84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

622/2019 EBAZPENA, 2019ko apirilaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez, agintzen da argitara dadila 2019ko apirilaren 9ko Gobernu Kontseiluak onetsitako “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien arduraldi akademikoa arautzen dituzten jarraibideak aldatzen dituena”.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2019ko apirilaren 9an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez, “Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien arduraldi akademikoa arautzen dituzten jarraibideak onetsi ziren.

“GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IRAKASLEAK ETA HAIEN ARDURALDI AKADEMIKOA ARAUTZEN DITUZTEN JARRAIBIDEEN ALDAKETA ONESTEN DUENA

Gobernu Kontseiluaren 2016ko ekainaren 15eko erabakiaren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien irakaskuntza arduraldia arautzen dituzten jarraibideak onetsi ziren. Gobernu Kontseiluaren 2017ko urriaren 31ko, 2017ko azaroaren 27ko eta 2018ko irailaren 21eko erabakien bidez onetsi diren jarraibideak (testu bateratua hemen argitaratu zen: 209 zenbakiko NAO, 2018ko urriaren 29koa.

Gobernu Kontseiluaren Barne Araubideak, Kontseiluaren 2004ko urtarrilaren 20ko erabakiaren bidez onetsiak, 2013ko uztailaren 2ko erabakiaren bidez aldatuak (137 zenbakiko NAO, 2013ko uztailaren 18koa), Irakaskuntza Batzordea ezartzen du gobernuko organo kolegiatuak dituen batzordeen artean. Irakaskuntza Batzordeak eginkizun hauek ditu Araubidearen 18.3 eta 20.2 artikuluek ezarritakoaren arabera: irakaskuntza antolamenduarekin eta irakasleekin lotutako gaiei buruzko erabakiak aztertzea, eztabaidatzea, prestatzea eta proposatzea. Beren proposamenak ez dira lotesleak, eta Gobernu Kontseiluaren Osoko Bilkurak onetsiko ditu beharrezkoa bada.

Eskumen hauekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren Irakaskuntza Batzordeak, 2019ko apirilaren 1ean egindako bileran, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien irakaskuntza arduraldia arautzen dituzten jarraibideen aldaketa onetsi zuen, eta Gobernu Kontseiluari dagokion proposamena bidali zion.

Azaldutakoagatik, Irakaskuntza Batzordearen proposamena ikusirik, honako hau da Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 9an hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien irakaskuntza arduraldia arautzen dituzten jarraibideen aldaketa onestea. Jarraibideak Gobernu Kontseiluaren 2016ko ekainaren 15eko erabakiaren bidez onetsi ziren, eta organo kolegiatu horren 2017ko urriaren 31ko, 2017ko azaroaren 27ko eta 2018ko irailaren 21eko erabakien bidez aldatu ziren. (testu egonkortua hemen argitaratu zen: 209 zenbakiko NAO, 2018ko urriaren 29koa). Testua erabaki honen I. eranskinean dago.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Laugarrena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 144. artikuluaren eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 25. artikuluaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta erabaki horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke ordena bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.”

Iruñean, 2019ko apirilaren 9an.–Errektorea, Alfonso Carlosena.

I. ERANSKINA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien arduraldi akademikoa arautzen dituzten jarraibideak aldatzen dituena

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta haien arduraldi akademikoa arautzen dituzten jarraibideak aldatu dira, eduki honekin:

Lehenengoa.–2.2.1. “Unibertsitateko irakasleen plantilla osoari eragiten dieten irizpideak” apartatuko 4.I irizpidea aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

4.I.–Irakaskuntzako baliabideak bide bide hauetatik banatuko dira: Batetik, jakintza arlo eta sailen egoera hartuko da kontuan Irakaskuntza-jarduera/Gaitasun eraginkorra ratioen arabera eta EPri dagokionez duten plantilla egituraren arabera. Bestalde, sustapen irizpideetan oinarritutako bidea ezartzen da.

Bigarrena.–2.2.2. “Lotura iraunkorra ez duten irakasle kontratatuen lanpostuei buruzko irizpideak (Lag, eta LagD)” apartatuko 7. I irizpidea aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

7.I.–Irakasle ez iraunkorren kontratuei dagokienez, hainbat irizpideren artean kontratuen amaiera izango da kontuan hartu beharreko irizpide bat, nahi izanez gero. Beharrezkoa bada, kontratu berri bat egiteko aukera egongo da, dagokion deialdiaren bidez, aurreko kontratua amaitu eta gero, egoera justifikatuak dauden kasuetan izan ezik, baina kontratuaren epemugaren aurretik nahikoa denborarekin egingo da.

Hirugarrena.–2.2.4. “Lan Publikoaren Eskaintzako irakasle lanpostuei buruzko irizpideak (UT, KD eta RyC)” apartatuko 11. I eta 12. I irizpideak aldatzea. Honela geratuko dira idatzita:

11.I.–Lanpostu horien lehentasunezko tipologia UT izango da, lege arauditik eratorritako salbuespenetan izan ezik (RyC edo 13 akreditazioa duten beste lanpostu batzuk izatea). Nolanahi ere, KD lanpostuak eskaintzeko aukera zabalik dago.

