84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolarientzako dirulaguntzen deialdia onesten duena, 2019an osasun azterketak egiteko. DDBN identifikazioa: 447509.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak 73. artikuluan ezartzen du Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eginkizuna izanen dela programak planifikatu, koordinatu eta, zein den kasua, gauzatzea, kirol jarduera osasungarritasun eta segurtasun baldintza egokietan egin dadin.

Lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak gizartean ditugun pertsona osasuntsuenak dira. Hala ere, oso gutxitan, lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak bat-batean hiltzen ahal dira ariketan berean edo hura bukatu eta ordubetean. Heriotza horietako asko bihotzaren egiturazko eritasunen ondorio dira.

Lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak bat-batean hiltzeko arriskua oso txikia izanagatik, arriskua duten gazteen identifikazio eta tratamendu egokiak izugarri gutxitu dezake bat-bateko heriotza gertatzeko arriskua. Gaur egun eztabaida zabala dago nazioarteko ospea duten sozietate zientifikoen artean (Bihotz-hodietako Prebentzio eta Errehabilitaziorako Europako Sozietatea, Bihotzaren Amerikako Sozietatea, Kirol Medikuntzako Amerikako Elkargoa) gazteei osasun azterketa egitearen komenentziari buruz lehiaketazko kirolean hasi aurretik, egin beharreko osasun azterketa edo balorazio motari buruz, horren kostuaren eta onuraren arteko erlazioari buruz, gezurrezko positiboak diagnostikatzeak dakartzan ondorioei buruz, bat-bateko heriotzak lehiaketan dabiltzan kirolari gazteengan duen eraginari buruz, edo lehentasuna eman behar ote zaion baliabide publikoak horrelako osasun azterketetan erabiltzeari.

Bihotz-hodietako Prebentzio eta Errehabilitaziorako Europako Sozietatea da sozietate zientifiko interbentzionistena gai honetan. Sozietate horrek, orain urte batzuk Italian egindako azterlan batean oinarrituta, lehiaketan dabiltzan 35 urtez azpiko kirolariei osasun azterketa egitea gomendatzen du; alegia, historia familiar eta pertsonalari buruzko galdeketa bat bihotz-hodietako eritasunaren inguruan, azterketa fisikoa eta geldiuneko elektrokardiograma. Italian, agian munduko herrialde interbentzionistena arlo honetan, erakunde publikoek lehiaketan dabiltzan kirolari adoleszenteen osasun azterketa bakarrik finantzatzen dute.

Aurretik adierazitakoa eta aurrekontuko diru-izendapena kontuan izanda, uste da komenigarri dela dirulaguntza ematea gazte nafar federatuei osasun azterketa egiteko nerabezaro bukaeran. Deialdiaren urtean 18 urtetik 30era bitarte (biak barne) dituzten Nafarroako Kirol Federazioetako lehiaketazko kirolari gazteei osasun azterketa egitea du xede deialdi honek; batez ere, ariketan ari direla, bat-bateko heriotza ahalik eta gehien prebenitzeko. Gutxieneko adin hori aukeratu da uste baita denbora epe egokia dela bat-bateko heriotzari lotutako bihotzeko eritasunak edo haien aurrerapena atzemateko, Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldeek pediatrian eskaintzen dieten azken osasun azterketa, 14 urte egiten duten urtean, egiteko izaten duten azken aukeratik.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Orobat, foru lege horren 17.1 artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du dirulaguntzak emateko. Araubide horretan araudiak edo oinarriek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Aurrekoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari 1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirolari federatuentzako dirulaguntzen deialdia onesteko, banakako ebaluazio araubidean, 2019an osasun azterketa egin dakion kirolari bakoitzari, betiere 2017. eta 2018. urteetan laguntza-mota honen onuradunak izan ez badira.

Deialdi honetako laguntzak gauzazkoak dira, hau da, zerbitzu batzuk ematen dira, ezaugarri jakin batzuetako osasun azterketak direnak profesional mediko eta sozietate batzuek egin beharrekoak, osasun laguntza xede izanik. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskuratzen ditu, kirolariei emateko, beste helbururik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren bosgarren xedapen gehigarrian eta azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak aukeratuko ditu osasun azterketak eginen dituzten profesional medikoak eta sozietateak.

Beharrezko txosten tekniko eta juridikoak egin eta erantsi zaizkio espedienteari, eta haietan agerian gelditzen dira deialdi honen onespenaren egokitasuna eta interes publikoa, bai eta deialdiaren legezkotasuna eta haren oinarri arautzaileena ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolarientzako dirulaguntzen deialdia onestea, 2019an osasun azterketak egiteko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. 6.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Osasun azterketetarako dirulaguntzak” izeneko A50002-A51304809-336103 partidaren kargura.

Dirulaguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko martxoaren 29an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirolari federatuei banakako ebaluazioaren araubidean dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, kirolari bakoitzari
osasun azterketa egiteko 2019an

1.–Xedea.

Oinarri hauek gauzazko laguntzak, hau da, 1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolariei 2019an osasun azterketak egiteko araubidea ezartzea dute xede.

2.–Helburua.

Kirolari gazteen bat-bateko heriotza prebenitzen saiatzea du helburu deialdi honek, osasun azterketa eginez. Lehiaketan dabiltzan kirolari gazteak gizartean ditugun pertsona osasuntsuenak dira. Haien heriotzetako batzuk galarazten ahal dira gaian adituak diren sozietate zientifiko nagusien gomendioei jarraituz gero.

3.–Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 6.000 eurokoa da, eta 2019ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako “Osasun azterketetarako dirulaguntzak” izeneko A50002-A5130-4809-336103 partidari egotziko zaio.

Dirulaguntzen banaketa, betiere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

Laguntzaren zenbatekoa 28,36 eurokoa da osasun azterketa bakoitzeko, edo haren kostua, zenbateko hori baino txikiagoa bada.

4.–Onuradunen betekizunak.

1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaio eta 2019an Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) jarraipen medikorik izan ez duten Nafarroako Kirol Federazioetako kirolariak izaten ahal dira laguntza hauen onuradun, betiere 2017. eta 2018. urteetan laguntza-mota honen onuradunak izan ez badira.

Gainera, laguntzen onuradun izateko, kirolariek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Federazioaren lizentzia, Nafarroako edozein kirol federaziok emana, indarrean izatea.

b) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izatea.

c) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean.

5.–Diruz lagundu beharreko jarduerak.

Deialdi honen helburua da 1989. eta 2001. urteen artean (biak barne) jaioak diren Nafarroako kirol federazioetako kirolariei 2019an osasun azterketak egiteko gastuak “gauzazko laguntzen” bidez finantzatzea. Kirolari bakoitzak osasun azterketa bakar bat egiteko eskubidea edukiko du, betiere 2017. eta 2018. urteetan laguntza-mota honen onuraduna izan ez bada.

Osasun azterketari dagozkion gastuak dira finantzatuko direnak. Osasun azterketa horren edukia eta ezaugarriak deialdi honen III. eranskinean deskribatzen dira.

6.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak, dokumentazio osagarriarekin batera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Aizagerria plaza 1, 1. solairua, 31006 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurkezten ahalko dira eskaerak, 2019ko urriaren 17ra arte.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, proposamena mruestao@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Bi beharkizun horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskabideak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa.

7.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko zaizkio, deialdi honen II. eranskinean datorren eredu normalizatuaren arabera.

7.2. Eskaerak behar bezala beteta egonen dira, dokumentazio hau erantsita dutela:

a) Federazioak emandako lizentzia indardunaren kopia.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

d) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea NKGIri baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

7.3. Laguntza ordezkari edo ahaldun baten bidez eskatuz gero, ordezkaritza hori frogatzen duen dokumentua, ordezkatuak emana, aurkeztu beharko da.

7.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Errekerimendua modu elektronikoan egiten ahalko da, mezu elektroniko bat bidaliz eskatzaileak eskaeran jarritako helbidera. Errekerimendua modu horretan egiten ahalko da, bakar-bakarrik, eskatzaileak berariaz baimendu baldin badu, eskabide-orri orokorreko aitorpena sinatuz.

8.–Banakako ebaluazioa.

Dirulaguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, eskaerak Erregistroan aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontu kreditu nahikoa dagoen bitartean.

9.–Instrukzioa eta dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpen dataren hurrenkeraren arabera, Kirolaren zuzendariordeak proposatuta.

9.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 30 egunekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

9.3. Deialdi honen babesean dirulaguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

10.–Osasun azterketak egiteko epea. Medikua libreki aukeratzea.

Osasun azterketak, diruz lagundutako jarduerak direnez gero, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik 2019ko azaroaren 22 arteko epean egin beharko dira.

Laguntzen onuradunak diren kirolariek libreki jotzen ahalko dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak aukeratutako edozein enpresa edo profesional medikorengana. Hori dela eta, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak behar bezala eta garaiz argitaratuko du aukeratzen duen enpresa eta profesional medikoen zerrenda, ukitutako kirolariek ezagut dezaten.

