82. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALTSASU

Deialdia, Atabo Altsasu SL sozietatearen gerentziako lanpostua betetzeko

Atabo Altsasu SL sozietatearen administrazio kontseiluak 2019ko martxoaren 25ean hartutako erabakia betetzeko, sozietatearen gerentziako lanpostua oposizio bidez betetzeko hautapen prozesurako deialdia egiten da.

Altsasun, 2019ko apirilaren 1ean.–Sozietateko burua, Javier Ollo Martínez.

ATABO ALTSASU SL SOZIETATEAREN GERENTZIAKO LANPOSTUA BETETZEKO HAUTAPEN PROZESUA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK

Atabo Altsasu SL sozietatearen administrazio kontseiluak 2019ko martxoaren 25ean hartutako erabakia betetzeko, sozietatearen gerentziako lanpostua oposizio bidez betetzeko hautapen prozesurako deialdia egiten da, honako oinarri hauekin bat:

1. oinarria. Deialdiaren xedea.

1.–Deialdi honen eta haren oinarrien xedea da denbora mugarik gabe betetzea Atabo Altsasu SL sozietatearen gerentziako lanpostua, langileen plantillan zehaztua eta 1. taldeko kategorian sailkatua, hitzarmen kolektiboan ezarritakoari eta sozietateari aplikatzen zaizkion lansarien taulari jarraikiz. Sei hilabeteko probaldia ezartzen da.

2.–Izangaiak hautatzeko, oposizioa egingo da. Horretarako, bi ariketa egingo dira, nahitaezkoak eta baztertzaileak, eta beste proba psikotekniko bat, hori ere baztertzailea.

3.–Prozeduraren publizitatea bermatzeko, oinarri hauek argitara emango dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Altsasuko Udalaren web-orrian (www.altsasu.net), eta Udalaren eta sozietatearen iragarki-taulan. Hautapen prozesuari dagozkion egintzak aipatu web-orriaren bidez jakinaraziko dira. Halaber, prozesuaren berri emango da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren bitartez.

4.–Izangaiek baimena ematen dute beren datu pertsonalak tratatzeko, hautapen prozesuan parte hartzeko beharrezkoak baitira, arlo horretan indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

5.–Oinarri hauetan espresuki jaso ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan xedatuari jarraituko zaio.

2. oinarria. Eginkizunak.

Deialdi honen xede den lanpostuak honako eginkizun hauek izango ditu:

–Kontseiluaren erabakiak betetzea eta betearaztea.

–Sozietatearen funtzionamendua zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea (langileen kudeaketa eta aurrekontuaren kontrola eta betearazpena barne).

–Altsasuko Udaleko Kirol Zerbitzuarekin koordinatzea.

–Aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudiak eskatzen duen dokumentazioa Udalean aurkeztea, behar den tokira igortzeko.

–Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hizpidearekin baina botorik gabe.

–Kontseiluak esleitzen dizkion bestelako eginkizunak, lanpostuarekin eta kategoria profesionalarekin lotura dutenak; besteak beste:

  • Sozietatearen afera eta negozio guztien barne eta kanpo kudeaketan aritzea; kontabilitatearen ardura izatea eta legeak eskatzen dituen kontabilitate liburuak erabiltzea; kontuak, kanbio-letrak, igorpen eta trafikoko gainerako agiriak eta erresaka kontuak formalizatu eta aurkeztea.
  • Kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzea aurrezki kutxetan eta edozein bankutan, edo sozietate eta entitate pribatu nahiz publikoetan, eta haiek baliatzea, txekeak, ordainketa aginduak eta gainerako agiriak emanez.
  • Era guztietako zorrak, libramenduak eta ordainketa-aginduak kobratu eta ordaintzea, horien gainean ordainagiriak eta ordainketa-gutunak ematea eta bermeak kitatzea, hipoteka-bermeak eta pignoraziozkoak barne; zorren ordainketa gisa, edozein motatako ondasunen lagapenak onartzea, higigarrien eta eskubide errealen lagapenak barne, eta eskubideak eta aukerak onartzea; zenbatekoak eskudirutan maileguz hartzea edozein entitateri eta beste edozein establezimenduri, komeni diren interes eta baldintzekin, adibidez, eta nolanahiko bermeak onartu eta ematea, baita hipoteka-bermeak ere.
  • Sozietatearen memoria, inbentarioa eta balantzea idatzi eta prestatzea, galera eta irabazien kontuan, eta funts berezien ezarpenari buruz erabakitzea.

