75. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

51/2019 FORU DEKRETUA, apirilaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio departamentu bakoitzaren egitura organikoa onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta abuztuaren 12ko 58/2015 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura.

Irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez, aipatu departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bertan, departamentuko administrazio unitate guztiak eta bakoitzari dagozkion eginkizunak zehatz-mehatz arautu ziren.

Foru dekretu honen bidez foru dekretu hura aldatu nahi da, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren eginkizunak beste modu batean banatzeko, funtzionamenduaren efizientzia eta eraginkortasuna hobetzeko.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 10ean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren aldaketa.

Bat.–19. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“19. artikulua. Museoen Zerbitzuaren eginkizunak.

Museoen Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Museoen plangintza prestatzea eta horien kudeaketa administratiboaz arduratzea.

b) Nafarroako museoen sistemaren arduradun edo buru izatea, eta sistema horretan dauden organoei dagozkien eginkizunak prestatu, erraztu eta bideratzea.

c) Museoen inguruko administrazio jarduketak eta jardueren programazioak planifikatu eta kontrolatzea.

d) Museoetako bildumak kontserbatu, babestu eta ezagutarazteko irizpide teknikoak ezartzea.

e) Museoetako bildumak ikuskatzea, indarra duen legediak ezarritako moduan.

f) Museoen eta bilduma museografiko iraunkorretan ondasunen kontserbazioa, ikerketa, erakusketa eta zabalkundea sustatzea.

g) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren museoak eta beren funtsak zuzentzea eta kudeatzea, eta funtsak kontserbatu, handitu, ezagutarazi eta hedatzeko programak burutzea.

h) Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak museoen arloan sustatzen dituen programa guztietan parte hartzea.

i) Museoetarako eta bilduma museografiko iraunkorretarako ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

j) Museo eta bilduma museografiko iraunkor gehiago sortu eta egokitzea.

k) Nafarroako museotako eta bilduma museografiko iraunkorretako funtsak Interes Kulturaleko Ondasun eta Ondasun Inbentariatu deklaratzeko espedienteetarako txostenak egitea.

l) Museo eta bilduma museografiko iraunkorrak ezagutzeko espedienteak tramitatzea, indarreko legediaren arabera.

m) Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren Erregistroa prestatzea eta eguneratzea.

n) Nafarroako museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako funtsen inbentario orokorra prestatu eta eguneraturik edukitzea.

ñ) Museoei eta bilduma museografiko iraunkorrei aholku eta laguntza ematea.

o) Museoen eta bilduma museografiko iraunkorren zabalkunde jarduerak, hedapen jarduerak eta jarduera didaktiko eta pedagogikoak gauzatzeko jarduketak eta programak lagundu eta koordinatzea.

p) Nafarroako Ondare Etnologikoa eta Nafarroako Kultur Ondare Immateriala dokumentatu, babestu eta zabaltzea.

q) Nafarroako Kultur Ondare Immaterialaren Inbentarioa prestatu eta eguneratzea.

r) Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

s) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

Bi.–20. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“20. artikulua. Museoen Zerbitzuaren egitura.

Museoen Zerbitzuak Nafarroako Museoaren Atala dauka atxikita.”

Hiru.–Kendu egiten da 21. artikulua.

Lau.–27. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“27. artikulua. Kultur Ekintza Zerbitzuaren eginkizunak.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Sustapen, plangintza, koordinazio eta promozio lana egitea, herritar guztiek eskura izan dezaten kalitatezko arte eskaintza askotariko bat, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan banatua.

b) Nafarroako Foru Komunitateko sortzaile eta artistak ezagutarazten eta balioesten laguntzea eta horretarako erraztasunak ematea.

c) Arte programa berekiak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, sektorearen garapena eta kultur eskaintza sendotu eta osatzeko asmoarekin.

d) Kultura aniztasuna sustatzea herritarren artean. Herritarren parte-hartze horizontala, oro har, eta eragile kultural eta artistikoena, bereziki, sustatzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eragin-lerroen eta programen informazio, antolaketa eta ebaluazio prozesuetan.

