75. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

143/2019 EBAZPENA, martxoaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2019ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak. DDBN identifikazioa: 448854.

2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partida dago.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du dirulaguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2019ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2019ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez 50.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastu aurrekontuko “Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat” izeneko 420002 42190 4809 322402 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko martxoaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da seme-alabak eskola adinean dauzkaten familiei laguntza ekonomikoak arautzea laguntza izan dezaten 2019ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Bigarren oinarria.–Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuen betebeharrak.

Hezkuntza jarduera bat irabazi-asmorik gabeko erakunde/elkarte pribatu batek antolatzen duela jotzeko, beharrezkoa izanen da erakundea edo elkartea horretarako dagoen erregistroan izena emanda egotea.

Hirugarren oinarria.–Hezkuntza jarduera izateko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.

Desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonen garapen osoa errazten duten jarduerak hartuko dira hezkuntza jardueratzat, eta beren ezaugarri nagusia izanen da pertsona horien autonomia, bizi-kalitatea eta gizarte-inklusioa hobetzea.

Kasu guztietan beharrezkoa izanen da justifikazioa, deialdian aipatzen diren dokumentuen bidezkoa.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Banakako tratamendu hauek: logopedia, psikoterapia, psilkomotrizitatea, fisioterapia, optometria edo beste hainbat tratamendu paraeskolar.

Laugarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak izatea, urteak 2019ko abenduaren 31rako beteak izanik, eta eskolaturik daudenak edo aurreinskripzio-eskaera aurkeztu dutenak ikastetxean eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua izatea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea, betiere sintomak bateragarriak badira eta ikasleak ez baditu 7 urte bete 2019ko abenduaren 31n.

–Ohiko bizilekua Nafarroan izatea.

–Udako oporraldiko hezkuntza jarduerara joatearen komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea.

Bosgarren oinarria.–Betebeharrak frogatzeko modua.

–Eskaera-orria, eredu normalizatuaren arabera (II. eranskina).

–Eskatzailearen (aitaren/amaren/legezko tutorearen) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

–Familia Liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, edo zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Profesional akreditatu baten txostena, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.

–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu baino lehenagoko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (erroldatzea).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2017an aurkezturiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

Eskatzailearen familia unitateak legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2017. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, honako hau erantsi beharko zaio eskabideari:

1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2017. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

–Transferentzia bidez kobratzeko eskaera (kontuaren titularra bat etorriko da eskatzailearen izenarekin eta bi deiturekin).

–Agiri bidezko ziurtapen ofiziala, fotokopien bidezkoa, deialdi honen 7.3 puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

–Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 11. oinarrian xedatutakoaren arabera (III. eranskina).

–Hezkuntza jarduerara joan dela eta ordaindu dela adierazten duen ziurtagiria (IV. eranskina, abuztuaren 28tik irailaren 6ra, biak barne, aurkeztu beharrekoa). Bertan kuotaren %100 ordaindu dela adieraziko da, eta datu hauek, gutxienez:

  • Semearen edo alabaren izena.
  • Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatea edo pertsona.
  • Familiak guztira ordaindutako zenbatekoa.

–Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatearen ziurtagiria (abuztuaren 28tik irailaren 6ra, biak barne, aurkeztu beharrekoa), jardueraren ezaugarriak zehaztuko dituena: iraupen datak, jardueren liburuxka edo programa.

Halaber, irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei eskatzen ahalko zaie beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria, eskatzen diren baldintzak justifikatze aldera.

Eskatzaileak Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean izan beharko ditu.

Dokumentazioa aurkezteak berarekin dakar baimena ematea Hezkuntza Departamentuari Ogasun Publikoan informazioa bildu dezan jakiteko ea eskatzaileak bere zerga betebeharrak bete dituen.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epeak.

6.1. Hezkuntza jardueraren inskripzioaren kostua ordaintzen duen aitak, amak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Laguntza eskaerak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (San Domingo aldapa z.g. 31001 Iruña), Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariari eskabidea zuzenduta, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaerari deialdiaren bosgarren oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

6.4. Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Zazpigarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

7.1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (zerga aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa) eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2017ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik ez baldin badu egin 2017. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, eskabidearekin batera deialdi honen hirugarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

7.2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, justifikatzen den ordainketari taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio, familia bakoitzaren per capita errentaren arabera (PCE), honako baremo ekonomikoari segituz:

–PCEa<5.000 euro: %90.

–5.001 eurotik 8.000 eurora bitarteko PCEa: %80.

–8.001 eurotik 10.000 eurora bitarteko PCEa: %70.

–10.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko PCEa: %60.

–15.001 eurotik 20.000 eurora bitarteko PCEa: %55.

–PCEa>20.000 euro: %50.

7.3. Dirulaguntza jasotzeko orduan berdintasuna bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria. Familia ugaria izatea fotokopiaren bidez frogatuko da.

–Parte-hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme-alabaren bat izatea. Minusbaliotasuna izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da.

–Errenta Bermatua jasotzen duen familia. Errenta Bermatuaren emakidaren ebazpen bidez frogatuko da.

–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea. Genero-indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emanen dute ziurtagiri hori.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

7.5. Eskatutako zenbatekoen baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, eskatzaile bakoitzak egindako gastuaren gaineko portzentaje bera jaso dezan.

Zortzigarren oinarria.–Organo eskudunak.

8.1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola-adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzako laguntza ekonomikoak, 2019ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik, ebaluazio batzordeak egiten duen txostenaren arabera.

Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) NHBBZri atxikitako Komunitatearentzako Zerbitzuetako irakasle bat.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

Bederatzigarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

9.1. Eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpenaren bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazioaren ondorioetarako.

Gainera, emandako laguntzen zerrenda hori Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

9.2. Zuzenketak eta erreklamazioak.

9.2.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrekotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratzen den biharamunetik. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.

9.2.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Aniztasunarekiko Arretaren, Orientazioaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Horretarako 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik.

9.2.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkezten ahal dira.

9.3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du onartutako eta baztertutako laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuko webgunean emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako. Laguntzen behin betiko zerrenda eskatzaileei jakinaraziko zaie posta elektronikoaren bidez, eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

9.4. Onartutako eta baztertutako laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamargarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza jardueraren guztirako kostua.

Hamaikagarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute (III. eranskina), xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun naturaleko epean komunikatu beharko da.

Halaber, eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamabigarren oinarria.–Justifikazioa.

Laguntzak kobratzeko, onuradunek justifikatu beharko dute, alde batetik, hezkuntza jarduerara joan izana, eta bestetik, egindako ordainketa, deialdi honen IV. eranskina aurkeztuz 2019ko abuztuaren 28tik irailaren 6ra, biak barne.

Hamahirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Ordainketa bakarra eginen da, kontzesioaren eta ordainketaren ebazpena eman ondoan.

Hamalaugarren oinarria.–Itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

Hamabosgarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen dituztenak, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.

Hamaseigarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamazazpigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria.

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena.

IV. ERANSKINA

Egindako hezkuntza jardueretara joan dela eta ordaindu direla justifikatzen duen dokumentazioa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1904353