79. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

44/2019 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi bat onesten duena babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten boluntarioen elkarteentzat, 2019. urtean haien funtzionamenduan laguntzeko. DDBN identifikazioa: 440751.

Irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak babes zibilaren eta larrialdien arloetan dituen zerbitzuak kudeatzea.

Nafarroako Gobernuak lankidetzarako zenbait esparru-hitzarmen sinatu ditu boluntarioen elkarte eta beste entitate batzuekin, horiek Nafarroako babes zibilaren sisteman integratzeko helburuz, halako moduz non, boluntariotza sustatuz, boluntarioen etengabeko prestakuntza eta laguntzaren kalitatea zainduko dituzten, hain zuzen ere honako hauetan aritzen diren boluntarioen kasuan: hondamendi edo larrialdietako biktimei, ahaideei, parte-hartzaileei eta beste kaltetu batzuei babesa eta laguntza psikologikoa ematen, zakurren bidezko salbamendu espezializatuan, haitzulo eta leizeen ingurune zailean aritzen diren espezialistekin jarduten, eta naturgunean bilaketak egiten, barnean dela mendiko prebentzioa, betiere jarduteko prozedurak antolatzen, aginte bakarraren printzipioari jarraituz.

Horien ondorioz, Nafarroako Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, konpromisoa hartu du elkarte horien jarduerak diruz laguntzeko, gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzen dituzten dirulaguntzen bidez, betiere Babes Zibilerako Zerbitzuaren jarraibideen arabera beharrezkotzat jotzen badira entitate horien eta haien instalazioen funtzionamendu edo hobekuntzarako. Beren aldetik, elkarteek hainbat betebehar hartu dituzte beren gain, operatiboan eraginkorki txertatzeko, beste profesional eta boluntario batzuekin batera.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarrita dago. Artikulu horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuragai izanen dituzte, eta segurtatuko dira publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak.

Horrenbestez, ikusirik espedientean dauden txostenak, eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuaren aldeko txostena dagoenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten boluntarioen elkarteentzako dirulaguntzetarako deialdia onestea, 2019. urtean haien funtzionamenduan laguntzeko. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Guztira 70.000,00 euroko gastua baimentzea, honelaxe banaturik:

• 50.000,00 euro gastu arruntetarako, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak” izeneko 050007 02500 4819 134100 partidaren kargura.

• 20.000,00 euro inbertsioetarako, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak” izeneko 050007 02500 7819 134100 partidaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat.

5. Ebazpen hau igortzea Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora, Barne Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Unitatera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen kontu-hartzailetza delegatura eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera.

Iruñean, 2019ko otsailaren 20an.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta helburua.

Deialdiaren xedea da 2019. urtean Barne Zuzendaritza Nagusiak babes zibilaren arloan jarduera berariazkoa eta kualifikazioa duten eta Nafarroako Babes Zibilaren Sisteman dauden babes zibileko boluntarioen entitateen funtzionamenduan laguntzeko emanen dituen laguntza ekonomikoak arautzea, atxikitu beharreko hitzarmenetan ezarritakoari jarraituz.

Jarduera eremu hauetan arituko dira dira elkarteak: bilaketa eta erreskate jarduerak (batzuetan entrenatutako zakurrak erabiliz, edo sartzeko eta jarduteko zailak diren inguruneetan arituz, esaterako haitzuloetan eta leizeetan), larrialdi handietan laguntzea, mendiko istripuen prebentzioa edo arreta psikologikoa. Babes zibilari loturiko zerbitzuen prestazioa inondik ere zerbitzu publikoa da, eta boluntarioen lankidetza sustatu behar da; izan ere, libreki eta beren borondatez elkartzen dira jarduketak administrazioekin partekatzeko. Hortik dirulaguntzaren xedeko jarduerak onura publikoa eta soziala izatea helburu.

2. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izanen da (2019ko aurrekontuko partiden arabera):

• 50.000,00 euro gastu arruntetarako, “Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak” izeneko 050007 02500 4819 134100 partidaren kargura.

