71. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

118/2019 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 444170.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, atzerriko hizkuntzak irakasten dituzten edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen atzerriko prestakuntza sustatzea.

Xedeko hizkuntzan jarduten duen herrialde batean prestakuntza jasotzea funtsezkoa da; izan ere, aukera ematen du hizkuntza testuinguru natural batean erabiltzeko, eta irakasten den hizkuntza duen herrialdearen alderdi soziokulturalak eskuratzen laguntzen du.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txostena aurkeztu du, eta horretan aditzera eman du beharrezkoa dela laguntzen deialdi bat egitea, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan atzerriko hizkuntzak edo hizkuntzaz bestelako irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakasten dituzten irakasleek edo, atzerriko hizkuntza baten C1 maila edo baliokidea izanda, metodologiari buruzko prestakuntza jaso nahi dutenek udako ikastaroak egin ditzaten atzerrian.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 5/2017 Foru Dekretuaren 8. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Atzerrian ikastaroak egiteko gehienez 40 laguntza indibidual emateko deialdia onestea. Parte hartzeko oinarriak ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, gehienez 40.000 euroko gastua onestea, 2019ko Aurrekontuko “Atzerriko hizkuntzetako irakasleen prestakuntzarako laguntzak” izeneko 420001-42420-4809-321202 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Hezkuntzako berriak) eta www.nafarroa.eus (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Irakasleen Prestakuntzako Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2019ko martxoaren 12an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak gehienez ere 40 laguntzatarako deialdia egin du, Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako nahiz Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleei zuzendurik, 2019ko udan prestakuntza ikastaroak egin ditzaten atzerriko ikastetxe eta unibertsitateetan.

Irakasle eskatzaileek ikastaroa ematen duen erakundearekin zuzenean kudeatu beharko dituzte deialdi honen bidez diruz laguntzen diren udako atzerriko ikastaroak.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

–Jarduneko irakaslea izatea.

–Irakasleentzako atzerriko prestakuntzarako laguntzarik jaso ez izana azken hiru deialdietan.

–Irakaslea egoera hauetako batean izatea:

–Atzerriko hizkuntzak irakastea (ingelesa, frantsesa, alemana) edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematea (British, IIP, FIP, AHIP, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eta atal elebidunak) Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

–Sare publikoko Bigarren Hezkuntzako irakaslea izatea, hizkuntza arlokoak ez diren irakasgaietakoa, C1 maila egiaztatzen badu deialdiaren xede diren atzerriko hizkuntzetako batean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz.

–Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaslea izatea.

Hirugarren oinarria.–Udako atzerriko ikastaro bat egiteko laguntza indibidualen deskribapena.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

–Ikastaroaren xedeko hizkuntza ofiziala duen herrialde batean egin beharko da ikastaroa.

–Ikastaroaren edukia metodologiari lotua izan beharko da.

–Gutxienez bi asteko iraupena eta berrogei irakastordu izan beharko ditu.

Ondorio horretarako, eskolaz kanpoko jardueren edo jarduera soziokulturalen orduak (bisitak, antzerkia, zinea, etab.) ez dira inola ere zenbatuko.

–Ikastaroak 2019ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira.

–Laguntza hauek bateraezinak dira 2019an Hezkuntza Departamentuak antolaturiko udako ikastaroetara joatearekin.

3.2. Laguntzen banaketa.

Guztira 40 laguntza emanen dira, honela banatuta:

PUBLIKOAK

ITUNDUAK

LEHEN HEZKUNTZA

BIGARREN HEZKUNTZA

LEHEN HEZKUNTZA

BIGARREN HEZKUNTZA

FRANTSESA

2

2

1

1

INGELESA

11

11

5

5

ALEMANA

1 (edo italiera)

1

Sare bakoitzeko hizkuntza bakoitzarentzat erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean hizkuntza berean ari direnentzat izanen dira.

Hala eta guztiz ere, laguntzaren bat esleitu gabe geratzen bada hizkuntza bereko beste sarean eskatzailerik ez egoteagatik, batzordeak erabakiko du hura nori esleitu. Hizkuntza eta sare bakoitzerako eskaeren proportzioa kontuan hartuko da laguntzak osoki esleitzeko.

3.3. Laguntzen zenbatekoa eta estaldura.

3.3.1. Laguntzen xedea da matrikularen eta ostatuaren oinarrizko kontzeptuak finantzatzea.

Gehienez ere 1.000 euroko laguntza emanen da.

Ikastaroa bukatutakoan jasoko da laguntza, behin matrikulari eta ostatuari lotutako gastuen frogagiriak aurkeztu eta egiaztatuta, eta ikastaroaren ordu guztiak zehazten dituen bertaratze ziurtagiria aurkeztuta 2019ko irailaren 13a baino lehen. Gastuak deialdi honetako zazpigarren oinarrian xedatzen denaren arabera frogatu beharko dira.