12.I.–Lanpostuak arloen eta sailen artean banatzeko irizpideek hauek hartuko dituzte kontuan: irakaskuntza-beharrak, erreferentziako plantillaren egitura, lanpostuen tipologiari buruzkoa, irakasle egiaztatuak egotea eta irakasle eta ikertzaileen maila igoeran oinarritutako irizpideak.

Laugarrena.–3.1. “Lotura iraunkorra ez duten irakasle kontratatuen lanpostuetan aplikagarriak diren esleipen arauak (Lag, LagD, BKD eta IO” apartatuko 1. A aldatzea. Honela geratuko da idatzita:

1.A.–Lag lanpostuei dagokienez, Unibertsitateak aplikatzen dituen eta ikerketa-jarduerarekin lotuta dauden arauak hartuko dira kontuan. Unibertsitateko Ikerketa Batzordeak ezarritako irizpideen arabera esleituko zaizkie lanpostu horiek ikerketa taldeei.

Bosgarrena.–3.2 apartatua aldatzea. “Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle lanpostuetan aplikatzekoak diren esleipen arauak (KD, UT eta UK)”. Honela geratuko da idatzita:

Lanpostu hauen zuzkidura orokorra, unibertsitateko komunitate guztiarentzat, unean uneko araudi indarduna aplikatzetik eta Gobernu Kontseiluak hartutako erabakietatik eratorritakoa izango da.

Irakaskuntza, arau eta ekonomia baldintzak kontuan hartuta, Unibertsitateko Errektoretza Taldeak, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzaren bidez, mota bakoitzari (KD, UT eta UK) esleitutako lotura iraunkorra duten irakasleen lanpostu kopurua zehaztuko du.

Irakasle eta ikertzaileen Batzordeari eta Enpresa Batzordeari deialdiko lanpostuei buruzko informazioa eman eta entzun ondoren, Errektoretza Taldeak Gobernu Kontseiluari proposatuko dio, beharrekoa bada, lanpostuak onestea.

Hori guztia urtearen bigarren seihilekoan garatuko da batez ere, eta Unibertsitatearen hurrengo urterako edo urteetarako aurrekontuekin batera onetsiko da.

Mota bakoitzean Unibertsitate osorako dagoen lanpostu kopurua ezagutu eta gero, dokumentu honetan eta jarraian zehazten diren arauetan jasotako printzipio eta irizpideen arabera esleituko dira lanpostu horiek jakintza-arloetara eta sailetara.

3.2.1. Lan Publikoaren Eskaintzako KD eta UT lanpostuetan aplikatzekoak diren esleipen arauak.

KD eta UT kategoriei dagozkien lanpostuen banaketa azaltzen du apartatu honek, kategoria bakoitzari dagokion kopurua dagokion Lan Publikoaren Eskaintzan zehaztu eta gero. Kategoria bakoitzari esleitutako lanpostu kopurua erdi eta erdi banatuko da hauen artean:

–Jakintza-arlo eta sailen irakaskuntza-beharretan eta plantilla egituran oinarritutako lanpostuak.

–Promozioko irizpideetan oinarritutako lanpostuak.

Lanpostuei dagokienez, zatitu beharreko kopuru osoa bikoitia ez bada, promozioko irizpideetan oinarritutako lanpostuen kopurua gorantz biribildu ordez, jakintza-arlo eta sailen irakaskuntza-beharretan eta plantilla egituran oinarritutako lanpostuen kopurua biribilduko da gorantz

Jakintza-arlo bati promozioko irizpideen bidearen bidez esleitzen bazaizkio lanpostu bat eta jakintza-arlo eta sailen irakaskuntza-beharretan eta plantilla-egituretan oinarritutako beste lanpostu bat, eta biak kategoria bera badute, azken lanpostu horrek izango du lehentasuna, eta promozio irizpideetan oinarritutako bideari dagokion lanpostua lanpostua lortu ez duen promozioko zerrenda ordenatuko lehen hautagaitzaren arloari esleituko zaio berriz.

Zalantzarik badago, beste edozein egoera interpretatzerakoan, irakasle gaietan eskumena duen errektoreordeari eskuordetuko zaio.

3.2.1.1. Irakaskuntza-beharretan eta plantilla-egituran oinarritutako lanpostuei aplikatzekoak diren esleipen arauak.

Lan Publikoaren Eskaintzako lanpostuen baremoa egitean kontuan hartu beharreko arauen aplikazioan, jakintza-arloaren adierazleek % 75eko pisua izango du eta sailaren adierazleek % 25ekoa. Jarraian aipatzen diren ehuneko eta pisuekin indize sintetiko bat kalkulatuko da, jakintza-arloen eta sailen lehentasunezko ordena bat lortzea ahalbidetuko duena, eta ordena hori lanpostuen deialdi baterako izango da baliagarria. Hurrengo urtean esleipen-prozesu bera errepikatuko da, erabilgarri dauden azken balioekin.

