71. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

21/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 5ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea da Lanbide Heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema oso bat antolatzea eskaera sozial eta ekonomikoei eraginkortasunez eta gardentasunez erantzuteko, prestakuntza modalitate ezberdinen bitartez. Hala, legeak bizitza osoan zeharreko prestakuntza sustatzen du, eta espektatiba eta egoera pertsonal eta profesional desberdinetara egokitzen da. Horretarako, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala sortu da. Sistema horrek Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala du ardatz, zeinaren helburua baita, besteak beste, lanbide kualifikazioa ebaluatzea eta egiaztatzea, kualifikazio hori lortzeko bidea edozein dela ere.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak oinarrizko elementuak ezartzen ditu hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa malgua izan dadin, prestakuntzatik lanerako urratsa eta alderantzizkoa ahalbidetuz. Ebaluazioa lortutako emaitzen jarraipen eta balorazioa egiteko tresna erabilgarria da, baita emaitza horiek lortzeko prozesuak hobetzeko ere. Hori dela eta, beharrezkoa da ebaluazio prozedura bat ezartzea. Prozedura horrek, halaber, loturak ezarri beharko ditu ikaskuntza mota desberdinen artean, batetik bestera iragateko aukera emanez eta beharrizan eta interes pertsonaletara egokitutako heziketa bideak sortzea ahalbidetuz. Uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan, hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen hartan, heziketa mota horretako irakaskuntzen ebaluazioa arautzen da V. tituluko I. kapituluan.

Nafarroan, erdi eta goi mailako heziketa zikloei dagokienez, ebaluazio prozesu hori apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduak arautzen du (irailaren 18ko 86/2014 Foru Arauak aldatua), Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituenak.

Hezkuntza Departamentuak uste du lehentasunezkoa dela ebaluazio prozesuaren etengabeko hobekuntza ezartzea, irakaskuntza jarduera hori funtsezkoa baita mailaz igotzen diren eta titulazioa eskuratzen duten Lanbide Heziketako ikasleen tasak hobeak izan daitezen. Hori lortzeko, bi helburu espezifiko ezarri dira 2017-2020ko Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoan: lehenbizikoa, “Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasle kopurua handitzea” izenekoa, 2. ardatzaren barnean sartu da (Balioa ematea gure gizartearen kohesioari eta iraunkortasunari); bigarrena, berriz, “Aurrera egitea Europak Lanbide Heziketarako finkatu dituen ikasleen ehunekoak lortzeko”, 3. ardatzean dago kokatuta (Lanbide Heziketa indartzea eta etengabe eguneratzea). Hori horrela, beharrezkoa da zenbait aldaketa egitea ebaluazioari buruzko araudian, erdi eta goi mailako zikloetako etengabeko ebaluazioaren sisteman aurrera egin ahal izateko. Xede horrekin, amaierako ebaluazio deialdi bat ezarri behar da maila bakoitzean, eta neurri malgutzaileak ezarri behar dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesua eta, ondorioz, ebaluazio prozesua ahalbidetzeko. Ebaluazio horrek erdi eta goi mailako ikasleek erantzukizun handiagoa izatea sustatuko du, eta, aldi berean, ikastetxeei ikuspegi berri bat emanen die ebaluazio prozesua antolatzeko eta garatzeko.

Era berean, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoak ikasleak ardatz dituzten irakaskuntza metodologiak (metodologia aktibo deiturikoak) garatzearen alde egiten du. Metodologia horien artean hau gailentzen da: Proiektuetan Oinarritutako Elkarlaneko Ikaskuntza (POEI). Metodologia horietan, ikasleen ikaskuntzari begira, bereziki garrantzitsua da zeharkako gaitasun deiturikoak garatzea, hots, gaitasun pertsonalak eta sozialak. Horrek berekin dakar ebaluazioa nabarmen aldatzeko erantzukizuna, heziketa prozesuaren berezko zatitzat hartuz, zalantzarik gabe. Horretarako, beharrezkoa da Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa arautzen duen aginduan aurrera egitea, metodologia aktiboek berezko duten ebaluazioaren ikuspegi berria aintzat hartuko duten alderdiak txertatuz.

