84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Udal ordenantza, Etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2018ko abenduaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ledean etxebizitzak eraikitzeko eta zaharberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza (2019ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 31n).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2019ko martxoaren 21ean.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

LEDEAN ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO ETA ZAHARBERRITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Ledeako Udalak, ordenantza honen bidez, etxebizitzaren alorreko jarduketen garapena sustatu nahi du. Jarduketek xede hauek izan behar dituzte: alde batetik, dauden etxebizitzen parkea hobetzea, birgaitzeko eta berroneratzeko jarduketen bitartez, etxebizitzen funtzionaltasuna eta irisgarritasuna eta eraikinen energia-efizientziaren optimizazioa lortzeko; bestaldetik, herrian etxebizitza berriak egitea, egun dauden eraikinak ordezkatuko dituztenak, herritarrak udalerrian finkatu ahal izateko.

Horretarako, laguntza ekonomikoak ezartzea planteatzen da, ahal den neurrian jarduketa hauek susta ditzaten, eta, duen interesagatik, bereziki, Ledeako udal plan orokorrean definitutako Lehentasunez birgaitu beharreko eremuak hartzen duen esparru osoan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantzaren xedea da Udalak bere udal-mugartean bizitegi-erabilerako eraikinak zaharberritzeko eta eraikitzeko ezarri dituen laguntzak arautzea, ordenantzan bertan finkatzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Jarduketa babesgarriak.

Ordenantza honen xedea da honako obra hauek sustatzeko laguntzak arautzea:

–Etxebizitzak zati batean eta/edo osorik zaharberritu edo moldatzea egokitzapen funtzionalerako obrekin, eraikinak baldintza egokiak bete ditzan arlo hauetan: irisgarritasuna, egonkortasuna, euriaren eta hezetasunaren kontrako estankotasuna, isolamendu termiko eta akustikoa.

–Lehendik dauden eraikinak ordeztea (eraitsi eta berriz eraikitzea), etxebizitzarako.

–Ledeako Udalaren plan orokorrean katalogatutako eraikinek historiaren, artearen, arkitekturaren eta ingurumenaren aldetik duten interesari balioa emateko behar diren obrak.

3. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen jarduketa hauek:

–Udal Planeamenduaren kontrakoak, bai eta, oro har, aplikatzekoa den antolamendu juridikoaren kontrakoak ere, eta hirigintza araudiaren eta zaharberritzeari eta bizigarritasunari buruzko araudiaren kontrakoak, bereziki, “antolamenduz kanpo” dauden eraikinetan edo “antolamenduz kanpo” dauden elementuak dituzten eraikinetan egiten diren obrak.

–Elbarriek erabiltzeko eraikinak egokitzera zuzenduriko jarduketak, ez direnean erabat egokitzen irisgarritasun unibertsalari eta ororendako diseinuari buruzko araudi berariazkora, eraikinaren sarreratik hasi eta etxebizitza guztietara, salbu eta teknikoki edo ekonomikoki bideraezina delarik, 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera.

–Babesten ahal den aurrekontuaren barnean ez da sartuko igogailuaren aparatuaren kostua, jadanik dagoen bat ordezkatzeko bada.

Udalarekiko ordainketetan egunean ez dauden partikular edo entitateei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen.

4. artikulua. Laguntzak ematea.

Udalak laguntza eskaerak ordena kronologikoari jarraikiz ebatziko ditu, aurrekontuetan horretarako zuzkidura nahikoa bada, eta aldez aurretik Udaleko zerbitzu eskudunaren aldeko txostena beharko du izan.

5. artikulua. Laguntzak jasotzea.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzen egiazko likidazioa obrak bukatzen direnean gertatuko da; interesdunak kasuan kasuko justifikazioa aurkeztu beharko du (lehen aldiz okupatzeko lizentzia edo teknikari eskudunak izenpetutako obra-amaierako akta).

6. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honen xede diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein administraziok edo entitatek emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin.

7. artikulua. Mugak.

Dirulaguntza jasota, bost urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik.

8. artikulua. Laguntza galtzea.

Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak, baita aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea ekarriko dute, eta jasotako laguntza, halakorik balitz, Udalari itzultzea.

II. KAPITULUA

Lehentasunez birgaitu beharreko eremuan egitekoak
diren jarduketetarako laguntzak

9. artikulua. Aplikazio eremua eta aurrekontuko zuzkidura.

Kapitulu honetako laguntzak aplikatuko zaizkie Udaleko zerbitzu teknikoen adostasun txostena duten jarduketei bakarrik, 2. artikuluan aipatzen diren obrak egiten direnean, Ledeako udal plan orokorrean definitutako Lehentasunez birgaitu beharreko eremuaren jarduketa esparruaren barnean, edo Ledeako udalerrian une bakoitzean indarrean den hirigintza araudian aipatutakoak egiten direnean. Ledeako udal plan orokorra behin betiko onetsi zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariaren uztailaren 31ko 87/E/2018 Foru Aginduaren bidez, eta 2018ko 160. eta 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialetan argitaratu, abuztuaren 20an eta irailaren 7an.