4.A.–Behar-adierazlea. Lehenik eta behin, jakintza-arlo bakoitzaren Irakaskuntza Jarduera/Egiazko Ahalmena ratioa, 4. araua hartuko da kontuan, eta %30eko ponderazioa edukiko du. Bestalde, sailaren Irakaskuntza Jarduera/Egiazko Ahalmena ratioak, 4b araua, %10eko ponderazioa edukiko du.

5.A.–Distantzia unitarioaren adierazlea. Bigarrenik, kontuan hartuko da jakintza-arlo bakoitzak lanpostu bakoitzean EPra duen distantzia unitarioa, 5.a araua, eta bere ponderazioa %25ekoa izango da. Sailaren distantzia unitarioaren adierazleak lanpostu bakoitzean, 5.b araua, %9ko ponderazioa edukiko du.

6.A.–Distantzia agregatuaren adierazlea. Hirugarrenik, eta UT lanpostuei dagokienez, kontuan hartuko da arlo bakoitzaren distantzia, 6.a araua, EPra Unibertsitateko Irakaskidegoetan (UI) eta %20ko ponderazioa edukiko du. Sailaren distantzia agregatuak EPra Unibertsitateko Irakaskidegoetan %6ko ponderazioa edukiko du. KD lanpostuei dagokienez, distantzia agregatuaren bi adierazleak kalkulatuko dira lotura iraunkorra duten irakasleen taldeari dagokionez (UI eta KD).

7.A.–Jarraian, kontuan hartuko da Lan Kontratupeko Irakasle eta Ikertzaileen Lan Hitzarmenean zehaztutako irizpideak betetzen dituen izangairik ba ote dagoen.

3.2.1.2. Promozio irizpideetan oinarritutako lanpostuei aplikatzekoak diren esleipen arauak

Lan Publikoaren Eskaintzan promozio irizpideetan oinarritutako UT eta KD lanpostuei dagokien antolamenduan kontuan hartu beharreko arauak eta irizpideak zehazten dira jarraian.

–UTrako promozioko irizpideetan oinarritutako lanpostuak.

Lanpostu mota horretara aurkeztu ahal izango dute irakasle eta ikertzaile guztiek, betiere CNEAIk edo ebaluazio nazionalerako organismo eskudunaren aldeko ebaluazioa duen ikerketa-aldi bat gutxienez badute sailei esleitzen zaien eskaera-epea amaitzen den egunean. Horretaz gainera, hau egiaztatu beharko dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez ere lau urteko antzinatasuna dutela eta beren irakaskuntza-jardueraren azken ebaluazioan ez dutela kalifikazio negatiborik izan.

Deialdia, oro har, urtero egingo da, eta akreditatutako langileen promozio irizpideetan oinarritutako lanpostuak esleitzeko prozesuan parte hartzea eskatuko dute sailek, ezartzen den prozedurarekin bat etorriz. Lanpostu mota hori banatzeko arauak eta bere ponderazioa hauek izango dira:

8.A.–Antzinatasuna UTrako akreditazioan. Balorazio arauak % 70eko pisua edukiko du. Hura kalkulatzeko, aldi hau zenbatuko da egunetan adierazia: ANECAk UTren akreditazioa emateko ebazpenaren dataren eta sailek unibertsitateko titularrak UT izatera pasatzeko promozioko lanpostuak esleitzeko eskaerak bidaltzeko epea amaitzen den dataren artean dagoena.

9.A.–CNEAIk edo erakunde nazionalerako beste organismo eskudun batek ikerketa-jarduerari dagokionez egindako ebaluazioen indizea. Arau honek % 30eko pisua edukiko du. Indizea honela kalkulatuko da: IJEI=EPOSK/EPOTK, non EPOSK lortutako ebaluazio positiboen kopurua baita, eta EPOTK ebaluazio potentzialen kopurua. EPOTK kalkulatzeko, erreferentzia gisa erabiliko dira denbora tarte honetan lor daitezkeen ebaluazioak: doktoretza-tesia irakurtzen den urtetik Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Lan Publikoaren Eskaintza onetsi aurreko bi urtera bitartean, biak barne.

–KDrako promozioko irizpideetan oinarritutako lanpostuak.

Horretaz gainera, hau egiaztatzen duten irakasle eta ikertzaileek izango dute lanpostu mota honetara aurkezteko aukera: Nafarroako Unibertsitate Publikoan gutxienez ere lau urteko antzinatasuna dutela eta beren irakaskuntza-jardueraren azken ebaluazioan ez dutela kalifikazio negatiborik izan.

Deialdia, oro har, urtero egingo da, eta sailek eskatuko dute akreditatutako langileen promozio irizpideetan oinarritutako lanpostuak esleitzeko prozesuan parte hartzea, ezartzen den prozedurarekin bat etorriz. Lanpostu mota hori banatzeko arauak eta bere ponderazioa hauek izango dira:

10.A.–Antzinatasuna KDrako akreditazioan. Balorazio arauak % 70eko pisua edukiko du. Hura kalkulatzeko, aldi hau zenbatuko da egunetan adierazia: ANECAk KDren akreditazioa emateko ebazpenaren dataren eta sailek KD izatera pasatzeko promozioko lanpostuak esleitzeko eskaerak bidaltzeko epea amaitzen den dataren artean dagoena.