• 20.000,00 euro inbertsioetarako, “Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak (inbertsiorako)” izeneko 050007 02500 7819 134100 partidaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke babes zibilaren arloko boluntarioen entitateak, baldin beren estatutu edo xedeetan aitorturik badute aipatuen arteko jarduera berariazko bat, lankidetzarako hitzarmen bat izenpetu badute Nafarroako Gobernuarekin babes zibilaren arloan, eta Nafarroako eremu geografikoan badihardute.

Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

4. Eskabideak eta nahitaezko agiriak aurkeztea.

Entitateko buruak sinatuta aurkeztuko dira eskaerak, oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide ereduari jarraituz; eranskin horretan adierazitako dokumentazioa gehituko da nahitaez.

Laguntzen eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, zuzenean helbide honetan eskura baitago: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1. Edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekatik abiatuta. Eskaerak Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Boluntarioen Bulegora, igorri beharko dira.

Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela; kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Gastu diruz lagungarria.

Lankidetza hitzarmenetan definitutako jarduera eta programei lotutako gastuak ez besterik lagunduko dira diruz. Zehazki, gastu hauek izan daitezke diruz lagungarri:

–Elkartearen funtzionamendurako gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen aseguruak.
  • Norberaren ekipamendua boluntario lanak egiteko.
  • Telefonia mugikorra, telefonia finkoa, Internet eta entitatearen beste hornidurak.
  • Ibilgailuen eta beste ekipamendu batzuen erregaia, ordezko piezak, konponketak eta IATak.
  • Entitatearen beste ekipamendu eta instalazio batzuen konponketa.
  • Bulego materiala eta material inbentariaezin txikia.
  • Langile boluntarioen prestakuntza. Irakasleen gastuak, antolaketakoak, eta prestakuntza jardunaldietara, ikastaroetara, bileretara, biltzarretara eta abarretara joateko joan-etorrien gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetan sortutako gastuak.
  • Hitzarmenaren xede diren jarduerak garatzeko berariazko materiala.
  • Xedeen artean erreskateetan zakur espezializatuak erabiltzea dituzten elkarteen kasuan, aintzat hartzen dira, orobat, zuzenean animaliei lotutako elkarteen kostuak, esaterako elikagaien eta albaitarien gastuak, aseguruak, hezteko edo esku-hartze espezifikorako materiala eta abar.

–Herritarrei ematen dizkieten zerbitzuak gauzatzeko beharrezkoak diren inbertsioak:

  • Elkartearen instalazioetako obrak, haiek aldatzen dituztenak eta proiektu teknikoa behar dutenak.
  • Jarduerarako behar den material inbentariagarria erostea.
  • Ibilgailuak, motorrak, itsasontziak eta motoponpak eta bestelako ekipamendua erostea, esku hartzeko.

Erosketaren gastua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Diru-laguntzaren xedetik propio baztertzen dira gastu hauek:

  • Entitatearen behar operatiboei ez dagozkienak.
  • Zehaztugabeko gastuak.
  • Entrenamendu, maniobra eta esku-hartzeetatik kanpoko otorduak.
  • Norberaren ibilgailuen aseguruak, mantentze-lanak eta IATak.

6. Balorazio irizpideak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emanen dira, eta soilik sinatutako hitzarmenek ekarritako jardueretarako, hitzarmenetan ezarri bezala:

–Gastu arruntak:

  • Boluntarioen eta ibilgailuen istripu aseguruak: %100eko dirulaguntza izanen dute, ezinbestekoak direlako boluntarioen segurtasunerako, betiere aurreko urtean justifikatutako zenbatekoen %10 gainditzen ez bada, non ez dagoen behar bezala justifikatutako arrazoirik. Apartatu honetan zakurren aseguruak sartzen dira, hitzarmenetan hala jasota dituzten elkarteen kasuan.
  • Bestelako gastu arrunt batzuk: eskatutakoen artean, %100eko dirulaguntza emanen da, baldin eta 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen baditu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, elkartearen funtzionamendua edo haren ekintza arriskuan ez jartzeko.
  • Gastu arruntak, 7. oinarrian ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen ez baditu: gastu arrunten partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera emanen da dirulaguntza (aurreko ataletan emandako zenbatekoa kendu ondoren), kontzeptu horietarako aurkeztutako eskaeren zenbatekoen proportzioan.