Urtero, Ledeako Udalak bere aurrekontuetan sartuko du Lehentasunez birgaitu beharreko eremuko biztanle bakoitzari urteko aplikatzen ahal zaion modulu ponderatuaren %1 baino gutxiago izanen ez den zenbatekoa.

10. artikulua. Onuradunak.

Onuradunak izanen dira Lehentasunez birgaitu beharreko eremuaren jarduketa esparruko bizitegi-erabilerako eraikin edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, baita jabeak ez izanik ere, badirenen baimen espresa dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

11. artikulua. Jarduketetarako betebeharrak.

Udalaren laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2. artikuluan azaldutako tipologiarekin bat datozen obrek, baldin eta aukera ematen badute Ledeako udal plan orokorrak lurzati bakoitzean esleitzen duen hirigintzako araubidea aplikatzeko.

Gainera, baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte:

–Zaharberritzeko lanen kasuan, 25 urtetik goragoko eraikinetan egitea.

–Diruz lagundu daitekeen obra gauzatzeko aurrekontua 6.000 eurokoa izatea gutxienez.

12. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diruz lagunduko dira:

–Ordenantza honen arabera diruz lagungarria den aurrekontuaren EIOZaren ehuneko ehuna.

–Obraren benetako kostuaren %4aren pareko zenbatekoa, halakotzat hartuz obrak gauzatzearen kostua, laguntza eskatzen den unean, salbu eta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.

Edonola ere, 2.000 euroko muga orokorra finkatzen da diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzeko.

13. artikulua. Espedienteen tramitazioa.

Oro har, interesdunek Udalera joko dute behar diren argibideak jasotzeko. Udalak alderdi hauei buruzko informazioa emanen die interesdunei:

–Egin beharreko obrak.

–Kasu bakoitzean behar den dokumentu teknikoa.

–Izan daitezkeen laguntzak.

Hori guztia ordenantza honen babesean eta horri dagokionez, Nafarroako Gobernuaren bitartez oro har izan ditzaketen laguntzetatik aparte.

Interesdunak Ledeako Udalean aurkeztuko du eskatzen zaion dokumentazioa, dirulaguntzetarako eskabidea erregistratzeko, eta dirulaguntzak zer banku entitatetan hartu nahi diren adierazi beharko du, baita kontuaren zenbaki osoa ere; hau guztia sartuko du:

–Egin beharreko obren txostena, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo ikus-onetsitako proiektu teknikoa.

–Obra-lizentziaren eskaera.

–Jabearen edo erkidegoko ordezkariaren NANaren edo IFZaren fotokopia, eta horien baimen espresa obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

–Jabekideen erkidegoaren akordioa, honako hauek jasotzen dituena: obrak egiteko erabakia, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkariaren izendapena eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea. (Hala denean).

III. KAPITULUA

Laguntzak udalerriko gainerakoan egitekoak diren jarduketetarako

14. artikulua. Aplikazio eremua.

Kapitulu honetako laguntzak aplikatzen zaizkie 2. artikuluan aipatutako obrei dagozkien jarduketei, Ledeako udal plan orokorraren Lehentasunez birgaitu beharreko eremuan biltzen ez diren kokapenetan egiten direnei.

15. artikulua. Onuradunak.

Onuradunak izanen dira Lehentasunez birgaitu beharreko eremuaren jarduketa esparrutik kanpoko bizitegi-erabilerako eraikin edo etxebizitzen jabeak diren pertsona fisiko edo juridikoak, baita jabeak ez izanik ere, horien baimen espresa dutenak obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

Eraikin kolektiboak zaharberritzeko obren kasuan, jabekideen erkidegoa ere onuraduna izanen da.

16. artikulua. Jarduketetarako betebeharrak.

Baldintza hauek bete beharko dira:

–Zaharberritzeko lanen kasuan, 25 urtetik goragoko bizitegi-erabilerako eraikinetan egitea.

–Obra gauzatzeko aurrekontua 10.000 eurokoa izatea gutxienez.

17. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Diruz lagunduko da obraren benetako kostuaren %4, halakotzat hartuz obra gauzatzearen kostua, salbu eta profesionalen ordainsariak, BEZa eta gainerako zergak.

Edonola ere, 2.000 euroko muga orokorra finkatzen da diruz laguntzen ahal den jarduketa bakoitzeko.

18. artikulua. Espedienteen tramitazioa.

Laguntzak Ledeako Udalaren Erregistro Orokorrean tramitatuko dira; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

Dirulaguntzetarako eskabidea. Dirulaguntzak zer banku entitatetan hartu nahi diren adierazi behar da, baita kontuaren zenbaki osoa ere, eta hau guztia sartuko da:

–Egin beharreko obren txostena, materialen kalitatea eta aurrekontu xehatua barne (neurriak, kalitateak eta prezioak unitateka adieraziz) edo ikus-onetsitako proiektu teknikoa.

–Obra-lizentziaren eskaera.

–Jabearen edo erkidegoko ordezkariaren NANaren edo IFZaren fotokopia, eta horien baimen espresa obrak egiteko, sustatzaile, maizter, errentari edo erabiltzaile gisa.

–Jabekideen erkidegoaren akordioa, honako hauek jasotzen dituena: obrak egiteko erabakia, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkariaren izendapena eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea. (Hala denean).

Iragarkiaren kodea: L1904087