72. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, uda-neguetako igerilekuak, gune hidrotermala eta instalazio osagarriak osatzen dituzten kirol instalazioak erabiltzeko eta kirol abonamenduko jardueren prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, ordenantzaren testu osoa argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, haren aldaketa behin betiko onetsi baita, jendaurreko epean inork ez baitu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu. Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2019ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 24an.

Antsoainen, 2019ko otsailaren 7an.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ORDENANTZA, UDA-NEGUETAKO IGERILEKUAK, GUNE HIDROTERMALA ETA INSTALAZIO OSAGARRIAK OSATZEN DITUZTEN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ETA KIROL ABONAMENDUKO JARDUEREN PREZIO PUBLIKOAK
ARAUTZEN DITUENA

13. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari jarraituz ezarri da ordainarazpen hau, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordaintzera behartuak

2. artikulua. Igerilekuetako erabiltzaileak, gune hidrotermalekoak, instalazio osagarrietakoak eta kirol abonamenduan izena emandakoak daude ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik.

Ordaintzeko betebeharra

3. artikulua. Igerilekuetarako, gune hidrotermalerako eta instalazio osagarrietarako sarbidea ematen duen sarrera edo udal baimena eskuratzen denean sortzen da ordaintzeko betebeharra, bai eta kirol abonamenduaren jardueretan izena ematean ere.

Tarifak

4. artikulua. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

5. artikulua. Egun bateko balioa duten txartel edo sarrerak eta hilabeteko abonamendua instalazioetan sartzeko unean luzatuko dira. Horretarako arau berezia izanen da instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaintzea prezioa. Haiek luzatuko dituzte txartelak, ordainketaren frogagiriak izanen direnak.

6. artikulua. Instalazioak abonamendu bitartez erabili nahi dituztenek, abonamendu hori denbora mugarik gabekoa ala denboraldikoa izan, Udalak finkatzen duen moduan eta baldintzetan eskuratuko dute.

7. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zein ordutan ireki eta itxi ere.

Igerileku estalia eta gune hidrotermala ezin dira itxita eduki arrazoi teknikoengatik baino, hau da, berariazko mantentze-lanetarako edo matxurak konpontzeko, horretarako beharrezkoa bada instalazioa gelditzea, ezinbestekoa den denboran; horrelakoetan ez zaie kalte-ordainik emanen erabiltzaileei, baldin eta arrazoitutako itxiera ez bada urtean ondoz ondoko 50 egun baino luzeagoa.

Gainera, lan egutegiaren arabera, itxirik egonen dira urtarrilaren 1ean eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n.

Ordutegi hauek ezarri dira:

–Uda-neguetako igerilekuak.

  • Neguko denboraldia:
  • Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 15:00etatik 22:00etara.
  • Larunbatetan, 09:30etik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era.

Batean nahiz besteetan igeri-ontziak instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago hetsiko dira.

  • Udako denboraldia:
  • Egunero, 10:00etatik 21:30era.

Igeri-ontziak instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago hetsiko dira.

–Gune hidrotermala.

  • Astelehenetik larunbatera, 9:30etik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era.

Batean nahiz bestean igeri-ontzien esparrua instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago hetsiko dira.

–Gimnasioa.

  • Astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 22:00etara.
  • Igande eta jaiegunetan, 9:00etatik 14:30era.

Aretoa instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago hetsiko da.

Instalazioak erabiltzeko arauak

8. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak –sarrera erosi izanaren frogagiria edo sartzeko indarreko txartela– eta arduradunei erakutsi eskatutakoan, bestela kanpora bidaliko baitituzte.

9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete ikusgai dauden funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, ikusgai baitaude.

10. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, abonatuak nahitaez eduki beharko ditu ordainduta tarifen eranskinean zehazten diren kuotak.

Udalak, ofizioz, baja emanen die instalazioen erabilpenean lau ordainagiri ordaindu ez dituzten erabiltzaileei, baja beraiek eskatu ez badute. Horrek ez du kenduko bajaren eguna arte sortu diren kuotak ordaintzeko beharra.

