84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

624/2019 EBAZPENA, 2019ko apirilaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbide irekiko politika instituzionala onesten duena”, 2019ko apirilaren 9ko Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitara dadila 2019ko apirilaren 9ko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbide irekiko politika instituzionala onesten duena.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO SARBIDE IREKIKO POLITIKA INSTITUZIONALA ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, irakaskuntzarako, ikerketarako eta jakintzaren transferentziarako erakunde publikoa den aldetik, ikerketen emaitzen zabalkuntza bultzatu nahi du. Hori dela eta, erabaki du sarbide irekiko politika instituzional bat martxan jartzea, lagungarria izan dadin Unibertsitateko komunitateko kideen produkzio zientifikoa gehiago zabaltzeko eta ikusarazteko, eskuragarriago jartzeko eta haren inpaktua areagotzeko.

Sarbide irekiko politikaren oinarriak hauek dira: batetik, Zientziari buruzko 14/2011 Legeko 37. artikulua; bestetik, doktoretzako ikasketa ofizialak arautzen dituen 99/2011 Errege Dekretua; eta, azkenik, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren Batzar Nagusiak (CRUE) 2019ko otsailaren 19an onetsi zuen dokumentu bat. Azken hori zientzia irekia delako mugimendua bultzatzeko hamar ekintza jasotzen dituen deklarazio bat da, eta, hori sinatuta, Espainiako unibertsitateek zenbait konpromiso hartu dituzte open science delakoa sustatzeko. Europan, bestalde, gai honekin lotutako gertaera berriena aipatzearren, azpimarratzekoak dira, batetik, Europako Batzordeak 2016ko apirilean ezagutzera eman zituen ondorioak, zeinek adierazten baitute zientzia irekiko sistema bateranzko trantsizioa egin nahi duela Europako Batasunak; eta, bestetik, European Universities Association (EUA) elkarteak 2017ko ekainean zientzia irekiaren alde argitaratu zituen gomendio batzuk (Towards Full Open Access in 2020 izeneko dokumentua).

Hortaz, ikerketa zientifikoa denentzat eskuragarri jartzearen alde Europako Batzordeak egindako gomendioekin eta Espainiako legeek eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren dokumentuak diotenarekin bat etorriz.

Hau da Gobernu Kontseiluak, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2019ko apirilaren 9an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sarbide Irekiko Politika Instituzionala, honi erantsitako dokumentuan jasotzen den bezala.

Bigarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikerketarako errektoreordeari eta Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

AURREKARIAK

Zientziarako sarbide irekia babesteko konpromisoa berritu egin dute sarbide irekiaren aldeko lehenbiziko bi ekimenek, hots, 2002ko Budapest Open Access Initiative izenekoak (BOAI), nazioarteko zenbait zientzialari ospetsuk sinatu zutenak, eta lehenbiziko horren ekimena eta definizioa bere egin zituen 2003ko Berlin Declaration on Open Access to Knowledge in the Sciences and Humanities (BDOA) deklarazioak, Max Planck elkarteak bere 10. urteurrenean antolatu zuenak.

2012an, BOAI ekimenak berretsi egin zuen sarbide irekiaren definizio hau:

“[parekoek ebaluatutako literatura zientifikoa] Internet publikoan doan eskuratzeko moduan egotea da, edozein erabiltzailek aukera izan dezan artikulu horiek irakurri, deskargatu, kopiatu, banatu edo inprimatzeko, testu osoaren esteka bat bilatu edo eransteko, indexatzeko xedez arakatzeko, software batean datu gisa sartzeko, edo legezkoa den beste edozein helburutarako erabiltzeko, oztopo finantzariorik, legalik edo teknikorik gabe, salbu eta Interneten sartzeak berezkoak dituenak. Erreproduzitzeko eta banatzeko muga bakarra eta copyrightak (ondare-eskubideak) esparru horretan duen funtzio bakarra egileei beren lanaren osotasunaren gaineko kontrola eta behar bezala aitortuak eta aipatuak izateko eskubidea ematea izan beharko litzateke.”

Halaber, 2013an, bere hamargarren urteurrenean, BDOAk “nazioartean lan egiteko estrategia bideragarri, koordinatu eta garden bat formulatzera presatu zituen ikerketako erakunde eta organismoak, sarbide irekian argitaratzea arau izango duen sistema baterako trantsizioa posible egitearren”.