Irailaren 18ko 86/2014 Foru Aginduaren bidez apirilaren 8ko 52/2009 Foru Agindua aldatu ondoren, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuko tituluetako bat garatu da, baliozkotzeen eta salbuespenen araubideari buruzkoa, zehazki. Garapen hori urriaren 26ko ECD/1055/2017 Aginduaren bidez egin da (azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Agindua aldatu zuena), zeinaren bidez ezarri baitziren Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako lanbide moduluen arteko baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak, eta aldatu baitzen 2001eko abenduaren 20ko Agindua, zeinaren bidez zehaztu baitziren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako berariazko lanbide heziketako ikasketen baliozkotzeak. Foru agindu honetan Nafarroako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako ebaluazioa erregulatzen duen araudira lekualdatzen da ikasleek aurkeztutako baliozkotze eskaerak izapidetzeko prozedura, eskatutako baliozkotze horiek ebazteko eskumena duen organoaren arabera.

Azkenik, Hezkuntza Departamentuak uste du beharrezkoa dela berariaz betetzea goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan ezarritakoa. Hain zuzen, 9.8 artikuluak ezartzen du, ikasketak kirol prestakuntza edo jarduerarekin bateragarriak izan daitezen, eskumeneko administrazioek behar diren neurriak hartuko dituztela ikasle horien ikaskuntzak bestelako erantzukizun eta kirol jarduerekin bateratzeko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da foru agindu berri bat ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautuko dituena, jarraian adieraziko diren kapituluekin.

I. kapituluan xedea eta aplikazio eremua zehaztu ondoren, II. kapituluak Lanbide Heziketaren ebaluazioaren ezaugarri orokorrak arautuko ditu, eta bertan jasota egonen da ebaluazioa etengabea eta integratzailea izanen dela, nagusiki hezitzailea, eta modulutan bereizita egonen dela, baina izaera integratzailea alde batera utzi gabe. Hemen sartuko da lehen berritasuna: Lanbide Heziketako ziklo eta moduluen ebaluazioaren ikuspegi berriari eginiko erreferentzia. Ikuspegi horren bidez, ikaskuntza metodologia berriak aplikatuko dira, proiektu metodologikoan modu esanguratsuan definitutako gaitasunak ardatz hartuta. Erreferentzia hori foru arau honetan berariaz jasota dago, ebaluazio prozesu osoan zehar. Horrez gain, beste berritasun bat ere badago: etengabeko ebaluazio sistema definitu eta ezartzen du Nafarroako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako ebaluazio sistema gisa, eta, aldi berean, amaierako ebaluazio sistema ezartzen du etengabeko ebaluazio sistema aplikatu ezin zaien ikasleendako alternatiba gisa. II. kapitulu horretan aipatzen da, halaber, zein diren programazio didaktikoak prestatzean arreta berezia behar duten alderdi zehatzak ebaluazio prozesuaren plangintzan, baita zein diren hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek aniztasunari erantzuteko behar izaten ahal dituzten neurriak ere. Azkenik, etengabeko ebaluazioaren ildo berean, maila bakoitzeko deialdi arrunt bakarra ezartzen da, eta deialdi bereziak eskatzeko baldintzak zehazten dira, ohiko lau deialdiak agortu dituzten lanbide moduluetarako.

III. kapituluak, irakasle taldeari buruzko xedapenak jasotzen ditu, hala nola ebaluazio prozesuaren garapenari buruzkoa. Prozesu horrek hainbat ebaluazio saio hartzen ditu barnean: hasierakoa, partzialak eta amaierakoa. Hala, kapitulu horretan saio horien guztien tenporalizazioa ere jasota dago. IV. kapituluak lanbide moduluen eta heziketa zikloaren kalifikazioa arautzen du, eta ebaluazio agirietan eman behar diren zenbakizko eta ez-zenbakizko kalifikazioak ezartzen ditu, ebaluazio prozesuko informazio garrantzitsu guztia eskuratze aldera. Azkenik, kapitulu horrek xedatzen du “ohorezko aipamenak” (moduluetan) eta “ohorezko matrikulak” (heziketa zikloetan) emateko aukera.

