8. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

364E/2018 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: “Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera hornitzea - 4. fasea. II. tartea. Sorlada-Mues arteko eroanbidea, Mues eta Sorladako udal-mugarteetan”. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2018ko otsailaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposatutako jarduketaren helburua 3.181 m hoditeria berri instalatzea da, goi-hornidura egiteko. Hodi horiek burdinurtu nodularrez eginak eta Ø500mm-koak izanen dira, eta bakoitzak dagokion bentosadun kutxatila, hustubideak eta lotuneak izanen ditu. Eroanbidea Jurramendiko Mankomunitateko eroanbidean dagoen lotune-kutxatilatik aterako da (kutxatila hori Sorladako udal-mugarteko Molino bidearen ondoan dago kokatuta), 200 m eginen ditu bide horrekiko paraleloan Muesko udal-mugartean sartu arte, Odrón errekaren ibilbideari jarraituko dio hegoalderantz (bi aldiz zeharkatuko du erreka horren ubidea), Muesko alde zaharra zeharkatuko du Santa Ines kaletik, eta kale horren luzapenean zehar eginen du aurrera. Gero, NA-129 Acedo-Lodosa errepidearekiko paraleloan jarraituko du Las Plazas udal-mugarteraino, eta hor Mendazako hornidura-eroanbidearekin lotuko da.

Espedientean jasota daude Sorlada eta Muesko udalen txostenak, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena, Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena, eta Ekonomia Zirkularraren Plangintza Estrategikorako eta Kontrolerako Atalaren txostena.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, baldin eta sustatzaileak aurkeztutako proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak eta ebazpen honetan planteatutako neurriak betetzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: “Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera hornitzea - 4. fasea. II. tartea. Sorlada-Mues arteko eroanbidea, Mues eta Sorladako udal-mugarteetan”. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

• Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan, eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun problemarik izan.

• Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

• Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

• Behin proiektua burututa, obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko lanak eginen dira. Hala ere, tarte batean ez da lehengoratze-lanik eginen, Muesko Udalak hala eskatuta, eta bide gisa utziko da. Tarte hori 350 m-koa da gutxi gorabehera, eta UTM koordenatu hauek ditu: 30T X: 562985, Y: 4717482 eta 30T X: 563264 Y: 4717321. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Geroago, belardietan landareak jarriko dira berriro, eremuak berezko dituen belardiko espezieen ereite bidez. Horrez gain, kendutako hesi, zuhaixka eta zuhaitz autoktono isolatuak berriro jarriko dira, espezie autoktonoak landatuz, multzo irregularretan edo arboladi txikitan antolatuta.

• Odrón errekaren gurutzeguneetan ere, landaketaren bidezko zuzenketa neurriak proposatzen dira. Makal beltzaz (Populus nigra) gain, lizar hostotxikia (Fraxinus angustifolia) ere baliatuko da bigarren lerroan, maila freatikotik urrunen dauden guneetan. Garrigarako proposatu diren zuhaixka-landaketei dagokienez, Odrón errekaren erriberan eta ukitutako muino eta ezpondetan zehar hedatuko dira, eta honako hauekin osatuko da baliatuko diren espezieen zerrenda: elorri zuria (Crataegus monogyna), basa-arrosa (Rosa canina), hego-ipurua (Juniperus Oxycedrus) eta atxaparra (Lonicera etrusca). Proposatu diren hostozabalen landaketetan ez da Melia azedarach delakorik erabiliko, ez baita autoktonoa, eta horren ordez ihar frantsesa (Acer monspessulanum) baliatuko da.

• Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

• “MUE7 Valdecuerdas I” aztarnategia ukitzea ekidin beharko da. Kobre meategi hori Nafarroako Inbentario Arkeologikoaren baitan dago eta bere UTM koordenatuak 562929, 4717538 dira. Sustatzaileak aurkeztutako memoriari erantsita Ondare Arkeologikoen gaineko ukipenei buruzko txostena dator. Horretan adierazten da ibilbidea aldatu eginen dela sarbideri ez eragiteko, eta sarbide hori behar bezala seinaleztatuko dela. Zuzenketa neurrietan jasotzen denez, obrak gune horretara eta eroanbideak zeharkatzen dituen beste gune sentikor batzuetara ailegatzean, jarraipen arkeologiko bat eginen da.

• Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du balio arkeologikoei eta ondare kulturalaren gaineko balizko ukipenei dagokienez.

• Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

• Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio basozaintzari, Lizarra iparraldeko barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 55 48 24; ogfoeste9@cfnavarra.es).

• Baimen honek Sorlada eta Muesen artean goi-hornidurarako eroanbide bat instalatzea baimentzen du, baldin eta aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoarekin eta baimen honetan ezartzen diren xedapenekin bat egiten bada. • Baimen honek ez du inola ere baimentzen azpiegitura berria Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baimentzen duena baino emari handiagoa eroateko erabiltzea.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak hornidurako sarera lotzea.

• Espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa beteko da. Batez ere, Ingurune Naturalaren Zerbitzuek, 2018ko apirilaren 25ean, ondoko xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko da. Proiektuak abelbideetan izanen duen ukipenaren ingurukoak dira xedapenok:

–Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta oinezkoentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta ereitea etab) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

• Azpiegiturak Muesko udal-lurretan sartuta dauden partzelak zeharkatzen dituenez, Nafarroako Toki Administrari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat jokatu beharko da. Sustatzaileari ohartarazi zaio espedientean Udal Herri-lurren Atalak gai horren inguruan eman dituen hiru txosten daudela, eta honakoa xedatzen dutela:

–”Ebroko Konfederazio Hidrografikoak derrigorrezko txostena eta baimena eman behar ditu ur-baliabide nahikoa eta eskura daudela esanez, Uraren Legearen testu bategineko 25.4 artikuluak ezartzen eta arautzen duenarekin bat. Ordura arte, ez dago arrazoituta ez eta baimenduta “Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera hornitzea” proiektua gauzatzeko udal herri-lurretako ur-zortasun batera sartzea edo halako lurretan ur-zortasun bat instalatzea edo ezartzea. (…)

–Etorkizunean, Viana eta Jurramendiko Mankomunitateko Erribera hornitzeko beste proiektu bat onartuko balitz orain baliogabetuta dagoenaren ordez, proiektuak uki litzakeen udal ondasun guztiak hartu beharko dira kontuan, eta ukitutako ondasunen artean sartu beharko dira desjabetu ahal izateko, aipatu zortasuna eratzeko edo aginduzko desafektazioa tramitatzeko, herri-lurretako ondasunen gaineko karga eratzeko, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.

• Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki:

–Entitate sustatzaileak beharrezkoa den baimena eskuratu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusitik, instalazioak Nafarroako Errepide Sarean eragiten ahal duen kaltea dela eta.

–Jarduketak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena behar du, Odrón erreka bi aldiz zeharkatzen du eta.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo martxan jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen horrek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabete bateko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Sorlada eta Muesko udalei, Basozaintzari (9. barrutia, Lizarra iparraldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 30ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1814840