Iragarkia
77. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
72E/2019 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 442578.
Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako artisautza sektorea arautu zen eta, orobat, ezarri zen Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuak dirulaguntzak ematen ahalko zizkiela artisautza enpresei haien egitura, errentagarritasun baldintzak, kudeaketa edo lehiakortasuna hobetzeko jardueretarako.
Urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, eta 49. artikuluan Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparru materiala finkatu; eskumen horien artean, barne merkataritza eta artisautza antolatu eta sustatzea dago, baita bere eskumeneko esparruari lotutako jardueretarako dirulaguntzen deialdiak egin eta haiek ematea ere.
Artisautza sektorearen berezitasuna kontuan izanda, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren ustez ezinbestekoa da hainbat neurri hartzea sektoreko enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioei laguntzeko, haien azpiegiturak eta ekipamendua hobetzearren, enpresa horien lehiakortasuna bultzatuz.
Hori dela eta, 2019ko otsailaren 20an egindako bilkuran, azalpenak eman zitzaizkien Nafarroako Artisautzaren Aholku Kontseiluko kide diren artisautza elkarteei, eta haien iritzia entzun zen.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, eta, hortaz, kasuan kasuko baremoaren aplikazioak zehaztuko du dirulaguntzak emateko hurrenkera.
Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 15.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntza-deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura finantzatuko da: 830001-83130-7701-431400: Artisautza enpresen inbertsioak finantzatzeko dirulaguntzak.
4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Garapen Ekonomikorako kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2019ko martxoaren 5ean.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.
ERANSKINA
Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako dirulaguntzen
2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
Nafarroako artisautza enpresei dirulaguntzak emateko araubidea zehaztea dute xede oinarri arautzaile hauek, haien lehiakortasuna bultzatzearren. Horretarako, inbertsioak egiteko laguntzak emanen dira, artisau tailerrak modernizatu eta egokitzeko eta haien ekipamendua hobetzeko.
Dirulaguntzen onura publikoa artisautza enpresak eta horien produktuak sustatzean datza, horrela sektorea dinamizatzeko eta indarberritzeko; izan ere, beharrezkoa da artisautza bizirik mantentzea eta hura dinamizatzea, gizartea kulturalki aberasten baitu, eta Nafarroako ondare immaterialaren zati garrantzitsu bat osatzen baitu. Gainera, artisautzari aitortza egitea ere sustatzen da, artisautzak berekin baitakar tradizioa, kalitatea, diseinua eta benetakoak, bakarrak eta jatorrizkoak diren produktuak eskuz egitea, industrialki, seriean edo mekanikoki egindako produktuen aldean.
2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 15.000 eurokoa da.
3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.
1. Diruz lagungarriak izanen dira 2018ko azaroaren 17tik 2019ko azaroaren 11ra arte, biak barne, egin eta fakturatzen diren inbertsioak, justifikazio epea bukatu aurretik ordaindu badira. Horren ondorietarako, fakturazioaren eguna zein den, horixe hartuko da inbertsioa egin den eguntzat.
2. Inbertsio diruz lagungarrien ordainagiriak 2018ko azaroaren 17tik 2019ko azaroaren 11ra artekoak izan beharko dira, biak barne.
4. oinarria.–Enpresa onuradunak, betebehar espezifikoak eta haien izaera egiaztatzea.
1. Enpresa onuradunak.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak enpresa txiki eta ertainek eskuratzen ahalko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar berariazko hauek ere betetzen badituzte:
1.1. Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan izena emanda egotea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
1.2. Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den egunean Nafarroako artisautza enpresa bat dela egiaztatzen duen txartela indarrean izatea. Artisautza enpresa izateko eskatzen diren betebeharrak, betiere, deialdiaren arabera diruz lagungarriak diren jarduerak egiteko ezarritako epe osoa bitartean bete beharko dira. Horrenbestez, artisautza enpresek betebehar horiek betetzen dituzten epean egindako inbertsioak baizik ez dira onartuko.
1.3. Hala badagokio, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik aurkeztu izana artisautza enpresaren izaera berritzeko eskabidea.
