84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAKIL

Ordenantza fiskala, zeinaren bidez arautzen baita tasa bat herriko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia egiteko, interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresentzat. Hasierako onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, erabaki hau argitaratzen da, 2019ko martxoaren 16an hartua, ordenantzaren testu osoarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

2019ko martxoaren 25ean.–Burua, David Erviti Irañeta.

ORDENANTZA FISKALA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITA TASA BAT HERRIKO JABARI PUBLIKOAREN APROBETXAMENDU BEREZIA EGITEKO, INTERES OROKORREKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESENTZAT

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen artikuluen babespean, ordenantza honen helburua da arautzea tasa bat Kontzejuaren eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinaren aprobetxamendu berezia edo erabilera pribatiboa egiteko, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresentzat, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea dira Kontzejuaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinen erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak, egiten dituztenak hornidura zerbitzuen enpresek edo entitateek, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barnean egonen dira hornidura hauek: ura, gasa, argindarra, telefonia finkoa eta mugikorra eta bertze komunikabide mota batzuk; betiere, ematen baldin badira Kontzejuaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez.

3. artikulua. Tasa honen subjektu pasiboak dira aitzineko atalean aipatu diren horniduren zerbitzuak ematen dituzten enpresak. Telefonia mugikorreko enpresak kenduta, subjektu pasiboak izanen dira bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak direnak, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak direnak.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasa honen zenbatekoa, salbu telefonia mugikorraren kasuan, izanen da Kontzejuaren mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa, baldin tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak, alegia, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. eta 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira sartuko fakturazioaren diru-sarreren barnean.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago ordaintzera –galarazi gabe tasaren ordainketa– aipatutako horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, salbu erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan, kasu horretan urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

6. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik egonik zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek hiruhilero aurkeztu beharko dute Kontzejuaren mugapean erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena, hain zuzen ere aurreko hiruhilekoari dagokiona.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

7. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

8. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek beste entitate batzuekin bat egiten ahal du hitzarmenen bidez, errazagoak eta arinagoak izan daitezen kudeaketa eta likidazioa.

Iragarkiaren kodea: L1904206