3. oinarria. Ordutegia.

Lanaldi osoan ariko da, Atabo Altsasu SL sozietatearen jarduera-egutegiari egokituz. Egiten diren ekitaldi eta jardueren arabera, goizez eta arratsaldez, gauez eta/edo jaiegunetan lan egin beharko da. Sozietateko langileei aplikatzen zaien hitzarmen kolektiboan eta lan arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoarekin bat ordainduko dira emandako zerbitzuak.

4. oinarria. Parte hartzeko baldintzak.

1. Hautapen prozesu honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

b) Hamasei urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Enpresa-ikasketetako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Ekonomiako, Zuzenbideko, Lan Harremanetako, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako, Ingeniaritzako edo gisako diploma, lizentzia edo gradua edukitzea edo hori eskuratzeko baldintza guztiak betetzea.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Euskaraz jakitea, C1 mailaren titulua, EGA edo baliokidea den Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria aurkeztuz egiaztatua, edo eskatutako hizkuntza eskakizuna duela egiaztatzen duen berariazko probaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

2. Oinarri honetan aipatzen diren baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira, eta kontratazio garaira arte izan.

5. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1.–Hautapen prozesuan parte hartu nahi dutenek web-orriko eskabide eredua bete beharko dute, eta sozietatearen administrazio kontseiluko burutzari igorri beharko diote.

2.–Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Altsasuko Udalaren sarrera erregistroan aurkeztu beharko dira (Gartzia Ximenez, 36; 31800, Altsasu).

3.–Eskaera aurkezten bada aurreko apartatuetan ezarritako epeak eta forma errespetatu gabe, izangaia bazterturik geldituko da.

4.–Parte hartzeko baldintzak betetzen direla adieraztea: parte hartzeko eskaeran, izangaiek berariaz adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdiaren laugarren oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak.

6. oinarria. Izangaiak onartzea eta baztertzea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, sozietatearen administrazio kontseiluko buruak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda onesteko. Ebazpen hori www.altsasu.net web-orrian publiko egingo da.

7. oinarria. Hautapen Batzordea.

1.–Hautapen Batzordea da izangaiak ebaluatuko dituen kide anitzeko organoa. Puntuaziorik altuena lortzen duen izangaia proposatuko du hura kontratatzeko.

2.–Honako kide hauek osatuko dute Hautapen Batzordea:

–Batzordeburua: sozietatearen administrazio kontseiluko burua.

–Batzordekideak:

  • Altsasuko Udaleko kontu-hartzailea.
  • Altsasuko Udaleko kirol teknikaria.
  • Atabo Altsasu SL sozietateko ordezkari sindikala.
  • Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

–Idazkaria: Altsasuko Udaleko idazkaria.

3.–Hautapen Batzordeak ebatziko ditu oinarri hauek aplikatzean sortzen diren gorabeherak. Oinarri hauek interpretatzean bilatuko da ahalik eta hobekien bermatzea berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak.

4.–Batzordeko kideek parte hartzeari uko egingo diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 39/20152 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude. Halaber, ezin izango dira Batzordeko kide izan deialdia argitaratu aurreko bost urteetan izangaiak hautaprobetarako prestatzen aritu badira.

Era berean, izangaiek Hautapen Batzordeko kideen errekusazioa eskatu ahalko dute, uste badute aipatu egoera horietakoren batean daudela, Lege horren 24. artikuluan xedatuarekin bat.

5.–Hautapen Batzordeak aholkulari espezialisten laguntza eskatu ahalko du, edo langileak hautatzen espezializatutako enpresa baten laguntza teknikoa, probaren batean edo guztietan. Aholkulari horiek eta, halakorik bada, espezializatutako enpresek luzatzen dituzten txostenak, laguntza gisa erabiliko dira soilik, izangaiak hautatzeko eginkizuna bakar-bakarrik hautapen organoari baitagokio.