Kirol abonamendua erreserbatzeko sistemaren arauak

11. artikulua. Kirol abonamendurako izena honako hauek eman dezakete:

–Antsoaingo Udalaren kirol instalazioetan abonamendua duten pertsonek.

–Antsoainen erroldatuak egon, baina Antsoaingo Udalaren kirol instalazioetan abonamendua ez duten pertsonek.

–Antsoainen erroldatuak ez dauden, eta Antsoaingo Udalaren kirol instalazioetan abonamendua ez duten pertsonek.

12. artikulua. a) Indarreko araudia, kirol abonamenduari buruz sor litezkeen aldaketak barne, instalazioetako iragarki-taulan egonen da ikusgai, baita Udalaren eta Idaki kirol-zentroaren web-orrietan ere.

b) Kirol abonamendua erreserbatzeko programa erabili ahal izateko, beharrezkoa da bertan izena ematea. Horretarako gaitutako web-orrian edo kirol instalazioetako harreragunean eman daiteke izena.

c) Izen emateen eta bajen tramitazioa eta prozedura, baita zerbitzu hau erabiltzeko baldintzak ere, ikusgai egonen dira instalazioetako iragarki-taulan eta horretarako gaitutako web-orrian.

Arau-hauste eta zehapenak

13. artikulua. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

14. artikulua. Arau-hauste arinak.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

1.–Esparruko instalazioak zuzen ez erabiltzea.

2.–Behar bezalako oinetakoak ez erabiltzea bai berdeguneetan bai igeri-ontzien esparruan.

3.–Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.

4.–Paperontziak, hautsontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak ez erabiltzea.

5.–Esparruan bizikletak, trizikloak, patinak, etab. sartzea.

6.–Igerilekuen instalazioetan sartzea 9 urtetik beherakoek ondoan heldurik ez dutela; helduak haurra babestuko du eta portaera egokia duela begiratuko, instalazioetan dagoen bitartean etengabe gainbegiratzen eta, bereziki, igeri-ontzietan dagoen bitartean.

7.–Gune hidrotermalaren instalazioetan sartzea 14 urtetik beherakoek ondoan heldurik ez dutela; helduak adingabea babestuko du eta portaera egokia duela begiratuko, instalazioetan dagoen bitartean etengabe gainbegiratzen.

8.–Igerilekuan edo eremu hezeetan dutxatu gabe sartzea.

9.–Uretan erabiltzea uretako gauzaki edo bestelakoak, besteei traba egin diezaieketenak, edo norberaren zein besteen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketenak. Orobat, jostatzea jaurtitzen diren gauzakiekin edo besteei traba egiten dietenekin.

10.–Bainatzeko txanorik gabe bainatzea neguko igerilekuan eta gune hidrotermalean.

11.–Helduak palastako igerilekuan premiarik gabe gelditzea.

12.–Palastako igerilekuan bainujantzirik edo pixoihalik gabe sartzea.

13.–Palastako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.

14.–Erretzea gune itxietan, igeri-ontzietan, hondartzetan eta haurrendako jolas eremuetan.

15.–Gainean gauzak ezarriz mahaiak eta aulkiak berehala erabiltzeko asmorik gabe okupatzea.

16.–Aire zabaleko jantokia erabili ondoan zikin uztea.

17.–Instalazioko langileek (begiraleak, sorosleak, udal langileak eta oro har mantentze lanetakoak) erabilera dela-eta egiten dituzten oharrei kasurik ez egitea.

18.–Instalazioko edozein arau ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez denean.

15. artikulua. Arau-hauste astunak.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

1.–Txartelaren titularra ez denak hura erabiltzea, hura galdu edo norbaitek ebasteagatik salaketa dagoenean izan ezik. Txartelaren titularra izanen da arau-hauste honen erantzulea.

2.–Egun berean bi falta arin egitea.

3.–Instalazioan animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

4.–Bainulariei traba egitea.

5.–Basakerietan aritzea.

6.–Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.

7.–Beste edozein arau ez betetzea, beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal badio, bereziki igerilekuak, bainu turkiarrak, hidromasajea, terma, presioko dutxak, jacuzzia eta aldagelak oker erabiltzeari dagozkion guztietan.

8.–Instalazioko edozein higigarri edo higiezini kalte egitea.

