84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

646/2019 EBAZPENA, apirilaren 15koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoa izeneko Ikerketa Sarietarako deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Ikerketa Batzordeak, 2018ko azaroaren 16ko bileran, 2019ko Ikerketa sarietarako deialdia errektoreari igortzea erabaki zuen.

Ikusirik Ikerketarako errektoreordeak egindako proposamena.

Unibertsitatearen Aholkularitza Juridikoak egindako txostena ikusirik.

Tratamendu fiskalari buruzko txostena ikusirik.

Kontabilitate Atalak kreditua badela ziurtatzeko emandako egiaztagiria ikusirik.

Kontuak ikuskatuta eta aldeko fiskalizazioa eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Ebazpen honek sortutako gastua onestea, 17.000 eurokoa guztira. Kopurua handitu egin liteke, aurrekontuan horretarako dirurik baldin badago, eta 2019ko gastuen aurrekontuko honako partiden kargura ordainduko da:

–34.0.30.00.480.26 Ikerketa Sariak, gehienez 14.000 euro.

–34.0.30.00.227.03 Kanpoko ebaluatzaileak, gehienez 3.000 euro.

Bigarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa Ikerketa Sarietarako 2019ko deialdia onestea, saritzeko bai Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen ikerketa-jardueraren ibilbide osoa, bai 2017. eta 2018. urteetan Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleek egindako ekarpen zientifiko hoberenak, eta 2017. eta 2018. urteetan amaitutako teknologia eta ezagutza besterentzeko emaitzarik hoberena, ebazpen honen eranskinean dauden oinarriekin bat.

Hirugarrena.–Gainerako lan-errendimenduei aplikatzen zaien portzentajea izanen da aplikatu beharreko atxikipena.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honen berri ematea ondoren aipatzen diren honako hauei: Ikerketarako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Atalari, Kontabilitate Atalari eta Kontuhartzailetzari.

Seigarrena.–Ebazpen honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 15ean.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

2019KO IKERKETA SARIETARAKO DEIALDIA

646/2019 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sustatu eta bultzatzeko aurrera daraman politikaren barnean, Ikerketarako Errektoreordetzak beharrezkoa ikusten du saritzea unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-jardueraren ibilbidea edo emaitza aipagarriak. Errektoretza honek, Ikerketa Batzordearen babesarekin, horregatik proposatu du deialdi hau.

Lehena.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da ikerketa-jardueraren hainbat alderdi saritzea, ikerketa-sariak emateko xedez, eta prozedura arautzea, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera. Horien artean, ikerketan garatutako ibilbide pertsonala eta 2017an eta 2018an egindako ekarpen zientifiko hoberenak sarituko dira, bai eta 2017an edo 2018an bukatutako kontratu edo proiektu batetik eratorritako jakintza edo teknologia besterentzeko emaitzarik hoberena ere, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek eta ikertzaileek eginak badira.

Jakintza-arlo bakoitzaren eremuko komunikabideetan egiten direnak hartuko dira ekarpen zientifikotzat, esaterako, artikuluak aldizkari indexatuetan, liburuak, liburuetako kapituluak, monografiak, aipamenak, etab.

Hauek hartuko dira besterentze-emaitzatzat: ustiatze-patenteak, enpresaren batek merkaturaturiko zerbitzuak zein produktuak, eta frogaturiko eraginari buruzko azterlanak edo txostenak, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako proiektu edo kontratu baten emaitza gisa sortu badira.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 14.000 euroko aurrekontua du osotara, eta kopuru hori handiagotzeko aukera dago, aurrekontuko baliabideen arabera. 2019ko gastuen aurrekontuko 34.0.30.00.481.21 Ikerketa sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira, eta dauden modalitateko sariak ordaintzeko erabiliko dira.

Hirugarrena.–Sari modalitateak.

