75. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

48/2019 FORU DEKRETUA, apirilaren 3koa, zeinaren bidez aldatzen baita abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa onesten duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez (abuztuaren 10eko 23/2015 eta irailaren 7ko 33/2016 foru dekretuek aldatua), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua ezarri ziren.

Abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa.

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egituran aldaketa bat egitea proposatu du, Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuan, hain zuzen.

Halaber, Nafarroako Estatistika Institutuaren Zuzendaritzaren eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia Atalaren eginkizunak aldatu dira, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren segurtasunaren arduradun diren aldetik dauzkatenak sartzeko.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko apirilaren 3ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra. Aldatzen da abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretua, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuena, honela:

Bat.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“22. artikulua. Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuaren egitura.

Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuak honako atal hauek ditu:

a) Kontu-hartze Atala.

b) Kontrol Juridikoaren Atala.

c) Auditoretza Atala.

d) Egitura Funtsen Finantza Kontrolerako Atala.

e) NBEUF-LGENF Dirulaguntzen Finantza Kontrolerako Atala.

f) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Finantza Kontrol Iraunkorrerako Atala.”

Bi.–24. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“24. artikulua. Auditoretza Atalaren eginkizunak.

Auditoretza Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen eta Nafarroako Ogasun Publikoa arautzen duen Foru Legeak aipatzen dituen entitate eta sozietateen finantza kontrola, Europar Batasuneko laguntzen finantza eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren finantza kontrolak alde batera utzita.

–Koordinazioa eta lankidetza Kontuen Ganberarekin fiskalizazio eta kontrol gaietan.

–Nafarroako Gobernuak agintzen dizkion barne nahiz kanpoko auditoretza lanak egin edo zuzentzea.

–Kontuen Ganberak Foru Komunitateko Ogasunaren kontuen fiskalizazioaz eta baliabideen kudeaketaz egiten dituen txostenetan adierazten dituen ondorio, gomendio eta irizpideak aplikatzeko baldintzen eta kontrolaren jarraipena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari egiten dizkionak izan ezik.

–Finantza kontrolaren eginkizuna betetzeko behar diren arauak eta irizpideak prestatzea.

–Finantza Kontrolerako Urteko Plana egitea.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.”

Hiru.–26 bis artikulua gehitzen da. Hona testu berria:

“26 bis artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Finantza Kontrol Iraunkorreko Atalaren eginkizunak.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Finantza Kontrol Iraunkorrerako Atalak, Zuzendaritza Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren finantza kontrola.

–Koordinazioa eta lankidetza Kontuen Ganberarekin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren fiskalizazio eta kontrol gaietan.

–Nafarroako Gobernuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren kontrolerako agintzen dizkion barne nahiz kanpoko auditoretza lanak egin edo zuzentzea.

–Kontuen Ganberak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren kontuen fiskalizazioaz eta baliabideen kudeaketaz egiten dituen txostenetan adierazten dituen ondorio, gomendio eta irizpideak aplikatzeko baldintzen eta kontrolaren jarraipena.

–Arau eta irizpide zehatzak prestatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoaren finantza kontrol iraunkorra aurrera eramateko.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

–Barne kontrolaren arloan Kontu-hartzailetza Orokorraren Zuzendaritzak esleitzen dizkion gainerakoak.”

Lau.–33. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Araubide Juridikoaren Atalak, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren gaiei dagokienez, eginkizun hauek izanen ditu:

–Aginduzko txosten juridikoak egitea beharrezko duten espedienteetan, bai eta idazkari tekniko nagusiak agintzen dion beste edozein ere.

–Aholkularitza juridikoa departamentuko titularrari, Zuzendaritza Nagusia betetzen duenari eta departamentuko zerbitzu zuzendaritzak betetzen dituztenei.

–Departamentuetan tramitatzen diren errekurtsoei buruzko txostenak egitea.

–Departamentuari dagozkion gaiei buruzko araudia bildu eta mantentzea.

–Departamentuaren gaietan, jurisprudentziaren, doktrinaren eta interes juridikoko informazioen segimendua, bilketa eta zabalkundea egitea.

–Giza baliabideen eta lanerako baldintza materialen arloko arauzko xedapenetan jasota dauden neurriak hartzea, hala nola, laneko arriskuen prebentzioa, ekintza zuzentzaileen koordinazioa, emergentzia planak eta segurtasunaren hobekuntzak.

–Aurrekontuen kudeaketa egokirako behar diren neurriak hartzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikak definitzen dituen segurtasun-erantzulearen eginkizunak betetzea, departamentuaren eremuan, Nafarroako Estatistika Institutuan eta Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoan izan ezik.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.”