V. kapituluak irizpideak ezartzen ditu zikloan jarraitzeko, hurrengo mailara iragateko eta Lantokiko Prestakuntza modulura sartzeko, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarritutako tituluak gauzatzean lortutako esperientziaren emaitza gisa. Irizpide horiek aukera ematen dute ebaluazio prozesua egokitzeko ikasleek heziketa zikloko gaitasun orokorra, gaitasun profesionalak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita lanbide kualifikazioak ere, eskuratu izana egiaztatzeko helburura. Gainera, kapitulu honetan heziketa zikloetako ikaskuntzak errekuperatzeari buruzko zenbait xedapen ere jasota daude.

VI. kapituluan, egiten ahal diren matrikula baliogabetzeen tipologia ezarri da: ofizioz, ikastetxearen eskutik (matrikula deuseztatzea); edo ikasleak –edo, adingabea bada, bere legezko ordezkariek– hala eskatuta (matrikula baliogabetzea, baina plaza erreserbatzeko eskubidearekin/matrikulari baja borondatez ematea). Era berean, baliogabetze horiek egiteko eta eskatzeko baldintzak ezartzen ditu, baita ebaluazio deialdiari uko egitea eskatzeko baldintzak ere. VII. kapituluak barnean hartzen ditu lanbide modulua baliozkotzeari, Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteari eta baliozkotzeen eta salbuespenen prozedurari buruzko xedapenak.

VIII. kapituluan, berriz, egungo araudi esparruak eskatzen dituen ebaluazio agiriak daude zehaztuta: ikaslearen ikasketa espedientea, ebaluazio aktak eta banakako ebaluazio txostenak. Horrez gain, kapitulu horretan ezarrita daude ikasleen mugikortasunaren inguruko zenbait neurri. Azkenik, IX. kapituluak tituluak emateari buruzko zenbait alderdi biltzen ditu: teknikari tituluak, goi mailako teknikariarenak eta dagozkien Europass gehigarriak. Bestetik, Lanbide Heziketako titulu horien erregistroari eta ondoreei buruz ere mintzatzen da.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuaren bidez, aldeko txostena eman du, onets dadin foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituena.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Eskola Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Onestea Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzea, jarraian zehaztutako artikuluen arabera.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Xedea.

Foru arau honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzea.

2. artikulua Aplikazio eremua.

Foru agindu hau aplikagarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu baimenduetan, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasketak ematen badituzte.

II. KAPITULUA

Lanbide Heziketaren ebaluazioaren ezaugarri orokorrak

3. artikulua Ebaluazioaren xedea.

1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ebaluazioaren helburua da ikasleen ikaskuntza baloratzea, ikaskuntza hori honako hauek eskuratzera zuzenduta dagoela: heziketa zikloko gaitasun orokorra, gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren barnean programa horri dagozkion lanbide kualifikazioak eta, hala denean, gaitasun unitateak.

Lanbide Heziketan ikasteko metodologia berriak aplikatzen dituzten ziklo eta moduluetan, ebolutiboa eta partekatua da, eta ikaskuntza ingurune berriarekiko koherentea, aurreko paragrafoan aipatutako ikaskuntzaren balorazioa, eta proiektu metodologikoan jasotako gaitasun esanguratsuenen eskuratze maila du ardatz.

2. Ikaskuntza prozesuaren funtsezko elementuetako bat da ebaluazioa, bai irakasle eta ikasleentzat bai hezkuntza sistemako Lanbide Heziketarako, ikaskuntzen kalitatearen erreferentzia baita eta horiek errazten baititu.

4. artikulua Ebaluazioaren alderdi orokorrak.

1. Ebaluazioa lanbide moduluen bidez eginen da, erreferentzia gisa ikaskuntza emaitzak eta horietako bakoitzaren ebaluazio irizpideak hartuta, baita heziketa zikloko helburu orokorrak ere. Azken horietan, ziklo bakoitzerako zeharkako zenbait gaitasun zehazten dira, gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak eskuratu diren kontuan hartuta.

Ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen diren Lanbide Heziketako ziklo eta moduluetan, ebaluazioak ikuspegi ebolutibo eta partekatu berria dauka, ikaskuntza ingurune berriarekiko koherentea, eta proiektu metodologikoan jasotako gaitasun esanguratsuenen eskuratze maila du ardatz. Ebaluazioa modulu artekoa izaten ahal da. Kasu horretan, proiektua eta horren ebaluazioa tartean diren modulu guztietako irakasle arduradunen artean adostu beharko dira, eta gaitasun desberdinak ebaluatzen ahalko dituzte, modulu bakoitzaren arabera.

2. Lanbide moduluen ebaluazio irizpideak eta heziketa zikloko helburu orokorrak dira ikaskuntza emaitzen betetze maila baloratzeko erreferentzia nagusiak. Ebaluazio irizpideak programazio didaktikoetan zehaztu beharko dira, berariaz eta zehatz azalduz dagokion modulu profesionala gainditzeko eskatuko diren ikaskuntza emaitzen betetze maila.

3. Ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa etengabea eta integratzailea izanen da; funtsean prestakuntza izaera izanen du eta ikasleen prestakuntza prozesu osoan eginen da.

4. Ebaluazioa integratzailea izanen da, izan ere, heziketa zikloaren helburu orokorrak hartu behar ditu kontuan, moduluen ikaskuntza emaitzetan adierazitakoaren bidez. Era berean, ebaluazioa hezitzailea izanen da; hortaz, ikasleei eman beharko zaizkie eskuratu beharreko gaitasunen mailari buruzko informazio eta orientazio egokia, baita beren ikaskuntza prozesua hobetzeko proposamenak ere.

5. Bermatu dadin ebaluazioaren bidez irizpide erabat objektiboz ebaluatuko dela ikasleen errendimendua, horretarako eskubidea baitute, ikastetxeetako zuzendaritzak, ikasturtearen hasieran, arduratuko dira jendaurrean azaldu daitezen zer ebaluazio irizpide aplikatuko diren curriculumean ezarritako ikaskuntzak eskuratu direla erakusteko. Orobat, jendaurrean jarriko dira lanbide moduluetan ebaluazio positiboa eskuratzeko eskatzen ahal diren helburuen betetze mailak. Ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen diren Lanbide Heziketako ziklo eta moduluetan, jendaurrean jarri beharko dira proiektu metodologikoan definitutako gaitasun esanguratsuenak eskuratzeko irizpideak. Ikastetxeetako zuzendaritzek horren berri eman beharko diete ikasleei edo, adingabeak badira, beren guraso edo legezko ordezkariei. Era berean, informazioa eman beharko diete erreklamazioak egiteko sistemari eta prozesuari buruz ere, hala ebaluazio partzialetarako nola amaierako ebaluaziorako, eta bereziki erreklamazioak egiteko moduari eta epeei buruz.

5. artikulua Ebaluazio sistemak.

1. Nafarroako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako ebaluazio sistema etengabea da. Ebaluazio sistema hori ulertu behar da lanbide modulu bakoitzeko ikasle bakoitzaren aurrerapena baloratzeko mekanismo gisa, etengabe neurtu behar den prozesu baten barnean. Ildo horretan, ulertu behar dugu Nafarroako Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleen eskubidea dela etengabeko ebaluazio sisteman parte hartzea.

Lortutako gaitasunak eta ikaskuntza emaitzak sistema horren bidez kontrolatzeko, beharrezkoa da ebaluazio tresna batzuk edo besteak erabiltzea, honako ezaugarri hauen arabera: lanbide modulua, prestakuntza jarduera, eta ebaluatuko diren gaitasun mota eta ikaskuntza emaitza. Tresna horietako bat baino gehiago behar izaten ahal dira lanbide modulu bateko heziketa aldi osoaren joan-etorrian egin beharreko ebaluazioan.

2. Etengabeko ebaluazio sistema erabiltzeak berekin dakar etengabeko ebaluaziorako jarduera multzo bat ezartzea, ikasle bakoitzak heziketa aldi osoaren joan-etorrian egin duen aurrerapena baloratzeko. Erabiltzen diren prozedura eta tresnek bermatu behar dute gaitasun eta ikaskuntza emaitza guztiak garatu direla, eta jasota egon behar dute lanbide moduluaren programazio didaktikoan. Etengabeko ebaluaziorako jarduerak heziketa aldiaren joan-etorrian egin behar dira.

