diren gaitasun eta ezaupide artistikoak erakusteko berariazko proba bat gainditu beharko da.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak egindako aldeko txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko beharrezkoa den gaitasun artistikoaren probaren deialdia egitea 2019. urterako, 1. eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

2. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Deialdi honen, bere eranskinen eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoak izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Iruñeko Arte Eskolara eta Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolara.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Oinarriak

Gaitasun artistikoaren probatik salbuestea.

1. Honako hauek ez dute erdi eta goi mailetara sartzeko gaitasun artistikoaren proba egin beharrik izanen:

a) Proba hori, dagokiona, aurreko deialdiren batean gainditu dutenek.

b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikari titulua edo baliokidetzat jotzen den titulua dutenek.

c) Arte Batxilergoaren edo Arte Batxilergo Esperimentalaren titulua dutenek.

d) Arte Plastikoetako goi mailako titulua eta Diseinuko goi mailako titulua dutenek, beren espezialitateetan, edo baliokidetzat jotzen diren tituluak.

e) Kultur Ondasunak Zaindu eta Zaharberritzeko goi mailako titulua dutenek, beren espezialitateetan.

f) Honako titulu hauetariko bat dutenek: Arte Ederretako lizentzia, Arkitektura edo Industria Diseinuko Ingeniaritza Teknikoa, edo horien baliokide bat.

g) Zein heziketa ziklotan sartu nahi den, haren lanbide gaitasunekin zuzenean lotutako lan esperientzia, urtebetekoa gutxienez, frogatzen dutenek. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauek agertzen dituena berariaz: kontratuaren iraupena, gauzatutako jarduera eta noiz aritu den jarduera horretan. Norberaren kontura ari diren langileen kasuan, tributudunen zentsuan altan egotearen ziurtagiria.

h) “Arteak” modalitateko goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba gainditu dutenek.

i) Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko proba berariazkoa gainditu dutenek.

2. Honako hauek ez dute erdi mailan sartzeko gaitasun artistikoaren proba egin beharrik izanen:

a) Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulu bat dutenek.

b) Uztailaren 24ko 2127/1963 Dekretuak ezarritako ikasketa planen Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen kurtso komunak gainditu dituztenek; orobat, arte ikastetxeetako esperientzien erregulazioari buruzko martxoaren 28ko 799/1984 Errege Dekretuaren babesean ezarritako izaera esperimentaleko kurtsoak gainditu dituztenek, bai eta ikastetxeetan hezkuntza arloko esperimentazioa egiteko arau orokorrak ezartzen dituen maiatzaren 9ko 942/1986 Errege Dekretuan ezarritakoak ere.

Izen-ematea.

3. Inskribatzeko eskabidea ebazpen honen 2. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko da.

–Lehenengo deialdia. Iruñeko Arte Eskolan eta Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan, egun hauetan: 2019ko maiatzaren 6tik 17ra (14:00ak arte), biak barne.

–Bigarren deialdia. Iruñeko Arte Eskolan eta Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan, egun hauetan: 2019ko abuztuaren 28tik 29ra (14:00ak arte).

4. Izen-emateak jasotzen dituzten arte eskolek eskatzaileari eskabidearen fotokopia emanen diote, gaitasun artistikoaren proban inskribatzeko eskabidea noiz sartu den adierazita eta zigilua jarrita.

5. Izangaiek dokumentazio hau erantsi beharko diote inskribatzeko eskabideari:

a) Nahitaezko dokumentazioa:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena, nortasuna frogatzen duen bidaia agiri batena, bisarena edo atzerritarren identifikazio txartelarena.

b) Salbuespenetarako dokumentazioa:

–Gaitasun artistikoaren proba egitetik salbuetsia egonez gero, eranskin honen 1. eta 2. oinarrietan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira.

6. Arte eskolen web-orrietan jakinaraziko da noiz argitaratuko diren onartutakoen behin-behineko zerrendak, zein izanen diren erreklamazioak jartzeko epeak eta noiz aterako diren behin betiko zerrendak. Zerrenda horietan beretan argitaratuko da halaber proba egiteko salbuespenen ebazpenari buruzko informazioa.

Epaimahaiak.

7. Epaimahai bat eratuko da arte eskola bakoitzean. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzak izendatuko du epaimahai hori, eta honako kide hauek izanen ditu: epaimahaiburu bat, idazkari bat eta bi epaimahaikide. Irakasleen edozein kidegotako irakasleak izanen dira, 2018-2019 ikasturtean irakaskuntzan dihardutenak, Iruñeko Arte Eskolan edo Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolan.

