84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

623/2019 EBAZPENA, 2019ko apirilaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila 2019ko apirilaren 9ko Gobernu Kontseiluak onetsitako “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araudia aldatzen duena”.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2019ko apirilaren 9an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketen araudia aldatu zen.

“ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO FUNTZIONARIOEN IRAKASKIDEGOETAN SARTZEKO LEHIAKETEI BURUZKO ARAUDIA ALDATZEN DUENA

Gobernu Kontseiluak, 2009ko otsailaren 25eko Erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Araudia onetsi zuen. Erabaki horrek zenbait aldaketa izan ditu; horietako azkena Gobernu Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 26ko Erabakiaren bidez egin zen.

Araudi horren babesean egin diren hautaketa prozesuek garbi erakutsi dute aldaketa batzuk egin behar zaizkiola.

Aldaketa horien xedea da, alde batetik, Sarbide Batzordeen osaerari eta jardunari buruzko araudia hobetzea, horretarako batzordekideen egokitasuna bermatzeko neurriak indartuz, eta, bestetik, prozesua behar bezala garatzea izangaien eskubideak bermatzeko, publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz.

Halaber, Erreklamazio Batzordearen funtzionamendu-araubidea aldatu da, haren jarduna argitzeko eta gai horren inguruan Unibertsitatean dauden araudi guztiak homogeneizatzeko.

Azkenik, araudian dauden arau-aipamenak eguneratu dira, baita hautaketa prozesuaren ekintzak argitaratzeari buruzko arauak ere, eta beharrezkoak izan diren egitura eta zenbakitze aldaketak egin dira araudiak koherentzia izan dezan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Batzordeari entzun ondoren.

Batzorde Akademikoak 2019ko apirilaren 1eko bileran bere txostena eman ondoren, honako hau da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehenengoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Araudia aldatzea -Gobernu Kontseiluaren 2009ko otsailaren 25eko Erabaki baten bidez onetsia-, beherago adierazitakoaren arabera:

–Beste 5. artikulu bat gehitu da, honela dioena:

“5. artikulua. Lehiaketa ebazteko epea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 80.3 artikuluarekin bat, gehienez ere lau hilabete igaroko dira onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, epe hori ez bada luzatzen arrazoi larriren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo errektoreak onartutako bidezko beste arrazoiren batengatik.”

–“Lanpostuak betetzea” izeneko 5. artikulua orain 6. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“6. artikulua. Lanpostuak betetzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dauden irakaskuntza eta ikerketa beharrei erantzunez, Saileko Kontseiluak aurretiaz eskatuta, eta irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatuta, egiaztagiria dutenen artean egindako sarbide-lehiaketaren bidez bete behar diren lanpostuak deitzea. Hori guztia Nafarroako Unibertsitate Publikoan gai horren inguruan indarrean dagoen araudiarekin bat.”

–“Lehiaketak deitzea” izeneko 6. artikulua orain 7. artikulua izango da.

–“Deialdiaren edukia eta publikotasuna” izeneko 7. artikulua orain 8. artikulua izango da; haren 3. apartatua aldatu da, eta honela idatzita geratuko da:

“3. Deialdiak eta haien oinarriak Araudi honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta modu osagarrian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 80. artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdietan honako hau jasoko da:

a) Deialdian unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoko zenbat lanpostu dauden eta zer kategoriatakoak diren.

b) Zer saili dauden atxikirik.

c) Jakintza-arloa.

d) Lanpostuen profila: lanpostuen deialdietan, lanpostuek ez dute irakaskuntza-profilik edukiko, edo soilik kasu arrazoituetan. Deialdi batean profil bat sartzeak ez dakar berekin profil horrekin zuzeneko harremana daukan irakaskuntza-jarduerarekiko lotura-eskubiderik.

e) Izangaiek lanpostuan aritzeko bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak.

f) Beharrezkoa baldin bada, lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna zehaztuko da.

g) Sarbide-lehiaketa ebatziko duen Batzordearen osaera.

h) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko arauak, tokiak eta epea.

i) Eskaerak zein organori zuzendu behar zaizkion.

j) Lehiaketaren epeak, zehaztapenak eta garapen-aldiak.

k) Balioesteko irizpide orokorrak.

l) Zilegi diren errekurtsoak.

