Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 24a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
PETILLA ARAGOI
Ordenantza, Petilla Aragoiko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Petilla Aragoiko Udalak, 2018ko irailaren 28an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Petilla Aragoiko Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia jendaurrean egon zen, 2018ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 23an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratuta.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Petilla Aragoin, 2019ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Florentino Aguas Arilla.
PETILLA ARAGOIKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Petilla Aragoiko udal-mugarteko laborantzako herri-ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko, indarra duen legedian eta, bereziki, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.
Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak haren xedapenen arabera arautuko dira.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.
Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, besterik ezean, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen-egintzak
5. artikulua. Petilla Aragoiko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, antolatu eta horien aprobetxamendua arautzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan. Herri-ondasunen gainean Petilla Aragoiko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Petilla Aragoiko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatzen bada, lur horiek Petilla Aragoiko Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Petilla Aragoiko Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzeaz arduratuko da, eta aurka egingo dio edozein pribatizazio saiori edo horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-lurretako ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.
12. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Udalak berez berreskuratu ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Halaber, Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honetan herri-lurretako aprobetxamendu hauek arautzen dira:
a) Laborantzako herri-lurretako aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamenduak.
c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
d) Beste aprobetxamendu batzuk.
e) Herri-ondasunetako hobekuntzak.
15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.
b) Petilla Aragoiko Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 6 urte lehenagotik.
c) Petilla Aragoin urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian egiazki bizitzea.
d) Petilla Aragoiko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
e) Ogibide nagusia nekazaritza duen nekazari edo abeltzaina izatea, nekazaritza araudiarekin bat.
Familia unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren; betiere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Petilla Aragoiko Udalaren osoko bilkurak ebatziko ditu, banan-banan, gai honi dagokionez eskumena duen Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak aurretik txostena eginda.
II. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak
16. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan egingo dira:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Udalak zuzenean ustiatzea.
Herri-lurzati baten aprobetxamenduaren adjudikazioak, aurreko artikuluan jasotako moduetako edozeinetan, inola ere ez dakar berekin Nekazaritzako Politika Bateratuarekin (NPB) loturiko eskubiderik adjudikazio-hartzailearendako, eskubide horiek arautzen dituzten xedapenek zuzenean adjudikatzen baitzaizkie landatzaileei. Horregatik, adjudikazio-hartzaileek, herri-lurzatiak adjudikatuak izan ondoren, haien laborantza lotu beharko dute izan ditzaketen NPBko eskubideekin.
17. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-lurren aprobetxamendua.
18. artikulua. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira soldata eta erdiaren azpitik egon. Familia unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
19. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, Petilla Aragoiko Udalak berdintasun eta justiziaren printzipioak beteko ditu, eta lehentasuna emango die familia unitatearen titular hauei:
a) Diru-sarrera gutxien duten familia unitateak.
b) Ezaugarri bereko lurrak ez dituztenak, ez jabetzan, ez bestela.
c) Herri-lurretako beste aprobetxamendurik ez dutenak.
Aurreko paragrafoko irizpideak datu objektibo hauetan oinarrituko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta), baita horren gisako beste edozein datu ere.
20. artikulua. Aprobetxamendu mota honetarako, Petilla Aragoiko Udalak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioari dagokionez, kanona ez da izango antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino txikiagoa.
Herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioari dagokionez, Petilla Aragoiko Udalak zehaztuko du kanona, eta antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 artekoa izan ahalko da.
21. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izango. Urte anitzeko laboreen kasuan, epe hori laborearen bizitza baliagarriaren arabera luzatu ahalko da.
Oro har, herri-lurretako aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izango da.
22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landuko dituzte herri-lurzatiak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
Petilla Aragoiko Udalak zehaztuko du zenbat lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna kontuan hartuta, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia unitatearen egoera ekonomikoa ere.
23. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, herri-lurrak zuzenean eta pertsonalki landu direla ziurtatzeko.
Ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen honako kasu hauetan:
a) Nekazaritzako makineria edukita, adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Petilla Aragoiko Udalaren Landazain Zerbitzuaren edo Mendi Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenak.
c) Ondoko alderdi hauen gaineko frogagiriak eskatu eta Udalak agindutako epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Petilla Aragoiko Udalak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak daudenean.
f) Bere ustiapeneko aziendak elikatzeko bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodunek beren jabetzako azienda ateratzen dutenean Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistrotik.
24. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.
25. artikulua. Onuradunek behartuta daude eta adjudikazioa egin aurretik onartzen dute, herri-lurren aprobetxamendu eta laborantza egokia egitera baldintza hauen arabera:
a) Adjudikatutako lurzatiaren jatorrizko mugak bere horretan izatea.
b) Herri-lurra hondatu edo kaltetzen ez duten laborantzako teknika eta lanak egitea. Gainera, ez dituzte aldatuko lurzatietan edo haien ondoan diren erreken ibilguak.
c) Mugakide diren onuradunek edo jabeek izan ditzaketen bide-zorrak errespetatu eta mantentzea.
d) Herri-lurra behar besteko maiztasunez mantentzea eta garbitzea, sastraka eta zuhaixkaz bete ez dadin.
e) Abeltzaintzako azpiegiturak instalatu baino lehen (askak, bazka-landareak, etab.) edo aldi baterako bestelako instalazioak egin baino lehen, adjudikaziodunak Petilla Aragoiko Udalari eskaera egin beharko dio, eta haren onespen espresa eduki beharko ditu.
Baldintza horiek betetzen ez baditu, Petilla Aragoiko Udalak herri-lurraren adjudikazioa kenduko dio berehala.
26. artikulua. Onuradunek ezin izango dituzte herri-lurrak erabili adjudikatutako ez beste edozein aprobetxamendutarako, Petilla Aragoiko Udalaren aldez aurreko baimenik gabe.
27. artikulua. Adjudikazioduna beharturik dago adjudikaturiko herri-lurra ixtera txarrantxadun hesituren bidez edo indardun legedian lurzoru urbanizaezineko lursailak ixteko ezarritako beste edozein sistemaren bidez.
28. artikulua. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izango dira batera itxi.
29. artikulua. Ezin izango da herri-lurren aprobetxamendua trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu ez badute eta Petilla Aragoiko Udalak baimena eman ez badu.
30. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen adjudikazioak eraginik gabe uzten ahal ditu, herri-lur horietan arbolak sartzea edo beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik sortuko onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamenduak
31. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduak honako modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan egingo dira:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Udalak zuzenean ustiatzea.
32. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izango dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
33. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
34. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izango da.
35. artikulua. Petilla Aragoiko Udalaren herri-larreak aprobetxatzeko, tradizioko ohituraz, legez edo hitzarmenez, finkekin batean baterako ustiapen unitatea osatzen baitute, honako aprobetxamendu eremu hauek ezarri dira, dagokien abere-zama zehazturik.
a) Bastanes mugarteko eremua.
b) Petilla Aragoi mugarteko eremua.
c) Beste eremu batzuk.
Petilla Aragoiko Udalak eremuak zatitzen ahalko ditu egokitzat jotzen dituen azpimultzoetan.
36. artikulua. Ordenantza honen 20. artikuluan aipatutako larreek jasan dezaketen abere zama zehazteko, Petilla Aragoiko Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu azienda espezieen artean:
–Zaldi-aziendako buru 1 behi-aziendako buru 1,2 adina da.
–Behi-aziendako buru 1 ardi-aziendako 7,7 buru adina da.
–Behi-aziendako buru 1 ahuntz-aziendako 7,7 buru adina da.
Hala ere, aldez aurretik txosten teknikoa edo Larreak Antolatzeko Proiektua (LAP) izanda, Petilla Aragoiko Udalak finkatuko ditu urtean jasan daitekeen azienda karga eta larratzeko aldiak eta, beharrezkoa bada, 20. artikuluan jasotako larratze-eremu bakoitzaren debekuak, kontuan hartuta azalera, larreen eskaintza eta larreen eskuragarritasuna.
37. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak finkatuko du herri-lurraren adjudikazio prezioa, merkatuko prezioaren arabera, kontuan hartuta larretarako azalera eta bazkalekuak eta abeltzaintzako azpiegiturak dauden. Ezarritako kanona larreen balio errealaren ehuneko 80 eta 90 artekoa izango da, eta kanona aldatu ahalko du Petilla Aragoiko Udalak egokitzat jotzen duenean, behin teknikari eskudun batek baloratu ondoren larreen balio erreala eta egin ahal diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostua eta, betiere, aldatzeko erabaki den urte naturala amaitu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran indarrean jar daitezen.
38. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPIa).
39. artikulua. Urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko da:
a) Lehen epea. Urteko zenbatekoaren %50rri dagokio, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.
b) Bigarren epea. Urteko zenbatekoaren gainerako %50rri dagokio, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.
40. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 5 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %4 utzi beharko du fidantza moduan.
41. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesa), eta bete beharko dira Foru Lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.
42. artikulua. Prozedura. Petilla Aragoiko Udalak erabakia hartu ondotik, 5 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten. Hori baino lehenago, ediktua jarri beharko da Petilla Aragoiko Udaletxeko iragarki-taulan.
Hala ere, Petilla Aragoiko Udalak, era berean, larre guztien bostena gorde dezake urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren. (OEren 191. artikulua)
43. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak behin-behinekoz adjudikatuko ditu lurrak, honako inguruabar hauek kontuan hartuz:
a) Lehentasuna emango zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.
b) Bazkalekuak, hartu ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatu ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartu ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudikatu ahal zaizkio, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.
44. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
45. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
Hala ere, Petilla Aragoiko Udalak, herri-lurren defentsa eta erabilera zuzenari erantzunez, bere egiten du herri-larreen erabileran esku hartzeko eskubidea, herri-lurrei ukitzen dien edozein alderdiren gainean, osoko bilkuran harturiko erabaki baten bidez.
46. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak du bere aziendek egindako kalte guztien erantzukizuna, eta adjudikazioaren uneko baldintza beretan mantendu behar ditu artegiak, itxiturak, atakak, idoiak eta abeltzaintzarako gainerako instalazioak, eta jarritako fidantzaren bitartez erantzun behar du egiten diren kalte eta galerengatik.
IV. KAPITULUA
Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak
47. artikulua. Sutako egurraren aprobetxamenduari dagokionez, 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 205. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Mendian aski izan eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Basogintzako Administrazioak markatu ondoren, Petilla Aragoiko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
48. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten egingo da aprobetxamendu hori, egoki iruditzen zaion denborarako.
49. artikulua. Egurra, ahal dela, saldutako oihan aprobetxamenduen (adaburuak) hondarrak izango dira, baita arbola kaxkar edo erietatik, garbiketetatik etab. ateratakoa, eta inoiz ez zurgaietatik.
50. artikulua. Norbera 8 hilabetean, gehienez ere, baliatuko da zuzenean egur epaitzez, eta ez da zilegi haiek laga edo saltzea. Adjudikazio-hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur epaitza eta beste bat eskatzen badu hurrengo urtean, berriz ere aurreko urtekoa adjudikatuko zaio.
Guztiz debekatua dago egurretarako emandako produktuak saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.
51. artikulua. Onuradunak behartuta daude hondarrak bildu eta pilatzera, egurra bildu ondotik, eta ez dira bide, mendiko pista edo oztopo izan daitezkeen tokietan metatuko; betiere, Udalak ematen dituen jarraibideei kasu egingo zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua urtebeterako ukatuko zaie.
52. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egongo dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.
53. artikulua. Zozketa publikoaren bidez adjudikatuko dira epaitzak. Horretarako, Udalaren osoko bilkuraren erabakiaren ondotik eta iragarki-taularen eta Alkatetzaren Bandoaren bidez ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek etxerako egurraren aprobetxamendurako eskabidea aurkez dezaten. Aurretik, azken urteko epaitzen aprobetxamendua berrikusiko da, eta behar diren neurriak hartuko dira arautegia hautsi dela ikusiz gero.
Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, zozketa egiteko eguna ezarriko da; udalaren iragarki-taulan eta Alkatetzaren Bandoaren bidez argitaratuko da, eta eskatzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.
Aprobetxamendu mota honetarako, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da aldez aurretik, eta haren jarraibide tekniko-fakultatiboak bete beharko dira.