8. Epaimahaiaren eginkizunak hauek izanen dira:

a) Gaitasun artistikoaren proba egin eta ebaluatzeko prozesua antolatzea, zuzen egin dadila begiratzea eta prozesuko aktak egitea.

b) Probako ariketak prestatzea.

c) Onartu diren izangaien behin-behineko eta behin betiko aktak argitaratzea eta haien aurka jartzen diren erreklamazioak ebaztea.

d) Proban egotea eta zuzen egiten dela ziurtatzea.

e) Izangaien nortasuna egiaztatzea.

f) Probako ariketak zuzendu eta kalifikatzea.

g) Emaitzen aktak bete eta argitaratzea eta haien aurka jartzen diren erreklamazioak ebaztea.

Zenbaki honetako e) atalari dagokionez, behar den egiaztapenak eginda ere zalantzarik baldin badago izangairen baten nortasunari buruz, dagokion epaimahaiak proba egiten utziko dio. Proba bukatutakoan, epaimahaiak errekerimendua eginen dio nortasuna zalantzarik gabe argi dezan egokien iruditzen zaion prozeduraren bidez. Egiaztapen hori egin ezean, ondorioztatuko da proba ez duela egin.

9. Bi deialdietarako epaimahaiak 2019ko maiatzean eratuko dira.

10. Epaimahaiburuek zilegi izanen dute behar diren laguntzaileak izendatzea, izena ematen duten izangaien kopuruaren arabera. Laguntzaile horiek Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu.

Laguntzaile horiek kasuan kasuko arte eskolan ari diren irakasleak izanen dira.

Hona hemen laguntzaileen eginkizunak:

–Ikasgelak antolatzea.

–Probarako ereduak prestatzea.

–Probara joan eta kontrolatzea.

–Izangaien nortasuna egiaztatzea.

11. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 30eko 399/2017 Ebazpenaren bidez, arte plastikoen eta diseinuaren lanbide irakaskuntzak ematen dituzten arte eskolen antolaketa eta jarduna 2018-2019 ikasturtean arautzeko jarraibideak onetsi ziren. Ebazpen horretan xedatzen den moduan, eskola horietako irakasleek prest egon behar dute arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloak egiteko beharrezkoa den gaitasun artistikoaren proba ebaluatzeko epaimahaietan parte hartzeko; epaimahaietako kideei eta aholkulariei behar diren diru konpentsazioak emanen zaizkie, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritakoari jarraikiz.

Proba egiteko lekua, eguna eta ordua.

12. Izena ematen den arte eskolan eginen da lehenengo deialdiko gaitasun artistikoaren proba.

–Erdi mailakoa: 2019ko maiatzaren 27an.

–Goi mailakoa: 2019ko maiatzaren 28an.

Bi egunetan, hau izanen da ordutegia:

–15:30ean: izangaiei dei egitea eta dokumentazioa egiaztatzea.

–16:00etan: probaren hasiera, 2 orduko iraupena izanen duena.

13. Bigarren deialdiko gaitasun artistikoaren proba, hala erdi mailako zikloetarako nola goi mailako zikloetarako, izena ematen den arte eskolan eginen da irailaren 2an, ordutegi honen arabera:

–15:30ean: izangaiei dei egitea eta dokumentazioa egiaztatzea.

–16:00etan: proba egitea. Iraupena: 2 ordu.

Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

14. Lehenengo deialdiko gaitasun artistikoaren probaren emaitzak proba egiten den ikastetxean eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa honetan argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3108/Prueba-de-aptitud-artistica-para-el-acceso-a-ciclos-de-Artes-Plasticas-y-Diseno

–Erdi mailako gaitasun artistikoaren proba: behin-behineko emaitzak 2019ko ekainaren 3an, eta behin betikoak 2019ko ekainaren 12an, 14. oinarrian adierazitako erreklamazio aldia bukaturik.

–Goi mailako gaitasun artistikoaren proba: behin-behineko emaitzak 2019ko ekainaren 3an, eta behin betikoak 2019ko ekainaren 12an, 14. oinarrian aipatutako erreklamazio aldia bukaturik.

15. Bigarren deialdiko probaren emaitzak proba egiten den ikastetxean eta Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa honetan argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3108/Prueba-de-aptitud-artistica-para-el-acceso-a-ciclos-de-Artes-Plasticas-y-Diseno. Behin-behineko emaitzak 2019ko irailaren 3an argitaratuko dira, eta behin betikoak 2019ko irailaren 6an, hurrengo oinarrian adierazten den erreklamazioak aurkezteko epea iragan ondoren.

16. Behin-behineko emaitzen aurka jarritako erreklamazioak epaimahaiburuari igorritako idazkiaren bidez aurkeztuko dira, proba egiten den arte eskola berean:

–Lehenengo deialdian: behin-behineko emaitzak argitaratu eta hiru eguneko epean.

–Bigarren deialdian: 2019ko irailaren 3tik 5era bitarte (14:00ak arte).

17. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan, epaimahaia bilduko da horiek aztertu eta ebazteko. Epaimahaiak horien gainean hartutako ebazpena jakinarazteko modua behin betiko akta jendaurrean jartzea izanen da.

