84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

89/2019 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostu batzuk bete daitezen berariazko lehiaketa bidez.

Abenduaren 12ko 102/2018 Foru Dekretuaren bidez, onetsi zen 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Eskaintza hori dagokio Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako berritze-tasari. Dekretu horretan 14 lanpostu daude Nafarroako Foruzaingoko inspektore izateko.

Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak ezartzen du ezen honako hauek izanen direla sartzeko modalitateak: lehiaketa, zeina sistema arrunta baita, berariazko lehiaketa eta izendapen librea. Gauza bera dio Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamenduak, zeina onetsi baitzen martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez. Azkenik, azaroaren 16ko 106/2016 Foru Dekretuaren 6. artikuluak zehazten du berariazko lehiaketa izanen dela inspektore lanpostuak betetzeko sistema (106/2016 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa).

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren 10. artikuluaren bidez esleituak ditudan eginkizunak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostuak bete daitezen berariazko lehiaketa bidez.

2. Deialdiaren oinarriak onestea, eta agintzea argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko martxoaren 28an.–Barneko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (214/2015 Foru Agindua, irailaren 28koa), Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria, Nekane Agreda Arróniz.

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da berariazko lehiaketa bidez Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostu batzuk betetzea; funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak dira aipatu lanpostuak.

1.2. Berariazko lehiaketa honetan, hasiera batean, inspektore izateko 14 lanpostu iragartzen dira, Foruzaingoko Burutzari atxikiak eta honako zenbaki hauek dauzkatenak: 5202, 5204, 5620, 5940, 7752, 7995, 7996, 8163, 10205, 10206, 10207, 10557, 10599 eta 10600.

1.3. Hasiera batean iragarritako lanpostuez gainera, lehiaketa honetan lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira. Lanpostu horiek berariazko lehiaketaren bidez beteko dira.

1.4. Izangaiek ezin dute orain atxikita dauden unitate organiko bereko lanpostu hutsik hautatu, salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

2.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi hau honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko da: azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Poliziei buruzkoa; Nafarroako Foruzaingoko lanpostuak betetzeko Erregelamendua, martxoaren 25eko 57/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsia; azaroaren 16ko 102/2016 Foru Dekretuaren 6. artikulua (foru dekretu horren bidez aldatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egitura organikoa); azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeari buruzko Erregelamendua; azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan; eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

3.–Baldintzak.

3.1. Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitzen den lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea eta jarduneko zerbitzuan egotea.

b) B maila edo taldekoa izatea.

c) Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostu finko baterako izendatua izatea.

3.2. Behin-behinekoz atxikitako funtzionarioak, egoera horretan dirauten bitartean, beharturik egonen dira deialdi honetan parte hartzera eta betetzen ahal diren lanpostu huts guztiak eskatzera. Bestela, deialdi honen ondorioz hutsik gelditzen den edozein lanpostutan atxikitzen ahalko dira nahitaez.

3.3. Deialdi honetan, oinarrizko lanpostutik hartzen ahalko dute parte Nafarroako Foruzaingoko antolaketa unitate bateko bitarte baterako buru izateko izendatu diren funtzionarioek, bitarte baterako komisario izendatu diren funtzionarioek, edo bietarako izendatu diren funtzionarioek.

3.4. Zerbitzu berezietan, eszedentzia berezian edo lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko adjudikatuko zaie, baldin lanpostua lortzen badute.

3.5. Deialdi honetan parte hartzeak ez du inola ere ekarriko berekin lehiakideek parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.

4.–Ordainsariak.

Deialdi hau dela-eta lekuz aldatzen diren langileek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

5.–Eskabidea eta eskaera: noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epe hori luzaezina da.

5.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, atalondoa, 31002 Iruña), foruzain etxeetako erregistroetan edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan (horien zerrenda argitaratu zen 2015eko 57. eta 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan, martxoaren 25ekoan eta maiatzaren 29koan), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu beharko da telematika bidez aurkezten den parte hartzeko eskabidea. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabidea eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

5.3. Eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Eredua eskuratzen ahal da Barne Zuzendaritza Nagusian (Karlos III.aren etorbidea 2) eta Foruzain Etxe Nagusian (Fuente la Teja z.g., Iruña), edo Internet bidez, deialdiaren fitxatik abiatuta, eta argitaratzen den Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Haietan, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epearen azken egunean.