Bost.–36. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“Nafarroako Estatistika Institutuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:

–Nafarroarentzat interesa duen jarduera estatistiko publikoaren sustapena, zuzendaritza eta koordinazioa.

–Nafarroarentzat interesa duen jarduera estatistiko publikoaren printzipioen, helburuen eta gainerako alderdien zabalkundea egitea.

–Nafarroako Estatistika Planaren aurreproiektua prestatzea, Foru Komunitateko Administrazioaren Estatistika Sistemaren gainerako unitateekin eta Toki Administrazioekin elkarlanean.

–Datuen sailkapenerako eta emaitzak aurkezteko kontzeptuen, definizioen, sailkapenen, nomenklaturen eta kodeen gaineko arauak proposatzea, bai eta horiek sustatzea Nafarroako jarduera estatistikoan erabil daitezen, eta horrekin batera, koordinazio metodologikoa bultzatzea toki entitateen, beste autonomia erkidegoen, Estatuko Administrazio Orokorraren, Europar Batasunaren eta egoki diren beste erakunde batzuen jarduera estatistikoarekin.

–Estatistikako Urteko Programek agindutako estatistikako eragiketak betetzea.

–Estatistika demografiko, ekonomiko eta sozialetako sistema integratuak egitea.

–Unitate estatistikoen direktorioak prestatzea eta beharrezkoak diren zentsu eragiketak egitea lurraldeari, populazioari, etxebizitzei eta jarduera ekonomikoei buruzko informazio esparru eta parametro oinarrizkoak egunean edukitzeko.

–Estatistikaren arloko ikerketa sustatzea, bai eta estatistikan aritzen diren langileen lanbide prestakuntza eta hobekuntza ere.

–Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari izatea estatistika gaietan espezializaturik dauden toki, autonomia erkidego, estatu eta nazioarteko unitate eta erakundeekiko harremanetan, eta haiekiko koordinazioa eta lankidetza bultzatzea jarduera estatistikoan. Ordezkari lan hori betetzean, departamentuetako unitate espezializatuen laguntza izanen du, eta haietan eskuordetu ahal izanen du zeregina, bidezko jotzen duenean.

–Estatistika Sistemako unitateekin lankidetzan aritzea estatistikaren arloko sekretua aplikatu eta errespetatzeko.

–Nafarroari buruzko estatistiken zabalkundea bultzatzea.

–Foru Komunitateko Administrazioaren partaidetza duten hitzarmen edo akordiorako proiektu guztiei buruzko aginduzko txostena egitea, bai eta zerbitzuen kontratazioetan ere, bitartekoetan edo helburuetan jasota egon daitekeen jarduera estatistikoari dagokionez.

–Foru Komunitateko Administrazioaren unitateek egin nahi dituzten eragiketa estatistikoen proiektu guztiei buruzko txostenak egitea, horien ondorioz informazioa eskatu behar baldin badiete pertsona fisiko edo juridikoei, haien eginkizunei dagozkien administrazio harremanetatik kanpo.

–Nafarroako Estatistika Planean sartutako eragiketa estatistikoak egiteko behar diren erregistroei eragiten dieten galde-sortei, administrazio prozedurei eta aplikazio informatikoei buruzko informazioa.

–Nafarroako Estatistikari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legearen bidez araututako jarduera estatistikoa betetzen duten unitateek estatistikak egitean erabilitako galde-sorten eta metodoen eraginkortasuna frogatzeko ikerketak egitea.

–Nafarroako Estatistika Kontseiluak modu egokian jarduteko behar dituen baliabideak izatea.

–Beste entitate publiko edo pribatu batzuekiko hitzarmenetatik datozen jarduera estatistikoak betetzea.

–Nafarroan interes publikokoa den informazio estatistikoari buruzko datu-baseak garatzea.

–Datu-base horiei loturiko informazio geografikoa.

–Foru Komunitatean estatistikaren arloan dagoen eskaeraren beharrak eta bilakaera aztertzea.

–Aurreikuspen ereduak prestatzea, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eskumenekoa den plangintza ekonomikoari ekiteko.

–Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eginkizunei loturik eskatzen zaizkion txostenak prestatzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde publikoen datu-babeseko eta informazioaren segurtasuneko politikak definitzen dituen segurtasun-erantzulearen eginkizunak betetzea, Nafarroako Estatistika Institutuaren beraren eremuan.

–Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.”

Xedapen gehigarri bakarra.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Finantza Kontrol Iraunkorrerako Ataleko burutzaren eginkizunak betetzeko baldintzak.

Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiko Kontu-hartze Orokorraren Zerbitzuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Finantza Kontrol Iraunkorrerako Ataleko burutza berriaren dedikazio araubidea departamentuko gainerako atalburutzek duten berbera izanen da.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko apirilaren 3an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1904788