1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
3146/2018 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita 2019an Nafarroako toki entitateei diru-laguntza batzuk emateko gasturako, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik. DDBN identifikazioa: 426382.
Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat diru-laguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko, betiere oinarri arautzaileak 2019. urtea baino lehenago onetsitakoetarako.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horrenbestez, bidezkoa da zenbait diru-laguntzatarako 2019ko gastua baimentzea.
Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 24an hartutako Erabakiaren bitartez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 4.000.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa hartzeko, Nafarroako toki entitateei diru-laguntza batzuk emateko, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik.
Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Baimena ematea 2019an Nafarroako toki entitateei diru-laguntza batzuk emateko gasturako, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez arautu ziren diru-laguntza horiek (426382 zenbakia dute Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean), 4.000.000 euro, 2019ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Toki entitateen kontratazioetarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala eta EGIF” izeneko 950001 96100 4609 241100 partida.
2. 2018ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau igortzea Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2018ko abenduaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
Iragarkiaren kodea: F1815225