Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
73E/2019 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 442583.
Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak dirulaguntzak ematen ahalko zizkiela artisautza enpresei haien egitura edo errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo merkatuko lehiakortasuna hobetuko duten jarduerak egiteko.
Urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 49. artikuluan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala finkatu; eskumen horien artean, barne merkataritza eta artisautza antolatu eta sustatzea dago, baita bere eskumeneko esparruari lotutako jardueretarako dirulaguntzen deialdiak egin eta haiek ematea ere.
Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da sektoreko enpresak bultzatzen jarraitzea, haien merkataritza sustapena indartzeko eta lanbide trebakuntza hobetzeko dirulaguntzen araubide bat ezarriz, enpresa horiei ematen zaien berariazko prestakuntza bultzatuta.
Hori dela eta, 2019ko otsailaren 20an egindako bilkuran, azalpenak eman zitzaizkien Nafarroako Artisautzaren Aholku Kontseiluko kide diren artisautza elkarteei, eta haien iritzia entzun zen.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, jarduketa diruz lagungarrietan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehazten dena; aurrekontuan dagoen dirua aplikazio horren ondoriozko dirulaguntzen guztirakoa baino txikiagoa bada, deialdiaren konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da enpresa eskatzaileek aurkezten duten gastu diruz lagungarrien bolumenaren artean.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako artisautza enpresak sustatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 45.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan “Nafarroako artisautza sustatzeko eta horretan trebatzeko ekintzak” izena duen 830001-83130-4701-431402 partidaren kontura.
4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2019ko martxoaren 5ean.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
Nafarroako artisautza sustatzeko dirulaguntzen
2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren, haien produktuak merkaturatu eta sustatzeko jarduerak bultzatuz, bai eta haien langileen prestakuntza maila hobetzen duten jarduerak ere, haiek garatu eta indartze aldera.
Dirulaguntzen onura publikoa artisautza enpresak eta horien produktuak sustatzean datza, horrela sektorea dinamizatzeko eta indarberritzeko; izan ere, beharrezkoa da artisautza bizirik mantentzea eta hura dinamizatzea, gizartea kulturalki aberasten baitu, eta Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bat osatzen baitu. Gainera, artisautzari aitortza egitea ere sustatzen da, artisautzak berekin baitakar tradizioa, kalitatea, diseinua eta benetakoak, bakarrak eta jatorrizkoak diren produktuak eskuz egitea, industrialki, seriean edo mekanikoki egindako produktuen aldean.
2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 45.000 eurokoa da.
3. oinarria.–Jarduketak gauzatzeko epea.
1. Diruz lagungarriak izanen dira 2018ko azaroaren 17tik 2019ko azaroaren 11ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren gastuak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu direnak. Horren ondorioetarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da gastua egin den eguntzat.
2. Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2018ko azaroaren 17tik 2019ko azaroaren 11ra artekoak izan beharko dute, biak barne.
4. oinarria.–Enpresa onuradunak, betebehar espezifikoak eta haien izaera egiaztatzea.
1. Enpresa onuradunak.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:
1.1. Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izena emanda egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
1.2. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak, betiere, deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoa bitartean bete beharko dira. Horrenbestez, artisautza enpresek betebehar horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.
1.3. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisautza enpresaren izaera berritzeko eskabidea.
2. Izaera egiaztatzea.
Enpresa onuradunaren izaera ofizioz egiaztatuko du deialdia kudeatzen duen organoak.
5. oinarria.–Jarduketa mota diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Jarduketa mota diruz lagungarriak.
Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:
a) Azoka, erakusketa eta antzeko ekitaldietan parte hartzea.
a.1) Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Inskripzio gastuak, tokiaren eta standaren alokairua.
–Standa muntatu, apaindu edo instalatzeko gastuak.
Erakustoki, saltoki edo standetan erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatu eta errotulatzeko gastuak diruz lagungarriak izanen dira; zehazki, diseinuari, produkzioari eta inprimatze prozesuei edo antzekoei buruzko gastuak onartuko dira, bai eta lan horiek egiteko euskarria edo materiala erostekoak ere.
Euskarri horietan, Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala agertu beharko da; hori betetzen ez bada, publizitate-euskarri horiei dagokien gastu guztia ezetsiko da.