11.A.–CNEAIk edo erakunde nazionalerako beste organismo eskudun batek ikerketa-jarduerari dagokionez egindako ebaluazioen indizea. Arau honek % 30eko pisua edukiko du. Indizea honela kalkulatuko da: IJEI=EPOSK/EPOTK, non EPOSK lortutako ebaluazio positiboen kopurua baita, eta EPOTK ebaluazio potentzialen kopurua. EPOTK kalkulatzeko, erreferentzia gisa erabiliko dira denbora tarte honetan lor daitezkeen ebaluazioak: doktoretza-tesia irakurtzen den urtetik Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Lan Publikoaren Eskaintza onetsi aurreko bi urtera bitartean, biak barne.

Aurreko aldagai bakoitzaren baremazioa egiterakoan, bai irakaskuntza beharretan eta plantilla egituran oinarritutako lanpostuetan, bai promozio irizpideetan oinarritutakoetan, puntuazio gorena emango zaio kasu bakoitzean kalkulatutako indize sintetiko handienari, eta gainerakoa dagokion proportzionaltasun arauaren bidez normalizatuko da. Horren emaitza hau izango da: jakintza arlo eta sailen arabera ordenatutako zerrendak bi lanpostu multzoetan, hau da, bai irakaskuntza beharretan eta plantilla egituran oinarritutakoetan, bai promozio irizpideetan oinarritutakoetan. Hurrengo urtean esleipen-prozesu berak errepikatuko da, erabilgarri dauden azken balioekin.

Irakaslearen edo ikertzailearen baremazioak arlo zehatz batean promozio irizpideetan oinarritutako lanpostu batera aurkeztekoa aukera emango balu, eta irakaslea edo ikertzailea lanpostu horretara aurkeztu eta lortuko ez balu, bi urtez baztertuko dute kategoria bereko promozio irizpideetan.

Nolanahi ere, egiaztatutako ezinbesteko kausa bat dela-eta ez bada aurkeztu, gabezia aldiak ez du eraginik izango. Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak egingo du kausen balorazioa, Unibertsitateko zerbitzu juridikoen iritzia entzun eta gero.

Nolanahi ere, sailak ezinbesteko kausagatik hautagaitzak erretiratu ahal izango ditu lanpostuen kudeaketa prozesuan, betiere dagokion prozedurak zehaztutako epeetan gertatzen denean ukoa.

Seigarrena.–4. apartatuko bigarren paragrafoa aldatzea (“Irakasleen irakaskuntza-arduraldi akademikoari buruzko arau-esparrua”). Honela idatzita geratuko da:

Unibertsitateko langileen lanaldia indarrean diren legeek ezarritakoaren arabera garatuko da. Lanaldi partzialeko langileen kasuan, beren kontratuaren bidez edo aplikatzekoa zaien araudiaren bidez ezarriko dira asteko irakaskuntza-arduraldia eta tutoretza-orduak. Irakaskuntza presentziala sailen beharren arabera banatu ahal izango da. Ez, ordea, tutoretza-orduak, irakaskuntza-aldian egin beharko baitira ikasturtean zehar. Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen errealitate diferenteak kontuan hartuta egiten da jardueren, irakaskuntzaren, kudeaketaren eta ikerketaren banaketa. Prestakuntzan dauden irakasle eta ikertzaileei dagokienez, beren jarduera nagusi eta ia bakarra ikerketa izango da.

Zazpigarrena.–6. apartatua aldatzea (“AAPn jasotako aldagaien definizioa eta balioak”). Honela geratuko da idatzita:

Jarraian AAP osatzen duten aldagaiak definitzen dira.

Irakaskuntza mandatua (IM): Titulazio ofizialen irakasgaietan saileko atxikipen-ehunekoaren arabera sailei ematen zaizkien irakaskuntza presentzialaren orduak asteko.

Irakaskuntza ahalmena (IA): Irakasleek astean irakaskuntza presentziala gauzatzera bidera dezaketen gehienezko ordu kopurua adierazten du, estatutuetako arauekin eta indarreko legeekin bat etorriz. Beste hitz batzuk erabiliz, Unibertsitateak irakaskuntzako zeregin presentzialetan aritzeko daukan ahalmena da.

Irakasle eta ikertzaileen IA legedi indardunak araututakoa izango da. Zehazki, 14/2012 EDak ezartzen du arduraldi osoko irakasle funtzionarioak, oro har, 24 ECTS kredituko, hots, astean 7,5 orduko arduraldia edukiko duela, kasu hauetan izan ezik:

a) 16 ECTS kredituko, hots, astean 5 orduko arduraldia edukiko du egoera hauetakoren batean dagoenak:

1. Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate-eskolako irakasle titularrak edo jarraian aldeko hiru ebaluazio edo gehiago dituzten unibertsitate-eskolako katedradunak, betiere azken ebaluazioa azken sei urteetan gainditu badute.

2. Jarraian aldeko lau ebaluazio edo gehiago dituzten unibertsitateko katedradunak, betiere azkena azken sei urtean gainditu badute.

