1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
980E/2018 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez egiten baita honako proiektu honi dagokion ingurumen txosten estrategikoa: “Kasedako Udal Planaren egiturazko aldaketa. Instalazioak handitu ahal izateko, hiri-lurzoru finkatua handitzea”. SCL Cerealista da sustatzailea.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, planen aldaketa ez-nabarmenek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.
Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua martxan jarri zen Kasedako Udalak honako hau bidali zuelako: “Kasedako Udal Planaren egiturazko aldaketa. SCL Cerealista enpresaren instalazioak handitu ahal izateko, hiru-lurzoru finkatua handitzea (63. poligonoko 28., 42., 46., 47. eta 48. lurzatiak)”. Sustatzailea SCL Cerealista da.
Hasiera batez 2015eko uztailaren 27an onetsi zen aldaketa, eta jendaurrean jarri zen, iragarki bat argitaratu baitzen 2015ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 13koan. Jendaurreko epe horretan, ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.
Aldaketaren helburua egun Cooperativa Cerealistak duen hiri ingurua handitzea da. Horretarako 63. poligonoko 28., 42., 46., 47. eta 48. lurzatiak gehituko zaizkio, eta erabilera industrialeko partzela bakarra eratuko da. Jarduketa horren bidez kooperatibaren jarduera handitzea erraztu nahi da. Kooperatiba 62. poligonoko 115. lurzatian dago kokatuta, eta aldaketaren ondorioz, 9.000 m² handituko da haren azalera. Oraingo instalazioei gehitu nahi zaien eremua horien mugakide da. Eremu horren lurzorua ia erabat laua da, nekazaritza-erabilera du eta bertan ez da identifikatu formazio naturalik, intereseko habitatik eta/edo ingurumen balioa duen gunerik. Hedadura-aldaketa hori txikia da eta ez da aurreikusten ingurumen ukipen nabaririk izanen denik.
Orain dauden instalazioek badauzkate dagoeneko beren hornidura-sareak (sare orokorrera konektatzeko hartunea eta lurzatiaren barneko ur-biltegia), saneamendua (putzu septikoa), euri-urak biltzen dituen lurzatiaren barneko hoditeria eta hornidura elektrikoko sarea. Hori dela eta, ez dago azpiegitura berririk ezartzeko planik.
Kooperatibaren inguruko lurraldearen baldintzatzaile nagusia Aragoi errekaren ondoriozko uholde-arriskua da. Alderdi horrek berebiziko garrantzia du eta, horregatik, aintzat hartu da espedientearen ingurumeneko tramitazioa egitean. 2016ko urtarrilaren 4an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzutik jakinarazi zen ezen, inguruko gune uholdagarrien inguruan eskura dagoen informazioa ikusirik, beharrezkoa dela proposamenaren ingurumen azterketa egitean prozesuan dauden arriskuei buruzko informazio zehatz eta eguneratua jasotzea, eta 2015eko urriaren 23ko Ur Zerbitzuaren txostena aurkeztu zen.
Txosten horri erantzuteko, honako informazio gehigarri hau aurkeztu zen 2016ko abuztuan: “B eranskina. Azterketa hidrologikoa, S. Coop. Ltda instalazioaren hiri-lurzoru finkatua handitzeko Kasedako Udal Planaren egiturazko aldaketaren ingurukoa”. Dokumentazio berri hori ikusita, beste txosten batzuk eman zituzten Ur Zerbitzuak 2017ko abuztuaren 10ean (txosten hori eztabaidagarria da), eta Babes Zibilerako Zerbitzuak 2017ko abuztuaren 29an. Azken txosten horrek Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzukoek azterketa hidrologikoa onartzea jartzen du baldintzatzat, deusetan galarazi gabe larrialdien plangintza arloan Kasedako Udalak eta Sociedad Cooperativa Ltda Cerealista de Cáseda enpresak hartu beharreko neurriak.
2018ko martxoan dokumentazio berria aurkeztu zen: “Azterketa Hidrauliko Bategina”, 2017ko abendukoa. Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak azterketa hidraulikoa egiteko garaian kontuan hartzeko argibideak eman zituen, eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren 2018ko irailaren 28ko txostenak dio behar bezala jaso direla argibide horiek. Honako gai hauen ingurukoak dira, batez ere: arriskuak LAParen irizpideei jarraituz zonakatzea, etorkizuneko egoera batean gertatzen ahal diren emaitzak simulatzea eta neurri zehatzak hartzea. Hortaz, aldeko txostena eman du. Izan ere, LAP 4aren irizpideei arabera, zuzenketa neurriek ez dute gune horretako uholdegarritasuna nabarmenki areagotuko eta uholde-arriskua murriztuko dute.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, aldaketaren ezaugarriak ikusirik eta jarduketa-esparrua azterturik, erabaki du aldaketak ez duela eragin nabaririk ingurumenean. Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legeko 5. artikuluan jasota dauden definizioen arabera, testu honek hizpide duen aldaketa txikia da, eta hala, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedurari buruzko irizpena azaldu eta aldeko txostena eman zuen Zerbitzuak.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura osorik bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. “Kasedako Udal Planaren egiturazko aldaketa. SCL Cerealista enpresaren instalazioak handitu ahal izateko, hiru-lurzoru finkatua handitzea” aldaketari ez ezartzea ingurumen ebaluazio arrunta egiteko prozesura.
2. Ingurumenean eragin nabaririk izanen ez duenez, “Kasedako Udal Planaren egiturazko aldaketa. SCL Cerealista enpresaren instalazioak handitu ahal izateko, hiru-lurzoru finkatua handitzea” aldaketaren gainean aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea. SCL Cerealista da sustatzailea.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Kasedako Plan Orokorraren egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Kasedako Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2018ko azaroaren 28an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1814839