2. Izaera egiaztatzea.
Enpresa onuradunaren izaera ofizioz egiaztatuko du deialdia kudeatzen duen organoak.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Diruz lagungarriak diren jarduketa eta inbertsio motak.
1.1. Honako jarduketa hauen ondoriozko inbertsioek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:
a) Artisau tailerrak ezarri, tokiz aldatu, berritu edo modernizatzea.
Lehendik dauden artisau tailerretan zein lokal berrietan horrelako tailerrak ezartzeko egiten diren obrek eta egokitze jarduketek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, beharrezkoak badira artisautzan jarduteko.
Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalak bakarrik jasoko du dirulaguntza.
Kontzeptu diruz lagungarrien artean, proiektu teknikoaren prestaketa eta obra zuzendaritza sartzen dira. Obrek etxebizitza partikularrean ere eragina izanez gero, kontzeptu horien zati proportzionala bakarrik onartuko da, hau da, artisau tailerrari egozten zaion inbertsioari dagokiona. Kontzeptu horiengatik, inbertsio onargarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez, diruz lagungarria izateko. Ehuneko hori bera izanen da kontzeptu horiengatiko dirulaguntza ordaintzeko orduan aplikatuko dena.
b) Artisau tailerren ekipamendua.
Artisautzan aritzeko berariazkoak, premiazkoak eta ezinbestekoak diren makinak, tresnak eta lanabesak eskuratu, muntatu eta instalatzeko emanen da dirulaguntza.
1.2. Kontzeptu hauek ez dira diruz lagungarriak:
–Edozein eratako zergak, lizentziak, baimenak edo antzeko gastuak.
–Lokala edo tailerra erosteko inbertsioak.
–Dirulaguntza eskatzen duen enpresak berak egindako lanak, ez eta eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jarduketaren emailea, edo autofakturazioa ekartzen ahal duen antzeko kasuren bat gertatzen denean ere.
–Ondasun suntsigarriak eta lehengaiak eskuratzea, edo produktuaren elaborazioan parte hartzen duten gastuak.
–Bigarren eskuko makineria eta ekipamendua erostea.
–Artisautza prozesuarekin zerikusia ez duten altzari, ekipamendua edo tresnak erostea, non ez diren hartarako guztiz ezinbestekoak.
–Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, artisautzako jarduera profesionalerako ez diren eta artisautzarekin zuzenean eta bete-betean lotuta ez dauden eraikin eta inbertsioen zati proportzionalari dagokion gastua.
–Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, proiektu teknikoaren idazketaren eta obra zuzendaritzaren zati proportzionalari dagokion gastua, artisau tailerrari ezin egotzi zaion inbertsioagatik.
2. Dirulaguntzaren zenbatekoa.
2.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza itzuli beharrik gabeko laguntza da, inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoari (BEZa kanpo) %50eko portzentajea aplikatuz zehaztuko dena.
2.2. Hauxe da eskatzen den gutxieneko inbertsio diruz lagungarria (BEZa kanpo), dirulaguntza jasotzen ahal duten jarduketen arabera:
–Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea: 6.000 euro.
–Artisau tailerren ekipamendua: 500 euro.
2.3. Hauxe da gehieneko dirulaguntza, jarduketa diruz lagungarrien arabera:
–Artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu edo hobetzea: 5.000 euro.
–Artisau tailerren ekipamendua: 3.000 euro.
6. oinarria.–Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan, eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7995/Subvenciones-para-inversiones-de-empresas-artesanas-de-2019), hemendik aitzina laguntzaren fitxa deituko duguna; fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko ondoren aurkeztu ahal izatea eskaera telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoarekin bat.
b) Pertsona fisikoen kasuan, eskaerak, ahal izanez gero, telematika bidez aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, ezin bada, aurrez aurre Iruñeko Navarreria kaleko 39an dagoen erregistro bulegoan, edo beste erregistroetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako araubide iragankorrarekin bat. Nolanahi ere, eskaera ez bada aurkezten Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa formatu digitalean aurkeztuko da, lehentasunez (DVD, USB).