e) Arte eta kultur eskaintza koordinatzea eta arte eta kultur entitateen sorrera eta garapena sustatzea Kultura Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuekin batera.

f) Toki entitateekin batera lan egitea artea eta kultura hedatzeko.

g) Arte eta kultur programak egiten dituzten beste kultur eragile batzuekin batera lan egitea, hala nola entitate publiko eta pribatuekin, herritarren elkarteekin eta talde artistikoekin.

h) Arte arloko talentua eta sorkuntza lagundu, erraztu eta sustatzea, kalitatea sustatzen duten irizpideen bidez, baita herritarren arte jardun ezberdinak ere, hala zuzenean nola hirugarrenekin elkarlanean.

i) Arteen publiko eta audientziak sortu, trebatu eta fidelizatzea.

j) Kultur eskaintzaz gozatzeko herritarrek izan ditzaketen oztopo guztiak kentzea (ekonomikoak, sozialak, fisikoak, heziketakoak eta bestelakoak).

k) Artearen eta kulturaren garapenean gizarteak, boluntarioek eta ekimen pribatuak parte har dezaten laguntzea eta eginkizun horretan aurrera egitea.

l) Arte eta kultur entitateekin izenpetzen diren hitzarmenak kudeatzea eta horien jarraipena egitea indarra duten bitartean.

m) Arte eta kulturaren sektore berritzaileak, kultur industriak eta sormenezko entitateak sustatu eta koordinatzeko jarduerak gauzatzea, bai eta gaur egun arteen elkarketa, diziplinartekotasuna eta berrikuntza proposatzen dituzten agerpenenak ere.

n) Arte produkzioen eta sortzaileen proiekzioa eta aintzatespena sustatzea herritarren artean eta beste kultur eragile batzuen artean, eta bereziki, behar diren bideak irekitzea herritarrek laguntza publikoak jasotzen dituzten artisten eta kultur entitateen lana ezagut dezaten.

ñ) Kudeaketa, erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta gastuaren eta inbertsioaren errentagarritasuna hobetzea, eta helburu eta adierazleak ezartzea, geroko ebaluazioa egin ahal izateko.

o) Behar diren baliabideak ezartzea herritarrek eta herritarren elkarteek arte eta kultur ekintzan parte har dezaten, eta pertsona eta kolektibo batzuek arte programetara iristeko dituzten oztopoak desagerrarazteko.

p) Nafarroatik kanpo bizi eta lan egiten duten artisten hurbilpena, aurkezpena eta balioespena sustatzea.

q) Kultur eta arte sektorearen koordinazio tresnak garatzea, plan estrategikoak abiapuntu hartuta, eta etengabeko hobekuntzaren eta laguntzen baliabideen berri ematea aldian-aldian eta modu iraunkorrean.

r) Nafarroako arte eta kultur sormenaren eta produkzioaren kanpo proiekzioa sustatzea, eta Espainian eta atzerrian sareak, entitateak, arte zentroak, jaialdiak eta entitate publiko eta pribatuak etengabe bilatzea.

s) Kudeaketa, erabiltzen diren baliabideen eraginkortasuna eta gastuaren eta inbertsioaren errentagarritasuna hobetzea, eta helburu eta adierazleak ezartzea, geroko ebaluazioa egin ahal izateko.

t) Toki entitateekin elkarlanean aritzea, hurbiltasuneko kultur ekipamenduak bultzatu eta dinamizatzeko deialdi eta laguntzen bidez, bereziki arlo hauetan: antzerkia, musika, dantza, ikus-entzunezkoak eta arte plastiko eta ikusizkoak, liburua, artearen bestelako agerpen garaikideak, ondareari lotutako adierazpenak eta beste edozein adierazpen.

u) Kultur Ekintza Zerbitzuko jardueren urteroko memoria erredaktatzea.

v) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

Bost.–30. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“30. artikulua. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalaren eginkizunak.

Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arte plastiko eta ikusizkoen, ikus-entzunezkoen eta zeharkako beste diziplinen sektoreetako kultur eragileei arreta eta aholku ematea modu integralean.

b) Toki entitateekin elkarlana erraztu eta sustatzea, haien kultur ekipamenduak eta arte programak ahalik eta hobekien dinamizatzeko.

c) Berrikuntza eta sormena zeharka bultzatzea, ataleko eskumenen esparruko programa eta proiektu guztietan, motor sozial, kultural, artistiko eta ekonomikoa diren aldetik.

d) Sorkuntza, proiektu artistikoen garapena eta arte eta kultur enpresen garapena sustatzen eta ahalbidetzen duten laguntza eta deialdien programak diseinatu eta kudeatzea, sormenaren eta kulturaren sektore egonkor, berritzaile eta lehiakor bat hazten laguntzeko, atalaren eskumenen esparruan.

e) Arte produkzioen eta sortzaileen proiekzioa eta aintzatespena sustatzea herritarren artean eta beste kultur eragile batzuen artean, eta bereziki, behar diren bideak irekitzea laguntza publikoak jasotzen dituzten pertsonen eta entitateen lana ahalik eta hobekien heda dadin, ataleko eskumenen esparruan.

f) Sortzaileekin, arte eragileekin eta kultur enpresekin elkarlanean aritzea baterako programetan, eta sortzen diren lan eta proiektuen hedapena eta zabalkundea sustatzea, atal honen eskumenen esparruan.

g) Kultur proiektu eta programak koordinatu eta planifikatzea, programa berekien bidez edo hirugarrenekin elkarlanean, eta kalitatezkoak izan daitezen eta arte komunitateak eta herritarrek parte har dezaten begiratzea, ataleko eskumenen esparruan.

h) Zeharkako ekintzak koordinatzea zuzendaritza nagusiko gainerako zerbitzuekin, Gazteriaren Zuzendariordetzarekin eta Baluarte Fundazioarekin, bakoitzak artearen sorkuntza eta hedapenerako prestatzen dituen programei dagokienez, eta a) atalean adierazitako esparruetan egiten dituzten jarduera guztietan, hau da, sustapen, plangintza, koordinazio eta promozio lana egitea, herritar guztiek eskura izan dezaten kalitatezko arte eskaintza askotariko bat, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan banatua.

i) Batera jarduteko ildoak ezartzea Uharteko Arte Garaikideko Zentroarekin.

j) Nafarroako herrietarako jarduketa plan bat ezartzea, azpiegitura kultural propiorik ez dutenei arreta berezia emanda.

k) Sostengua ematea a) atalean aipatutako sektore artistikoen sustapen eta hedapenari Nafarroatik kanpo.

l) Kanpo finantzabideak (eskualdekoa, Espainiakoa, Europakoa) aztertzea, bai programa berekietarako, bai atal honetako eskumenen esparruko sektore artistikoko profesional eta entitateek egiten dituzten programetarako.

m) Ikus-entzunezko sektoreak, arte plastikoak eta atalaren eskumeneko gainerako esparruak txukun garatzeko laguntza ematea.

n) Sektoreko batzordeak koordinatzea arlo hauetan: kulturaren sektoreak, elkarteak, kultura herrikoiari lotutako entitateak eta arte sektorearen eta alboko arteen ekintzaileak.

ñ) Atalaren eremuko sektore profesionalen berariazko prestakuntza programak sustatzea, hala nola prestakuntza artistikorako bekak, jardunaldiak, biltzarrak eta interesekotzat jotzen diren beste edozein.

o) Toki entitateekin lan egiteko ildo berriak ezartzea, bai eta lurraldea sustatzekoak ere, landa garapenari lotuak.

p) Atalaren jardueren urteko memoria erredaktatzea.

q) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, edo bere helburuak egoki betetzeko agintzen zaizkion guztiak.”

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Unitate organiko bat kentzea.

Kendu egiten da Museoen Atala (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusikoa).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1905075