9.–Instalazioaren barnean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

10.–Langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak iraintzea edo mendratzea.

11.–Instalazioetan hordi itxura nabarmenean edo drogen eraginpean sartzea.

12.–Eguneko erabilpenaren ondotik armairua itxirik uztea.

16. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

1.–Arau-hauste astun bat behin eta berriz egitea.

2.–Instalazioaren barnean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten arau-hauste astunak.

3.–Instalaziora sartzeko txartel edo giltzak faltsutzea.

4.–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.

5.–Instalazioaren erabiltzaileei edo bertako langileei erasotzea modu larrian.

6.–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

7.–Instalaziora sartzea arma aldean eramanik.

8.–Sarbideen kontroletatik sartzea edo sartzen saiatzea abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe; edo aurreikusitako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik sartzea edo sartzen saiatzea.

9.–Jendaurreko ordutegitik kanpo instalazioetara sartzea, bidea edozein dela ere.

Zehapenak

17. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak:

–Eguneko lehenengo falta arina, hitzezko kargu-hartzea.

–Bigarren falta arina egun berean falta astuntzat hartuko da.

–Bigarren falta arina urte berean, egun baterako kanporatzea.

–Hirugarren falta arina urte berean, aste baterako kanporatzea.

–Laugarren falta arina urte berean falta astuntzat hartuko da.

b) Astunak:

–Lehengo falta astuna, hamabost egunerako kanporatzea.

–Bigarren falta astuna urte berean, hogeita hamar egunerako kanporatzea.

–Hirugarren falta astuna urte berean falta oso astuntzat hartuko da.

c) Oso astunak:

–Lehengo falta oso astuna, hiru hilabeterako kanporatzea.

–Bigarren falta oso astuna urte berean, abonamendua galtzea.

–Abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe sarbideen kontroletatik instalazioetan sartzeak edo sartzen saiatzeak zehapen ekonomikoa ekarriko du, 16 urtetik gorakoen eguneko sarreraren zenbatekoa bider hamar egitearen emaitza.

–Aurreikusitako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik instalazioetan sartzeak edo jendaurreko ordutegitik kanpo sartzeak 300,00 euroko zehapen ekonomikoa ekarriko du.

Zehapen-espedientearen prozedura.

1.–Instalazioetako arduradunek (mantentze-lanetako langileak, sorosleak, sarbideen kontroletako langileak eta zaintzaileak) ofizioz jardun dezakete instalazioen funtzionamendu arauak bete daitezen, arau-hausleari hitzez arau-hausteari buruz jakinaraziz eta horrek dakarren ondorio eta zehapenei buruz ohartaraziz.

Arduradun horiek ahalmena dute arau-hauslea unean bertan kanporatzeko, arau-haustea egiten ari den egunerako.

Arduradunak idatziz jakinaraziko dio gertatutakoa Udaleko kirol arloko arduradunari edo, hura kanpoan bada, kirol instalazioetako arduradunari, gertaerak adieraziz eta nor diren jakinaraziz.

2.–Udaleko kirol arloko arduradunari dagokio eta, hura kanpoan bada, kirol instalazioetako arduradunari, artikulu honetan azaldutako arau-hausteak ebazteko eskumena.

Ebatzitakoa egileari edo egileei jakinaraziko zaie idatziz.

TARIFEN ERANSKINA

Kirol instalazioak: uda-neguetako igerilekuak,
gune hidrotermala eta instalazio osagarriak

I. epigrafea.–Denbora mugarik gabe inskribatzen diren erabiltzaileen tarifak.

Ondoko A eta B ataletako kuotak ordainduko dituzte:

A atala.

A.1. Banakakoen inskripzio kuotak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 51,00 euro.

–16 urtetik gorakoak: 76,00 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, betiere ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. ataleko baldintzak betez gero: 51,25 euro.

A.2. Inskripzio kuota murriztuak (26 urtetik beherako familiako hirugarren kidetik aitzina):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Hirugarren kidea: 38,50 euro.
  • Laugarren kidea: 26,00 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 13,50 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Hirugarren kidea: 57,25 euro.
  • Laugarren kidea: 38,50 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 19,75 euro.

