79. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 10ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita Azkoiengo U-3 sektoreko exekuzio unitateko hirigintza jarduketak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Azkoiengo Udalak, 2018ko urtarrilaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen espedientea irekitzea Azkoiengo 1. poligonoko 285. katastro-lurzatia nahitaez desjabetzeko eta balio justua emateko, hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta zerrenda hori jendaurrean jartzea 15 egun baliodunean. Azkoiengo erregistroko 12050. lurzatia da (2128. liburukia, 192. liburua, 188. orria), eta 19.489,43 m²-ko azalera du.

Erabaki hori 2018ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 15ekoan, eta jendaurrean egoteko epean interesdun batek alegazioa aurkeztu zuen.

Azkoiengo Udalak, 2018ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen alegazio hori ezestea, udal arkitektoak 2018ko martxoaren 23an txostena eman ondoan, eta behin betiko onetsi zuen ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda. Halaber, erabaki zuen presako deklarazioa eskatzea Nafarroako Gobernuari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko presaren arrazoia uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 163. artikuluan dago jasota (arau horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina); izan ere, hartan ezartzen da presako prozedura aplikatu beharko dela konpentsazio batzordean sarturik dauden jabeek sisteman parte hartu nahi ez dutenean, haiek Udalari eskatu ondoan desjabetu dakizkiela beren ondasun eta eskubide ukituak batzorde horren alde.

Orobat, espedientean Azkoiengo Udaleko Idazkaritzak emandako txostena dago, zeinak jasotzen baititu aipatu 163. artikuluak aurreikusitako egoeran sartzen diren aurrekariak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 322.1.b) artikuluaren ondorioetarako.

Bestalde, Azkoiengo Udalak kontu-hartzailetzaren txostena aurkeztu du, 2018ko azaroaren 29an emana. Hartan, udalaren gastu-aurrekontuko partida zehatza kontsignatzen eta zehazten da, betebehar ekonomikoei aurre egiteko kreditu nahikoa eta egokia dagoela frogatzeko xedez. Abiarazitako desjabetze espedientearen ondoriozkoak dira betebehar horiek, eta behar bezala kuantifikaturik daude, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak agintzen duen gisan.

Nafarroako Gobernuak, Azkoiengo Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Azkoiengo U-3 sektoreko exekuzio unitateko hirigintza jarduketak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitalpenaren egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Azkoiengo Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2019ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1905160