3.3.2. Hezkuntza Departamentuak beretzat gordeko du gastuetako edo haien frogagirietako batzuk aintzat ez hartzeko eskubidea, gehiegizkotzat edo desegokitzat jotzen baditu. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari. Dirulaguntza hauengatik ez da zergarik ordaindu behar.

3.3.3. Laguntza bat eskuratzen duen pertsona baino ez da arduratuko hautatu den ikastarorako inskripzioa, ostatua eta bidaiaren antolaketa kudeatzeaz eta egin beharreko ordainketak egiteaz.

Laugarren oinarria.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

Honetaz gain, Hezkuntza Departamentuak udako ikastaroetarako egiten dituen beste deialdietako batean ere laguntza eskatzen bada, haien lehenespen-ordena adierazi beharko da nahitaez bi eskaeretan.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaera, ahal izanez gero, webgune honetako datu-orriaren bidez eginen da:

https://goo.gl/forms/LsSNrgyzmW19g86x2

Eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatuta aurkeztu beharko da.

b) Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Deialdiaren prozesu osoa (eskaera, dokumentazioaren aurkezpena, etab.) telematika bidez egin daiteke, www.nafarroa.eus webguneko zerbitzuen katalogoaren bidez. Tramitazio elektronikoa egin ahal izateko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izan beharko da, webgune berean eskuratzen ahal dena.

Departamentuak, dirulaguntzak emateko xedeei dagokienez, programa egokia den edo ez baloratuko du. Ezezko balorazioa emanez gero, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horren berri emanen dio eskatzaileari, arrazoiak adierazita, 5 egun naturaleko epean beste ikastaro baten programa aurkez dezan. Laguntza ematea beste ikastaro baten aurkezpenaren eta haren egokitasunaren baldintzapean egonen da.

Era berean, laguntza eskaera aurkeztu eta gero hautagaiak ikastaroa aldatzen badu, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio behin betiko zerrendak argitaratu baino lehen, hautatu duen ikastaroaren programa erantsirik, hark onets dezan. Horrela egin ezean, ez dago bermatuta laguntza emanen dela.

Behar izanez gero, agiri osagarriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Deialdi honetako ikastaro eta laguntzak eskuratu ahal izateko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

4.2. Nahitaezko dokumentazioa.

1) Eskabide guztietarako: zinpeko aitorpena, 9. eranskinaren arabera betea.

2) Ikastetxe publikoak:

a) Atzerriko hizkuntza bat irakasten duten irakasleak: ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako ikasturteak irakaslearen zerbitzu-orriaren bidez egiaztatuko dira. Atzerriko Hizkuntzen Atalak ofizioz eskatuko dizkio orriak Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horregatik, eskatzaileak ez du datu hori eman behar.

b) Eskolak atzerriko hizkuntzan ematen dituzten irakasleak: aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, AIP edo atal elebidunak) zein ikastetxetan irakatsi den edo irakasten ari den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina), irakaslan hori zehazten duena. Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

c) Bigarren Hezkuntzako irakasleak, C1 hizkuntza eskakizuna edo hizkuntza gaitasuna dutenak deialdi honen xede diren atzerriko hizkuntzetako edozeinetan.

–Alemaneko, frantseseko edo ingeleseko C1 mailaren ziurtagiria, 30/2018 Foru Aginduan ezarritakoen artetik. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eskumeneko eremuan.

AHIP, PF edo PI profila edukiz gero, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko, ofizioz egiaztatuko baita.

3) Sare itunduko ikastetxeak.

–Aurreko ikasturteetan edo ikasturte honetan ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP edo atal elebidunak) zein ikastetxetan irakatsi den edo irakasten ari den, hango zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina), irakaslan hori zehazten duena. Eskatzaileak aurkeztu beharko du.

4.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua edo hark eskuordetzen duena.

–Europako Proiektuen Bulegoko burua.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

Hautapen batzordeak 3. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratu eta barematuko ditu parte hartzeko eskaera guztiak.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak hautapen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) eta https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio web-orrian (Hezkuntzako berrien atalean).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Erreserban diren eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Zerrendetan zenbaki bana esleituko zaie eskatzaileei, berdinketarik bada zozketa publiko baten bidez ebazteko. Zozketa Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) iragarriko da.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak.

Emandako laguntzari uko eginez gero, behin betiko zerrenda argitaratu eta hiru egun naturaleko epean, hautatuek deialdiaren 4. eranskina igorri beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari posta elektronikoz (idiomas@educacion.navarra.es), laguntzari uko egiten diotela adierazteko. Mezuaren gaiaren eremuan “Uko egitea - Atzerriko hizkuntza” eta eskatzailearen izena eta bi deitura idatzi beharko dira.