3. Nolanahi ere, aldeko bost ebaluazio gainditu direnean.

b) 32 ECTS kredituko, hots, astean 10 orduko arduraldia edukiko du egoera hauetakoren batean dagoenak:

1. Ikerketa jarduerako sei urteko lehenengo aldiaren ebaluaziorik ez du egin edo aldi horren aurkako ebaluazioa dauka.

2. Aldeko azken ebaluazioa egin zenetik sei urte baino gehiago igaro dira.

Ikerketa jardueraren aldeko ebaluazioak indarra daukala ulertuko da azken ebaluazioaren epemuga zenbatzen hasten den ikasturtea hasten den urtearen aurreko 6 urteen barruan dagoenean, alde batera utzita ikerketa-jardueraren ebaluazioaren ebazpen data.

Irakasle kontratatu doktoreen, bitarteko kontratatu doktoreen, irakaskuntzako ordezkoen, laguntzaile doktoreen eta laguntzaileen IA indarreko legeetan jasotakoa izango da. Irakasle elkartuen kasuan, IA beren kontratuan adierazitakoa izango da.

Irakasle laguntzaileen eta Ramón y Cajal, Juan de la Cierva eta pareko kontratuak dauzkaten irakasleen IA IAPen jasoko da. Irakaskuntza lankidetza onetsia duten ikertzaileek egindako Irakasleen Irakaskuntza Jarduera (IIJ) IAPen jasoko da.

Ohorezko lankideak eta ohorezko irakasleak ere, ez dira agertuko IAPen, baina sailak, interesdunak eskatuta, egindako irakaskuntza-lankidetzaren berri emateko aukera izango du.

Egiazko Irakaskuntza Ahalmena (EIA): Irakasleek x/x+1 ikasturtean irakaskuntza garatzen astean zenbat ordu igaro behar dituzten esaten du. Aldagai hori IAren ezberdina izan daiteke, bestelako arrazoiak direla-eta ikasturte osoan konstantea izan ez denean, esaterako lanerako ezintasun iragankor baten edo legalki justifikatutako bestelako kausaren baten eraginez.

Dokumentu honen 2. Eranskinean EIAren kalkulua xehatzen da, IAri eragin diezaioketen askotariko egoeren arabera, x/x+1 ikasturtea erreferentzia modura hartuta.

Dokumentu honen 1. Eranskinean jasotzen dira ikerketa, nazioartekotze, kudeaketa eta irakaskuntzako beste jarduera akademiko batzuk, irakaskuntzako asteko ordu gisa aitorpena dutenak, 14/2012 EDren erreferentziarekin lotuta beti. Halaber, hura kalkulatzeko eta kontabilizatzeko prozedurak azaltzen dira, x/x+1 ikasturtea erreferentzia gisa hartuta. Ikasturteko irakaskuntza programazioa onesten den urte naturala da X.

Irakaskuntza Jarduera Osoa (IJO): Unibertsitateko irakasleen irakaskuntza orduak astean, AAPn aitortutako ikerketa eta kudeaketa jasotzen ditu.

Irakasleen Irakaskuntza Jarduera (IIJ): Irakaskuntza presentzialaren jarduera titulazio ofizialetako irakasgaietan astean zenbat ordutakoa den eta araudi indarduna aplikatzearen ondorio diren beste irakaskuntza-aitorpen batzuk jasotzen ditu.

Irakaskuntza Jarduera Osoaren Koefizientea (IJOK): Irakaskuntza Jarduera Osoaren (IJO) eta Egiazko Irakaskuntzako Ahalmenaren (EIA) arteko erlazioa da, ehunekotan adierazia.

IJOK = (IJO/EIA) *100

Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren Koefizientea (IIJK): Irakasleen Irakaskuntza Jardueraren (IIJ) eta Egiazko Irakaskuntzako Ahalmenaren (EIA) arteko erlazioa da, ehunekotan adierazia.

IIJK = (IIJ/EIA) *100

Bi koefizienteen arteko aldeak kudeaketa, irakaskuntza, ikerketa eta nazioartekotzeagatik egindako aitorpenen garrantzi erlatiboa neurtzen du.

Zortzigarrena.–Gobernu Kontseiluaren 2018ko irailaren 21eko erabakiaren 1. Eranskineko eta 2. Eranskineko Taula aldatzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileak eta beren arduraldi akademikoa arautzen dituzten jarraibideak onetsi ziren aipatu erabakiaren bidez. Eranskinak honela geratuko dira idatzita:

1. Eranskinaren IKER1 apartatua (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

Ikerketako irakaskuntza jardueraren aitorpena irakaskuntzako asteko ordutan.