Ezin izango da inolaz ere izangaien prestakuntzari buruzko orientabiderik eman, edo funtzio publikoan sartzeko berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen dituen beste zeinahi orientabiderik, edota legeek aitortutako funtzionarioen eskubideei mugak ezartzen dizkien edozein”.

–III. kapituluaren izena aldatu da, eta honela idatzia geratuko da:

“Betekizunak, eskaerak eta onarpena”.

–“Parte hartzeko baldintza orokorrak” izeneko 8. artikulua orain 9. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“9. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen dituen lehiaketetan onartua izateko, izangaiek oro har honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.

b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

c) Diziplinako espedientearen bidez edozein Administrazio Publikotako zerbitzutik bazterturik ez egotea, eta funtzio publikoak garatu ahal izateko ezgaitua ez egotea; Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izango da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

d) Dagokion irakaskidegoan sartzeko egiaztagiria izatea, 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztagiri nazionala ezartzen duenak, 12. eta 13. artikuluetan eta lehen, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

e) Halaber, lehiaketa hauetara aurkezteko moduan egongo dira dagozkien irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza dutenak, 2002ko uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuak, gaikuntza nazionalaren sistema arautzen duenak, ezarritakoarekin bat etorriz, zein jakintza-arlotan lortu zuten gaikuntza baldintza izan gabe deitutako lanpostuetako batean lehiatzeko. Era berean, dagozkien kidegoetan deitutako lanpostuetan lehiatu ahalko dira maila bereko edo handiagoko unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionario direnak.

f) Era berean, Europar Batasuneko Estatuetako unibertsitateetako irakasleek zilegi dute dagozkien kidegoetara aurkeztea, baldin eta unibertsitateko katedradun edo irakasle titular lanpostuaren baliokidea lortu badute, interesdunak eskatu ondoren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak emandako ziurtagiriarekin bat. Kasu horietan, lehiaketa ebatziko duen Batzordeak erabakiko du irakaslana betetzeko gaztelaniazko zer ezagutza-maila behar den.

2. Araudi honek arautzen dituen lanpostuetan sartzeko beharrezkoak diren betekizunak deialdi bakoitzean eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta karrerako funtzionarioaren jabetza hartu arte mantendu behar dira.”

–Beste 10. artikulu bat gehitu da, honela dioena:

“10. artikulua. Parte hartzeko eskaerak.

1. Lehiaketetan parte hartu nahi duten guztiek eskabidea bete eta aurkeztu beharko dute, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzura zuzendu.

2. Eskaerak deialdiko oinarrietan ezarritako moduan aurkeztuko dira, administrazio prozedura erkideari dagozkion gaiei buruzko araudi orokorrak ezarritakoaren arabera. Hamabost egun balioduneko epea izango da eskaerak aurkezteko, deialdi hau “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

3. Eskabideak aurkezteko tasak ordaindu beharko dira, gai horri buruz foru araudiak ezartzen duenarekin bat etorriz betiere.

4. Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dira:

  • Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzeko agiriaren fotokopia.
  • Lehiaketan parte hartzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia.
  • Bankuaren egiaztagiria, azterketa-eskubideak ordaindu izanarena.”

–Beste 11. artikulu bat gehitu da, honela dioena:

“11. artikulua. Izangaiak onartzea.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Unibertsitateko iragarki-ohol elektronikoan, deitutako lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

2. Parte hartzeko baldintzak justifikatzen dituzten dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak izango dira eskaera epez kanpo aurkeztea, lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren betekizunak ez betetzea edo sarbide tasak ez ordaintzea.

3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.

4. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Izendapenerako proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 17. artikuluan adierazitakoarekin bat.

6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.”

–“Batzordeen izendapena eta osaera” izeneko 9. artikulua orain 12. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“12. artikulua. Batzordeen izendapena eta osaera.

