84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

154/2019 EBAZPENA, apirilaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena 2019-2020 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan xedatzen denez, kirol ikasketak araubide bereziko ikasketatzat hartuko dira hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da ikasketa bakoitzaren curriculumaren ezarpena, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol ikasketen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol ikasketetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak, hala badagokio, egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen duenez, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarri ziren kirol espezialitateetako titulu eta ikasketa berriak sortu artean, horiek titulu eta gutxieneko ikasketa bakoitza arautzen duen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko dira, salbu aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiak.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol ikasketetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol ikasketetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol ikasketetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako ikasketen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek ikasketa horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat kalifikatutakoak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak edo sailkatuak izan direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, ikasketa horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifikoa gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol ikasketetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol ikasketak ezartzeak berarekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen ereduaren alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean aritzea ere.

Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen dituzte Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko probak eta baldintzak ere.

Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto-futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

Martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Neguko kirolen espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak arautzen.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa) martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifak sortzen dituena, hain zuzen ere araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikotan izena emateari buruzkoa eta “Mendi-kirolak eta Eskalada”, “Neguko Kirolak” eta “Hipika” modalitateetan araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetan izena emateari buruzkoak.

Ikusita Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak, 2019-2020 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiaren alde Lanbide Heziketaren Zerbitzuak emandako txostena, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak, 2019-2020 ikasturteari dagozkionak, arautzea eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoaren arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalari, Eskolatze Bulegoari, Orientazio Bulegoari, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari eta ukitutako ikastetxeei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko apirilaren 1ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1. Xedea eta aplikazio esparrua.

1. Ebazpen honen bidez, 2019. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2019-2020 ikasturterako.

2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol ikasketa hauetara sartzeko egiten dira:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila.

b) Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmaila.

c) Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmaila.

d) Futboleko erdi mailako lehen ikasmaila.

2. Berariazko proba egitetik salbuetsiak.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, inskribatzeko inprimakian, salbuespena eskatuko dute, horretarako aurreikusitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta ikasketa berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, izena emateko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3. Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarbide probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak balora dezan izangaiak gai ote diren beren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriekin ikasketa hauek probetxuz egiteko, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko ikasketak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako definitzen diren helburuak ere.

Izena ematea

4. Berariazko sarbide probetan izena ematea.

1. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Bertaratuta: aukeratutako kirol ikasketak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Mendi-kirolak eta Eskalada”.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/5869/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada

–“Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak: Futbola”.

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6035/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Futbol

c) Posta elektronikoaren bidez, ondotik adierazten diren posta helbideetara zuzendua:

IKASTETXEA/HELBIDE ELEKTRONIKOA

KIROL IKASKETAK

Altsasuko “FP Sakana LH” IBP

Altsasu

iestexer@educacion.navarra.es

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi maila, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorra (Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalari zuzendua)

ordenafp@navarra.es

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

2. Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan agertzen den 2. eranskineko ereduaren arabera.

Inskripzioa zer ikastetxetan egiten den, ikastetxe horiek inskripzio eskaeraren frogagiria emanen dute.

3. Ondoko taula honetan ageri da kirol ikasketa bakoitzera sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IKASKETAK

2019ko maiatzaren 6tik 17ra (14:00ak arte), biak barne

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

2019ko irailaren 2tik 6ra (14:00ak arte), biak barne

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

5. Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol ikasketetara sartzeko baldintza akademikoak betetzen direla frogatzen duen dokumentuaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6. Inskribatzeko tasak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan inskribatzeko tasak:

a) Saskibaloiko erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doakoa.

b) Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmailara sartzeko probak, Mendi Ertainetako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak eta Eskaladako erdi mailako bigarren ikasmailara sartzekoak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 40 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doakoa.

Onartu eta baztertuen zerrenda

7. Onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako proba bakoitzean gehieneko izangai kopuru hau onartuko da:

–60 izangai Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailako probetan, Mendi Ertainetako bigarren ikasmailan eta Futboleko lehen ikasmailan.

–30 izangai Eskaladako bigarren ikasmailako probetan.

2. Izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda osatzeko ondoko hurrenkera irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen ikasmailara eta Futboleko lehen ikasmailara sartzeko probak:

–Lehenik: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak edo Nafarroako Futbol Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Bigarrenik: Mendi Kirol eta Eskalada beste federazio batek edo Futbol beste federazio batek emandako lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Hirugarrenik: federazio lizentzia indarduna ez duten izangaiak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2019-2020 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

b) Mendi Ertainetako bigarren ikasmailara eta Eskaladako bigarren ikasmailara sartzeko probak.

