1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
25/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 28koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako, eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dira.
Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.
Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak (zeinaren bidez arautzen baita baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan) esku artean hartzen ditu teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, alde batetik zergapekoek errazago bete ahal izateko zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak); bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzeko; eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.
Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.
Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistro diseinuak. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadunei dagokienez, fitxategi bat bide telematikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro diseinuetara egokituko da fitxategi hori.
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak sartutako aldaketetara egokitu behar da S90 eredua.
Lehendabiziko aldaketaren xedea tratamendu simetrikoa ezartzea da, salbuespenerako eskubidea duten partaidetzen eskualdaketan lortutako errenta positiboen eta eskualdaketa horietan gerta daitezkeen errenta negatiboen artean. Horrela, errenta positiboak ez direnez integratzen zergapetze bikoitza kentzeko salbuespenaz baliatuz, salbuespena izan dezaketen partaidetzen eskualdaketetan gertatzen diren galerak ere ez dira kengarriak izanen.
Bigarren aldaketa, aurrekoarekin lotuta, entitateetako partaidetzen hondatzeak eragindako galeren tratamendu fiskala aldatzean datza.
Partaidetzetako hondatzeak bi motakoak izan daitezke. Batetik, partaidetza ez adierazgarriek, hau da, zergapetze bikoitzagatiko salbuespenaz baliatu ezin daitezkeenek izan dezaketen hondatzea. Bestetik, partaidetza adierazgarriek, hau da, zergapetze bikoitzagatiko salbuespenaz balia daitezkeenek, izan dezaketen hondatzea. Partaidetza adierazgarriak eskualdatzen direnean, hondatzeagatiko galerak ez dira kengarriak izanen, kontabilitate-balioaren eta balio fiskalaren arteko tartea iraunkorra izanen delako eta ez delako inoiz itzuliko.
Kenkariei dagokienez ere zenbait aldaketa izan dira. Aldaketa esanguratsuena enplegua sortzeagatiko kenkariari buruzkoa da. Kenkarirako eskubidea emateko, plantillaren batezbestekoak izandako gehikuntzak baldintza hauek bete beharko ditu: langile berriak lan-kontratu mugagabedunak izatea, lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5 baino handiagoa dutenak. Gainera, kenkaria 5.000 eurokoa izanen da plantillaren batez besteko gehikuntza horretan dauden emakume eta urte bakoitzeko, eta gizonezkoen kasuan, berriz, kenkaria 2.500 eurokoa izanen da. Era berean, bi laukitxo gehitzen dira adierazteko zein diren aurreko ekitaldian kontratu mugagabea eta lanbide arteko gutxieneko soldata 100eko 70 gehituta baino handiagoa izan duten plantillen batez bestekoak, plantilla horiek mantentzen diren egiaztatze aldera.
Kenkari berri bat gehitu da energia berriztagarriak darabiltzaten instalazioetan eta ibilgailu elektrikoetan eginiko inbertsioengatiko kenkarien barruan: ibilgailu hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioagatiko kenkaria. S90 ereduan lauki desberdinetan agertzen dira, alde batetik, ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarrietan eginiko inbertsioak, eta bestetik, errekarga-sistemetan eginikoak.
Bestalde, higiezinetan egindako inbertsioak ibilgetuaren elementu berrietan egindako inbertsioengatiko kenkariaren esparrutik kendu dira.
Babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuengatiko kenkariari dagokionez, laukitxo bat gehitu da, babestutako kirol jarduera edo lehiaketetan emakumeek soilik parte hartzen duten edo lehiatzen diren adierazteko. Kasu horretan, kenkari-portzentajea 100eko 40koa izanen da, alde batera utzita kenkariaren oinarria zein den.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren autolikidazioaren eredua (S90) onestea.
1. Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.
Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.
2. Zergadun guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.
Behartuta daude aitorpena S90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.
3. artikulua. Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.
1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arte doan epearen barnean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.
Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.
2. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.
Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.
4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.
1. S90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz (horren bidez arautu zen baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan).
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (haren bidez onetsi zen aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa), aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.
Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.
3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten zergadunei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:
a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.
b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.
a) S90 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza-programa erabiliz, prozesu honi jarraitu behar zaio:
1. Aitorpena betetzea, laguntza-programa erabiliz.
2. Betetako aitorpena balidatzea.
3. Balidatutako aitorpena Internet bidez igortzea. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.
4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.
3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.
S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten zergadunek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.
Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek 2019ko apirilaren 30ean hartuko du indarra.
Iruñean, 2019ko otsailaren 28an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1902939