Lanbide moduluaren programazioan zehaztu egin behar da ebaluazio tresna bakoitzaren bidez jasotako informazioaren eta etengabeko ebaluaziorako jarduera bakoitzaren haztapena, lanbide moduluko kalifikazio partzialen gainean eta amaierako kalifikazioen gainean. Lanbide moduluaren programazioan jasota badago amaierako ebaluazioa egiteko jardueraren bat eginen dela etengabeko ebaluazioaren barnean, jarduera horrek ezin izanen du lanbide moduluaren kalifikazio osoaren %35 baino gehiagokoa izan.

3. Modalitate orokorrean, etengabeko ebaluazioaren sistema aplikatzeko ezinbestekoa da ikasleak matrikulatuta dauden lanbide moduluetako jardueretara modu erregularrean bertaratzea. Bertaratze erregular hori, oro har, honelakoa izanen da:

a) Erdi mailako zikloetan (derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza), gutxienez modulu bakoitzaren iraupenaren ehuneko laurogeita bostekoa, dagokion heziketa aldiaren barnean.

b) Goi mailako zikloetan (goi mailako hezkuntza), gutxienez modulu bakoitzaren iraupenaren ehuneko hirurogeita hamabostekoa, dagokion heziketa aldiaren barnean.

Ondorioz, artikulu honen ondoreetarako, bertaratzea ebaluazioaren xede diren aldi bakoitzean hartuko da aintzat. Baldintza horiek bete ezean, ikasleak etengabeko ebaluazio sistema aplikatzeko eskubidea galduko du gutxieneko bertaratzea bete ez duen moduluan.

4. Amaierako ebaluazioaren sistema aukera bat da Nafarroako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako heziketa zikloetan etengabeko ebaluazioa aplikatu ezin zaien ikasleentzat. Sistema horren bidez, amaierako ebaluazioa egiteko jarduera batzuk ezarri behar dira, lanbide modulu osoari dagozkion ikaskuntza emaitzak ebaluatzeko modua ematen dutenak.

Erabiltzen diren prozedura eta tresnek bermatu behar dute gaitasun eta ikaskuntza emaitza guztiak garatu direla, eta jasota egon behar dute lanbide moduluaren programazio didaktikoan. Ebaluazio sistema honen amaierako ebaluaziorako jarduerak, oro har, dagokien ebaluazio deialdirako (partziala edo amaierakoa) ezarritako datetan eginen dira. Horrez gain, modulu bakoitzeko irakasle arduradunak beste ebaluazio jarduera osagarri batzuk eginen ditu heziketa aldiaren joan-etorrian.

Lanbide moduluaren programazioan zehaztu egin behar da ebaluazio tresna bakoitzaren bidez jasotako informazioaren eta ebaluaziorako jarduera bakoitzaren haztapena, lanbide moduluko kalifikazio partzialen gainean eta amaierako kalifikazioen gainean. Lanbide moduluaren programazioan jasota badago amaierako ebaluazioa egiteko jarduerez gain ebaluazio jarduera osagarriak eginen direla, azken jarduera horiek ezin izanen dute lanbide moduluaren kalifikazio osoaren %80 baino gehiago hartu.

5. Mailako tutoreak, ikastetxeko zuzendaritzari jakinarazi ondoren, amaierako ebaluazioaren sistema alternatiboa aplikatuko zaiela jakinaraziko die etengabeko ebaluazioa aplikatu ezin zaien ikasleei eta, adingabeak badira, beren legezko ordezkariei.

6. Etengabeko ebaluazio sistema eta amaierako ebaluazio sistema aplikatzen ahalko dira ebaluazio aldi guztietan, hala ebaluazio partzialetan nola amaierako ebaluazioan, eta, bi sistemetan, ikasleei bermatu eginen zaie gehieneko kalifikazioa lortzen ahalko dutela ebaluazio saioetako edozeinetan (partzialak edo amaierakoa).