5.4. Eskaeran, aukeraturiko lanpostuak eta lehentasun hurrenkera zehaztuko dira. Hurrenkera zenbakien bidez adieraziko da: 1 lehentasun handienekoa izanen da, eta horrela, 1etik aurrerako hurrenkeran, lehentasun txikiagoa duten gainerako lanpostuak adieraziko dira. Izangaiak lehenesten dituen destinoak baino ez ditu seinalatuko, eta ezin izanen du orain atxikita dagoen unitate organiko bereko lanpostu hutsik hautatu, salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

5.5. Izangaiek egoki iruditzen zaizkien agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte merezimenduak baloratzeko, eskaerak aurkezteko epearen barrenean, honako hauek izan ezik; izan ere, agiri horiek epaimahaiaren eskura jarriko dira:

–Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: epaimahaiak Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari eskatuko dizkio.

–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan egindako ikastaroak: epaimahaiak Eskolari eskatuko dizkio.

Aski izanen da merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

6.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Barneko zuzendari nagusiak onetsiko du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Foruzaingoak Iruñean duen bulego nagusiko iragarki-taulan, baita deialdiaren fitxan ere, zeina argitaratuko baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus), ohartaraziz ezen baztertuek erreklamazioak egiten ahal dituztela, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu, argitaratu eta biharamunetik hasita hurrengo hamar egun naturaleko epean. Epe horretan izangaiek eskatu dituzten lanpostuei uko egiten ahal diete, baldin eta Barne Zuzendaritza Nagusiari igorritako idazki batean hala adierazten badute. Idazki hori aurkeztuko da 5. oinarriko lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat.

Oinarri honetan erreklamazioak aurkezteko aipatzen den epea bukatu ondoren, ez da onartuko uko egiteko eskaerarik.

6.2. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro ondoren eta haien gaineko ebazpenak emanik, Barneko zuzendari nagusiak onetsiko du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Foruzaingoak Iruñean duen bulego nagusiko iragarki-taulan. Deialdiaren fitxan ere argitaratuko da, zeina jendaurrean jarriko baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian (www.nafarroa.eus).

6.3. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak deialdia bete gabe utzi dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da. Halaber, deialdiko lanpostuak bete gabe gelditu direla deklaratuko da parte-hartzaileetako ezeinek ez badu betetzen 1.4 oinarrian ezarritakoa.

7.–Merezimenduen balorazioa, proba fisikoak, proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak, berariazko lehiaketaren bidez beteko diren lanpostuetarako:

a) Merezimenduen balorazioa:

Interesdunek aurkezten dituzten merezimenduak II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz baloratuko dira, eta haien gehieneko balorazioa 41 puntukoa izanen da, euskara kontatu gabe.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan. Izangaiek 10 egun natural izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik. Alegazioak ebatzirik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan.

b) Proba teoriko-praktikoa:

III. eranskineko gai-zerrendari buruzko galde-sorta bat erantzun beharko da; galdera bakoitzean hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzuten den galdera bakoitzari emanen zaion puntuazioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: proba honetarako finkatutako gehieneko puntuazioa zati epaimahaiak egiten dituen galderen kopurua. Oker erantzuten den galdera bakoitzagatik puntuak kenduko dira, hain zuzen ere ongi erantzuten den galdera bakoitzari ematen zaizkion puntuen erdiak.

Proba honetan 0 eta 50 puntu bitarte emanen dira.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan. Izangaiek 10 egun natural izanen dituzte egokitzat jotzen dituzten alegazioak egiteko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik. Alegazioak ebatzirik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan.

Gaiei buruzko gai-zerrendak eta/edo bibliografia interesdunen eskura jarriko dira Nafarroako Foruzaingoko Foruzainen Atarian.

c) Proba psikoteknikoa:

Proba psikoteknikoetan 0 eta 20 puntu bitarte emanen dira.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen ditu proba psikoteknikoak, edo atal horrek izendatzen dituen profesionalek. Atal horrek ematen duen balorazioa loteslea izanen da deialdiko epaimahaiarentzat.

Barne Zuzendaritza Nagusiak onetsiko ditu destino bakoitzerako behar diren eskakizunak.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzak argitaratuko ditu deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan. Izangaiek 10 egun natural izanen dituzte probaren berrikuspena eskatzeko, emaitzak argitaratu eta biharamunetik. Berrikuspena eginda, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan.

d) Arau amankomunak:

Proba fisiko guztiak eta/edo proba teoriko-praktikoa edo/eta proba psikoteknikoa egiten ez dituzten izangaiek, deialdiaren arabera egin behar diren kasuetan betiere, ez dute unitate horietako lanposturik eskuratuko berariazko lehiaketaren bidez.