1. Hiru irakaslek eta dagozkien ordezkoek osatuko dituzte sarbide lehiaketak ebatzi behar dituzten batzordeak. Denak Unibertsitateko Irakaskidegoetako karrerako funtzionarioak izango dira, eta lehiaketako lanpostuak esleituta daukan kidego baliokidekoak edo goragoko kidego batekoak, honela izendatuak:

a) Titular bat, batzordeburu izango dena, eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak izendatuak irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatu ondoren.

b) Titular bat eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak izendatuak Saileko Kontseiluak proposatu ondoren.

c) Batzordekide titular bat eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak zozketaren bidez izendatuak hamar irakasleren artetik, denak ere Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpokoak, Saileko Kontseiluak proposatu ondoren.

Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketen kasuan, batzordekide guztiek unibertsitateko katedradunak izan beharko dute, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo egiaztatu (seiurtekoak), horietako azkena indarrean egonik.

Unibertsitateko titularra izateko lehiaketen kasuan, batzordeburuak unibertsitateko katedraduna izan beharko du, eta gutxienez ikerketa-jardueraren hiru ebaluazio positibo eduki (seiurtekoak), horietako azkena indarrean egonik. Batzordekideek, berriz, ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo izan beharko dituzte gutxienez (seiurtekoak), horietako azkena indarrean egonik.

2. Batzordekide guztiak errektoreak izendatuko ditu, baita idazkaria ere.

3. Batzordekideek zerbitzu aktiboan egon beharko dute, eta beharrezkoa den gaitasun zientifikoa eta irakasteko gaitasuna izan.

Horretarako, batzordekideek aitortuta izan behar dute irakasteko eta ikertzeko gaitasuna deitutako lanpostuaren profilari dagokionez, eta lanpostuaren jakintza-arlokoak izan behar dute, edo beste antzeko arlo batzuetakoak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan araututakoarekin bat.

4. Hautapen batzordeen osaera beren kideen inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioei egokitu behar zaie, eta gizon eta emakumeen arteko osaera orekatua izateko ahalegina egin behar da, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik.

5. Sarbide-lehiaketak ebatziko dituzten batzordeetako kideen izendapenean gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jendaurrean jarriko du haien osaera, eta haien kideen curriculumen edukia, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuaren Eranskinean jasotako datuei dagokienez.

6. Abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiren bat badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Abstentzioren bat, errekusazioren bat edo Batzorde titularreko kideen jarduna eragozten duen beste edozein arrazoi badago, ordezkoek ordezkatuko dituzte titularrak.

Halaber, ordezko kideen artean norbaitek baldin badu abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiren bat, ordezkoen artean maila eta antzinatasun handienekoak ordezkatuko du.

Aukera hauek agortu eta gero, ezinezkoa bada Batzordea eratzea hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, Batzorde berri bat izendatuko da.”

–“Batzordeak eratzea” izeneko 10. artikulua orain 13. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“13. artikulua. Batzordeak eratzea.

1. Batzordea bere jardunetan hasi baino lehen eratuko da formalki. Horretarako, batzordeburuak, Batzordeko gainerako kideei aurretik kontsultatu eta gero, ebazpen bat emango du onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik gehienez ere hilabete batera, bileraren tokia, eguna eta ordua ezartzeko, eta interesdun guztiei jakinaraziko zaie beranduenez hamabost egun natural lehenago; deitutakoak honako hauek izango dira:

a) Batzordeko kide titular guztiak eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren ordezkoak, Batzordearen eraketa-egintza burutu ahal izateko. Eraketa-egintzaren eguna, ordua eta tokia jakinarazpenean jasoko dira.

b) Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangai guztiak, lehiatzaileen aurkezpen-ekitaldia egiteko. Adierazi egingo zaie zer egun, ordu eta tokitan egingo den. Horri begira, Batzordearen eraketa-egintza egunetik aurkezpen-ekitaldia egiteko ezartzen den egunera arteko epea ez da izango bi egun baliodun baino luzeagoa.

2. Artikulu honen 1. apartatuan aurreikusitako epea igaro ondoren ez bada Batzorderako deialdia egin, ordezko batzordeburuak ordezkatuko du batzordeburu titularra ondorio guztietarako. Gehienez ere bost egun balioduneko epean jardungo du hark, artikulu honetan ezarritako moduan.