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, nahitaez eman beharko zaio horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, mezu elektroniko bat igorriz artesanianavarra@navarra.es helbidera, aurkeztutako eskabidearen kopia bat gehituta, aurkezpen data bertan adierazita.
c) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira nahitaez, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 16.8 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzaren fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak.
d) Dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, nahitaez, zazpigarren oinarriko baremoan ezarritako c) balorazio irizpidea aplikatzen dela frogatzeko agiriak. Hortaz, eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten badira edo haiek zuzentzeko modurik ez badago, ez dira aintzat hartuko.
3. Eskatzen den dokumentazioa.
Eskaeraren berariazko inprimakiari erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Telematika bidez aurkezten bada, agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira:
3.1. Enpresa eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
a) Berariazko betebeharren frogagiriak.
Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du 4. oinarri arautzailean ezarritako berariazko betebeharrak betetzen diren.
b) Erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako dokumentazioa.
–Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar da ordezkaritza; ondorio horietarako, dirulaguntzaren eskabidean horretarako finkatutako erantzukizunpeko adierazpena betez ere frogatzen ahalko da hori.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, azkeneko hiru urte fiskaletan –aurtengoa barne– administrazio honek edo beste batek Europar Batasuneko de minimis arauari jarraikiz eman dizkion dirulaguntzen berri ematen duena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren xedeko kontzeptu berentzat eskatu edo jasotako beste dirulaguntzei buruzkoa.
–Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, enpresa eskatzaileak lehenbizikoz kobratzen baditu laguntzak, edo abonatzeko kontua aldatu nahi izanez gero.
Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko inprimakian jasota daude.
3.2. Jarduketa diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.
a) Memoria teknikoa eta ekonomikoa, 2018ko azaroaren 17tik 2019ko azaroaren 17ra arteko epean egindako edo aurreikusitako jarduketak deskribatu, eta honako alderdi hauen gaineko informazio zehatza bilduko duena:
–Egindako edo aurreikusitako inbertsioen kontzeptuak eta zenbatekoak, exekuzioaren faseak, zer egoeratan dauden dirulaguntza eskatzen den unean eta haiek gauzatzeko aurreikusten den egutegia.
–Zergatik den komenigarria inbertsio horiek egitea eta noraino diren baliagarriak artisautza produktuak prestatzeko prozesuan.
b) 2018ko azaroaren 17tik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako inbertsioetarako: egindako inbertsioen fakturen kopia.
c) Eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita 2019ko azaroaren 11 bitarte egindako inbertsioetarako: aurrekontuak, proiektuak edo proformako fakturak, egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituztenak; ez dira inoiz onartuko eskatzailearen uste edo balorazioetan oinarritzen diren gastu zenbatespenak.
d) Obra bat gauzatzen den kasuetan (artisau tailerrak instalatu, lekuz aldatu, berritu eta modernizatzea), gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, edo, aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek (artisau tailerren ekipamendua) ekipamendu-ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan, 12.000 eurotik gorakoa, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Adierazpen hori dirulaguntza justifikatzeko inprimakian sartua dago.
Dokumentazio hori dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada dirulaguntza-eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.
Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, dirulaguntza kudeatzen duen organoaren ustez, ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera hautatu izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa baizik ez da diruz lagunduko.
3.3. Balorazio irizpideak frogatzeko agiriak.
7. oinarri arautzailean ezarritako balorazio irizpideak, a) eta b) irizpideen kasuan, kudeaketa organoak aplikatuko ditu ofizioz, eta kasu bakoitzari dagokion puntuazioa emanen du.
c) irizpidea aplikatzeko, berriz, beharrezkoa izanen da enpresa eskatzaileak hurrengo oinarri arautzailean eskatzen diren frogagiriak aurkeztea eskaerarekin batera. Dokumentazio hori eskaerak aurkezteko epetik kanpo aurkezten bada, ez da inondik inora baloratuko.
7. oinarria.–Dirulaguntzaren balorazio irizpideak eta hura emateko parametroak.
1. Dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuz esleituko dira dirulaguntzak, jarraian ezartzen den baremoa aplikatuta ateratzen den ordenari jarraikiz (puntuazio handienetik txikienera), harik eta aurrekontuko dirua bukatzen den arte.