Bestela, laguntza onartu dutela ulertuko da.

Ezarritako epea bukatutakoan ere uko egiteak irits daitezkeela aurreikusirik, ukoa epe hori bukatu ondoren aurkezteak hurrengo deialdietatik baztertzea ekarriko du, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, ikastaroak egiteko epea bukatzen denetik, batzordearen proposamenarekin bat.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du ikastaroa egin aurretik laguntzaren esleipena bertan behera uzteko, baldin eta egiaztatzen bada eskatzailearen destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora aldatu dela, edo aurreikusten bada betebehar gisa ezartzen diren baldintzetakoren batek ez duela indarrik izanen hurrengo ikasturtean (2019-2020).

Zazpigarren oinarria.–Azken agiriak eta laguntzak ordaintzeko eskabidea.

2019ko irailaren 13an beranduenez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduak:

–Ikastaroaren azken txostena. Hartan agertuko dira ikastaroaren ezaugarri eta helburuak, egindako jarduerak eta norberaren balorazioa; oro har, webgune honetako datu-orriaren bidez eginen da (Chrome erabilita, ahal bada):

https://goo.gl/forms/8c0q8aWj667uEAdV2. Bestela, deialdi honen 5. eranskina bete eta aurkeztu beharko da.

–Ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiriaren fotokopia. Hartan, erakunde antolatzailea, parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako jardueraren izena, ikastaroaren datak eta egindako irakastorduak azalduko dira. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

Kalkulu horretan, ez dira aintzat hartuko eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta programazio soziala.

–Gastuen laburpen-orria (6. eranskina).

–Jatorrizko fakturak, dagozkien ordainagiriekin batera, matrikulari eta ostatuari lotutako kontzeptuak xehatuta.

–Irakasle onuradunek, gainera, “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (7. eranskina) aurkeztu beharko dute, ez badute inoiz aurkeztu, dagokion banketxeak betea eta zigilatua. Agiri hori web-orri honetan ere dago jasota:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Agiri horiek eskaneatuta igortzen ahalko dira posta elektroniko honetara: idiomas@educacion.navarra.es. Mezuaren gaiaren eremuan “Azken txostena” eta interesdunaren deiturak idatzi beharko dira. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak laguntzaren onuradunari edozein unetan eskatzen ahalko dio jatorrizko ziurtagiriak eta fakturak aurkezteko, egokitzat jotzen badu.

Zortzigarren oinarria.–Laguntzak ordaintzea.

Deialdi honen hirugarren oinarriarekin bat, esleitutako laguntza guztia ordaintzeko, deialdiaren zazpigarren oinarrian aipatzen diren azken agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, batera erdietsi badira estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak, dirulaguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bederatzigarren oinarria.–Ziurtapena.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten den ordu kopuru bereko prestakuntza aldia aitortuko die irakasleei, eta jarduerari izaera ofiziala emateko ziurtagiria eginen du.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdia aplikatzearen ondoriozko egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. ERANSKINA

2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdian parte hartzeko eskaera.

3. ERANSKINA

2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzen deialdirako baremoa

MEREZIMENDUA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

DOKUMENTAZIOA

Funtzionarioa izateagatik

2

Eskatutako ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako urte bakoitzeko

(0,5 puntu, urte bakoitzeko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria

(ikastetxe itunduetan bakarrik)

Atzerriko hizkuntzan ematen den arlo batean irakasten emandako urte bakoitzeko, Departamentuak baimendutako programa eleaniztuna duen ikastetxe batean

(0,5 puntu, urte bakoitzeko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria

(8. eranskina)

Bigarren Hezkuntzan eskolak emateagatik hizkuntza arlokoa ez den irakasgai batean, urte bakoitzeko.

(0,5 puntu, urte bakoitzeko)

(soilik aplikatuko da aurreko apartatuetan punturik ematen ez duten ikasturteetan)

3

C1 mailaren ziurtagiria

(hizkuntza eskakizuna ofizioz egiaztatuko da)

Erasmus + programaren KA1 prestakuntzarako mugikortasunerako laguntzarik ez jasotzeagatik 2016-2017, 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan

1

Zinpeko aitorpena

(9. eranskina)

4. ERANSKINA

Uko egitea.

5. ERANSKINA

Azken txostena - 2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzak.

6. ERANSKINA

2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntza ordaintzeko aurkezten diren fakturen laburpena.

7. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

8. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria.

9. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena - 2019ko udan irakasleek prestakuntza ikastaroak atzerrian egiteko laguntzak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1903751