3. Batzordeko kide guztiek egon behar dute Batzordearen eraketa-egintzan. Egintza horretan parte hartzen ez duten kide titularrak kargutik kenduko dituzte, eta 12.6 artikuluan aurreikusitakoaren arabera ordezkatuko.

Batzordeburuak Batzorde berria deituko du, eta gehienez ere bost egun naturaleko epean jardungo du, artikulu honetan ezarritako moduan.

4. Batzordeko kideek eskubidea izango dute zerbitzu honengatik laguntzak edo kalte-ordainak jasotzeko. Dagozkion bidaia-gastuak eta dietak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kargura ordainduko dira.

5. Idazkariari dagozkio Batzordearen administrazio-jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa, Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langileek lagunduta.

6. Eraketa-egintzan finkatu eta jendaurrean jarriko dira lehiatzaileak balioesteko probetako bakoitzean erabiliko diren irizpideak eta zenbakizko balioespen globala, bai eta proba bakoitzaren ataletako bakoitzarenak ere, kontuan hartuta deialdian ezarritako lanpostuaren xehetasunak, balioetsi beharreko jardueren barrenean baitaude. Irizpide hauetan ezingo da sartu egiaztagiria dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.

7. Batzordeak jardun ahal izateko, haren kide guztiek bertan egon behar dute.”

–“Aurkezpen-ekitaldia” izeneko 11. artikulua orain 14. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“14. artikulua. Aurkezpen-ekitaldia.

1. Arautegi honetan aipatutako lehiaketak Nafarroako Unibertsitate Publikoak zehaztutako tokian egingo dira, eta ahozko bi proba egongo dira.

2. Aurkezpen-ekitaldian, jendaurrekoa izango baita, Batzordeak zehazki finkatuko du lehen probaren edukia, eta proba horren gainean lehiatzaileei eman beharreko jarraibide guztien berri emango du; halaber, zozketaren bidez zehaztuko du lehiatzaileen jarduera-ordena, eta proba noiz, non eta zer ordutan egingo den ezarriko du, kontuan hartuz ezingo dela egin aurkezpen-ekitaldi hau egiten denetik 24 ordu igaro baino lehen. Alabaina, lehiatzaileek idatziz uko egin ahalko diote epe horri. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da aurkezpen-ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.

Batzordeburuak jendaurrean jarriko ditu ekitaldi honetan Batzordeak ezarritako epea eta tokia, lehiatzaile bakoitzak aztertzeko modua izan dezan gainerako lehiatzaileek proba hasi baino lehen aurkeztutako dokumentazioa.

3. Lehiatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztuko diote batzordeburuari:

a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historia, hiru aletan, eta horri erantsiko zaizkio beren merezimenduen egiaztagiriak eta argitalpenen, garatutako patenteen eta parte hartu duten ikerketa-proiektuen zerrenda.

b) Irakaskuntza proiektua, zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu horri dagokion irakasgai edo espezialitate baten programaren berri emango duena, eta ikerketa-proiektua, lanpostu hori esleitzen bazaio garatuko lukeena. Dokumentazio guztia hiru aletan aurkeztuko da.

4. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatu ahalko dizkie lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izango, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.”

–“Dokumentazioa eta probaren garapena” izeneko 12. artikulua orain 15. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“15. artikulua. Probaren garapena.

Lehiaketak balioesteko, ahozko bi proba egingo dira.

1. Lehen proba jendaurrekoa izango da. Batzordeak ezarritako moduari jarraikiz, gehienez ere bi ordu iraungo duen adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta, gero, gehienez ere bi ordu iraungo duen eztabaida batzordekideekin, izangaiak alegatutako merezimendu hauei buruz:

a) Ikasketa eta irakaskuntza historia, non unibertsitateko irakaslanak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta irakaslan horiek balioesteko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikasketa eta ikerketa historia, non ikerketa-jarduerak eta argitalpen zientifikoak agertuko diren, dokumentu bidez egiaztatuak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

d) Irakaskuntza proiektua.

e) Ikerketa proiektua.