Egindako probak ez dira baztertzaileak izanen: kalifikazioa emateko baizik ez dira hartuko.

8.–Lanpostuen banaketa.

8.1. Merezimenduen balorazioaren, proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoaren emaitzak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiari adjudikatuko zaio lanpostua.

8.2. Izangaien azken puntuazioan puntu-berdinketa gertatzen bada, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko:

a) Proba teoriko-praktikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

b) Proba psikoteknikoan lortutako puntuaziorik hoberena.

c) Antzinatasunik handiena agente-enpleguan.

d) Agente-enpleguan sartzeko deialdian lortutako izangai-ordena.

8.3. Izangai bakar bat ere aurkezten ez bada proba fisikoak egitera eta, hala badagokio, proba teoriko-praktikoa eta/edo proba psikoteknikoak egitera, lanpostuak hutsik geldituko dira.

9.–Lanpostuak adjudikatzeko itzuliak.

Deialdiaren xedeko lanpostuak eta lehiaketaren ondoriozkoak adjudikatzeko, izangaiekin behar adina itzuli oso eginen dira, eskaeretan destinoa aukeratzeko adierazitako lehentasun hurrenkeraren arabera.

10.–Epaimahaiaren osaera.

10.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Torcuato Muñoz Serrano, Nafarroako Foruzaingoko burua.

Ordezkoa: Gerardo Goñi Ilundain, Nafarroako Foruzaingoko Barne Segurtasunaren eta Polizia Administratiboaren Arloko burua.

–Epaimahaikidea: Ángel Fernández Goñi, Nafarroako Foruzaingoko Herritarren Segurtasuneko Alorreko burua.

Ordezkoa: Pablo Aristu Zunzarren, Nafarroako Foruzaingoko Tafallako Foruzain Etxeko burua.

–Epaimahaikidea: Jesús María Solabre Goñi, Nafarroako Foruzaingoko Polizia Judizialaren Dibisioko burua.

Ordezkoa: Carlos Yarnoz Arrarás, Nafarroako Foruzaingoko Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foruzaingoko langileen batzordeak izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: Nafarroako Foruzaingoko langileen batzordeak izendatu beharrekoa.

–Epaimahaikide-idazkaria: Juan Antonio Sola Ibarra, Barne Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Ataleko burua.

Ordezkoa: María José Álvarez Los Arcos, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua.

10.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta ondoko bost egunean osatu beharko da epaimahaia.

10.3. Administrazio prozeduraren arauetan parte ez hartzeko aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

10.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, baldin epaimahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, bertan ez badira, eta, gutxienez ere, kideen gehiengoa. Epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua eta idazkaria ordezteko, jarraikiko zaio 11/2019 Foru Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoari (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Foru-sektore publiko instituzionala).

10.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

10.6. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

10.7. Epaimahaiaren ebazpenak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat. Hala ere, Administrazioak irregulartasunik atzemanez gero, prozesua berraztertzen ahal du. Kasu horretan, irregulartasunak ukituriko tramite guztiak berriz egin beharko dira.

11.–Lanpostuen behin-behineko eta behin betiko adjudikazioa.

11.1. Merezimenduen eta 7. oinarrian aurreikusitako proben balorazioa eginda, epaimahaiak behar diren lanpostuak behin-behinekoz adjudikatzeko proposamen bat prestatuko du, zeina argitaratuko baita deialdiaren fitxan eta Foruzaingoak Iruñeko bulego nagusian duen iragarki-taulan.

11.2. Izangaiek ezin dute orain atxikita dauden unitate organiko bereko lanpostu hutsik hautatu, salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

11.3. Lanpostuak behin-behinekoz adjudikatzeko proposamena argitaratzen denetik hiru egun balioduneko epea izanen da interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko. Epe hori bukaturik, epaimahaiak alegazioak ebatziko ditu, eta behin betiko proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, ebatz dezan.

11.4. Deialdia egin duen organoak behar diren adjudikazioak egin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, honako hauek adieraziz: foruzainaren zenbakia, adjudikatutako lanpostua eta atxikitako antolaketa unitatea.

12.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

12.1. Lanpostuak behin betiko atxikitzeko ebazpenean organo deitzaileak zehazten duen egunean jabetu beharko dute adjudikatutako lanpostuez lehiatzaileek.

