1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
124/2019 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. 2019ko maiatzaren 26an egitekoak diren Europako Parlamenturako, udaletarako, kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak direla eta, honen bidez arauak ematen dira egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek bozkatzeko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten.
2019ko maiatzaren 26an izanen diren Europako Parlamenturako, udaletarako, kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egin da, hurrenez hurren, apirilaren 1eko 206/2019 Errege Dekretuaren, apirilaren 1eko 209/2019 Errege Dekretuaren, martxoaren 27ko 35/2019 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren apirilaren 1eko 7/2019 Foru Dekretuaren bidez. Hauteskunde prozesuen arau osagarriei buruzko apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan xedatuari jarraituz, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin adostu ondoren, bidezko da egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileen lan ordutegiari buruzko neurriak hartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremurako.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. 2019ko maiatzaren 26an egitekoak diren Europako Parlamenturako, udaletarako, kontzejuetarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak direla eta, jarraian ematen diren arauak onestea egun horretan asteko atsedenaldirik ez duten besteren konturako langileek bozkatzeko eskubidea erabiltzea errazago izan dezaten:
1.a.–Hautesle gisa parte hartzen duten langileentzako baimen ordainduak:
a) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lanean arituko ez diren edo lanean bi ordutik beheiti arituko direnak: ez dute izanen baimen ordaindurako eskubiderik.
b) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik bitik lau ordura bitartean lanean arituko direnak: bi orduko baimen ordaindua izanen dute.
c) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik lautik sei ordura bitartean lanean arituko direnak: hiru orduko baimen ordaindua izanen dute.
d) Hauteskunde-mahaiak irekita daudelarik sei ordutik gora lanean arituko direnak: lau orduko baimen ordaindua izanen dute.
e) 2019ko maiatzaren 26an beren ohiko bizilekutik urrun lan egin behar duten langileek edo, beste baldintza batzuk direla medio, egun horretan bozkatzeko eskubidea erabiltzeko eragozpenak izanen dituztenek eskubidea izanen dute aurreko baimenaren ordez izaera bereko beste bat izateko. Horren helburua da norberak zentsuko inskripzioaren ziurtagiria eskatzea, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan, azaroaren 2ko 6/1992 Lege Organikoaren bidez aldatutakoan, 72. artikuluan adierazita baitago. Baimenaren iraupena kalkulatzeko, goian aipaturiko irizpideak erabiliko dira, postetxeak irekitzeko ordutegia kontuan hartuta.
Kasu horietan guztietan, baimenaren iraupena murriztuko da, lanaldi partzialean aritzeko kontratatutako langileak izateagatik, horiek ohikoa baino laburragoa den lanaldia egiten badute, haien lanaldiaren eta enpresa berean lanaldi osorako kontratatuta dauden langileen ohiko lanaldiaren arteko proportzioaren arabera murriztu ere.
Enpresari dagokio, lanaren antolamenduaren arabera, langileek botoa ematera joateko dituzten baimenak egunean zehar banatzea.
2.a.–Hauteskunde-mahaietako buru edo kide, artekari edo ahaldun diren langileentzako baimen ordaindua.
Hauteskunde-mahaietako buru edo kide diren langileek, baita artekari daudenek ere, bozketaren eguneko lanaldi osorako baimen ordaindua izateko eskubidea dute, baita hurrengo eguneko lanaldiko bost ordutarakoa ere. Ahaldunen kasuan, baimen hori bozketaren egunerako baizik ez da izanen. Hauteskunde bezperako gaueko txandan lan egin behar duten langileen kasuan, atal honetako egoeraren batean badaude, enpresak txanda aldatu beharko die, interesdunek hala eskatuta, bozketa aurreko gauean atseden har dezaten.
3.a.–Apirilaren 16ko 605/1999 Errege Dekretuan adierazi diren eta aurreko ataletan azaldu diren baimenen ondoriozko lanaldi murrizketak ordainduak izanen dira, eta, Langileen Estatutuaren 37.3 d) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, botoa eman izanaren ziurtagiria edo, hala badagokio, hauteskunde-mahaiaren ziurtagiria aurkeztu beharko da hori frogatzeko.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2019ko apirilaren 8an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
Iragarkiaren kodea: F1904970