75. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

135/2015 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onesten duena 2018-2019 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 446399.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako bekak eta laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da 2018-2019 ikasturterako hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onestea 2018-2019 ikasturterako, I. eranskinaren oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 185.000 euroko gastua baimentzea: 170.000 euro Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta 15.000 euro derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako, 2019ko gastuen aurrekontuetan “Hezkuntza bereziko laguntzak” izeneko 420002-42190-4809-322400 partidaren edo baliokidea den partidaren kargura.

Deialdi honen xedea aukera berdintasunaren printzipioaren alde egitea denez, multzo batean gerakinik badago, beste multzo batean erabiltzen ahalko da, halakorik gertatzen bada, eta horrela eskatzaileentzako kalterik sortzen ez bada.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen 2018-2019 ikasturteko deialdia ondorengo oinarriek erregulatuko dute, eta horiek nahitaez bete beharko dira.

I.–Hezkuntza bereziko bekak

Lehendabiziko oinarria.–Onuradunak.

Hezkuntza bereziko beken xedea da behar duten eskatzaileei laguntzea ondoren aipatzen diren zentroetan edozein maila edo gradutako ikasketak egiteak sortzen duen gastua ordaintzeko: hezkuntza bereziko ikastetxeetan, landa eremuko hezkuntza bereziaren Gela Alternatiboetan (GA-AA), Trantsizio/garapenaren Nahasmendu Orokorreko unitateetan (TU/GNO-UT/TGD), Curriculum Bereziko Unitateetan (CBU-UCE), Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan (LHBZ-CFPE) eta entzuteko nahiz mugitzeko desgaitasuna duten ikasleentzako lehentasunezko integrazio hezkuntza zentroetan, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (NHBBZ-CREENA) ekipoek proposaturik.

Beka hauek kontzeptu hauengatik eskatzen ahal dira:

–Jantokia.

–Garraioa.

–Egoitza.

Ezin izanen da laguntza eskatu deialdi honetan beka eskatu bada.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren beka eskatua izatea 2018-2019 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo beka horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak beka aurkeztu ez izanaren arrazoia adieraziko du, arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du arrazoi hori.

Hezkuntza Ministerioaren beka ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdian agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskaerako oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoak diren agiriak, eskatu bazaizkio ere, ez aurkeztea.

Bestela, beka automatikoki ukatuko da.

2. Beka horiek eskatzeko lehendabiziko oinarrian kasu bakoitzerako aipatutako hezkuntza premia bereziak aurkeztu beharko dira eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izan beharko da.

3. Adinari buruzko baldintza: ikasleek hirutik hogeita bat urte bitarteko adina izanen dute 2018ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza da 2017-2018 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako bekarik edo laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, atal honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Beka jasotzen ahalko dute 2017. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2017. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Betebehar hori ez da eskatuko Hezkuntza Bereziko zentroetarako eskolako garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, 1. puntuko baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (NHBZ) proposatuta, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (GA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (TU/GNO) eskolatuta dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan.

4. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

5. Eskaera aurkezten den egunerako, 2017. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

6. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

7. Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Bekak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, Hezkuntza Bereziko bekak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

a) Jantokia (mantenu erdian): 300 euro gehienez. Herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD) ez da kontuan hartuko muga hori.

b) Garraioa: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da, aurrekontu merkeenetik abiaturik kalkulatuta. Google Maps aplikazioaren arabera ibilbide laburrena zein den, horrexek balioko du kilometroak zenbatzeko.

Garraiobidea ibilgailu partikularra bada eta eskatzaile batzuek konpartitzen badute, gasturako beka eskatzaile horien artean banatuko da.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez, baldin familiaren etxetik ikastetxera 30 kilometrotik gora badago. Laguntza hau eta jantokiko beka bateraezinak dira.