Bost sari emateko deialdia egin da, modalitate hauetan:

A.–Zientzia Zehatzen, Biologikoen, Medikoen eta Teknologikoen arloetako Ikerketa Saria ikerketako ibilbide pertsonal osoari. Saria gehienez ere 2.800 euroz hornitua dago.

B.–Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria ikerketako ibilbide pertsonal osoari. Saria gehienez ere 2.800 euroz hornitua dago.

C.–Zientzia Zehatzen, Biologikoen, Medikoen eta Teknologikoen arloetako Ikerketa Saria 2017. eta 2018. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenari. Saria gehienez ere 2.800 euroz hornitua dago.

D.–Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria 2017. eta 2018. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenari. Saria gehienez ere 2.800 euroz hornitua dago.

E.–Saria 2017an edo 2018an bukatutako kontratu edo proiektu baten ondoriozko jakintza edo teknologia besterentzeko emaitzarik hoberenari. Saria gehienez ere 2.800 euroz hornitua dago.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Edozein modalitatetan parte hartzen ahalko du Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanaldi osoko arduraldian eta zerbitzu aktiboan dagoen Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskidegoetako edozein irakaslek edo ikertzailek, betiere ikerketa-talde batean erroldatuta badago eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, eta aurkezten den sariaren saileko eskakizunak betetzen baditu.

Berariaz bazterturik daude proiektuen kargura dauden ikertzaileak, ikerketa-taldeak, 83. artikuluko gerakinen poltsak eta kontratuak, eta prestakuntzan dauden doktoretza aurreko eta doktoretza ondoko pertsonak.

Eskatzaileak ezin izanen dira aldi berean aurkeztu A eta B modalitateetara, ez eta C eta D modalitateetara ere aldi berean. Bestalde, ekarpen zientifiko hoberenaren C eta D modalitateetan, hautagai bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du.

C eta D modalitateen kasuan, ekarpenean lagundu duten kide guztiek ontzat emana izan beharko da eskabidea, arrazoituriko ezintasun kasuetan salbu. Ekarpenaren kide guztiak hartuko dira saria jasotzeko ebazpenaren onuraduntzat. Hala ere, ondorio ekonomikoak eskabideak aurkezteko egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu aktiboan dauden egileei baizik ez zaizkie aplikatuko.

E modalitatearen kasuan, eskaeraren helburu den ekarpenerako bidea eman duen proiektu edo kontratuaren ikertzaile arduraduna izan beharko da hautagaia. Proiektuko ikertzaile guztiak hartuko dira ebazpenaren onuraduntzat, non eta ekarpenean ez den zehazten zalantzarik gabe beste egile talde bati dagokiola (esaterako, Patentea). Eskabideak aurkezteko egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu aktiboan dauden ikertzaileei aplikatuko zaizkie ondorio ekonomikoak, eta ez beste inori.

Bosgarrena.–Hautagaitzen aurkezpena.

Hautagaitzak Unibertsitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, horretarako emanen den inprimakia erabiliz, eta bertan argi azalduko da zein sari modalitatetara aurkezten den hautagaitza. Hautagaitzak aurkezteko epea hogei egun balioduneko izanen da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.

A eta B modalitateen kasuan, hautagaiek beren curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, ahal dela CVN formatua edo MINECOk Estatu Planeko proiektuetarako deialdietan erabiltzen duen formatu osoa erabiliz.

Eskabide-inprimakian ORCID kodea erantsi beharko dute.

C eta D modalitateen kasuan, eta hautagaitza nork aurkezten duen alde batera utzita, hautagaitzak ekarpenaren egile guztien baimena izan beharko du. Hautagaitzaren xede den ekarpenaren kopia erantsi beharko da, bai eta argitalpenaren garrantzia eta eragina balioesteko beharrezkotzat jotzen diren datuak ere.

E modalitatearen kasuan, zehaztasunez deskribatu beharko da zertan datzan ekarpena edo emaitza, hura sorrarazi duen proiektua edo kontratua, eta besterentzearen eragina eta garrantzia balioesteko modukotzat hartzen diren datu guztiak eman beharko dira.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Sarituen betebeharrak.