–Lehenik: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila Altsasuko “FP Sakana LH” IBP ikastetxean egin duten ikasleak.

–Bigarrenik: Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila beste ikastetxe batzuetan egin duten ikasleak.

Adierazitako irizpideak aplikatuta sortzen den talde bakoitza ordenatuko da, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian, 2019-2020 ikasturteko onarpen prozeduran, egindako zozketaren emaitza aplikatuz.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.

Orobat, zerrenda horietan salbuespenei buruzko ebazpena eta izangaiek eskatutako proba egokitzapenak adieraziko dira.

4. Erreklamazioak aurkezten ahalko dira kasuan kasuko ikastetxean, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IKASKETAK

PROZEDURAREN FASEA

DATAK

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2019ko maiatzaren 21a

Erreklamazioak

2019ko maiatzaren 22tik 24ra

Behin betiko zerrenda

2019ko maiatzaren 28a

Mendi Ertainetako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2019ko maiatzaren 21a

Erreklamazioak

2019ko maiatzaren 22tik 24ra

Behin betiko zerrenda

2019ko maiatzaren 28a

Eskaladako kirol teknikaria, bigarren ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2019ko maiatzaren 21a

Erreklamazioak

2019ko maiatzaren 22tik 24ra

Behin betiko zerrenda

2019ko maiatzaren 28a

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2019ko irailaren 10a

Erreklamazioak

2019ko irailaren 11tik 13ra

Behin betiko zerrenda

2019ko irailaren 16a

Sarrera proba espezifikoak

8. Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 4. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

9. Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Mendi ertainetako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

10. Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Mendi-kiroletako eta Eskaladako espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

11. Futboleko kirol teknikarien ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa.

Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara sartzeko proba espezifikoa martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. ataletan dago zehaztua. Arau horrek kirol teknikari eta goi mailako kirol teknikari tituluak ezartzen ditu Futboleko eta Areto Futboleko espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

12. Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bilera horretan, honako alderdi hauek zehaztuko dira: proben ezaugarriak eta edukia, horiek egiteko janzkera eta kirol materiala, eta probekin lotutako bestelako kontu batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuz.

13. Izangaientzako argibideak eta orientazioa.

Kirol ikasketak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta kirol modalitateetara sartzeko proba espezifikoak.

14. Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak egiteko egunak honako hauek izanen dira:

DATAK (1)

KIROL IKASKETAK

2019ko ekainaren 12a eta 13a

Mendi-kiroletako eta Eskaladako erdi mailako lehen ikasmaila

2019ko ekainaren 12a eta 13a

Mendi Ertainetako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2019ko ekainaren 12tik 14ra

Eskaladako kirol teknikariaren bigarren ikasmaila

2019ko irailaren 18a

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, garaiz eginen da horietarako deialdia, eta horretarako, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean eta “Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinarazten ahalko dira, bai eta kasuan kasuko ikastetxearen iragarki oholean garaiz jarrita ere, edo, bestela, kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan.

Proba bakoitza egiteko deia horiek hasi baino ordu erdi lehenago eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, bai eta ariketak egiteko beharrezkoak diren materiala eta ekipoa ere.

15. Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaiak.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kiroleko modalitate eta espezialitateak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da sarrera probaren garapena ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz egiten dela bermatzea.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probaren garapenari buruzko aktak egitea eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak proba osatzen duten ariketetan ebaluatzea, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, berek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek proposamena egiten ahalko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da aholkularitza eta laguntza ematea probak prestatu eta egiterakoan. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aipatu aholkulariak izendatzeaz.

8. Epaimahaien esku egonen da sarrera proba espezifikoak abiaraztean eta garatzerakoan sortzen diren auzi tekniko eta logistikoak ezagutzea eta ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute, proben garapenarekin lotutako alderdietan eta oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea, orobat, epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

16. Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideekin bat.

17. Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea, 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko ezarritako epea bukatu ondoko bi eguneko epean argitaratuko dira, kasuan kasuko ikastetxeen iragarki oholean eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan.

Behin betiko emaitzen argitalpena izanen da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

Egiaztagiriak

18. Proba espezifikoen baliozkotasuna eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak luzatuko du egiaztagiri hori.

Interesdunek inskripzioa egin zuten ikastetxean hartzen ahalko dituzte ebazpen honen xedeko kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak, behin betiko emaitzak argitaratzen direnetik hasita zazpi eguneko epea igaro ondoren. Inskripzioa modu telematikoan egin duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Zerbitzuan) eskuratzen ahalko dituzte ziurtagiriak, aurretik ezarritako epean.

Ez da inolaz ere proben zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk luzatuko.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

2. ERANSKINA

Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoa,
2019-2020 ikasturterako

Inskripziorako eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1904652