–Inbertsioak:

  • Obrak instalazioetan, edo material inbentariagarria, ibilgailuak, motorrak, motoponpak eta esku hartzeko bestelako ekipamendua erostea: eskatutako inbertsioak %100eko dirulaguntza izanen du, baldin eta 7. atalean ageri den batzorde teknikoak ezinbestekotzat jotzen badu segurtasun arrazoiengatik, edo beharrezkotzat, erakundearen funtzionamendua edo aritzeko era arriskuan ez jartzeko.
  • Beste inbertsio batzuk (nahitaezkoak ez direnak batzorde teknikoaren ustetan): inbertsioen partidan gelditzen den zenbatekoaren arabera izanen dute dirulaguntza. Erakundearen jarduerarako lehentasunezkotzat joten diren inbertsioak osorik diruz lagunduko dira. Aurkeztutako eta behar bezala arrazoitutako eskaeren zenbatekoen arabera, lagunduko dira diruz gainerako erosketak, behar bezala arrazoituak baldin badaude (%100ean diruz lagundutakoak kenduta).

Aurkeztutako eskaeran argi eta garbi azalduko da aurreikusitako aurrekontua, dirulaguntzaren xede izan beharreko jarduera bakoitzerako, kontzeptuz kontzeptu zehaztua, banaketa ezartzeko, II. eranskineko ereduaren arabera.

Aurkezten diren aurrekontuak errealistak eta zehatzak izanen dira, albait, eta kopuruak behar bezala justifikatuak (aurreko urteekin konparatuz, argibide tekniko egokiak emanez edo hornitzaileekin kontsultatuz).

7. oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak eginen duen beharren balorazioa errazteko, behar bezala justifikatu eta arrazoituko da eskaerako kontzeptu edo jarduera bakoitza, eta ahal den zehatzen emanen da aurreikusitako kostua. Gastua beharrezkoa edo egokia dela azaltzen duten segurtasun, funtzionamendu edo eraginkortasun arrazoiak adierazi beharko dira, eskuratu aurreko egoera eta eskurapenaren ondoriozko onurak azalduz, edo, kasua bada, ez eskuratzearen ondorioak.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

Barne Zuzendaritza Nagusia izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

Kide hauek osatutako batzorde teknikoak baloratuko ditu eskaerak:

–Batzordeburua: Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Boluntarioen Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak edo informazio eskariak egiten ahalko ditu, aurkeztutako eskaera bakoitza zehatz-mehatz baloratu ahal izateko.

Batzorde horrek eskaerak ebaluatuko ditu, eta haren irizpena loteslea izanen da. Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdia ebazteko proposamena eginen dio Barneko zuzendari nagusiari.

6. oinarriko irizpideen arabera proposatzen diren zenbatekoek zehaztuko dute zenbatekoa den dirulaguntza osoa entitate bakoitzaren gastu arrunt eta inbertsioetarako. Zenbateko horiek egotzi eta gauzatuko dira aipatu oinarrian ezarritako lehentasunaren arabera (lehenik %100eko dirulaguntza dutenak, eta gero besteak), kontuan hartuta aurrekontutik estimazio-desbideratzeak egon litezkeela azken gastuan. Lehentasun irizpidea lehenetsiko da, aurrekontuaren irizpidearen aurretik.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira dirulaguntzak, eta hartan dirulaguntzak hartzen dituzten entitate eskatzaileak, dirulaguntzen helburua eta zenbatekoa agertuko dira, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, deialdi honen 15. oinarrian adierazitako moduan.

Dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Onuradunen betebeharrak.