Medikuak kontsulta egin ohi duen lokalean burutuko dira azterketak edo hark adierazten duen tokian.

11.–Datu pertsonalen erabilera.

Laguntzen onura jasotzen duten kirolariek deialdi honen IV. eranskina bete eta aurkeztu beharko dute aukeratutako enpresa edo profesional medikoarengana jotzen dutenean. Honela, borondatez baimendu eta onartuko du tratamendua egin zion medikuak osasun azterketaren datuak erabil ditzan, barneko xedearekin eta estatistikarako, alegia, egindako proba analitikoak eta osasun azterketa tramitatzeko. Datu horiek Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari lagatzen ahal zaizkio, deialdi hau kudeatzeko. Hori guztia Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezartzen duenarekin bat etorriz, baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak (datuak babesteko erregelamendu orokorra) ezartzen duenarekin bat ere.

12.–Ordainketa.

Gauzazko laguntzak direnez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak osasun azterketak egiten ahalko dituzten medikuak eta entitateak aukeratuko ditu.

Horrela, laguntzen onuradunek ez dute dirurik jasoko, osasun azterketa bera baita gauzazko laguntza.

Horren ondorioz, behin laguntza emanda, onuradunak hura baliatzen ahalko du (osasun azterketa onuradunak aukeratzen duen profesionalarekin, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak emandako zerrendaren barrenean). Eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eginen dio ordainketa osasun azterketak egin dituen enpresa edo profesionalari, zerbitzua onuradunari eman zaiola egiaztatu ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.

13.–Bateraezintasuna.

Oinarri arautzaile hauen arabera emandako laguntzak bateraezinak dira administrazio publiko berak edo beste batek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, helburu berbererako emandako beste laguntza batzuekin.

14.–Ikuskapena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirol Zuzendariordetzaren eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren (CEIMD) bidez, eskubidea du aurkezten den dokumentazioa benetakoa dela egiaztatzeko, bai eta beharrezko ikuskapen eta kontrolak egiteko ere, emandako laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzearren.

15.–Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu eta jasotako dirua itzuli beharko da.

Gauzazko laguntza hauen itzulketa baloratzeari dagokionez, 28,36 eurokoa da osasun azterketa bakoitzaren balorazioa, edo laguntzaren zenbatekoa, gutxiago bada, dagokion berandutze-interesa galarazi gabe.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17.–Errekurtsoak.

17.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

17.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

18.–Arau osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Laguntza eskatzeko inprimakia (PDFa).

III. ERANSKINA

Dirulaguntzaren xedeko osasun azterketa

1. Osasun azterketaren deskripzioa.

Osasun azterketa hasi aurretik, azterketa horren helburuak eta arriskuak azalduko zaizkio kirolari bakoitzari, bere onarpen idatzia eskatuko zaio (baimen informatua), eta datu pertsonalak erabiltzeko baimena idatziz emateko eskatuko zaio.

2. Azterketak egiteko beharrezko materiala.

Hauxe da azterketa egiteko behar den material medikoa:

Fonendoskopioa, esfingomanometroa, otoskopioa, linterna, erreflexuen mailua, podoskopioa, balantza, tallimetroa eta larruazaleko tolesturen konpasa, elektrokardiografoa eta berpizte larrialdietako materiala (desfibriladorea barne).

3. Azterketaren edukia.

Honela osatuko da osasun azterketa: historia familiarra, historia pertsonala, azterketa fisikoa eta geldiuneko elektrokardiograma.

3.1. Historia familiarra.

3.2. Historia pertsonala.

Bereziki, bihotz-hodietako arriskuen seinaleak edo sintomak ageri ote diren baloratuko da.

3.3. Azterketa fisikoa.

–Bihotz-hodietako balorazioa.

–Biometria.

  • Garaiera, pisua eta gorputz-masaren indizea (GMI).
  • Gorputz konposizioaren determinazioa.

–Abdomenaren azterketa.

–Ikusmen zolitasunaren azterketa.

–Otoskopia.

–Lokomozio-aparatuaren azterketa.

–Ahoaren eta faringearen azterketa, sudur iragazkortasuna, lepoa eta tiroidea.

3.4. Geldiuneko elektrokardiograma (ECG), 12 deribaziotan.

4. Banakako txostena.

Aurreko atalen emaitzak azalduko dira. Txostenaren kopia emanen zaio aztertu den kirolari bakoitzari, osasun azterketa egin eta 15 egun baino lehen.

5. Egiaztagiria.

Jarduera fisikoa baimentzen duen ziurtagiria.

IV. ERANSKINA

Datu pertsonalak erabiltzeko baimena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1904971