2. Dirulaguntzak emateko lehentasun ordena ezartzearren, honako baremo hau aplikatuko da:
a) Enpresaren tamaina: dirulaguntza eskatzeko inprimakiarekin batera doan erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da, eta puntuazio hau emanen da:
Mikroenpresa | 8 puntu |
Enpresa txikia | 4 puntu |
b) Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako artisautza enpresen inbertsioetarako tramitatutako dirulaguntzen deialdietan (2015., 2016., 2017. eta 2018. urteetan) enpresa eskatzaileak guztira jasotako dirulaguntzen arabera, honako puntuazioa emanen da:
Epe horretan dirulaguntzarik jaso ez bada | 14 puntu |
1.000 euroko edo gutxiagoko dirulaguntzak jaso badira | 12 puntu |
1.001 eta 2.000 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira | 10 puntu |
2.001 eta 3.000 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira | 8 puntu |
3.001 eta 4.000 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira | 6 puntu |
4.001 eta 5.000 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira | 4 puntu |
5.001 eta 6.000 euro bitarteko dirulaguntzak jaso badira | 2 puntu |
6.000 eurotik gorako dirulaguntzak jaso badira | 0 puntu |
c) Artisau tailerra jendeari irekitzea, bisitariei harrera egiteko. Artisau tailerrean bisita orduak egotea baloratuko da, baita turistak, bisitariak eta bezeroak hartzeko aukera ematea ere. 2 puntu emanen dira ezarritako egutegi bat edo irekiera ordutegi argi, zehatz, egonkor eta egiaztagarri bat dagoenean, artisau tailerra urtean 20 egunez irekita egoteko bidea emanen duena, gutxienez. Hori frogatzeko, honako hauek aurkezten ahalko dira: agiriak, publizitate euskarriak, iragarkiak, artisautza enpresaren webgunea eta abar, salbu eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren turismoko webgunean eskuragarri badago (www.nafarroa.eus).
a) eta b) irizpideak ofizioz aplikatuko ditu kudeaketa organoak; c) irizpidea aplikatzeko, berriz, 6.3.3 oinarri arautzailean ezarritakoari men eginen zaio.
3. Puntu berdinketa izanez gero, irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik berdinketa hautsi arte:
–Enpresa noiz inskribatu zen Nafarroako Artisautza Enpresen Erregistroan; antzinatasun handiena duena lehenetsiko da.
–Oinarri honen 2.b) irizpidearen arabera lortutako dirulaguntzen zenbateko osoa; diru gutxien jaso duten enpresak lehenetsiko dira.
–Dirulaguntza-eskaera aurkezteko unean inbertsio guztiak bukatuak eta gauzatuak dituzten enpresak; enpresa horiek lehenetsiko dira gainerako eskaeren aurretik.
–Proiektuaren inbertsio diruz lagungarrien bolumena; diru zenbateko handiena duten proiektuak lehenetsiko dira.
8. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.
Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
2. Eskaera osorik eta zuzen dagoela egiaztatu eta gero, espedientea 7. oinarrian ezarritakoari jarraituz baloratuko da, lehentasun ordena lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da, handienetik txikienera, eta kasuan kasuko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko, 5. oinarri arautzailean ezarritakoarekin bat.
3. Aurrekontuan diru aski ez egotearen ondorioz, erabilgarri dauden funtsak nahikoak ez badira eskaera bati dagokion dirulaguntza osoa ordaintzeko, kudeaketa organoak ondoriozko dirulaguntzaren proposamenaren berri emanen dio enpresa eskatzaileari. Enpresak 5 egun baliodun izanen ditu jakinarazten zaion dirulaguntzaren proposamena onartzeko edo ukatzeko.
–Epe horretan enpresak ez badu jakinarazten proposamena onartu edo ukatzen duen, ulertuko da onartzen duela eta espedientearen tramitazioak aurrera eginen du.
–Enpresak dirulaguntzaren proposamena onartzen ez badu, hurrengo eskaera ebaluatu eta aztertuko da, eta, hala badagokio, berriz modu berean jokatuko da.
Ez da inoiz 250 eurotik beherako dirulaguntzarik emanen.