B atala.

B.1. Hiruhilekoko kuotak igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (banakakoak):

–5 eta 15 urte bitartekoak: 32,25 euro.

–16 urtetik gorakoak: 59,25 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, betiere ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. ataleko baldintzak betez gero: 38,73 euro.

B.2. Hiruhilekoko kuotak igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (murriztuak izanen dira 26 urtetik beherako familiako hirugarren kidetik aitzina):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Hirugarren kidea: 24,75 euro.
  • Laugarren kidea: 17,25 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 9,75 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Hirugarren kidea: 45,00 euro.
  • Laugarren kidea: 30,75 euro.
  • Bosgarren kidea eta hurrengoak: 16,50 euro.

II. epigrafea.–Denboraldiko abonamenduak.

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Udako denboraldia: 75,00 euro.
  • Neguko denboraldia: 206,35 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Udako denboraldia: 118,80 euro.
  • Neguko denboraldia: 272,00 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, betiere ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. ataleko baldintzak betez gero:

  • Udako denboraldia: 75,00 euro.
  • Neguko denboraldia: 206,35 euro.

III. epigrafea.–Hileko abonamendua, hilabete naturala. (Ekaina, uztaila eta abuztua kenduta).

–5 eta 15 urte bitartekoak: 31,25 euro.

–16 urtetik gorakoak: 46,90 euro.

IV. epigrafea.–Eguneko sarrerak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 6,25 euro.

–16 urtetik gorakoak: 9,50 euro.

V. epigrafea.–Sarreretarako bonuak.

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • Zenbait saiotarako bonuen zenbatekoa hau da:
  • Bost saiotarako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 26,00 euro.
  • Hamar saiotarako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 46,90 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Bost saiotarako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 41,70 euro.
  • Hamar saiotarako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 78,20 euro.

VI. epigrafea.–Bestelako zerbitzuak.

–Gimnasioa, hiruhilekoa: 28,85 euro.

Oharrak:

1. Gimnasioan alta eskatzeko, aldez aurreko baldintza da denbora mugagabeko abonamendua izatea kirol instalazioetan.

2. Kuota hiruhileko natural bakoitzeko lehen egunean sorraraziko da. Alta hiruhileko naturala hasirik eskatzen bada, hiruhilekoa bukatzeko falta den hilen artean hainbanaturik ordainduko da kuota hori, alta egiten den hila barne.

3. Orobat, bajek, noiz egiten diren, ondoko hiruhileko naturalean izanen dute indarra, eta idatziz eskatu beharko dira.

–Txartelak luzatzea edo galtzeagatik edo hondatzeagatik berriz luzatzea: 5 euro, salbu eta luzatu behar diren txartelek 5 urte baino zaharragoak badira, orduan doakoa izanen baita.

–Kirol abonamenduaren prezioak:

  • Udalaren kirol instalazioetan abonamendua duten pertsonek: 27 euroko kuota hilean.
  • Antsoainen erroldatuak egon, baina Udalaren kirol instalazioetan abonamendua ez duten pertsonek: 35 euroko kuota hilean.
  • Antsoainen erroldatuak ez dauden, eta Udalaren kirol instalazioetan abonamendua ez duten pertsonek. 42 euroko kuota hilean.

Kirol abonamenduari buruzko oharrak:

–Kuota hilabete bakoitzaren hasieran ordaindu beharko da. Behin hilabetea hasita alta ematea eskatuz gero, hileko kuota egun kopuruaren arabera hainbanatuko da, alta eman den egunetik zenbatzen hasita.

–Bajak abian den hilabetea amaitu aurretik bideratu behar dira eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunean izanen dute eragina.

VII. epigrafea.–Antsoaingo bizilagunek kirol pistak erabiltzea.

VII.1. Pilotalekua:

–Pilotalekua erabiltzea pilota partidetarako:

a) Argi guztiarekin: 13,50 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 9,75 euro orduko.

c) Argirik gabe: 7,10 euro orduko.

–Pilotalekua bestelako kirol erabileretarako:

a) Argi guztiarekin: 42,10 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 37,00 euro orduko.

c) Argirik gabe: 26,35 euro orduko.