54. artikulua. Udalak, oro har, egurraren aprobetxamendurako kanon bat ezarri ahalko du, eta kuota horiek Udalari ordainduko zaizkio aprobetxamendua hasi aurretik.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
55. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz egingo da hango ehizaren aprobetxamendua.
56. artikulua. Petilla Aragoiko mugartearen ehiza barrutiaren aprobetxamendua honako oinarri hauen bidez arautuko da:
1. Adjudikazioa enkante irekian egingo da, Udalak interes orokorrerako komenigarri ikusten duen eperako eta ehizaren arloan indarrean dauden arauekin bat.
57. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera egingo da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzean bete beharreko lege-tramiteak bete ondoren.
VI. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
58. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, aprobetxamenduen adjudikazioak eraginik gabe uzten ahal ditu, herri-lur horietan arbolak sartzea eta beste hobekuntza batzuk bultzatzen baditu. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimena beharko dute.
V. TITULUA
Adjudikatzeko prozedura
59. artikulua. Petilla Aragoiko Udalak, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabaki ahalko du ordenantza honetan arauturiko aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea noiz hasten den, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduak eska ditzaten.
60. artikulua. Aprobetxamendurako eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Petilla Aragoiko Udalaren errolda-ziurtagiria, non adierazten den noiztik dagoen erroldatua etenik izan gabe.
b) Udalerri honetan gutxienez 9 hilabetez bizi izatearen zinpeko aitorpena.
c) Familia unitateko kideen zinpeko aitorpena eta familia liburuaren fotokopia konpultsatua edo, bestela, Elkartze Zibilen Erregistroarena.
d) Udal Ogasunaren Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuta izatearena.
e) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, udal honetan eta beste batzuetan jabetzan dituen lurren azalera eta labore motak egiaztatzeko.
f) Zinpeko aitorpena, errentamenduan edo bestela baliatzen dituen lurrena.
g) Zinpeko aitorpena eta ziurtagiriak, hiri-lurreko jabetza egiaztatzeko, ohiko bizilekua den norberaren etxebizitza kenduta.
h) Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko ziurtagiria.
i) Teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiria, aziendaren osasun kanpainak Nafarroako animalien osasunaren arloko legeriari jarraituz betetzen direla dioena.
j) Familia unitateko kide guztiek eta bakoitzak jasotako errenten ziurtagiria eta bakoitzaren PFEZren aitorpenaren kopiak. Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzeko, Petilla Aragoiko Udalak badu ahalmena kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarria eskatzeko.
61. artikulua. Eskaerak ikusita, Petilla Aragoiko Udalak, adjudikatu beharreko aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, adierazita zein den aprobetxamenduaren tokia eta lotea.
62. artikulua. Behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, egoki juzgatzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.
63. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Petilla Aragoiko Udalak haien gaineko ebazpena emango du, eta aprobetxamenduetako adjudikazio-hartzaileen behin betiko zerrenda onetsiko du, aprobetxamenduen tokiak edo loteak adierazita.
VI. TITULUA
Arau-hauste eta zehapenak
64. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
c) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
d) Herritarrek aprobetxamendua nabarmen gaizki edo ez osorik egitea.
e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
f) Animalia hilak edo animalia hilen gorpuzkiak lurperatu gabe uztea.
g) Bazkatzeko epeak eta eremuak ez errespetatzea.
h) Azienda sartzea Petilla Aragoiko Udalaren baimenik gabe, bai eta ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak ere.
65. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:
–a), b), c), d) eta e) arau-hausteengatik emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.
–g) eta h) arau-hausteengatik abereak udalerriaren larreetan sartzea debekatuko da hiru (3) urteko epean, eta egindako aprobetxamenduaren urteko kanonaren halako bi eta sei artean ordaindu beharko da, kasuaren arabera.
–Gainerako arau-hausteetan, zein den aprobetxameduaren balioa, haren halako bost eta hamar artekoa ordainduko da. Kopuru hori ezin zehaztu bada, 600 eta 2000 euro arteko isuna ezarriko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Ordenantza honek arautzen ez duen orotan, herri-ondasunei buruzko foru legediak ezarritakoari jarraituko zaio.
Bigarrena.–Ordenantza honek behin betiko onesten den egun berean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1903913
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