8. oinarria. Hautapen prozesuaren egitura.

1.–Hautapen prozesuak hiru fase izango ditu: euskara proba bat, oposizioaldia eta proba psikotekniko bat.

Altsasuko Udalaren web-orrian adieraziko da zein egunetan egingo diren proba horiek. Nolanahi ere, 2019ko martxoaren 15etik aurrera izango dira.

2.–Oposizioaldia hasi baino lehen euskararen proba egingo dute deialdi honen 4.1.f) oinarrian eskatutako ezagutza agirien bidez egiaztatu ez eta proba egiteko nahia adierazten dutenek. Proba horretan bi ariketa egingo dira, idatzizkoa eta ahozkoa, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den edo ez, C1 hizkuntza mailari, EGAri edo baliokidea den tituluari dagokionez. Proba horiek Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko langileek egingo dituzte. Ondotik etorriko dira oposizioko proba berariazkoak. Garaiz jakinaraziko da probak egiteko eguna.

3.–Oposizioaldian gehienez ere 80 puntu emango dira, eta honako bi ariketa baztertzaile hauek gainditu beharko dira:

–Lehenbiziko ariketa.

  • Test motako 100 galdera erantzun beharko dira, eta erreserbako beste 5 galdera. Galdera bakoitzari erantzuteko hiru aukera eskainiko dira. Behin ariketa hasita Batzordeak erabakitzen badu galderaren bat baliogabetzea, erreserbako galderak hartuko dira kontuan, haien ordenari jarraikiz. Galderak I. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira.
  • Ariketa hau egiteko gehienez ere 45 minutu izango dira. Erantzun posible guztien artean bakarra izango da zuzena edo zuzenena.
  • Ariketa honetan, izangaiek I. eranskineko gaiei buruz duten ezagutza baloratuko da.
  • 0 eta 40 puntu bitarteko kalifikazioa emango zaio, eta beharrezkoa izango da gutxienez ere 20 puntu lortzea ariketa gainditzeko.
  • Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emango zaio. Erantzun gabe utzitakoak ez dira zigortuko, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko da.

–Bigarren ariketa:

  • Kasu praktiko bati edo batzuei erantzun beharko zaie, deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunei eta/edo I. eranskineko gaiei buruz.
  • Ariketa honen bidez ebaluatuko da izangaiak gai ote diren beren ezaupide teorikoak aplikatzeko, proba praktikoak ebazterako orduan. Era berean, bete beharreko lanposturako prestakuntza egokia duten ebaluatuko da.
  • Hautapen Batzordeak erabakiko du zein izango den kasu praktikoen edukia, forma, egitura, balorazioa eta horiek egiteko denbora. Izangaiei horren berri emango zaie ariketa hasi aurretik.
  • 0 eta 40 puntu bitarteko kalifikazioa emango zaio, eta beharrezkoa izango da gutxienez ere 40 puntu lortzea ariketa gainditzeko.

4.–Oposizioaldia gainditzen dutenek gaitasun psikoteknikoari buruzko proba bat egin beharko dute. Zenbait proba egingo dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo horrek izendatzen dituen langileek egingo dituzte proba horiek. Balorazioak lotesleak izango dira epaimahaiarentzat. Proba psikoteknikoari 0 eta 20 puntu arteko kalifikazioa emango zaio, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 10 puntu lortzen ez dituztenak.

9. oinarria. Azken kalifikazioa.

1.–Gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

2.–Hautapen prozesua bukatuta, puntuaziorik altuena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena egingo du Hautapen Batzordeak.