JARDUERA

AITORPENA

ERAGILE EBALUATZAILEA

IKER1

Ikerketa-proiektu batean parte hartzea

Aitorpena Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle, irakasle kontratatu doktore, bitarteko kontratatu doktore, laguntzaile doktore eta irakaskuntzako ordezkoei Ikerketako Plan Nazionalaren, Nafarroako Gobernuaren, Europar Batasunaren lehiaketa deialdietan edo nazioarteko beste programa parekagarri batzuetan lortutako ikerketa proiektuetan parte-hartzeagatik, betiere funtsak Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen badira, zeharkako kostuak kontuan hartzen badituzte eta proiektua X-1 urteko abenduaren 31n indarrean badago:

a) Arduraldi osoko ikertzaile nagusia Europar Batasuneko proiektu batean: 1,25 ordu/astean.

b) Arduraldi osoko ikertzaile nagusia Espainiako edo eskualdeko proiektu batean: 1 ordu astean.

c) Arduraldi partzialeko ikertzaile nagusia Espainiako edo eskualdeko proiektu batean: 0,5 ordu astean.

d) Arduraldi osoko ikertzaile nagusia bi ikertzaile nagusi dituzten Plan Nazionaleko proiektuetan: 0,75 ordu/astean.

e) Arduraldi osoko kidea Europar Batasuneko ikerketa-proiektu bateko ikerketa-taldean: 0,75 ordu astean.

f) Arduraldi osoko kidea Espainiako edo eskualdeko ikerketa proiektu batean: 0,5 ordu/astean.

g) Arduraldi partzialeko kidea ikerketa taldean: parte-hartzearen erdia arduraldi osoan.

h) Irakasleei aitorpena LOUren 83. artikuluaren babesean egin diren kontratuen zuzendaritzagatik, betiere proiektuaren zuzendariak aipatu kontratuan jasotako diruaren zati bat Unibertsitateari ematen badio eta proiektua X-1 urteko abenduaren 31 arte indarrean dagoen bitartean. Astean ordubete aitortuko zaio AOUKUGSG/62 bakoitzeko, eta ikerketa-taldeko kideen artean banatuko ditu proiektuaren arduradunak.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Irakasle eta ikertzaileen taldeko kide bakoitzeko gehieneko aitorpena, a), b), c) eta d) kontzeptuen batuketaren emaitza dena, 2 ordukoa da astean.

–Irakasle eta ikertzaileen taldeko kide bakoitzeko gehieneko aitorpena, e), f) eta g) kontzeptuen batuketaren emaitza dena, 2 ordukoa da astean.

–Irakasle eta ikertzaileen taldeko kide bakoitzeko gehieneko aitorpena, h) kontzeptuagatik, 2 ordukoa da astean.

–Irakasle eta ikertzaileen taldeko kide bakoitzeko gehieneko aitorpena, IKER1 kontzeptuen batuketaren emaitza dena, 2,5 ordukoa da astean.

–Unibertsitateko irakasle edo ikertzaile batek beste irakasle edo ikertzaile bat ordezten badu ikerketa-taldean ikertzaile nagusiak erabakiko du nola banatuko den esleipena atera den langilearen eta sartu den langilearen artean.

–Aitorpen horri dagokionez, ikerketa-proiektu bakar bateko “lantaldeko” kidea izatea “ikerketa-taldeko” kidea izatearekin parekatzen da.

Aitorpen horien interpretazio eta aplikazio espezifikoa ikerketa gaietan eskumena duen errektoreordetzari dagokio.

Ikerketa gaietan eskumena duen errektoreordetza.

Ikerketa Zerbitzua

1. Eranskinaren IKER2 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA) honela idatzita geratuko da:

IKER2

Ikerketaren ebaluazioak / Ikerketa-tarteak

Aitorpena arduraldi partzialeko unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleei eta lotura iraunkorra duten irakasle kontratatu doktoreei eta bitartekoei, ikerketako ebaluazio positiboak lortzeagatik:

a) CNEAIk edo ebaluaziorako organismo nazional eskudunak aitortutako bi ebaluazio edo gehiago dituzten irakasleak, betiere azkena azken sei urteetan lortu badute (ebaluatutako azken urtea X-6 edo hurrengoa): 0,5 ordu astean.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Aitorpen hori aldeko ebaluazioa jaso duen azken urtearen ondorengo sei ikasturteetan izango da aplikatzekoa.

Ikerketa gaietan eskumena duen errektoreordetza.

Ikerketa Zerbitzua

1. Eranskinaren K3 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA), honela idatzita geratuko da:

K3

Ikastegi bateko zuzendaritza-taldea.

Ikastegi bateko zuzendaritza-taldeko kideek aitorpen hauek izango dituzte:

a) Dekanotza/Zuzendaritza: 4 ordu astean.

b) Dekanordetza/Zuzendariordetza, gradu bateko kalitateko arduraduna: 2 ordu astean.

c) Irakaskuntzako idazkaria: 2 ordu astean.

d) Nazioartekotzea, mugikortasun edo I+G+B arloetako gaietan Unibertsitatearen Plan Estrategikoarekin lerrokatutako jarduerak garatzeko Dekanordetza/Zuzendariordetza: 1 ordu astean.

e) 6 ECTS edo ECTS gehiagoko graduetako curriculum-praktikak kudeatzeko ardura duten ikastegiek astean ordu 1 edukiko dute gradu bakoitzeko. Horrez gainera, astean 0,5 ordu edukiko dituzte gradu berean praktiketan matrikulatutako 150 ikaslez osatutako bloke bakoitzeko.

f) Ikastegi bateko kalitate arduraduna: 1 ordu astean.