2. Bekak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Beken kasuan, aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugen barruan kalkulatuko da dirulaguntza. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, bekak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du dirulaguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. 2018-2019 ikasturterako bekak eskatzeko, www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile-ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, INSS...) informazioa eskatzeko, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta bekak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

Hezkuntza Departamentuak familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen datu ekonomiko-finantzarioak eskura ditzake Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko:

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Behin beterik eta igorririk ezarritako prozedura telematikoaren bidez, beka eskaera aurkezturik eta sinaturik geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (pdf fitxategia) paperean inprimatzea, ezta inon ere fisikoki aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua osatzen ez duten eskaerak, bide telematikoaz beterik egonda ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Beka aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzaileari baino ez dagokio eskaera behar bezala betetzea eta epearen barnean aurkeztea.

Nolanahi ere, eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Beken eskaerei agiri hauek, ongi irakurtzeko moduan, erantsi behar zaizkie:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2017an aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Eskabidea zer kontzeptutarako eskatzen den, horiengatik familiak 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitarte pagatzen duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2017. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:

f.1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

g) Ikastetxeko orientatzailearen txostena, adierazten duena zer modutan dagoen eskolatuta beka eskatzen duen ikaslea.

3. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

II.–Laguntzak, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako

Lehendabiziko oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuta dauden eta hezkuntza laguntzako berariazko premia hauek dituzten ikasleentzako laguntzak:

–Desgaitasun psikiko, fisiko, zentzumenezko edo mugitzeko nabarmenari lotutako hezkuntza premia bereziak.

–Portaeraren nahaste larriak.

–Bere ikastetxeko prestakuntza osatzeko jarduerak behar dituzten adimen gaitasun handiak.

–Logopediako arreta behar duen hizkuntzaren berariazko nahastea edo atzerapena. Hizkuntza atzerapena dagoela ulertuko da lagin normatiboarekiko aldea urte eta erdikoa edo bikoa denean arlo horretan, garapen eskalen bidez edo estandarizatutako testen bidez neurtuta.

AFN-H (arreta faltagatiko nahasmendua eta hiperaktibitatea) curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapenarekin.

–Curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapena ekarri duten ikasteko berariazko zailtasunak.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleetan edo etxean berean arreta emateko programetan laguntzen zaien ikasleentzako laguntzak.

–Logopedia laguntzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, salbuespen hauekin: NHBBZren batzorde teknikoaren oniritziarekin Curriculum Bereziko Unitateetan (CBU) edo Bigarren Hezkuntzako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (Bigarreneko AA) eskolatutako ikasleak.

–Logopediako arreta ahotsaren eta erritmoaren nahasteetarako (disfoniak, disfemiak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Kasu guztietan, laguntzatik kanpo geratzen dira curriculuma egokituz edo aniztasunarekiko arretarako ohiko edo ohiz kanpoko baliabide pertsonalen bidez ikastetxean bertan jorratzen ahal diren arazoak.

Ezin izanen da laguntza eskatu, orobat, deialdi honetan beka eskatu bada.

2. Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleentzako laguntzak, Nafarroako Foru Komunitateko derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako unibertsitatez kanpoko ikastetxe batean dauden horientzat, laguntza pedagogiko berezia behar dutenean.

Honako hauek osatzen dute derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak eta maila ertaineko eta goi mailako Kirol Ikasketak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren laguntza eskatua izatea 2018-2019 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo laguntza horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak beka aurkeztu ez izanaren arrazoia adieraziko du, arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du arrazoi hori.

Laguntza ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdian agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskaerako oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoak diren agiriak, eskatu bazaizkio ere, ez aurkeztea.

Bestela, laguntza automatikoki ukatuko da.

2. Laguntza horiek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenengo oinarrian kasu bakoitzerako jasotzen diren hezkuntza premia bereziak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

3. Adinari buruzko baldintzak:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenentzako laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatuta dauden ikasleek 3tik 18 urte bitarteko adina izanen dute 2018ko abenduaren 31n.

b) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16tik 21 urte bitarteko adina izanen dute 2018ko abenduaren 31n.

4. Ezinbesteko baldintza da 2017-2018 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik edo laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Dirulaguntza jaso ahal izateko, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2018ko irailetik 2019ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute 2017. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2017. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

3. Eskaera aurkezten den egunerako, 2017. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

4. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

5. Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Laguntzak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

1.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleentzako laguntzak:

a) Hezkuntza premietarako laguntza: 1.300 euro gehienez.

b) Gaitasun handia dutenendako laguntza: 700 euro gehienez.

c) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa bizilekutik 8 km-ra baino gehiagora dagoenean.