1. Saridunek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta interesdunei 2019ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

2. C eta D modalitateen kasuan, saritutako ekarpen zientifikoaren egileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten duten eta unibertsitatean erroldatutako ikerketa-taldeetako kideak diren irakasle edo ikertzaile bat baino gehiago badira, egileek sariaren ondorio ekonomikoak proportzionalki banatuko dituzte sariaren ondorio ekonomikoak.

3. Unibertsitateak, araudi indardunak ezartzen duenarekin bat, behar diren atxikipenak eginen ditu sarien diru-kopuruan zerga modura. Gainerako lan-errendimenduei aplikatzen zaien portzentajea izanen da aplikatu beharreko atxikipena.

4. Deialdiaren oinarriak ez betetzea, edo datuak ezkutatzea, aldatzea edo haietan iruzur egitea erabakia atzera botatzeko zioak izan daitezke, eta, hala gertatuz gero, sariagatik hartu den dirua itzuli beharko da.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

A, B, C eta D modalitateetako sariak bi epaimahaik emanen dituzte, bat saritzen den ikerketa-arlo bakoitzeko. Epaimahai bakoitza 3 kidek osatuko dute eta errektoreak ebazpen baten bidez izendatuko ditu, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, dagokien ikerketa-arloan entzute handikoak direnen artean.

E modalitateko sariari dagokionez, epaimahaia 3 kidek osatuko dute kasu honetan ere, eta errektoreak ebazpen baten bidez izendatuko ditu, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, eta nahitaezkoa izanen da enpresa-eremuko entzute handiko kideren bat egotea horien artean.

Epaimahaia Ikerketarako errektoreordeak eskatuta osatuko da, horretarako deialdia eginda. Halaber, Ikerketarako errektoreordeak behar diren kudeaketak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak ematea.

1. A, B, C eta D modalitateetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko teknikariek egindako txosten bibliometriko bat edukiko du epaimahaiak.

2. Epaimahaiek txosten arrazoitu batean oinarrituta eginen dute sariak emateko proposamena, ikerketa-jardueraren kalitatearen eta eraginaren arabera.

3. Epaimahaiek unibertsitateko errektoreari bidaliko diote sariak emateko proposamena. Errektoreak behin betiko ebazpena emanen du, eta bertan adieraziko da nori dagozkion Nafarroako Unibertsitate Publikoa Ikerketa Sariak. Saritutako hautagaien izena baizik ez da agertuko ebazpen horretan. Beraz, gainerako hautagaitzak ez direla aukeratu ulertuko da. Epaimahaiaren balorazioei jarraikiz, sariren bat eman gabe utz liteke, edo hautagairik ez dagoelako. Era berean, epaimahaiek, C eta D modalitateen kasuan, 2017. urtean eta 2018. urtean egindako ekarpenei ex-aequo saria emateko aukera izanen dute, baldin eta pareko kalitatea dutela uste badute. Saria emateko behin betiko ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Epaitegietan 2 hilabeteko epean, bi kasuetan ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4. Sariak emateko ekitaldi publikoa 2019. urtean eginen da.

5. Ikerketarako Errektoreordetzak jakinaraziko du errektorearen behin betiko ebazpena, sariak ematekoa alegia, sariak banatzeko ekitaldi publikoaren aurretik betiere.

Bederatzigarrena.–Sarien bateraezintasuna.

Unibertsitate honetako antzeko sari-deialdietan Ikerketako Senior saria edo ikerketa-ibilbidearen saria erdietsi dutenak ezin izanen dira aurkeztu deialdi honen xede diren banako ikerketa-sarietako A eta B modalitateetara.

Hamargarrena.–Argitaratzea.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta unibertsitateko baliabide elektronikoen bidez zabaldu. Ikerketarako Errektoreordetza arduratuko da zabalkundeaz.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta deialdi honetako oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F1905439