g) NUPeko master baten Irakaskuntzako Zuzendaritza (zuzendaria, idazkaria eta kalitate arduraduna): 1,5 ordu astean, masterrean 15 ikasle edo gehiago baldin badaude matrikulatuta arduraldi osoan.

h) NUPeko master baten Irakaskuntzako Zuzendaritza (zuzendaria, idazkaria eta kalitate arduraduna): 0,75 ordu astean, masterrean 15 ikasle edo gehiago baldin badaude matrikulatuta arduraldi osoan.

i) NUPek koordinatutako unibertsitatearteko master baten Irakaskuntzako Zuzendaritza/Irakaskuntza Ardura (zuzendaria, idazkaria eta kalitateko arduraduna): 1 ordu astean.

j) NUPek koordinatzen ez duen unibertsitatearteko master baten Irakaskuntzako Zuzendaritza/Irakaskuntza Ardura: 0,5 ordu astean.

k) Beren master guztietan curriculum-praktikak kudeatzeko ardura duten ikastegiek, asteko 0,05 orduko aitorpena edukiko dute ikaslearen praktika bakoitzeko.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Aurreko aitorpenak kalkulatu eta gero, Ikastegiko Dekanotza/Zuzendaritzak bere taldeko kideen artean banaketa nola egin den jakinaraziko dio irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari, IAPen sartu aurreko urrats modura.

–Dekanotzak/Zuzendaritzak irakaskuntzako idazkari bakar bat izendatzeko aukera izango du.

–Zenbat gradu ematen diren ikastegian, gehienez ere hainbat dekanorde/zuzendariorde izendatzeko aukera izango du Dekanotzak/Zuzendaritzak (kopuru horretan ez da sartzen Plan Estrategikoarekin lerrokatutako jardueretarako dekanordea/zuzendariordea).

Irakasleen gaietan eskumena duen Errektoreordetzak ontzat emandako ikastegia.

Irakasleen gaietan eskumena duen Errektoreordetza.

Irakaskuntza Zerbitzua.

–Unibertsitatearen Plan Estrategikoarekin lerrokatutako jarduerak garatzeko dekanorde edo zuzendariordeen kopurua, gehienez ere, bat izango da, salbuespen honekin: X1/X ikasturtean 1.500 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten eta graduko 5 titulazio baino gehiago ematen dituzten ikastegiak. Kasu horretan, bi dekanorde edo zuzendariorde edukitzeko aukera izango dute: bat Plan Estrategikoa eta Kalitatea kudeatzeko eta beste bat nazioartekotzerako eta mugikortasunerako. Bigarren dekanorde edo zuzendariordeak irakasleen gaietan eskumena duen Errektoreordetzaren berariazko baimena behar du, eta ikastegiko kalitateko arduraduna ordeztuko du.

–Arduraldi osoan diharduten 50 ikasle edo gehiagoko gaitzen duten master baten ardura daukaten ikastegiek dekanordetza edo zuzendariordetza bakarra izendatu ahal izango dute.

g) edo h) ataleko orduen aitorpenerako, X-1/X ikasturtean kudeatutako ikasle kopurua hartuko da kontuan.

–Curriculum praktikak kudeatzeagatik lortzen diren orduen aitorpenerako, X-1/X ikasturtean kudeatutako ikasle kopurua hartuko da kontuan.

–IAPeko aitorpena ikasturtero eguneratuko da ikastegiek emandako esleipenaren arabera.

k) ataleko ikastegi bakoitzari asteko 2,5 ordu aitortuko zaizkio gehienez ere.

1. Eranskinaren K4 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

K4

Doktoretza Eskola (NADOE).

Irakasleei aitorpena doktoretza-programen kudeaketarekin lotutako jarduerengatik:

a) Doktoretza Eskolako zuzendaritza: 4 ordu astean.

b) Irakaskuntzaren Idazkaritza: 2 ordu astean.

c) NUPeko doktoretza-programa baten koordinazioa 99/2011 Errege Dekretuaren babesean (koordinazioa, kalitate arduraduna, idazkaria): 1 ordu astean.

d) Asteko ordu bateko poltsa gehigarri bat jarriko da arduraldi osoan 20 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituen doktoretza-programa bakoitzeko.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Aurreko aitorpenak kalkulatu eta gero, NADOEko zuzendariak doktoretza-programetako kideen artean banaketa nola egin den jakinaraziko dio irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzari, IAPen sartu aurreko urrats modura.

–IAPen aitorpena automatikoki egingo da ikasturte batetik bestera, eta hala eskatzen duen ebazpen bat dagoenean aldatuko da soilik.

–d) ataleko orduen aitorpenerako kontuan hartuko da X-1/X ikasturtean kudeatutako ikasle kopurua.

Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetza. EDONA

1. Eranskinaren K6 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

K6

Enpresa Batzordeko kidea izatea

Irakasleei aitorpena Enpresa Batzordeko kidea izateagatik:

a) Enpresa Batzordeko kidea: IAren (h*11/1640), non Langileen Estatutuak aitortutako ordu kopurua baita h.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Kalkulua egiteko Langileen Estatutua erabiltzen da esparru gisa. Murrizketa irakaskuntza-ahalmenaren araberakoa da.

