1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
219/2019 EBAZPENA, apirilaren 2koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan ikasleak onartzeko baldintzak, 2019-2020 ikasturterako.
Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak prestatutako txostenean adierazten da ezen “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitza Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren instalazioa dela, eta haren xede nagusia dela ikasleei ostatua ematea, ikasketekin jarraitzeko beren bizilekutik kanpo joan behar dutenean eta ostatu hartzeko instalazio bat behar dutenean.
Halaber, txostenean aipatzen da egoitzaren beste eginkizunetako bat dela Nafarroako udalerrietako kirolariak hartzea, Iruñean entrenatu eta ikasi behar dutenean, beren kirol diziplinan nabarmendu eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren dirulaguntza jasotzen badute, Kirolaren Zuzendariordetzak urtero egiten duen deialdiaren bitartez.
Azkenik, zuzendariordetza horren txostenak dio beharrezkotzat jo dela 2019-2020 ikasturtean ikasleak onartzeko baldintza batzuk ezartzea, honako hauek jasoko dituztenak: onarpenerako lehentasunak, aurkeztu beharreko agiriak, deitutako plaza kopurua, eskaerak aurkezteko epeak, onartutako ikasleek hartu beharreko konpromisoak, etab.
Hori dela eta, Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzak eskatzen du espedientean jaso diren baldintzak onets daitezen, bai eta onarpenerako fitxa ere, plaza eskatu nahi duten ikasleek bete beharrekoa.
Horrenbestez, aintzat harturik Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzaren proposamena, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,
EBAZTEN DUT:
1. Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan ikasleak onartzeko baldintzak onestea, 2019-2020 ikasturterako.
2. Ebazpen hau igortzea Garapen Estrategikoaren, Azpiegituren eta Baliabide Kudeaketaren Zuzendariordetzara, Gazteriaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, Gazteriaren Etxeen Bulegora eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2019ko apirilaren 2an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA
Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzan ikasleak
onartzeko baldintzak, 2019-2020 ikasturterako
Ikasleen onarpena.
1. Iruñeko “Printzearen Gotorlekua” gazteen egoitzako 55 plaza betetzeko deialdia egiten da, 2019-2020 ikasturterako, 14 eta 30 urte bitarteko ikasleei zuzenduta. Hala ere, plaza kopuru hori handitu daiteke, errendimenduko kirolarientzako deialdiko 30 plazetatik baten bat hutsik gelditzen bada.
2. Eskaerak, oraingo egoiliarrenak nahiz lehen aldiz eskatzen dutenenak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Aizagerria plaza 1, 1.a, Nafarroa Arena pabiloia; 31006 Iruña), edo administrazio publikoen erregistroetarik edozeinetan. Eskaerekin batera, NANaren fotokopia eta txartelerako argazki bat aurkeztuko dira (eskaera lehen aldiz egiten dutenendako baizik ez). Ikasleak onartzeko, eskaerak aurkezteko hurrenkerari zorrotz jarraituko zaio, honako hauek kontuan harturik:
a) 2019ko apirilaren 29tik maiatzaren 18ra bitarte, biak barne, honako hauek aurkezten ahalko dute eskaera, eta lehentasuna izanen dute:
–2018-2019 ikasturtean plaza duten ikasle egoiliarrak.
–Unibertsitatez kanpoko derrigorrezkoaren ondoko ikasketarik eta eragin eremuan mota horretako inolako ikastetxerik ez duten herrietatik etorritako ikasleak.
–Familia ugarietako ikasleak. Kasu honetan, familia ugariaren txartela aurkeztu beharko da nahitaez.
Aipatu epean aurkezten ez diren eskaerei hurrengo atalean ezarritako baldintzak aplikatuko zaizkie, hots, egoitzan lehen aldiz sartzeko eskaeren baldintza berak izanen dituzte.
b) Maiatzaren 20tik aurrera, egun hori barne, egoitzan lehen aldiz sartu nahi duten ikasleek aurkezten ahalko dituzte eskaerak. Eskainitako 55 plazak betetzen diren arte onartuko dira, aurkezteko hurrenkerari zorrotz jarraiturik.
Eskainitako plaza guztiak bete ondoan, gainerako eskaerak erreserban geldituko dira, eta baja baten ondorioz plazaren bat hutsik gelditzekotan onartzen ahalko dira.
3. Onartutako eskatzaileek 2019ko irailaren 1a baino lehen ordaindu beharko dute 2020ko maiatzari dagokion zenbatekoa, erreserbaturiko gelarako ezarritakoa, plaza gorde dakien. Ikasturtea bukatu aitzin egoitza uzten badute, ez zaie itzuliko zenbateko hori.
