79. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

33/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, martxoaren 10eko 90/2015 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS-SIGPAC) eta ezarri ziren hura Nafarroan kudeatzeko arauak.

Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluak kudeaketarako sistema integratuaren elementuen artean, nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema aipatzen du. 70. artikuluak dioenez, identifikazio sistema hori Batasuneko kide diren estatuek ezarri behar dute, katastroko agiriak edo mapak edo bestelako baliabide kartografikoak oinarritzat harturik, informazio geografikorako sistema informatikoetan erabiltzen diren teknikak baliatuz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Aginduaren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikoko sistema (NELIGS) eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 13ko 2017/2393 (EB) Erregelamenduak larre iraunkorren definizio berria ezarri zuen. Definizio hau abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua aldatzen duen urtarrilaren 26ko 27/2018 Errege Dekretuaren bidez igaro zen araudi nazionalera; eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 17ko 142/2018 Foru Aginduaren bidez (martxoaren 10eko 90/2015 Foru Agindua aldatzen duena) igaro zen foru araudira.

Beste alde batetik, Batzordearen maiatzaren 18ko 2018/746 (EB) Erregelamenduak teknologia berriak erabiltzeko aukera sartu zuen lurraren gaineko ikuskapen fisikoak gutxiagotzeko, hauek datu egokiak ematen badituzte nekazaritza-azaleretan egindako jarduerei buruz, baita frogak onuradunek ematen dituztenean ere, agintaritza eskudunak hala eskatuta. Hauek dira aipatzen diren teknologia berriak: eskifaiarik gabeko aireontzien sistemak, argazki geoetiketatuak, GNSS hargaluak EGNOS eta Galileorekin, Copernicusen Sentinel sateliteek bildutako datuak eta beste batzuk. Horregatik, beharrezkoa da NELIGS (SIGPAC) aldatzeko eskaerak justifikatzeko dokumentazioa doitzea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 13ko 2017/2393 (EB) Erregelamendua argitaratu eta gero, kontuan hartu behar dira LOKak (CAP) gaurkotzerako ondorioak lehen aldiz deklaratu diren esparruetan. Esparru hauek, berez, atxikia daukate LOK 0 bat. LOK 0 daukaten esparru hauen berrazterketarako, eta beren balizko onargarritasuna kontsideratzeko, bidezkoa da baieztatzea ea esparru horietan nekazaritzako jardueren baldintzak betetzen ote diren. Larre-esparru bat onargarria izateko, nekazaritzako jarduerak nagusi izan behar du; beraz, larratzea egiaztatu behar da. Horregatik, lehen aldiz deklaratzen diren lurzatiei LOKa adjudikatzeko eskaeretan ere beharrezkoa izanen da nekazaritzako jarduera justifikatzen duen txosten tekniko bat eskatzea, LOKaren aldaketa eskatzen duten gainerako lurzatietan bezala.

Beste alde batetik, NELIGS (SIGPAC) aldatzeko eskatzeko prozedura errazteko, beharrezkoa da dauden tipologiak berraztertzea eta NELIGSen egungo operatzeko moduaren behar berriei egokitzea.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Agindua aldatzea; foru agindu horren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS) eta ezarri ziren hura Nafarroan kudeatzeko arauak.

Aldatu da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 10eko 90/2015 Foru Agindua, zeinaren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS) eta ezarri ziren hura Nafarroan kudeatzeko arauak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

I. ERANSKINA

90/2015 Foru Aginduaren aldaketa; foru agindu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean eman zuen, eta nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (NELIGS) arautzeko eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri zituen.

1. Martxoaren 10eko 90/2015 Foru Aginduaren 7. artikulua, NELIGSen aldaketen tipifikazioari buruzkoa, aldatu da; 7. eta 10. tipologiak kendu dira, 12. tipologia aldatu da eta 14. tipologia gehitu da, eta hortaz, honela geldituko da idatzita:

“7. artikulua. NELIGSen aldaketak tipifikatzea:

Interesdunek aurkezten dituzten aldaketarako eskabideak mota hauetan sailkatuko dira:

–1. mota: erabilera aldaketa esparru oso batean, esleitutako erabilerarekin ados ez egoteagatik.

–2. mota: ustiapen sistemako aldaketa (lehorrekoa/ureztaketakoa) esparru oso batean, esleitutako ustiapen sistemarekin ados ez egoteagatik, NELIGSko erabilera guztietarako, nekazaritzarako ez direnak izan ezik.

–3. mota: esparru baten zatiketa, haren parte bati esleitutako erabilerarekin ados ez egoteagatik.

–4. mota: esparru baten banantzea, haren parte bati esleitutako ustiapen sistemarekin (lehorrekoa/ureztaketakoa) ados ez egoteagatik.

–5. mota: lurzati baten banantzea, hirigune baten barrenean, nekazaritzako erabilera izateagatik.

–6. mota: lurzati baten morfologia/azalera aldaketa.

–7. mota: kendu da.

–8. mota: fruitu oskoldunen eta algarroben esparruak ukitzen dituzten alegazioak.

–9. mota: aldaketa larreen onargarritasun koefizientean, larreak baino ez dituen esparru batean. Horretarako II. eranskinean dauden balioak erabiliko dira.

–10. mota: kendu da.

–11. mota: honako hau egitea egiturazko elementuetan: sartzea, kentzea, tipologia aldaketa eta/edo geometria aldaketa.

–12. mota: nekazaritzako jarduera berriz hastea/berrestea.

–13. mota: beste aldaketa eskaera batzuk, aipatutakoetan sartzen ez direnak.

–14. mota: esparru bat zatitzea onargarritasun-koefizientea aldatzeko bere zati batean; horretarako II. eranskinean agertzen diren balioak erabiliko dira.”

2. Martxoaren 10eko 90/2015 Foru Aginduaren 8. artikuluaren e) apartatua, aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzkoa, aldatu da, aldaketa hauek sartuz: bere laugarren paragrafoan, 9. motako aldaketari buruzkoan, lehen aldiz deklaratzen diren lurzatiei LOK bat adjudikatzeko eskaeretarako aurreikusten zen salbuespena kendu da; 14. mota gehitu zaie txosten teknikoa nahitaez aurkeztu behar duten eskaerei; eta argazki geoerreferentziatuak nahitaez aurkeztu beharra ezarri da 12. motako aldaketetarako. Beraz, horren guztiaren ondorioz, honela idatzita geldituko da:

“e) Proposatutako aldaketa justifikatzen duen dokumentazioa, zeina, aldaketa motaren arabera, honako hau izanen baita:

–Kasu guztietan, aldaketarako arrazoiaren azalpen labur bat.

–3., 4. eta 5. motetako aldaketetan, beharrezkoa izanen da irteera grafikoari buruzko krokisa aurkeztea, non argi identifikatuko baita esparruko zein aldetan egin nahi den aldaketa.

–9. eta 14. motako aldaketetan nahitaez aurkeztu beharko da txosten tekniko bat, III. eranskinean adierazitako prozeduraren arabera.

–12. motako aldaketetan, nahitaez aurkeztu beharko dira aldaketa eskatzen den lurzatien argazki geoerreferentziatuak, zeinetan nekazaritzako jarduera berriz hasi dela baieztatzen ahalko baita.

–Aukeran, aldaketaren xedeko beste edozein frogagiri aurkezten ahalko da, besteak beste honako hauek: data duten argazki geoerreferentziatuak, landako kontrolaren akta baten kopia, eskatutako aldaketa justifikatzen duen txosten teknikoa, profesional eskudunak sinatua, eta abar.”

Iragarkiaren kodea: F1902849