Europan, bien bitartean, 2008ko abuztuan sarbide irekiko programa pilotua abiarazi zuen Europako Batzordeak VII. Esparru Programaren zazpi arlotan, eta programa bukatu arte iraun zuen. Hasiera hori ezin daiteke OpenAIRE (Open Access Infrastructure for Research in Europe) europar ekimena abian jartzeko prozesutik bereizi. Geroagoko HORIZON2020 esparru programaren 29.2 artikuluaren arabera, arlo guztietan beharrezkoa da ikerketa zientifikoaren emaitzek sarbide irekia izatea.

Espainian, funts publikoekin finantzatutako ikerketaren emaitzetatik zer eta nola zabaldu behar den jasotzen du Zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko 14/2011 Legeak bere 37. artikuluan.

Alde horretatik, doktoretzako ikasketak arautzen dituen Doktoretzari buruzko 99/2011 Errege Dekretuak ere gai hori du ardatz bere 14. artikuluan, doktoretza-tesiak gordailutzeari buruzkoan, eta NUPen doktoretza arautzen duten arauak (2017) testu horri atxiki zitzaizkion.

Oraintsuago, 2016ko apirilean, zientzia irekiko sistema baterako trantsizioa egiteko borondatea jarri du agerian Europako Batzordeak. Hala, European Universities Association elkarteak (EUA) gomendio batzuk argitaratu zituen 2017ko ekainean, Towards Full Open Access in 2020 izenburupean, sarbide irekiko politiketan sakontzeko.

Azkenik, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren Batzar Nagusian bilduta (CRUE), Espainiako unibertsitateek deklarazio bat sinatu zuten 2019ko otsailaren 19an, eta, dokumentu horretan, open science edo zientzia irekia ezartzeko xedea duten hamar ekintza jaso zituzten.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, ordura arte Espainiako beste hogeita hamabi unibertsitatek egin duten bezala, eta gorago aipatutako aurrekariak kontuan hartuta,

AITORTZEN DU bat egiten duela Budapest Open Access Initiative eta Berlin Declaration on Open Access to Knowledge in the Sciences and Humanities ekimenen printzipioekin, eta politika hau onesten du:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO SARBIDE IREKIKO POLITIKA INSTITUZIONALA

I.–Sarbide irekiko politika instituzionalaren irismena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak honako hauek sartuko ditu sarbide irekiaren esparruan:

1. Bere irakasle eta ikertzaileen ikerketa zientifikoaren ondoriozko argitalpen zientifikoak (artikulu zientifikoak, liburuak edo liburuetako kapituluak, etab.).

2. NUPen irakurritako doktoretza-tesiak.

3. NUPeko titulazioetako gradu eta master amaierako lanak.

4. NUPen ondare bibliografiko digitalizatua.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren argitalpenak, sarbide irekian argitaratuak.

6. NUPek antolatutako biltzarrak eta bestelako ekitaldi zientifikoak.

7. Unibertsitateak esparru horretan argitaratzea erabakitzen duen bestelako dokumentazio akademikoa.

II.–Ekoizpen akademikoa eta zientifikoa sarbide irekian heda dadila sustatzeko baldintzak.

1. Irakasle eta ikertzaileek Academica-e erakunde-biltegian gordailutuko dituzte beren argitalpen digitalak.

2. NUPen irakurritako doktoretza-tesiak Academica-e biltegian gordailutuko dira, 99/2011 Errege Dekretuaren eta Unibertsitateak ezartzen dituen erregelamendu eta araudien babesean.

3. Gradu eta master amaierako lan akademikoak Academica-e erakunde-biltegian gordailutuko dira, Unibertsitateak ezartzen dituen arauei jarraikiz.

4. Academica-e biltegian gordailutzen den dokumentu ororen kasuan, egile-eskubideak eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira, eta, horrekin batera, dokumentua ustiatzeko (kopia, banaketa, jendaurreko komunikazioa, eraldaketa) beharrezkoak diren eskubideen lagapen ez-esklusiboa egingo zaio NUPi.

5. NUPeko irakasle eta ikertzaileen dokumentuak gordailutzean, aintzat hartuko dira biltegi irekietan gordailatutako dokumentuetarako sarbidea eskaintzeko ezarri diren argitaratze-politikak (bertsioak, bahitzeko epeak...). Era berean, konfidentzialtasuna edo behin-behineko bahiturarako aukera bermatuko zaie ustiapen komertziala eduki dezaketen edo enpresa batekiko akordio baten xede izan daitezken dokumentuei, NUPen indarra duten araudi eta erregelamenduekin bat etorriz.

