84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURRE

Irurreko Kontzejuaren (Gesalatz) eskumeneko landabideen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Irurreko Kontzejuak, 2018ko uztailaren 1ean egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Irurreko Kontzejuaren (Gesalatz) eskumeneko lanbideen erabilera arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2018ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Irurren, 2019ko martxoaren 22an.–Kontzejuko burua, Juan Antonio Urra Caro.

IRURREKO KONTZEJUAREN (GESALATZ) ESKUMENEKO LANDABIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Irurreko Kontzejuaren (Gesalatz) eskumeneko landabide publikoen sarea Irurreko herritar guztien ondarearen zati da. Garrantzi handia du, kontzeju-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko. Sarea, orobat, nahitaezkoa da nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, xede hauek lortzearren:

–Kontzejuko natur ondarearen balioak atxikitzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko moduan mantentzea.

Horrenbestez, Irurreko Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Irurreko kontzeju-mugarteko bide publikoen arloan arauzko erregulazioa ezartzea.

2. artikulua.

Irurreko Kontzejuaren meneko bideetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearekin bat eginen da zirkulazioa.

3. artikulua.

Debeku da arras:

1. Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea itzulbira egiteko.

2. Harriak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

3. Areketara lurra bota eta betetzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean.

4. Nekazaritzako hondakinak bideetan, areketan edo erretenetan erretzea.

5. Administrazio baimenik gabe lehiaketa eta lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.

6. Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

4. artikulua.

Finken titularrek izanen dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

5. artikulua.

Zuhaitzak bideetatik 4 metrora landatuko dira, adarrak areketatik atera ez daitezen. Finketako itxiturak bideak okupatzeko mugatik 2 metrora eginen dira.

6. artikulua.

Irurreko Kontzejuaren landabideetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin topo egitean; are gehiago hautsa pilatzen den aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.

Dena dela, 40 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.

7. artikulua.

Partikularrek baimena eskatu beharko diote Irurreko Kontzejuari lursailetako pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere. Irurreko Kontzejuak egokitzat jotzen duen fidantza eskatzen ahal du, lursailetako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.

8. artikulua.

Landabideetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuetarako, berariazko baimena eskatuko zaio Irurreko Kontzejuari.

9. artikulua.

Finken itxituretan zortasun-eremu bat izanen da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.

11. artikulua.

Ordenantza hau hausten duenak 150,25 euroko zehapena izanen du, deusetan galarazi gabe egindako kalteengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; hori guztia Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat. Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

12. artikulua. Fidantzak.

20.000 kilo baino gehiagoko ibilgailuek gutxienez ere 500 euroko fidantza eman beharko dute, eta hori 2.000 euro bitartekoa izaten ahalko da, bideetan asko ibiliz gero. Fidantza hori itzuliko da, Kontzejuak kalterik ez dela egin egiaztatzen duenean.

13. artikulua. Zehapenak.

Irurreko kontzeju-mugarteko bideetan kalteak egiten dituen ibilgailua horien erantzulea izanen da kontzeju honetan eta kalteak ekarritako gastu guztiak ordainduko ditu.

Iragarkiaren kodea: L1904200