–Materiala norberaren ibilgailuan garraiatzea: 0,30 euroko konpentsazioa emanen da kilometro bakoitzeko, materiala eraman eta ekartzeagatik; bidesariaren gastuak ere onartuko dira.
–Materiala beste moduren batean garraiatzea: erabilitako garraiobidearen gastua edo alokatutako ibilgailuarena onartzen da; azkeneko kasu horretan, gainera, erregaiaren eta bidesariaren gastuak onartuko dira.
–Azokak atzerrian egiten direnean, artisautza enpresako langile baten bidaia eta ostatu gastuak ere dira diruz lagungarriak. Mantenu gastuak, ordea, ez dira diruz lagungarriak.
a.2) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoa eta hori ez betetzearen ondorioak.
–Artisautza enpresak bere artisau tailerrean egindako produktuekin soil-soilik parte hartu behar du jarduketa horietan, eta ezin da inola ere birsalmentarik egin.
Deialdia kudeatzen duen organoak bere gain du dirulaguntza eskatzea dakarren edozein azokaren entitate antolatzailearen inguruko informazioa eskatzeko eskubidea, lehen aipatu den baldintza betetzen dela ziurtatzeko. Betetzen ez bada, azoka horri dagozkion gastu guztiak ezetsiko dira.
b) Artisautzaren 2019ko Europar Egunetan parte hartzea.
Diruz lagungarritzat jotzen dira jarduera horren programa ofizialaren barruan sartutako jarduerak egiteko behar diren gastuak, hala nola honako hauekin lotutakoak: artisau tailerrak irekitzea, ate irekien jardunaldiak egitea edota artisau lanbideen erakusketak, jolas tailerrak, prestakuntza jarduerak, hitzaldiak eta abar egitea.
c) Sustapen eta publizitateko jarduketak.
Honako jarduketa hauek izanen dira diruz lagungarriak:
c.1) Sustapenerako materiala argitaratzea.
–Artisautza enpresak prestatutako produktuak aurkezteko edo artisauen lanbidea hedatzeko katalogoak, triptikoak, flyerrak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Diseinuari, konposizioari edo/eta maketazioari, banaketari eta produkzioari buruzko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
–Publizitate tarteak komunikabide eta hedabideetan, artisautza enpresa bultzatu, hedatu eta ezagutzera emateko. Publizitate tarte horiek diseinatu, ekoitzi eta txertatzeko gastuak izanen dira diruz lagungarriak.
c.2) Marketin digitaleko ekintzak: publizitatea sare sozialetan, bilatzaileetan (SEM) edo edukien marketina.
c.3) Jarduketa diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak:
–Kanpoan uzten dira artisautzako produktuari, lanbideari edo enpresari buruzkoak ez diren dibulgazio, propaganda edo publizitateko material eta iragarki guztiak.
–Ez dira diruz lagungarriak produktuak saltzeko edo erakusteko beharrezkoak diren enbalaje, kaxa, kutxatila edo antzekoak erosteko gastuak, ez eta bisita txartelen edo antzekoen diseinuari eta produkzioari buruzkoak ere.
–Sortutako euskarri eta iragarki guztietan (sare sozialetan agertzen direnak barne), Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertu beharko da. Hori betetzen ez bada, publizitate euskarri horiei dagozkien gastu guztiak ezetsiko dira.
d) Prestakuntza bereziko eta lanbide hobekuntzako ikastaroetara joatea.
Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioan aipatzen diren lanbideetako baten hobekuntza profesionala helburu duten prestakuntza eta trebakuntza teknikoko ikastaroetara joatea; baimendutako zentro ofizialek edo horretarako kualifikatutako enpresa edo profesionalek antolatu edo eman beharko dituzte, eta artisau lanetan aritzeko lanbide gaitasunak hobetzen lagundu beharko dute.
–Gastu akademikoak, matrikularenak eta ikastaroak egiteko behar den material didaktikoari dagozkionak.
–Nafarroatik kanpo egindako ikastaroen kasuan bakar-bakarrik, joan-etorrien gastuak eta mantenuari eta ostatuari dagozkionak. Kontzeptu horiengatik emanen den gehieneko dirulaguntza ez da 125 eurotik gorakoa izanen artisautza enpresa eta egun bakoitzeko; eta mantenu kontzeptuarengatik, berriz, 20 euro pertsona eta otordu bakoitzeko. Kasu horretan, gastuak behar bezala justifikatu beharko dira, ordainketei dagozkien agiri edo fakturekin. Joan-etorrien gastuei, berriz, 5.1.a.1) oinarri arautzailean garraio gastuetarako aurreikusitakoa aplikatuko zaie.