1.2. Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleentzako laguntzak, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako unibertsitatez kanpoko ikastetxekoak, laguntza pedagogiko berezia behar dutenean:

a) Laguntza: 1.500 euro gehienez.

b) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa bizilekutik 8 km-ra baino gehiagora dagoenean.

2. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Laguntzen kasuan, aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugen barruan kalkulatuko da dirulaguntza. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, laguntzak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du dirulaguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. 2018-2019 ikasturterako laguntzak eskatzeko, www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile-ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, INSS...) informazioa eskatzeko, laguntza eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

Hezkuntza Departamentuak familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen datu ekonomiko-finantzarioak eskura ditzake Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomikoen gaineko ezagutza osatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Behin beterik eta igorririk ezarritako prozedura telematikoaren bidez, laguntza eskaera aurkezturik eta sinaturik geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu (pdf fitxategia) papereratzea, ezta inon ere fisikoki aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua osatzen ez duten eskaerak, bide telematikoaz beterik egonda ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzaileari baino ez dagokio eskaera behar bezala betetzea eta epearen barnean aurkeztea.

Nolanahi ere, eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleentzako laguntza-eskaerek, Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta unibertsitatez kanpoko derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako ikasleentzat direnek, laguntza eskaerei honako agiri hauek eduki beharko dituzte, ongi irakurtzeko moduan:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2017an aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Eskaera zer kontzeptutarako eskatzen den, kontzeptu horiengatik familiak irailetik ekainera bitarte ordaindu duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2017. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:

f.1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

3. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleentzaako laguntzen eskaerei honako agiri hauek ere erantsi beharko zaizkie:

a) Ikastetxeko orientatzailearen txostena. Bertan adierazi behar da ikasleak nolako hezkuntza premia berezia duen, laguntzaren helburuak zeintzuk diren eta zergatik behar duen ikastetxetik kanpoko laguntza.

b) Laguntza eman behar duen entitatearen txostena, programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuta, eta laguntzaren kostuaren aurrekontua ziurtatzen duen agiria.

c) Garraioaren kostuaren aurrekontua, laugarren oinarrian, 2. puntuan, c atalean, aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen denean.

4. Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleentzako laguntza-eskaerek, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako unibertsitatez kanpoko ikastetxean dabiltzanentzat, laguntza pedagogiko berezia behar dutenean, ondoko agiri hauek eduki beharko dituzte:

a) Ikastetxeko orientazio departamentuaren aldeko txostena, laguntza pedagogikorako.

b) Minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria, ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko desgaitasunaren gradua %33koa edo handiagoa dela adierazteko, edo/eta medikuaren ziurtagiria nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleentzat.

5. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

III.–Oinarriak, hezkuntza bereziko beketarako eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzetarako

Lehen oinarria.–Deialdiaren izaera.

Beka eta laguntzetarako deialdi hau Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdien osagarria da, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gobernuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari.

Bigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak, ebazpen baten bidez, ebaluazio batzordeak egindako txostenaren arabera, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena egin ondoren.

2. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitaterako Zerbitzuetako profesional bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari (NHBBZ) atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

3. Hezkuntza Departamentuak, espedienteak ikusi eta horietan agertzen diren datuak egiaztatu ondoren, dokumentazioa, txostenak edo argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, beharrezkoak badira.

Hirugarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako bekak eta laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beka eta laguntzekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Laugarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpenaren bidez onetsiko du emandako eta ukatutako beka eta laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie.

Gainera, emandako beka eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

2. Zuzenketak eta erreklamazioak.

2.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrekotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratzen den biharamunetik. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.

2.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Horretarako 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik.

2.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkezten ahal dira.

3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du onartutako eta baztertutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako. Beka eta laguntzen behin betiko zerrenda interesdunei eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei posta elektronikoaren jakinaraziko zaie, eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

4. Onartutako eta baztertutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bosgarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Laguntzak eta bekak kobratzeko, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Justifikazioa aurkezteko epea hamar lanegunekoa izanen da, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik. Jakinarazpena egiteko, emandako eta ukatutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren zerbitzu katalogoan. Justifikatzeko dokumentuak aurkezteko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliko da. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Garraio, jantoki eta egoitzako beken kasuan, ordainketa eskatu den egunera arte ikastetxera joan izanaren ziurtagiria, eta behar diren zenbatekoen ordainketan egunean izatearen ziurtagiria.

