84. ALDIZKARIA - 2019ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

54/2019 FORU DEKRETUA, apirilaren 17koa, 2019. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Tomás Yerro Villanueva jaunari ematea xedatzen duena.

Nafarroako Gobernuak, 1990ean, “Vianako Printzea” Kulturaren Saria sortu zuen, kulturaren edozein arlotan pertsona, talde edo erakunde jakin batek egindako lana aintzat hartzeko asmoz, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du 2019. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Tomás Yerro Villanueva jaunari eman diezaiola proposatzea Nafarroako Gobernuari, haren baitan biltzen diren merezimendu nabarmenengatik.

Tomás Yerro erreferente bat izan da Nafarroako autoreentzat azken hogei urtean, bere lanagatik irakaskuntzan, ikerkuntzan eta literaturaren (bereziki poesiaren) hedapenean.

Batxilergoko katedraduna da Gaztelania eta Literatura arloan, eta irakaslea zenbait unibertsitatetan. Letren sustapenean gailendu da, idazkuntzan arituz eta irakurketa bultzatuz. Aipagarria da Nafarroako kultur erakunde askotan elkarlanean aritu dela, batzuetan irakasle, idazle eta hizlari, alditan erakundeen jarduera eta proiektuetan parte hartuz, eta beste zenbaitetan aholkulari edo epaimahaikide literatur lehiaketa eta sariketetan.

Irakaskuntza, ikerkuntza eta kulturaren sustapena izan dira Tomás Yerroren bizimodua, eta azpimarragarria da konprometiturik bizi izan dela kolektibo sozial ahulenekin, adinekoekin eta gaitasun funtzional ezberdinak dituztenekin. Alderdi soziala nabarmentzen da bere ibilbidean, etengabe lan egin baitu kultura eramateko kultura nekez eskura dezaketen sektoreei.

Tomás Yerroren lanak, kultura zein gizarte arlokoak, Foru Komunitatetik kanpo ere jaso du babesa. Bere bizitzak eta lanak sortu duten begirunearen adierazgarri dira Espainiako Idazleen Kidego Elkartearen aintzatespena eta liburuzaintzako erakunde batzuena (hala nola, Bartzelonako Biblioteca Social fundazioarena); izan ere, itzal handia du liburuzaintzan.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2019. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 17an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2019. urteko “Vianako Printzea” Kulturaren Saria Tomás Yerro Villanueva jaunari ematea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Tomás Yerro Villanueva jaunari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 17an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1905487