2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoari (BEZa kanpo) %50eko portzentajea aplikatuz zehaztuko dira.
Hauxe da gehieneko dirulaguntza, jarduketa diruz lagungarrien arabera:
a) Azoketan parte hartzea: 1.500 euroko dirulaguntza, gehienez ere, azoka bakoitzeko, eta 5.800 eurokoa, enpresa eskatzaile bakoitzeko eta, deialdiaren arabera, diruz laguntzen den epe bakoitzeko.
b) Artisautzaren 2019ko Europar Egunetan parte hartzea. 2.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko.
c) Sustapen eta publizitateko jarduketak: 2.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta, deialdiaren arabera, diruz laguntzen den epe bakoitzeko.
c) Prestakuntza bereziko eta lanbide hobekuntzako ikastaroetara joatea. 2.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, enpresa eskatzaile bakoitzeko, eta, deialdiaren arabera, diruz laguntzen den epe bakoitzeko.
6. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 2019ko irailaren 23tik 2019ko urriaren 7ra artekoa izanen da, biak barne.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7997/Subvenciones-para-la-promocion-de-empresas-artesanas-en-2019), hemendik aitzina laguntzaren fitxa deituko duguna; fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztu ahal izatea eskaera telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak, ahal izanez gero, telematika bidez aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, ezin bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat. Nolanahi ere, eskaera ez bada aurkezten Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa formatu digitalean aurkeztuko da, ahal bada (DVDa, USBa).
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorriz artesanianavarra@navarra.es helbidera, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.
c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 16.8 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzaren fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak.
2. Eskatzen den dokumentazioa.
Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematikoki aurkezten bada, agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira.
2.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Berariazko betebeharren frogagiriak.
Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du 4. oinarri arautzailean ezarritako berariazko betebeharrak betetzen diren.
b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.
–Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, dirulaguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko da hori.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko “de minimis” arauari jarraikiz eman dizkion dirulaguntzen berri ematen duena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste dirulaguntzei buruzkoa.
–Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.
Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko inprimakian jasota daude.
2.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
1. 2018ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Azoka edo erakusketetan parte hartzen denean: txosten bat, ekitaldi bakoitzaren izena eta non eta noiz egiten den zehaztuko duena, bai eta haietako bakoitzean egindako gastuen eta kontzeptuen zerrenda ere, behar adina xehetasunekin.
b) Dirulaguntza eskatzen bada azoka edo erakusketetan parte hartzeagatik, baina, bakar-bakarrik, materiala norberaren ibilgailuan garraiatzeagatik, aurkezten den dokumentazioan behar bezala frogatu beharko da artisautza enpresak ekitaldian parte hartzen duela; esate baterako, antolatzailearen ziurtagiria, publizitate-iragarkien kopia, azokako liburuxkak edo katalogoak edo antzeko dokumentazioa.
c) Standak muntatzeko edo apaintzeko erabilitako olana, eguzki-oihal, binilo edo antzekoak inprimatzeko dirulaguntzen kasuan, lehenik, standaren eta olanen, eguzki-oihalen edo publizitate euskarrien argazkiak aurkeztu behar dira, horien bitartez egiaztatzeko ea bete den jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela jakinarazteko betebeharra, 5.1.a1) oinarri arautzailean adierazten den bezala.
d) Sustapen eta publizitate jardueretarako, memoria bat aurkeztu beharko da, non honako hauek zehaztuko baitira zehatz-mehatz: prestatutako materiala, erabilitako euskarriak, egindako jarduketak, erabilitako hedabideak eta egindako gastuen eta kontzeptuen zerrenda zehatza. Eta horiez gainera:
–Sustapen materiala argitaratuz gero, egindako katalogoaren, inprimakiaren, triptikoaren, flyer-aren, ikus-entzunezkoaren, irratiko iragarkiaren edo dena delakoaren ale bat aurkeztu beharko da.
–Publizitate-bideetan eta komunikabide eta hedabideetan iragarkirik egin bada, iragarkiaren kopia eta hedabidearen azalarena aurkeztuko dira.
