8. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

362E/2018 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Larragako ur-hornidura ematen duen hodi nagusiko V-22 bentosa aldatzeko proiekturako, Larragako udal-mugartean. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2018ko urriaren 8an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da Larragari ur-hornikuntza orokorra ematen dion hodiaren trazatua aldatzea, zehazki, Valdecaballoseko parajean, NA-601 errepidearen 29. kilometroaren parean. Zehazki, 16 bat metro urrunduko da egungo trazatutik eta errepidearen lur-berdinketako ertzetik, bertan ezponda handi bat dagoelako. Etorkizunean hodia kaltetu dezaketen irristadurak eragin dituzte ezponda horren ezegonkortasunak eta V-22eko bentosan izandako pitzadura batek. 168 m-ko kanalizazio bat eginen da (553,76 m³-ko indusketa) 250 mm-ko diametroko fundizio-hodi bat kokatzeko, bentosa aldatuko da eta erregistro-kutxatila bat jarriko da azken horren gainean. Aurkeztutako memoriak ez du kaltetutako eremuak birlandatzeko neurri zuzentzailerik proposatzen, ezta aurrekonturik ere ez. Lur erretenak eraginak izanen ditu laborantza ureztatuko lursail batean (11. poligonoko 1790. lurzatia) eta herri lurzati bateko ezponda-eremu batean (11. poligonoko 1789. lurzatia). Azken horretan Mediterraneoko larre eta sastrakak daudenez, Europar Batasunaren Lehentasunezko intereseko 6220 habitat kontsideratzen da, zehazki, «Thero-Brachypodietea-ren gramineoei eta urteko landareei dagozkien subestepa-alde», departamenduan eskuragarri dagoen informazio kartografikoaren arabera.

Espedientean Larragako Udalaren 2018ko urriaren 31ko aldeko txostena dago jasota, zeinetan eskatzen den obrari baimena ematea ahalik eta premiarik handienarekin, interes orokorrekoa baita. Estrategia eta Lurraldearen Antolamendua Atalak 2018ko azaroaren 12an jakinarazi zuen proiektu honetan ez dela txostenik egin behar lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerei buruz (abenduaren 28 96/2006 Foru Dekretua).

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina proiektuan eta ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan biltzen diren prebentzioko eta zuzenketako neurri guztiak bete beharko dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Larragako ur-hornikuntza orokorreko hodiko V-22 bentosa aldatzeko proiekturako, Larragako udal-mugartean. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• Lur erretenetan egiteko indusketa lanei ekiten zaienean landaredi naturala duen lurzatian, landaredi hori, Mediterraneoko larre eta sastrak, kendu eginen da eta zotaletan kontserbatu, lehengoratze lanetan berriro ere jartzeko. Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, Basozaintzari abisatuko zaio birlandatzea eta zotalen ateratzea gainbegira dezan.

• Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratu eginen dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Ondoren, 1789. herri lurzatiari dagokion kaltetutako eremuan jarriko dira obrei ekiterakoan atera eta erreserbatutako Mediterraneoko larre- eta sastraka-zotal horiek, lur begetalaren gainean.

• Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako laborantza lurrak destrinkotu beharko dira.

• Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

• Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

• Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legeari jarraikiz.

• Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio basozaintzari, Lizarra hegoaldeko barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 55 60 31; ogfoeste11@cfnavarra.es).

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Larragako Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 30ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1814900