2019ko irailaren 1etik aurrera eskaeraren bat egin eta onartzen bada, 2020ko maiatzari dagokion zenbateko hori berdin ordaindu beharko da, plaza gordetzeko, baldin eta gutxieneko egonaldia 8 hilabetekoa izanen bada.
Nolanahi ere, 8 hilabetetik beherako erreserbengatik ordaindu beharreko prezioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakian ezarritakoa izanen da. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak erabiltzeko prezio eta tarifen gaurkotzea eta haien araubidea (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).
Ostatua.
4. Egoiliar plaza esleituta izateak eskubidea ematen du ikasturtean ostatua izateko, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan izan ezik.
Egoitza honako oporraldi hauetan itxita egonen da ikasle egoiliarrentzat: 2019ko abenduaren 20ko 21:00etatik 2020ko urtarrilaren 6ko 15:00etara, eta 2020ko apirilaren 8ko 21:00etatik apirilaren 19ko 15:00ak arte. Egun horietan, inor ezin izanen da egoitzan gelditu, non ez duen bertako arduradunaren baimena.
Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak erabakitzen ahalko du asteburu batean egoitza ixtea, okupazioa txiki-txikia bada, baliabideak errentagarri bihurtzeko.
5. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak atzera botatzen ahal du, osorik edo partez, emandako plazaren adjudikazioa, honako kasu hauetan:
–Instalazioak behar bezala ez erabiltzea.
–Egoitzaren barne funtzionamendurako erregelamenduan ezarritako eginbeharrak eta arauak ez betetzea.
–Eskaeran datu faltsuak jartzea.
6. Egoiliarrak behartuta daude egoitzaren barne funtzionamendurako erregelamendua betetzera, baita hura aplikatzeko asmoz bertako arduradunak ematen dituen jarraibideak betetzera ere.
7. Egoitzak hilabete bakoitzeko lehen 15 egunetan igorriko ditu ostatuaren ondoriozko hileko ordainagiriak.
8. Ostatuaren prezioak:
Honako hauek izanen dira hilabeteko prezioak, urriaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte, biak barne:
LOGELA MOTA | PREZIOA, GUTXIENEZ 8 HILABETERAKO | HILABETEKO PREZIOA |
Gela bikoitza, komun partekatuarekin | 1.120,00 euro | 140,00 euro |
Banako gela, komun partekatuarekin | 1.840,00 euro | 230,00 euro |
Gela bikoitza, komunarekin | 1.520,00 euro | 190,00 euro |
Banako gela, komunarekin | 2.160,00 euro | 270,00 euro |
Prezio horietan ostatua sartzen da, astelehenetik igandera bitartean, oporraldietan izan ezik. Prezio orokor gisa ezarri dira; hau da, ez da inolako beherapenik eginen, nahiz eta egoitza oporraldietan itxita egon, edo egoiliarrek egoitza ez erabili, oporrak, zubiak, gaixotasunak edo bestelako inguruabarrak direla medio.
8 hilabete horietatik kanpo dauden iraileko eta ekaineko ostatu egunak aste oso bakoitzeko ordainduko dira, kontuan hartu gabe aste bakoitzean egoitza zenbat egunetan erabiltzen den. Ondorio horietarako, ikasturtearen hilabete bakoitzeko ordaintzen den tarifaren laurdena izanen da asteko prezioa.
Prezio horiek indarra izanen dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak beste batzuk onetsi arte.
9. Egoitzak ez du inolako ardurarik izanen logeletan eta gainerako instalazioetan gerta daitezkeen hondatze edo lapurreten gainean.
Elikadura zerbitzua.
10. Egoitzako elikadura zerbitzua enpresa batek kudeatzen du, eta egoiliarrek egindako gastuak fakturatuko ditu hilabete bakoitza iragan ondoan.
Egoiliarrek eskubidea dute nahi duten elikadura zerbitzua jasotzeko; horretarako, zerbitzua adjudikaturik duen enpresari ordaindu beharko diote dagokion zenbatekoa.
Honako prezio hauek izanen dira:
–Gosaria: 2,61 euro.
–Bazkaria: 8,25 euro.
–Afaria: 7,18 euro.
–Otordu guztiak, eguneko: 18,04 euro.
Otorduren bat egin behar ez duenak, kobratu ez dakion, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko die jantokiko langileei.
Egoiliarrarena da zerbitzu horiek ordaintzeko ardura, hirugarren baten bidez ordaintzen badu ere.
Eskabidea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1904555