–Sare sozialetan publizitatea edo iragarkiak hedatu badira, horien pantaila-argazkiak edo estekak aurkeztu beharko dira.
e) Prestakuntza jardueretarako: memoria bat, behar adina xehetasunekin datu hauek ematen dituena: prestakuntza jardueraren izena, jasotako prestakuntzaren edukia, zein zentrok antolatu duen, irakasle edo hizlariak, tokia, datak, iraupena eta zer helburu bete nahi ziren; eta, horiez gainera, kontzeptuen eta gastuen zerrenda, behar adina xehetasunekin.
f) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira.
g) Egindako gastuak ordaindu direla dioten bankuko frogagiriak.
Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuak egon beharko dute.
Espediente bakoitzeko, 1.000 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
h) Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruzko adierazpena: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
2. Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2019ko azaroaren 11ra arte egin gogo diren jardueretarako, dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Epe horretan egin gogo diren jarduerak zehaztu eta azaltzen dituen memoria, eta, horrekin batera, epe horretan egin gogo diren jarduketen aurrekontuak, proformako fakturak edo gastuaren zenbatespena.
b) Epe horretan egin beharreko jardueretarako aurreikusten diren gastu eta diru-sarreren zerrenda zehatza.
7. oinarria.–Tramitazioa eta laguntzak emateko ebazpena.
1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.
Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
2. Dirulaguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie, betiere onartutako eskaeren artean:
a) Jarduera diruz lagungarriei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa 5. oinarri arautzailean ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.
b) Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada aurreko puntuan zehaztutakoaren ondoriozko dirulaguntzen batura baino, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diruz lagungarritzat jotzne den gastuaren bolumenaren artean (enpresa eskatzaileek aurkeztua).
3. Aurkezten diren eskaerak behin betiko azterturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
4. Diruz lagungarria den jarduketa mota bakoitzean onartzen zaizkion jardueren multzo osoagatik eman eta ordainduko zaio dirulaguntza eskatzaile bakoitzari. Jarduketa mota horiek 5.1 oinarri arautzailearen a), b), c) eta d) ataletan daude zehaztuta.
5. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari dagokio. Dirulaguntza ematen duen eta eskaera aurkeztearekin batera frogatutako jarduketak ordaintzen dituen ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta, epe hori iraganik ebazpen espresik jakinarazi gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
8. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresa onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada enpresak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, enpresek aipatutako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2. Onuradunak pertsona juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak badira, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntza jasotzen duten entitateek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa; hori guztia irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.
3. Diruz lagundutako jarduketak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. Justifikazioa 2019ko azaroaren 11tik aurrera aurkeztuz gero, ordaintzeko falta den dirulaguntza zatia kobratzeko eskubidea galduko da.
4. Behar bezala hedatzea dirulaguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela, eta, zehazki, Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala txertatuko da, 5.1 oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
9. oinarria.–Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Egindako jardueren justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:
a) 2018ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da justifikazioa.
b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita 2019ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, 2019ko azaroaren 11 bera izanen da justifikazioa aurkezteko azken eguna.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 6.1 oinarri arautzailean eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntzaren fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.
Jarduketa diruz lagungarriak bukaturik, enpresek haiek egin izana frogatu beharko dute, eta, horretarako, honako hau aurkeztu:
a) 2018ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jardueren kasuan, eskaeraren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.
b) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik 2019ko azaroaren 11ra arte egindako jardueren kasuan, justifikazioaren inprimakia aurkeztuko da 6. oinarri arautzailearen 2.2.1 atalean ezarritako dokumentazioarekin batera.
10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta, horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituztela frogatzen duen txostena.
Dirulaguntzak epe hauetan ordainduko dira:
a) 2018ko azaroaren 17tik eskabidea aurkeztu arte egindako jarduketen kasuan, hura aurkeztearekin batera justifikatzen baitira, dirulaguntza ematen duen ebazpenean berean aginduko da ordainketa egin dadila.
b) Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2019ko azaroaren 11ra arte egindako jarduketen kasuan, 2019ko azaroaren 11 baitute azken eguna justifikatzeko, 6. oinarri arautzailean ezarritako frogagiriak aztertu eta onartu ondoren eginen da ordainketa.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako de minimis laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zerga-ekitaldiko edozein alditan.
12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren dirulaguntzak laguntzaren fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, entitate onuraduna eta emandako diru kopurua.
13. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.
Iragarkiaren kodea: F1903522
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