–IAPen aitorpena automatikoki egingo da ikasturte batetik bestera, eta hala eskatzen duen ebazpen bat dagoenean aldatuko da soilik, edo dagokion hauteskunde-prozesuaren ondoren.

Giza Baliabideen Zerbitzua

1. Eranskinaren K7 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

K7

Irakasle eta ikertzaileen Batzordeko kidea

Irakasleei aitorpena Irakasle eta ikertzaileen Batzordeko kidea izateagatik:

a) Irakasle eta ikertzaileen Batzordeko kidea: IAren (h*11/1640), non Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuak aitortutako ordu kopurua baita h.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Kalkulua egiteko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua erabiltzen da esparru gisa. Murrizketa irakaskuntza-ahalmenaren araberakoa da.

–IAPen aitorpena automatikoki egingo da ikasturte batetik bestera, eta hala eskatzen duen ebazpen bat dagoenean aldatuko da soilik, edo dagokion hauteskunde-prozesuaren ondoren.

Giza Baliabideen Zerbitzua

1. Eranskinaren K10 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

K10

Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoaren zuzendaritza

Irakasleei aitorpena Ikerketari Laguntzeko Atal Zientifiko-teknikoaren zuzendari gisa egindako lanagatik:

a) ILAZTen zuzendaritza: 1,5 ordu astean.

Mugak/Kontsiderazioak:

–IAPen aitorpena automatikoki egingo da ikasturte batetik bestera, eta hala eskatzen duen ebazpen bat dagoenean aldatuko da soilik.

Ikerketa gaietan eskumena duen errektoreordetza.

1. Eranskinaren K13 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

K13

Informazioaren Segurtasuneko arduraduna

Irakasleei aitorpena informazioaren segurtasunerako arduradun gisa egindako jardunagatik:

a) Informazioaren segurtasunerako arduraduna: 2 ordu astean.

Mugak/Kontsiderazioak:

–IAPen aitorpena automatikoki egingo da ikasturte batetik bestera, eta hala eskatzen duen ebazpen bat dagoenean aldatuko da soilik.

Errektorea

1. Eranskinaren I1 apartatua. (IRAKASKUNTZA JARDUERAREN AITORPENA). Honela geratuko da idatzita:

I1

Irakaskuntza ingelesez graduan eta masterrean.

Aitorpena irakasleei eskola presentzialak ingelesez emateagatik:

a) Ingelesez ematen den eta Unibertsitateko irakaskuntza-eskaintzakoa den irakaskuntzak % 25eko balorazio gehigarria izango du.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Aitorpena lortzeko, irakasleek egiaztatu behar dute daukaten hizkuntzaren ezaguera maila C1 edo baliokidea dela, edo NUPek berariaz emandako hizkuntza gaikuntza ikasturtean, Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 28an egindako bilkuran onetsitako araudiarekin bat etorriz.

–Salbuetsita dago ingelesa ikastea helburu duten irakasgaiak ematea.

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen Errektoreordetza.

2. Eranskinaren I1 apartatua: Egiazko Irakaskuntza Ahalmenaren (EIA), honela geratuko da idatzita:

I1

IA (arduraldia) irakastaldian zehar aldatzea, kontratuz aldatzeagatik/kontratua aldatzeagatik, lanaldia murrizteagatik / baimenagatik eta abarrengatik.

IA irakastaldian zehar aldatzen bada, ikasturteko EIA aldi horretako ahalmenen batezbesteko gisa kalkulatuko da. Irakasle eta ikertzaileei lanaldi murrizketa bat edo baimena onartu badiete, EIA lortzeko, IAren gaineko murrizketaren ehunekoa aplikatu beharko da.

Mugak/Kontsiderazioak:

–Lehen seihilekoko ahalmentzat joko da irailaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartekoa, eta bigarren seihilekoko ahalmentzat, berriz, otsailaren 1etik ekainaren 30era doana. Bitarteko aldietan ahalmen aldaketarik gertatzen bada, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetzak erabakiko du irakaslearen irakaskuntza ahalmena.

Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetza. Giza Baliabideen Zerbitzua

2. Eranskinaren I6 apartatua: Egiazko Irakaskuntza Ahalmenaren (EIA), honela geratuko da idatzita:

I6

Murrizketa desgaitasunagatik

Irakasle eta ikertzaileek egiazta dezaketen desgaitasun aitortu bat dute, EIA murriztu egingo da, beren IAren aldean, irizpide honi jarraikiz:

a) Desgaitasuna % 33 baino txikiagoa bada, murrizketa % 0 izango da.

b) Desgaitasuna % 33 baino handiagoa bada eta % 49 baino txikiagoa, murrizketa % 12,5ekoa izango da.

c) Desgaitasuna % 49 baino handiagoa bada eta % 65 baino txikiagoa, murrizketa % 18,75ekoa izango da.

d) Desgaitasuna % 65 baino handiagoa bada, murrizketa % 25ekoa izango da.

Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordetza. Giza Baliabideen Zerbitzua.

Iragarkiaren kodea: F1905172