Dirulaguntzen deialdia ebatzi ondoren, eta, bakar-bakarrik, kasu honetarako eta, betiere, salbuespen gisa, emandako dirulaguntzaren bati uko egiten bazaio edo justifikatzen diren inbertsioak aurreikusitakoak baino txikiagoak badira, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak soberakin hori erabiliko du goian aipatutako eskaerari zegokion dirulaguntza osatzeko, onartu zitzaiona berdindu arte, ahal izanez gero. Bestela, soberakinarekin, ahal dena osatuko da.
4. Dirulaguntzak lehen adierazitakoari jarraituz banatzearen ondorioz deialdiaren aurrekontuko baliabideak agortzen direnean, gainerako eskaerak berariaz ezetsiko dira.
5. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da deialdiaren organo kudeatzailea, behar den ebazpen proposamena igorriko diona Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.
6. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko organo eskuduna. Dirulaguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.
7. Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, berariazkoak izan edo presuntziozkoak, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
9. oinarria.–Enpresa onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzak hartzen dituzten enpresek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresa onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori, ez bada enpresak berariaz horren aurka agertzen direla. Kasu horretan, enpresek aipatutako frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2. Onuradunak pertsona juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak badira, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntza jasotzen duten entitateek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxan dagoen ereduaren araberakoa; hori guztia irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.
3. Diruz laguntzen diren inbertsioak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea.
4. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak abian jartzea edo, hala badagokio, artisau tailerra abian jartzea 2020ko uztailaren 1a baino lehen; hala egin ezean, jasotako zenbateko guztiak itzultzea eskatuko da, dagokion berandutze-interesarekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari diruz laguntzen den jarduketa ez dela egin behar deialdian ezarritako epearen barrenean eta, beraz, uko egiten zaiola dirulaguntzari. Betiere, enpresa onuradunak horren berri jakin bezain laster jakinarazi beharko du, epe horren zain egon gabe.
6. Dirulaguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, hura gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
Oinarri honen 5. eta 6. ataletako komunikazioak posta elektronikoaren bidez eginen dira, artesanianavarra@navarra.es helbidera idatziz.
7. Dirulaguntzaren xede diren ondasunak gutxienez ere 2 urtez edukitzea etenik gabe enpresak Nafarroan duen jarduerari atxikita, inbertsioak abian jartzen direnetik hasita, edo ondasunaren balio-bizitzak iraun bitartean, hori laburragoa bada. Ondasunak erregistro publiko batean inskribatzen ahal badira, epe hori gutxienez zazpi urtekoa izanen da. Inbertsioak abian jartzen direnetik hasiko da epe hori kontatzen.
8. Nafarroako Artisautza Erregistroan inskribaturik irautea inbertsioak abiarazi ondorengo bi urteetan, edo inbertsioen balio-bizitzak iraun bitartean, azken hori laburragoa bada.
9. Dirulaguntza honen xedeko jardueren finantzaketaren izaera publikoa behar bezala zabaltzea; zehazki, artisau tailerrean, ongi ikusteko moduko toki batean, kartel bat jarri beharko da, laguntza honen fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, eta bi urtez mantendu, dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera.
10. oinarria.–Egindako inbertsioak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Justifikazioa aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako ekintzen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez, 2019ko azaroaren 11n.
2. Justifikazioa aurkezteko modua.
Justifikazioa 6.2 oinarri arautzailean eskabideak aurkezteko aurreikusitako modu berean aurkeztuko da, laguntza honen fitxan eskuratzen ahal den justifikaziorako berariazko inprimakia erabiliz, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.
Eskaera aurkezten den egunean dirulaguntzaren xedeko jarduketa guztiak amaituak, fakturatuak eta ordainduak baldin badaude eta inbertsioa abian jarri bada, justifikazioa dirulaguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da.
3. Egindako inbertsioak frogatzeko dokumentazioa.
Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, enpresa onuradunek justifikatu beharko dute egin direla. Horretarako, laguntza honen fitxan eskura daitekeen justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, dokumentazio honekin batera, eta telematikoki aurkezten bada, behar bezala identifikatutako agiri bereizien bidez eskaneatuta:
a) Azken txostena, egindako jarduketa guztiak xehetasunez deskribatzen dituena, bai eta hasieran aurreikusitako proiektuan izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, haiek diruz lagundutako kontzeptuen arabera elkartuta eta dataren arabera ordenatu eta zenbakituta, hornitzailea identifikatuta eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta noiz eta nola ordaindu den adierazita, laguntza honen fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat.
c) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren enpresa onuradunaren izenean jaulki beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaera aurkeztearekin batera erantsitako fakturak aurkeztea.