12.2. Nafarroako Foruzaingoko antolaketa unitate bateko bitarte baterako buru, bitarte baterako komisario edo bietarako izendatu diren funtzionarioek, baldin oinarrizko beste lanpostu bat adjudikatzen bazaie eta horretaz jabetuz gero, bitarte baterako lanpostuak utzi beharko dituzte ezinbestean.

13.–Argitalpenak eta errekurtsoak.

13.1. Epaimahaiaren egintzak eta ebazpenak argitaratuko dira deialdiaren fitxan eta Foruzaingoaren Iruñeko bulego nagusiko iragarki-taulan.

13.2. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

13.3. Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, salbu kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

13.4. Hori guztia, honako hauetan xedatutakoarekin bat: 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua (foru lege horren bidez jorratu ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Foru-sektore publiko instituzionala), eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak (lege horren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

I. ERANSKINA

Deialdia, Nafarroako Foruzaingoko inspektore lanpostuak bete daitezen berariazko lehiaketa bidez. Lanpostuen lehentasun hurrenkera (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 15 puntu.

1. Finkoa izanik Nafarroako Polizietan egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

2. Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

3. Edozein administrazio publikotan polizia kidegoetakoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,10 puntu, urte bakoitzeko.

Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

B) Polizia-eremuarekin lotuta dauden prestakuntza ikastaroak, hobekuntzakoak, irakaskuntza eta ikerketa: gehienez ere 10 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,01 puntu eskola-ordu bakoitzeko.

Baloratu beharreko prestakuntza ekintzetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie (10 ordu).

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak. Hori dena frogatu egin beharko dute izangaiek.

C) Titulazio eta espezializazio akademikoak: gehienez ere 7,5 puntu.

Lizentzia/Gradua: 3,50 puntu.

Diplomatura: 2,50 puntu.

Masterra/Graduondokoa: 1,80 puntu.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren titulu apalagoak ez dira baloratuko.

Atal honetan baloratuko dira azaldutako titulazioen baliokide direnak, betiere baliokidetasun hori bada ondorio guztietarako, eta behar bezala frogatu bada.

D) Sariak eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,50 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 1,25 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

Soilik baloratuko dira abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretuan xedatuarekin bat emandako sariak (abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua), sariak bat datozenean hartan azaldutakoekin.

E) Hizkuntzak jakiteagatik gehitutako puntuazioa: gehienez ere 10,10 puntu.

1. Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik): 2 puntu, gehienez, hizkuntza horietako bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko maila bakoitzeko eman beharreko puntuazioak honako hauek dira: A1: 0,40 puntu, A2: 0,80 puntu, B1: 1,20 puntu, B2: 1,60 puntu, eta C1: 2 puntu; edo titulu baliokideak.

2. Elebidunak ez diren lanpostuetan, euskaraz jakiteagatiko puntuazio osagarria irizpide hauen arabera gehituko da:

A) Destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuak: gehienez ere 4,10 puntu.

B) Destinoa eremu mistoan duten lanpostuak: gehienez ere 2,46 puntu.

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailaren pareko ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu modura baloratzerakoan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Oharrak B) atalerako:

–Ez dira puntuatuko deialdiko lanpostua lortzeko baldintza diren ikastaroak (Sarbiderako Oinarrizko Ikastaroa, Foruzaingoko lanpostu ezberdinetara sartzeko ikastaroa eta haren zatiak).

–Ez dira puntuatuko birziklatze ikastaroak, jasotako prestakuntza baten berrikuspena baitira; hortaz, hura baloratzeak esan nahiko luke prestakuntza bat bitan baloratzea.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Gaiei buruzko gai-zerrendak eta/edo bibliografia interesdunen eskura jarriko dira Nafarroako Foruzaingoko Foruzainen Atarian.