I.–Dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Dirulaguntzak ematen dituen ebazpen-proposamena egiten den unean, zerga betebeharrak egunean izatea.

–Dirulaguntzak ematen dituen ebazpen-proposamena egiten den unean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainontzeko dokumentuak behar bezala auditatuta izatea, legeriak eskatutako moduan.

–Deialdi honen barreneko xede eta helburuetarako erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Organo emaileari frogatzea egoki egin direla diruz lagundutako jarduerak, eta egoki gauzatu gastuak.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

–Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

–11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

–Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emango da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, V. eranskineko ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

II.–Orobat, laguntzaren xedeari buruz, elkarteak betebehar hauek ditu:

–Boluntarioak aseguratuta izan beharko ditu.

–Elkartearen jardueretan erabiltzen diren ibilgailu guztiak aseguratuta izan beharko ditu.

–Diruz laguntzen den jarduera, izenpetutako lankidetza esparru-hitzarmenean adierazitako moduan gauzatu beharko du.

–Organo emaileari komunikatu beharko dio diruz lagundutako jardueren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu. Edozein aldaketa egiteko, Babes Zibilerako Zerbitzuaren adostasuna beharko da; hori ofizioz emanen da baldin eta aldaketak onetsitako laguntza funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

–Behar bezain goiz egitea eraikinetako obrak, bai eta dirulaguntzaren xede diren materialen eta ibilgailuen erosketak ere, frogagiriak (fakturak eta ordainketa aginduak) eskuratu ahal izateko 10. oinarrian zehaztutako aurkezpen-epea bukatu baino lehen.

–Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetuz gero, onuradunek ondasunak dirulaguntzaren helbururako erabili beharko dituzte, horien balio-bizitzan, Sozietateen gaineko zergaren erregelamenduan adierazitako amortizaziorako gehieneko epeen taula ofizialen arabera (Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua onesten duen abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira. Ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, diru-laguntza itzuli egin beharko da, 11/2005 Foru Legearen 24. artikuluko 4. eta 5. puntuetan ezarritako moduan.

–11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean obra gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa aholkularitza edo laguntza enpresek egindako ekipo ondasunen horniduraren edo zerbitzu prestazioen kasuan, entitateak frogatu beharko du proiektua eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitaterik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Unitate kudeatzaileak ezarritako moduan justifikatuko dira kontu horiek.

Oinarri hauetan propio jasotakoez gain, 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako guztiak elkartearen betebeharrak dira.

10. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

Dirulaguntzak badu aldi bat. Ekitaldia aurreko urteko azaroaren 1ean hasten da eta aurtengo urriaren 31n bukatzen. Horregatik onartzen dira 2018ko azken bi hilabeteetako gastuak, lehenago ez badira diruz lagundu; aldiz, 2019ko azarokoak eta abendukoak hurrengo ekitaldiko deialdian aurkez daitezke.

Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak txostena egin ondoren ordainduko da dirulaguntza, baldin eta ordaintzeko eskaera 2019ko azaroaren 22an edo lehenago aurkezten bada. Eskaera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, honako agiri hauekin batera:

a. Ordaintzeko eskatzen den unera arte egindako jarduerei buruzko memoria teknikoa. Egin diren jarduerak, diruz lagundutako kontzeptuekin lotura zuzena dutenak, azaldu beharko dira, hala nola prestakuntza ekintzak, entrenamenduak eta maniobrak, baita prebentzio ekintzak eta esku-hartze operatiboak ere. Azaldu beharrekoak dira, orobat, material eta ekipamenduen erosketak eta kontrataturiko hornidurak eta zerbitzuak. Dokumentua Word formatuan aurkeztuko da.