Ez dira onartuko 100 eurotik beherako faktura justifikatzaileak (BEZa kenduta).
d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.
Ordainketa enpresa onuradunak eginen du, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria edo enpresaren kreditu edo zordunketa txartela erabiliz. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitateak egin eta enpresaren kontuan zordundutakoa. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuak egon beharko dute.
Espediente bakoitzeko, 1.000 euro arte (BEZa barne) eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileek sinatu eta zigilatutako hartu-agiriak aurkezten baditu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.
e) Artisau tailerraren kanpoko nahiz barneko argazkiak, aurreko egoera eta jarduketak egin ondokoa egiaztatzeko aukera ematen dutenak, bai eta diruz lagundutako aktibo finkoenak ere.
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso izanaren berri ematen duen betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak, 9.9 oinarrian ezarritakoarekin bat.
g) Etxebizitza partikularrean eta artisau tailerrean eragina duten obren kasuan, arkitektoaren edo obra zuzendariaren ziurtagiria aurkeztuko da, egindako inbertsioen guztirakotik artisau tailerrari zuzenean zenbat egozten ahal zaion frogatzeko.
h) Adierazpena, dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak). Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.
11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Frogagiriak aztertu ondoren, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta enpresa onuradunak dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duen txostena gehituko zaio.
Frogagiriak aurkeztu, aztertu eta onartu ondoren emanen da dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, aurreko oinarri arautzailean ezarritakoari jarraikiz.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, inbertsioak aurkeztutako proiektuarekin bat datozela eta inbertsioen justifikazioa alderdi guztietan zuzena dela egiaztatu ondoren.
2. Eskaera aurkezten den egunean dirulaguntza-eskaeraren xede diren inbertsio guztiak bukatuak, fakturatuak eta ordainduak badaude eta abian jarri badira, dirulaguntza emateko ebazpen berean aginduko da dirulaguntza ordaintzea.
3. Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak abian jarri behar badira edo tailerra ireki behar bada diruz lagundutako jarduketak egin direla justifikatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, kasu horretan dirulaguntza ordaindu eginen da baldin eta dirulaguntzaren xede diren inbertsioak abian jartzen badira edo artisau tailerra irekitzen bada 2020ko uztailaren 1a baino lehen.
12. oinarria.–Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
1. Inbertsioen frogagiriak 2019ko azaroaren 11tik aurrera aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
2. Diruz lagundutako jarduketak gauzatzen badira aurreikusitako eta eskatutako prezioan baino merkeago, murrizketa hauek eginen dira:
–Justifikatzen den zenbatekoa ikusita, onartutako dirulaguntzaren %70 baino gutxiago ordaindu behar bada, dirulaguntza %50 murriztuko da.
–Justifikatzen den zenbatekoa ikusita, onartutako dirulaguntzaren %50 baino gutxiago ordaindu behar bada, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
3. Deialdi honetako 9.4 oinarri arautzailean inbertsioak abian jartzeko ezarri den data errespetatzen ez bada (2020ko uztailaren 1a), jasotako diru kopuru guztiak itzuli beharko dira, behar diren berandutze-interesekin batera.
4. Dirulaguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ondorio horietarako, 9.7 eta 9.8 oinarri arautzaileetan ezarritako epeei dagokienez, zenbat denbora falta den enpresa onuradunak dirulaguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikiak izateko epea bukatzeko, horren zuzeneko proportzioan eginen da itzuli beharreko dirulaguntzaren kalkulua.
13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek emandako beste dirulaguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu egin beharreko jardueraren kostua.
2. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bati emandako de minimis laguntza guztien batura gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da 3 zerga ekitaldiko edozein alditan.
14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren dirulaguntzak laguntza honen fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
15. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F1903523
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