Ingurumen ikerketa

1. gaia.–Suarekin lotutako jarduketak:

1.1. Suaren erabilera (MBPM 2016-017) eta haren bi eranskinak.

1.2. Suteak (MBPM 2016-016).

1.3. Suteen ikerketa (MBPM 2016-020) eta barneko protokoloari buruzko eranskina (1-5 puntuak).

2. gaia.–Animaliekin lotutako jarduketak:

2.1. Txakurren identifikazioa (MBPM 2016-001).

2.2. Behor-aziendaren identifikazioa (MBPM 2016-003).

2.3. Behi-aziendaren identifikazioa (MBPM 2016-004).

2.4. Ardi- edo ahuntz-aziendaren identifikazioa (MBPM 2016-005).

2.5. Beste identifikazio batzuk (MBPM 2016-008).

2.6. Nola jokatu arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak katalogatzeko orduan (BPMA 2018-003).

2.7. Osasun publikoko salaketak (MBPM 2016-007).

2.8. Poliziaren esku-hartzea animaliak tartean direnean (PF2012-007).

2.9. Animaliak Kontrolatzeko Taldea mobilizatzea (PF209-010).

2.10. Animalien garraioa (MBPM 2016-007).

2.11. Hegaztientzako bazkalekuak, eta naturaguneak babesteko eremuak (MBPM 2016-013).

3. gaia.–CITES Konbentzioa eta Europako Erregelamendua (MBPM 2016-019) eta eranskina.

4. gaia.–Jarduketak ingurune naturalean:

4.1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko ikuskapena (MBPM 2017-001).

4.2. Fitosanitarioak (MBPM 2016-010).

4.3. Ehiza (MBPM 2016-018) eta eranskinak.

5. gaia.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodearena:

5.1. XVI. titulua. Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari, ondare historikoaren babesari eta ingurumenari lotutako delituak.

5.2. XVII. titulua, II. kapitulua. Segurtasun kolektiboaren kontrako delituak. Suteak.

Trafikoa eta atestatuak

6. gaia.–Sarrera.

7. gaia.–Trafiko-istripuak.

8. gaia.–Bide-segurtasunaren kontrako delituen instrukzioa.

–Delituak.

–Atxilotuaren eskubideak.

9. gaia.–Lan-istripuak.

Agintarien babesa

10. gaia.–Aurrekariak agintarien babesaren arloan. Eskolta.

11. gaia.–Babesa.

–Segurtasun pertsonalaren hastapenak.

–Arrisku iturriak.

–Terrorismoa. Oinarrizko nozioak.

–Atentatu baten zergatiak.

–Babesaren arazoa.

12. gaia.–Babes sistema baten eginkizunak.

–Prebentzio eginkizuna.

–Atxilotze eginkizuna.

–Erreakzio eginkizuna.

–Erantzute eginkizuna.

13. gaia.–Segurtasun zerbitzu bat planifikatzea.

–Plangintzaren oinarrizko printzipioak.

–Babes sistema. Arriskuen azterketa.

14. gaia.–Etengabeko Segurtasunaren Plana.

–Babes estatikoa.

–Babes dinamikoa.

–Kontrazaintza Taldea.

–Larrialdi plana.

15. gaia.–Aldi baterako mugimenduen plana.

–Aurrelari taldeak.

–Ikuskatzeak.

16. gaia.–Babesa mugimenduan.

–Oinezko formazioen ebaluazioa.

–Oinezko formazioak.

–Ibilgailu bidezko formazioak.

17. gaia.–Mehatxuei buruzko informazioaren erregistrorako inprimakiak.

–Hitzezko mehatxuak.

–Mehatxuak paperezko euskarrian.

18. gaia.–Genero indarkeria. Sexu erasoen biktimak

Polizia Judiziala

19. gaia.–Polizia Judiziala. Biktimentzako babesa eta informazioa. Atxiloketa eta eskubideen berri ematea. Atxiloturik ez dagoen ikertuari bere eskubideen berri ematea. Abokatua izendatzea. Familiari eta bulego kontsularrari jakinaraztea. Osasun azterketa. Habeas corpusa.

20. gaia.–Begi-ikuskapen teknikoa. Sarrera eta erregistroa. Informazio ugari biltzeko gailuen erregistroa eta ekipamendu informatikoei buruzko urrutiko erregistroak. Pertsonak arakatzea.

21. gaia.–Argazki bidezko identifikazioa. Taldeko identifikazio saioa.

22. gaia.–Komunikazioak grabatzea, irudiak hartzea eta segimendurako eta lokalizaziorako gailuak erabiltzea. Telekomunikazioak entzutea edo ikustea.

23. gaia.–Atxilotuaren gauzak biltzea eta zaintza-katea. Txostena eginbidetzea. Lekukoen babesa. Atxiloketak egitea Prozedura Kriminalari buruzko Legearen 420. artikulua aplikatuz.

24. gaia.–Zigor Kodea.

Iragarkiaren kodea: F1904492