Garraioaren kasuan, honela eginen da:

–Eskola autobusa: ordainketaren ziurtagiria, ikastetxeak egina, pagatutako zenbatekoa zehaztuta.

–Garraio erregularreko linea eta norberaren ibilgailua: bertaratutako egunen gaineko ziurtagiria, ikastetxeak egina.

–Taxia: zerbitzu horrengatik ordaindutako fakturak.

b) Laguntzen kasuan, hura non eman zaion, ikastetxe horrexek edo behar bezala kreditatutako profesionalak luzatutako ziurtagiria, ondoko hau jasota: zer laguntza eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan egin den eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Bekak eta laguntzak ordaintzeko baimena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Eskaera aurkezten denean ikaslea zein ikastetxetan eskolatua dagoen, hari ordainduko zaio zuzenean, eta hori arduratuko da onuradunen aitari, amari edo legezko tutoreei ordaintzeaz.

3. Nolanahi ere, beken eta laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Seigarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan galtzen ahal dituzte emandako laguntzak, aurrez espedientea ireki eta eskaeran adierazitako datuak ea benetakoak diren aztertu eta gero, datu horietan oinarrituta eman baita laguntza. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak irekiko eta ebatziko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, hartutako diru kopuruak itzuli beharko dira, galarazi gabe eskatzaileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Zazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Eskaera aurkezteak berekin dakar honako hau:

1. Onartzen dituela deialdi honen oinarriak, hartarako eskatzen baitu beka edo laguntza.

2. Jakin badakiela deialdi hau Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdien osagarri dela, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Nafarroako Gobernuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari.

3. Betebeharrak betetzea dela eta: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ez egotea, hots:

–Epai irmo baten bidez ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua ez egotea.

–Konkurtso baten deklarazioa eskatu ez izana eta/edo prozeduraren batean kaudimengabea deklaratua ez izatea eta/edo konkurtso batean partaide gisa deklaratua ez izatea eta/edo esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta/edo desgaitua ez izatea Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, non eta konkurtsoa kalifikatu duen epaian finkatutako desgaikuntzaldia bukatu ez den.

–Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko ebazteko bide eman ez izana, ebazpenaren kausaren errudun deklaratu badute.

–Ez egotea indarreko araudian ezarritako bateraezintasuneko kasuetan.

–Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

–Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko aukeraz gabeturik ez egotea.

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

4. Datuak gaurkotzea dela eta: hitzematen duela adierazpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi adieraziko diola idatziz, jakinarazten denetik 15 egun naturaleko epean gehienez ere, eta helburu bererako laguntza eskatu dien gainerako entitate publikoei ere adieraziko diela.

5. Eskaera honetan jarritako datuen egiazkotasuna dela eta: aitortzen du eskaera honetan emandako datuak benetakoak direla, eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen dituela.

6. Informazioa eskuratzea dela eta:

–Deialdia egin duen administrazio unitateak ahalmena du zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak baliabide telematikoen bitartez eskatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz eta otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan (51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa) jasotakoarekin bat (209/2003 Errege Dekretuak erregistro eta jakinarazpen telematikoak eta, ziurtagiriak aurkeztu ordez, herritarrek egiten duten baliabide telematikoen erabilera arautzen ditu).

–Eskaera egiteko inprimakia betetzean lortzen diren datuak fitxategi automatizatu batean erregistratzen ahal dira. Datuok Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Nahi izanez gero, datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak erabil daitezke legedian aitortutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora Nagusira joz (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña).

7. Ez dagoela sartuta Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste dirulaguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru-itzulketa edo zehapen prozedura batean.

8. Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko frogagiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

9. Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan eskuratzeari, horretarako eskaeran adierazi duen posta elektronikoaren bidez. Komunikazio hauek ez dute ondoriorik, informazioa emate hutsa baizik.

Iragarkiaren kodea: F1904220