18. Behin betiko aktak jendaurrean jarri ondoren, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntzako zuzendariari zuzendua, emaitzen behin betiko aktak argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Egiaztapena.

19. Erdi mailako gaitasun artistikoaren proba gaindituz gero, horrek balioa izanen du Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi mailako heziketa ziklo guztietarako.

20. Goi mailako gaitasun artistikoaren proba gaindituz gero, horrek balioa izanen du Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi eta goi mailako heziketa ziklo guztietarako.

21. Arte eskolako zuzendariak, 3. eta 4. eranskinetan agertzen diren eredu normalizatuak erabiliz, ziurtagiria eginen die proba gainditzen duten izangaiei, “Gai” direla adieraziz eta lortutako zenbakizko kalifikazioa aipatuta, dezimal batekin.

Edukia, garapena eta ebaluazio irizpideak.

22. Gaitasun artistikoaren probak, hala erdi mailakoak nola goi mailakoak, ariketa hauek izanen ditu: galde-sorta bati erantzutea, zenbait irudi komentatzea eta garapen grafikoak egitea, bai zuri-beltzean bai koloretan. Erdi mailako ariketak eta goi mailakoak ezberdinak izanen dira.

Baloratuko dira kontzeptuen zorroztasuna eta sormena, berariazko trebetasunak eta abileziak, oharmen eta hautematerako gaitasunak eta arte plastikoetarako eta diseinurako gaitasuna.

Erdi mailako gaitasun artistikoaren proban izangaiari eskatzen zaizkion maila eta trebakuntza ez dira inola ere izanen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean eskatutako gaitasunak eta ezagutzak baino handiagoak.

Era berean, goi mailako gaitasun artistikoaren proban izangaiari eskatzen zaizkion maila eta trebakuntza ez dira izanen Arte Batxilergoko irakasgaien curriculumean eskatutako gaitasunak eta ezagutzak baino handiagoak.

23. Probaren kalifikazioa ariketa guztien batuketa izanen da, 0 puntutik 10 puntura bitarte. Proba gainditzeko, azken kalifikazioa 5 puntukoa edo hortik gorakoa izan beharko da.

24. Proba honen emaitza “Gai” edo “Ez-gai” izanen da, eta 0tik 10era bitarteko zenbakizko kalifikazioa ere adieraziko da, dezimal batekin.

25. Arte eskolek behar diren orientabideak emanen dizkiete gaitasun artistikoaren proban izena ematen dutenei, haren edukiak eta garapena ezagut ditzaten.

2. ERANSKINA

Inskribatzeko eskabidea (Gaitasun artistikoaren proba - 2019. urtea).

3. ERANSKINA

Gaitasun artistikoaren probaren ziurtagiria (erdi maila).

4. ERANSKINA

Gaitasun artistikoaren probaren ziurtagiria (goi maila).

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

5. ERANSKINA

2019an Nafarroan gaitasun artistikoaren proba egiteko deialdiaren egutegia

JARDUKETA

DATAK

LEHENENGO DEIALDIA

Inskribatzeko eskabideak aurkezteko epea

2019ko maiatzaren 6tik 17ra (14:00ak arte)

Onartutakoen behin-behineko zerrenda argitaratzea / Erreklamatzeko epea / Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzea

Arte eskola bakoitzak zehaztutako egunetan

Goi mailako zikloetan sartzeko gaitasun artistikoaren proba

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna

2019ko maiatzaren 27a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2019ko ekainaren 3a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

3 egun, behin-behineko emaitzak argitaratzen direnetik hasita

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2019ko ekainaren 12a

Erdi mailako zikloetan sartzeko gaitasun artistikoaren proba

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna

2019ko maiatzaren 28a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2019ko ekainaren 3a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

3 egun, behin-behineko emaitzak argitaratzen direnetik hasita

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2019ko ekainaren 12a

Gaitasun artistikoaren proba gainditu izanaren ziurtagiria

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (izena eman den arte eskolan jaso)

2019ko ekainaren 13tik aurrera

BIGARREN DEIALDIA

Inskribatzeko eskabideak aurkezteko epea

2019ko abuztuaren 28a eta 29a (14:00ak arte)

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko gaitasun artistikoaren proba

Gaitasun artistikoaren proba egiteko eguna (erdi eta goi maila)

2019ko irailaren 2a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzak argitaratzea

2019ko irailaren 3a

Gaitasun artistikoaren probaren behin-behineko emaitzen aurka erreklamazioa jartzeko epea

2019ko irailaren 3tik 5era (14:00ak arte)

Gaitasun artistikoaren probaren behin betiko emaitzak argitaratzea

2019ko irailaren 6a

Gaitasun artistikoaren proba gainditu izanaren ziurtagiria

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (izena eman den arte eskolan jaso)

2019ko irailaren 9tik aurrera

Iragarkiaren kodea: F1904653