VII.2. Kiroldegia:

–Kiroldegiaren erabilera:

a) Argiarekin: 37,10 euro orduko.

b) Argirik gabe: 26,35 euro orduko.

VIII.3. Futbol zelaia:

125,00 euro partida bakoitzeko, argirik gabe.

168,00 euro partida bakoitzeko, argiarekin.

TARIFAK APLIKATZEKO ARAUAK

1. Erabiltzaile bakoitzak dagozkion kuotak ordainduko ditu, ondoko arauei jarraikiz.

2. Inskripzio kuotak behin bakarrik ordainduko dira, instalazioetan alta egitean, lehen ordainagiria igorriz.

3. Ez dute inskripzio kuotarik ordainduko 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina kirol instalazioetan lehen aldiz abonatzen direnek, ezta data hori baino lehen baja eginik berriz ere alta egiten dutenek ere, inskripzioari dagokionez abonatu berritzat hartuko baitira. 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera alta alta eman ondoren baja eman dutenek, abonatuak berriz izateko, inskripzio kuota ordaindu beharko dute.

4. Mugarik gabeko inskripzioa egiteak behartzen du abonatu gisa egotera lau hiruhileko natural gutxienez, eta lehentasuna emanen du instalazioak erabiltzeko igerilekuen edukiera betez gero.

5. Kirol instalazioak erabiltzeko kuotak hiruhilekoetan ordainduko dira. Alta hiruhileko naturala hasirik eskatzen bada, hiruhilekoa bukatzeko falta den hilen artean hainbanaturik ordainduko da kuota hori, alta egiten den hila barne.

Tarifan agertzen den adin tarte bakoitzeko kuotak hainbanaturik ordaintzen hasiko dira hiruhileko naturala bukatzeko falta diren egunen heinean, behar den adina betetzen den hilabetea barne dela.

6. Orobat, bajek, noiz egiten diren, ondoko hiruhileko naturalean izanen dute indarra, eta idatziz eskatu beharko dira.

7. Betiere nahitaezko betebeharra izanen da banku batean helbideratzea behar diren kuotak kobratzeko.

8. Kuota murriztuak izateko baldintzak:

–Kuota murriztuak 26 urtetik beherakoei aplikatuko zaizkie, bi baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Bere familiako 2 kide igerilekuko ohiko abonatu mugagabe izatea, banakako kuotak ordaintzen dituztenak murrizketarik gabe.

b) Familiako kide horiek izatea aita, ama, legezko tutoreak edo 26 urtetik beherakoak izatea, eta bere guraso edo legezko tutoreetako batekin bederen bizitzea.

–26 urtetik gorako anai-arrebek ez dute murrizketarako eskubiderik sortzen, eta ez dute kuota murrizturako eskubiderik.

–Udalak edozein unetan frogatzen ahalko ditu murrizketarako eskubidea sortzen duten egoera familiarrak, eta urtero berrikusiko dira.

–Izena emanik edo hiruhileko ordainagiria luzaturik familiaren inguruabarrak aldatzen badira, ez dira hurrengo hiruhilekoa arte kontuan hartuko.

9. Erretiratuek eta pentsiodunek gizarte sektore horretarako ezarritako kuota izan dezaten, lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ez duen diru-sarrera dutela beharko dute frogatu, familia unitatearen per capita errenta kontuan hartuz.

10. Etenik geldituko da bai hiruhilekoko kuotaren kobrantza bai kirol instalazioko sarrera, nahitaezko lekualdatze bat gertatzen delarik, gutxienez ere hiruhileko bat irauten duena, lana edo irakaskuntza arautuak direla-eta. Egoera horiek egiaztatzeko, behar den lan-kontratua, enpresaren agiria edo ikastetxeko matrikula ofiziala erakutsiko da. Salbuespenez, hiruhileko kuotaren kobrantza eta kirol instalazioetarako sarrera aldi baterako eteten ahalko dira, hiru hilabetetik gora etxebizitzatik kanpo dagoela frogatzen bada.

11. 5 urtetik beherako batek kirol instalazioetan behin betiko abonatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da bere ama, aita edo legezko tutorea behin betiko abonatua izatea.

Iragarkiaren kodea: L1903457