b. Zer gastu egin diren eta gastu horiek egindako jarduerekin eta dirulaguntzaren xedearekin bat datozela azaltzeko txostena edo deklarazioa, entitateko idazkariak sinatua, lehendakariaren oniritzia duela, eta, horrekin batera, fakturen zerrenda eta azalpen taula bat, Barne Zuzendaritza Nagusiak emandako Excel formatuan. Ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzeko, laguntza behar bezala justifikatzeko eta kontabilitatearen jarraipena egiteko, 2018ari dagozkion gastuak 2019ari dagozkionetatik bereiziko dira. Horregatik, fakturen bi zerrenda aurkeztuko dira: bat 2018ko azken bi hilabeteetakoak izanik aurreko dirulaguntzaren xede izan ez diren fakturenak, eta beste bat 2019ko gastuei dagozkien fakturenak. Deialdi honen 6. oinarrian ezarritako blokeen ordena izanen dute zerrenda horiek.

c. Fakturak, ordainketen frogagiriekin batera. b) puntuan adierazitako zerrenden ordena berean aurkeztuko dira horiek. Unitate kudeatzaileak beretzat gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko.

d. Berariazko deklarazioa, entitateko idazkariak sinatua, lehendakariaren oniritzia duela, adierazten duena aurkezten diren jatorrizko agiriak direla hornitzaileengandik jasotakoak. Aurkeztutako agirietan edo datuetan zehaztasunik eza edo faltsutasunik atzemanez gero, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatuko dira.

e. Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzkoa; horrela, beste ekarpen batzuk jaso badira, 2019rako aurreikusitako gastuak adieraziko dira, VI. eranskinaren arabera.

Egiaztapena eta horren ondoriozko ordainketa zatika egin daitezke, justifikazio partzialak erabilita fakturen eta ordainagirien bidez, aurreko a), b), c) eta d) apartatuetan adierazitako dokumentazioa lagunduta. Azken ordainketan behar diren doikuntzak eginen dira, eta e) apartatuan eskatzen den erantzukizunpeko adierazpena ere sartu beharko da.

Ibilgailuen gastua erregaian, konponketetan, mantentze-lanetan, aseguruetan, IATetan, berrikuspen edo ziurtagirietan, eskaerako zerrendan ageri diren ibilgailuen matrikularekin identifikatuta aurkeztu beharko dira. Orobat, frogatuko da hornidurak (telefonia, Internet, argindarra, gasa eta abar) diruz laguntzen den entitatearenak direla.

Fakturak legearen arabera egin beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Kontzeptu diruz lagungarriak zehaztuta daude 6. oinarriaren arabera. Hortaz, ez da sortuko diruz laguntzen ahal den gastu gehiagorik. Eskaeran adierazitako kontzeptuak urtean zehar salbuespenez aldatu nahi badira, elkarteak kontzeptu horiek aldatzeko edo gehitzeko eskatu beharko du arrazoitutako idazki batean, eta unitate kudeatzailearen esku izanen da diruz laguntzen ahal den kontzeptu berri edo aldaketa horiek onartzea edo ez.

11. Beste dirulaguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan jasotako laguntzak bateragarriak dira jarduera berengatik jasotzen ahal diren beste batzuekin. Nolanahi ere, dirulaguntza hauen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batuta, gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Halakoetan, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gaineko soberakina itzuli eginen da, eta berandutze-interesa eskatuko da.

12. Finantzaketaren publizitatea.

Egiten den edozein iragarki edo publizitate dela eta, elkartea Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin finantzatzen dela aipatuko da.

Jarduerarako ibilgailuek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eramanen dute eta 112 zenbakia zabalduko dute larrialdiei arreta emateko zenbaki gisa.

13. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

Itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, 11/2005 Foru Legearen 34. artikulutik 37.era eta 42.etik 46.era xedatutakoaren arabera jokatuko da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri hauetan espresuki aurreikusirik ez dagoen orotan, 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa eta xedearen araberako gainerako xedapenak aplikatuko dira.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Diru-laguntzarako eskabidea.

II. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldearen/elkartearen aurrekontua.

III. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldea/elkartea osatzen duten kideen zerrenda.

IV. ERANSKINA

Babes zibileko boluntarioen taldearen/elkartearen ibilgailuen eta beste ekipo eta bitarteko batzuen zerrenda.

V. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

VI. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzkoa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1902783