6. Argitalpenak deialdi publikoetan finantzatutako proiektuen emaitza badira, lokalak, nazionalak, europarrak nahiz bestelakoak izan, nahitaezkoa izango da horiek Academica-e biltegian gordailutzea baldin eta deialdiaren oinarrietan betekizun gisa ezartzen bada.

7. Banaka nahiz ikerketa-talde gisa NUPi ikerketarako laguntzak eskatzen dizkioten irakasle eta ikertzaileek derrigorrezkoa izango dute laguntza jaso duen ikerketa horretan lortzen dituzten emaitzak Academica-e biltegian argitaratzea, argitalpenaren kopia digital baten bidez eta erakunde-biltegietan artxibatzeari buruzko argitaratze-politikak kontuan hartuta.

8. Argitalpenerako tramite guztiak beteta, NUPeko ikertzaileei emandako patenteetarako sarbide irekia erraztu beharko da.

9. NUPek, produkzio zientifikoa ebaluatzeko barne-prozesuetan, Academica-e biltegian erregistratua eta gordailutua ote dagoen hartzen ahalko du aintzat. Horretarako, aipatu argitalpenek, gutxienez, erreferentzia izan beharko dute biltegian, eta testua ororik ikusteko sarbide irekia erraztu beharko dute, ahalik lasterrena, betiere argitaratzaileek ezarritako mugak kontuan harturik.

10. NUPek gomendioa egiten die ikertzaileei jabetza intelektualaren arloan beren lanen ustiapen eskubideei eutsi diezaieten, eta beste agente batzuei ez lagatzeko modu esklusiboan.

11. NUPek, Ikerketa-artikuluak gordailutzeko asmoz, argitaratzailearen post-printaren gordailua egiteko gomendioa egiten du, hark baimena emanez gero, edo, dokumentua argitaratzeko baimena lortu bezain pronto, egileek azken bertsio zuzendua gordailutzen dutenean (egilearen post-printa).

12. Gomendatzekoa da, beraz, kasu guztietan egilearen post-print delakoa gordetzea.

III.–Nafarroako Unibertsitate Publikoak Academica-e biltegian gordailututako ekoizpen zientifiko eta akademikoarekin duen konpromisoa.

1. Academica-e biltegian gordailututako dokumentuen gaineko egile-eskubideak eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla zaintzea.

2. Academica-e biltegian dokumentu mota desberdinak gordetzeko prozedura egokiak ezartzea.

3. Liburutegiak izaten dituen baliabideei esker, dokumentuak gordetzeko aholkuak eta laguntza teknikoa ematea, eta erraztasunak ematea unibertsitateko komunitateari.

4. Ikerketen datuak gordetzeko prozesuari buruzko aholkuak ematea NUPeko ikertzaileei.

5. Liburutegiaren baliabideei esker, ikertzaile eta irakasleei prestakuntza eta informazioa ematea sarbide irekiari eta zientzia irekiari buruz.

6. NUPeko ikertzaileek argitaratutako dokumentuak bildu eta berreskuratzea, ondotik Academica-e biltegian sartzeko.

7. Egileei Academica-e biltegian gordailuturik duten obrari buruzko informazioa ematea, egin zaizkion bisita, erabilera eta aipamenak hain zuzen.

8. Sartutako datuen osotasuna zaintzea.

9. Academica-e biltegian den ekoizpen akademiko eta zientifikoaren argitalpenetarako sarbide betierekoa zaindu, ziurtatu eta mantentzea.

10. Academica-e biltegia egin eta garatzerakoan nazioarteko arau eta irizpideak aintzat hartzea.

11. Metadatuak trukatzeko protokolo eta estandarrak erabiltzea edukien elkarreragingarritasuna eta ikusgaitasuna areagotzeko eta kalitatea ebaluatzeko testak egiteko.

12. Espainiako nahiz nazioarteko bilatzaile akademikoei, atariei eta direktorio edo biltzaileei gehitzea biltegia, NUPen egiten ikerketa-lanaren ikusgaitasuna eta eragina handitzeko.

13. Academica-e biltegiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa kudeatzeko beste sistema batzuen arteko elkarreragingarritasuna sustatzea.

Iragarkiaren kodea: F1905188