84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

85E/2019 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Ablitas I eta II parke eolikoetan, Ablitasko udal-mugartean, neurketa meteorologikorako dorreak paratzeko proiektuari. Sustatzailea Eólica Ablitas SLU da.

2018ko azaroaren 15ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposamenaren xedea da neurketa meteorologikorako bi dorre paratzea, aldi baterako, Ablitas parke eolikoaren kokalekua kalibratzeko.

Eólica Ablitas SLUk Eólica Navarra SLUk eskualdatua du Ablitas I eta Ablitas II izeneko bi parke eolikoak sustatu, eraiki eta ustiatzea, hain zuzen ere Nafarroako Gobernuak Eólica Navarra SLUri onetsi dizkionak Ablitastik ekialdera, La Degollada, Fita eta Malpisa alderdietan.

“Ablitas I” parke eolikoa “Ablitasko parke eolikoa” izenekoa da, eta haren udalez gaindiko proiektu sektoriala Nafarroako Gobernuaren 2012ko urriaren 10eko Erabakiaren bidez onetsi zen. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak, irailaren 10eko 863/2012 Ebazpenaren bidez, proiektu horren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena eman zuen, zenbait baldintzarekin.

“Ablitas II” parke eolikoa Eólica Navarra SLUren “Plan Eólico Estratégico” izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialean sartu zen, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez onetsitakoan. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, 2017ko azaroaren 22an emandako 757E Ebazpenaren bidez, parke eoliko hauen ingurumen eraginaren adierazpena eman zuen: Cascante, Ablitas II, Zarrakaztelu, Fustiñana eta Cabanillas II.

Neurketarako dorreetako bat Ablitasko 10. poligonoko 1374A lurzatian paratuko da, Ablitas I parke eolikoko 5. haize-sorgailuaren kokagunean. Dorre horrek 6 urtez funtzionatuko du. Beste dorreak, berriz, hiru urtez baizik ez du funtzionatuko, eta datuak lortuko ditu besteak lortzen dituenekin alderatzeko; Ablitasko 10. poligonoko 1383A lurzatian paratuko da, bestetik 207 bat metrora, iparrerantz eta ipar-mendebalderantz, parke eolikoaren esparrutik kanpo, eta topografiaren aldetik bestea baino 25 bat metro beherago dagoen eremu batean.

Bi dorreak 120 metrokoak dira, eta txarrantxatze erradiala izanen dute, 120º-koa, hiru norabidetan, dorrearen zimenduetatik 25, 45, 60 eta 70 m-ra ainguratutako tentsore multzoen bidez, txarrantxatzearen norabide bakoitzean. Tentsore multzo bakoitza altueran uztartzen da, dorrearen tarte batera, behetik gora.

Kokagune horietatik hurbil, Ablitasko 10. poligonoko 1413. lurzatian, hain zuzen, parke eoliko honetarako beste neurketa dorre bat dago jarrita eta funtzionamenduan. Dorre hau, 2 edo 3 hilabetez jardunean egon ondoren, beste dorreak jartzearekin batera kenduko da, datuen korrelazioa egin ahal izateko. Dorrea desmuntatu ondoren, elementuak eta ekipoak nabe batera eramanen dira, eta gainerako hondakinak, hormigoia eta abar haien izaeraren arabera kudeatuko dira; ainguratzeak eta zimenduek ukitutako lurrak behar bezala lehengoratuko dira.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena jaso da, 2019ko otsailaren 22an emana, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eginen du, baldin eta zenbait neurri zuzentzaile eta haien ingurumen arloko jarraipena betetzen badira funtzionamenduan dauden bitartean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ablitas I eta II parke eolikoetan, Ablitasko udal-mugartean, neurketa meteorologikorako dorreak paratzeko proiektuari. Eólica Ablitas SLU da sustatzailea.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Dorre bakoitzaren tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, edo, bestela, tentsoreen ikusgarritasuna areagotzen duen sistemaren bat, hegaztiek haien kontra jo ez dezaten. Balizak jarriz gero, gutxienez 5 metroko tartetan jarriko dira tentsore bakoitzean, eta, ahal dela, ainguratze bakoitzera doazen tentsore multzoetan balizak ez dira lerro-lerro joanen, gurutzetara baizik.

–Edonola ere, bi dorreen funtzionamendu garaian, tentsoreen kontra jotzeko arriskuagatik abifaunaren gainean duten eraginaren jarraipena eginen da, eta, baloratuko da, halaber, tentsoreetan ezarritako neurri zuzentzailea egokia ote den. Horretarako, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:

  • Hilean hileko bisitak kokaguneetara, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko edo, beste sistemaren bat erabiliz gero, horrelako gorabeherak zaintzeko, eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Lehendabiziko 2 urteetan txostenak egitea sei hilean behin, bisita horien emaitzak jasotzeko, gehienbat ikusgarritasuna hobetzeko neurriaren egokitasunaz eta egindako mantentze-lanez, bai eta abifaunari dagokionez gertatu diren gorabeheren erregistroa egiteko ere: gorabeheren kopurua, espeziea, espeziearen kategorizazioa, alearen ezaugarriak (arra/emea/heldua, azpiheldua, gaztea, etab.), ale kopurua, urte-sasoia, etab.

–Neurketa dorre berriek eta egun dagoenak batera jarduteko denbora (2 edo 3 hilabeteak) amaitzen denean, zaharra eraitsi eginen da, aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin bat. Ainguratzeak eta zimenduak dauden tokian lurrak lehengoratu ondoren, lurra makinarik sartu gabe berdinduko da, eta ahalegina eginen da eremu hori larreetarako erabil dadin berriz ere, bertako belar espezieak ereinda, beharrezkoa bada.

–Dorreak desmuntatu ondoren eremua garbi geldituko da eta lehengoratutako lurrak hasieran zeuden bezala; sortutako hondakinak kudeatuko dira bakoitzaren izaeraren arabera, dagokion araudia betez

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Herri-lurren Atalak 2019ko otsailaren 20an emandako txostenarekin bat, “obra lizentzia eman aurretik, Ablitasko Udalak eskuratu beharko du Eólica Ablitas SLUk okupatu beharreko herri-lurren desafektaziorako baimena, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz”.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioak 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko du, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak emandako aldeko ebazpena, dorreek 100 metrotik gorako garaiera dutelako.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ablitasko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia: Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1903926