Atal bakoitza Batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta balioetsiko da.

Lehen proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako a, b, c, d eta e irizpideei egokituta.

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

Batzordeak berehala jakinaraziko dizkie izangaiei lehen probaren emaitzak. Emaitza horietan probako ataletako bakoitzaren bana-banako balioespena agertuko da, bai eta haren balioespen globala ere.

Halaber, jakinaraziko da bigarren proba non, noiz eta zer ordutan egingo den. Hori guztia, gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea galarazi gabe.

2. Bigarren proba jendaurrekoa izango da eta Batzordeak izangaiaren adierazpen gaitasuna, azaldu dituen gaien edukiaren kalitatea eta garrantzia, eta eztabaidatzeko duen gaitasuna balioetsi beharko ditu.

Unibertsitateko irakasle titular izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izango du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza proiektuan aurkeztu eta berak aukeratutako programako gai bati buruz.

Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubeteko adierazpena egingo du izangaiak Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubeteko eztabaida izango du batzordekideekin gero, izangaiak egindako ikerketa-lan original bati buruz. Horretarako, lehen probaren emaitza jakin ondoren, gainditu duten izangaiek lan horren laburpena emango diete Batzordeko kideei, hiru aletan.

3. Bigarren proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Batzordeak bigarren probaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu.

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

4. Behin sarbide lehiaketa eginda, izangaien behin betiko emaitzak argitaratuko dira.”

–“Batzordeen proposamena” izeneko 13. artikulua orain 16. artikulua izango da; haren 2. apartatua aldatu da, eta honela idatzita geratuko da:

“2. Batzordeak izendapenerako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan.”

–“Izendapena” izeneko 14. artikulua orain 17. artikulua izango da.

–“Erreklamazio Batzordea” izeneko 15. artikulua orain 18. artikulua izango da, eta honela idatzita geratuko da:

“18. artikulua. Erreklamazio Batzordea.

1. Izangaiek Sarbide Batzordearen proposamenaren aurka erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, errektorearen aurrean, gehienez ere hamar egun balioduneko epean. Erreklamazioa tramitera onartuz gero, izendapen guztiak etengo dira behin betiko ebazpena eman arte.

2. Erreklamazio Batzorde batek balioetsiko du erreklamazioa. Hainbat jakintza-arlotako unibertsitateko zazpi katedradunek osatuko dute batzordea. Irakasle horiek irakaslanetan, ikerlanetan eta kudeaketan eskarmentu handikoak izango dira, eta estatutuek ezarritako moduan izendatuko dira. Antzinatasun handiena duen Unibertsitateko katedraduna izango da batzordeburua, eta antzinatasun txikiena duen Unibertsitateko katedraduna izango da idazkaria.

3. Erreklamazio Batzorde titularreko kideak izendatzen dituen organoak ordezko kideak ere izendatuko ditu prozedura bera erabiliz.

4. Ezin zaio uko egin Erreklamazio Batzordeko kide izateari.

Kideren bat ez badago edo parte hartzea galarazten dion bidezko arrazoiren bat alegatzen badu, ordezko kideak ordezkatuko du.

5. Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu balioetsiko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du.

Erreklamazio Batzordeak ezingo du inola ere ordezkatu Sarbide Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

6. Sarbide Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emango du erreklamazioa tramitera onartzeko eta izendapenaren prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

7. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emango die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Sarbide Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

8. Erreklamazio Batzordeko kideek dokumentazioa aztertu eta erabaki hauetako bat har lezakete, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Sarbide Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izango ditu Sarbide Batzordearen proposamenean, aldatu egingo baitu izangaien hurrenkera.

b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Sarbide Batzordearen proposamena.

d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, Erreklamazio Batzordeak Sarbide Batzordearen proposamena berretsiko du.

9. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izango da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izango du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

10. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izango da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emango du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.”

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki hau Ekonomia, Plangintza eta Irakasleen gaietarako Errektoreordetzari eta Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinaraztea.

Laugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra”.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluaren aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako lerrun bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

Iragarkiaren kodea: F1905187