3.–Proposatutako izangaiak, lan-kontratua sinatu aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo nazionalitatea eta adina egiaztatzeko beste edozein agiri.

b) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo ikasketak gainditu izana eta titulua emateko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen ziurtagiria. Bigarren oinarrian eskatzen diren tituluen baliokide bat aurkeztu bada, hala eskatuz gero, baliokidetza hori frogatzen duen ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko da, hezkuntza administrazioak emana. Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da (titulu akademikoa eta, behar bada, zinpeko itzulpena), eta horren fotokopia konpultsatua aurkeztu. Agiri horietakoren bat eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren luzatu bada, justifikatu beharko da zein unetan bukatu ziren ikasketak.

c) Zinpeko aitorpena edo hitzematea inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik diziplina-espediente bidez berezia ez dagoela edo eginkizun publikoetarako desgaitua ez dagoela. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, horrez gain, zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko sektore publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko. Izangaiak ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, edo emandako agiriek agerian uzten badute ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, ezin izango zaio kontratua egin, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, bere eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

4.–Halaber, sozietateak osasun azterketa egin ahalko dio izangaiari, ziurtatzeko hark ez duela eritasun edo urritasun fisiko edo psikikorik, lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.

5.–Proposatua den izangaiak, lan-kontratua sinatzeko, indarrean dagoen legedian jasotako bateraezintasunen araubidea bete beharko du.

10. oinarria. Lan poltsa.

Oposizioaldiko ariketak gainditu dituztenak sozietatearen lan poltsako zerrendan sartuko dira, deialdi honen xede den kategorian. Lan poltsa horrek bi urteko indarraldia edukiko du.

11. oinarria. Aurkaratzea.

Deialdi honen eta horren ondorioz sortzen diren egintzen aurka, bai eta Hautapen Batzordearen jarduketen aurka ere, erreklamazioak aurkezten ahalko dira. Horiek ebazteko, sozietatearen estatutuan xedatuari lotuko zaio.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Giza Baliabideen alorra.

1.–Langileriaren kudeaketa. Plantillen planifikazioa. Langileak lanpostuari egokitzea. Langileen antolamendua, kontrola eta jarraipena. Lana planifikatzea, banatzea eta gainbegiratzea. Giza potentziala eta lana nola betetzen den ebaluatzea.

2.–Hitzarmen kolektiboa. Eraginkortasun juridikoa. Hitzarmen motak. Nafarroako kirol instalazioak kudeatzeko hitzarmen kolektiboa.

3.–Lan kontratua. Motak. Lan-kontratua aldatzea. Lan-kontratua etetea eta amaitzea. Soldata eta soldataren bermea.

4.–Gizarte Segurantzaren araubide orokorra. Aplikazio eremua (hedadura eta salbuespenak). Afiliazioa, altak, bajak eta kotizazioa. Aldi baterako ezintasuna. Amatasuna. Ezintasun iraunkorra eta baliaezintasuna. Lan istripuak eta laneko gaixotasunak. Erretiroa.

5.–Laneko segurtasuna eta higienea. Laneko arriskuen prebentzioa: prebentzio zerbitzuak. Prebentzioko ordezkaria. Segurtasun eta Osasun Batzordea.

Kirol Alorra.

6.–Altsasuko Udaleko kirol ekipamenduak: Udalaren kirol instalazioak. Jarduerak.

7.–Zuzendutako kirol jarduera programen administrazio eta funtzionamendu arauak.

8.–Udalaren kirol instalazioak lagatzeko araudia, tasak eta prezio publikoak.

Ekonomia eta administrazio alorra.

9.–Kapitaleko Sozietateei buruzko Legea eta tokiko merkataritza-sozietateak.

10.–Atabo Altsasu SL merkataritza-sozietatearen estatutuak.

11.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea eta hori tokiko merkataritza-sozietateei aplikatzea, bereziki.

12.–Merkataritza-sozietateen kontabilitatea.

13.–Izakinen eta salmenten kontrola. Diru-bilketa. Eskudiruaren funtsen eta bildutako diruaren kontrola. Salmenten hileroko parteak igortzea. Bankuko taloiak onartzea. Dirua bankutik ateratzea eta sartzea. Kutxa finkoko aurrerakinei buruzko araudia.

14.–Hornidurak eta zerbitzuak eskatzea.

15.–Erabiltzaileek egindako erreklamazioen gaineko administrazio jarduketak.

Aukera berdintasuna.

–Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko gaitegia, A eta B mailetarako.

–Gaitegia eskuragarri dago honako helbide honetan:

http://www.alsasua.net/wp-content/uploads/sites/69/2016/05/TEMARIO-A-y-B-2018.pdf

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1905186