7. Hezkuntza Departamentuak gaur egun Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetan erabiltzen diren ebaluazio sistemak berrikustea sustatuko du, araudi honetara egokitu daitezen, eta prestakuntza aldi osoan banatutako ebaluazio jarduerak ezar daitezen.

6. artikulua Programazio didaktikoak eta ebaluazioa

Programazio didaktikoetan, arreta berezia emanen zaio ebaluazio prozesua planifikatzeari eta horrekin lotutako erabakiak hartzeari; zehazki hauei:

a) Etengabeko ebaluazio sisteman ikasleen ikaskuntza prozesua ebaluatze aldera erabiliko diren ebaluazio prozedura eta tresnei eta kalifikazio irizpideei. Horiek definitzean, irakasleek kontuan hartuko dute erreferentziazko ikaskuntza emaitzen lortze maila, baita tituluaren gaitasun eta helburu orokorrak eskuratu izana ere. Kontuan hartuko dute, halaber, ebaluazio tresnak egokitu behar direla, ebaluazio irizpideen arabera. Horrez gain, arreta berezia eman behar zaio ebaluazio tresna bakoitzaren bidez lanbide moduluko kalifikazioaren gainean (izan partziala edo amaierakoa) etengabeko ebaluaziorako jarduera bakoitzari buruz jasotako informazioaren haztapenari.

Lanbide Heziketan ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen dituzten zikloen kasuan, arreta eman behar zaie ebaluaziorako prozedura eta tresnei eta kalifikazio irizpideei, zeinek koherenteak izan behar baitute ikaskuntza ingurune berriarekin eta aplikatutako metodologiari egokituta egon behar baitute. Irizpide horietan, kontuan hartu beharko da foru agindu honen 3. eta 4. artikuluetan kasu hauetarako ezarritakoa.

b) Lanbide moduluetako errekuperazio jardueren zehaztapen eta plangintzari, matrikulatutako ikasleek dagozkien lanbide moduluak gainditu ahal izan ditzaten.

Lehen mailan, jarduera horiek azken ebaluazio partzialetik amaierako ebaluaziora bitarteko aldian eginen dira, eta, bigarren mailan, LP modulua egin aurreko ebaluazio partzialeko saiotik amaierako ebaluazio saioara bitarteko aldian, bat etorriz foru agindu honen 22. artikuluan xedatutakoarekin.

c) Etengabeko ebaluazio sistema aplikatu ezin zaien ikasleen ikaskuntza prozesua ebaluatzeko asmoz amaierako ebaluazio sisteman erabiliko diren ebaluazio prozedura eta tresnei, eta aplikatuko diren kalifikazio irizpideei. Horiek definitzean, irakasleek kontuan hartuko dute erreferentziazko ikaskuntza emaitzen lortze maila, baita tituluaren gaitasun eta helburu orokorrak eskuratu izana ere. Kontuan hartuko dute, halaber, ebaluazio tresnak egokitu behar direla, ebaluazio irizpideen arabera. Horrez gain, arreta berezia eman behar zaio ebaluazio tresna bakoitzaren bidez lanbide moduluko kalifikazioaren gainean (izan partziala edo amaierakoa) etengabeko ebaluaziorako jarduera azkeneko eta osagarriei buruz jasotako informazioaren haztapenari.

d) Lanbide modulua desgaitasuna duen ikasleren batek egin behar badu, prestakuntza jarduerak eta ebaluaziorako irizpide eta prozedurak egokitzeari, ebaluazio probetarako irisgarritasuna bermatuz. Egokitzapen horren barnean ez dira inola ere kenduko tituluaren gaitasun orokorra eskuratzeko beharrezkoak diren ikaskuntza emaitzak eta helburu orokorrak.

7. artikulua Aniztasunari erantzutea. Hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek lortu ahal izan ditzaten prestakuntza zikloko gaitasun orokorra, eta orobat lortu gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak, eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren kualifikazio profesionalak baita, hala badagokio, gaitasun unitateak, titulu bakoitzari dagozkionak, ere, ikastetxeek honako neurri hauek aplikatzen ahalko dituzte, besteak beste:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat:

–Sartzeko curriculum egokitzapenak (SCE). Egokitzapen hauek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak jaisteko.

–Ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntza ibilbide bat sortzea. Behar bezala frogatutako osasun problema larriak dituzten ikasleei ere aplikatzen ahal zaie neurri hau.

b) Adimen gaitasun handiak dituztenentzat:

–Curriculuma aberasteko programak, gaitasun horiek ahalik eta gehien garatzeko.

Gainera, neurri horiek ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen diren Lanbide Heziketako ziklo eta moduluetan hartzen ahalko dira, ikasleek proiektu metodologikoan definitutako gaitasun esanguratsuenak eskura ditzaten.

2. Deitzen diren proba berariazkoak egitean, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen ebaluazioa ongi eginen dela bermatzeko.

8. artikulua Matrikula eta deialdi kopurua ikasturteko.

1. Matrikula ikasturte bakoitzerako eginen da eta, horri esker, ikasleek amaierako ebaluaziorako deialdi arrunt bakarra izateko eskubidea dute ikasturteko, lanbide modulu bakoitzerako, modalitate orokorrean.

Hurrengo mailara igotzen diren eta maila errepikatzen duten ikasleen matrikula Hezkuntzako zuzendari nagusiak urtero xede horrekin ematen duen ebazpenean adierazitako datetan egin beharko da. Ebazpen horretan onetsiko ditu dagokion mailarako onarpen prozeduraren jarraibideak eta egutegia.

2. Salbuespen gisa, ikaslea soilik LP moduluan eta/edo Proiektu moduluan matrikulatuta badago, deialdi bat baino gehiago izaten ahal du ikasturte berean, baldin eta ez badu deialdirik erabili aldez aurretik eta deialdi hori egiteko aukera baldin badago ikasturte horretan.

Heziketa zikloetako bigarren mailan matrikulatutako ikasleek ezin izan badute LP modulua egin, modulu horretara sartzeko baldintza ez betetzeagatik, eta, hala dagokionean, ezin izan badute ebaluaziorik jaso Proiektu moduluan, ez zaie deialdirik zenbatuko modulu horietan.

9. artikulua Deialdi arrunta eta deialdi bereziak.

1. Lanbide moduluen amaierako ebaluazioa egiten ahalko da lau deialdi arruntetan, modalitatea edozein izanik ere. Lantokiko prestakuntza moduluak bi deialditan izan dezake azken ebaluazioa. Azken ebaluazioko saioetan garatuko dira deialdi horiek.

2. Lau deialdi arruntak agortu dituzten ikasleek edo, adingabeak badira, horien guraso edo legezko ordezkariek, gehienez bi deialdi berezi emateko eskatzen ahalko diote ikastetxeko zuzendariari, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak behar bezala akreditatuta dituzten ikasleak.

b) Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duten senitartekoena.

c) Familia betebeharrak izatea.

d) Ikaskuntza eta jarduera profesionala edo kirol edo arte jarduerak bateratu behar dituzten ikasleak.

e) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, goi mailako kirolari edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa duten ikasleak.

f) Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

Ikastetxeko zuzendaritzak ebatzi beharko ditu deialdi bereziak emateko eskaerak, eta ebazpen horren berri eman beharko die interesdunei. Oro har, deialdi berezi bat eskatzen ahalko da ikasturte bakoitzeko; dena den, bi deialdi eskatu eta ikasturte berean egiten ahalko dira, baldin eta ikastetxea eta ikaslea edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariak, ados jartzen badira.

3. Amaierako ebaluazioa egiteko deialdi berezia eskatzeko, idazki bat igorri beharko zaio ikasleak dagokion modulua egin duen ikastetxeko zuzendaritzari, prozedura honi jarraituz:

a) Deialdi berezi hori eskatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, amaierako ebaluazioko laugarren deialdi arrunteko kalifikazioa jakinarazten denetik hasita edo, hala badagokio, amaierako ebaluazioko deialdi bereziko kalifikazioa jakinarazten denetik hasita. Eskaera jaso ondoren, ikastetxeko zuzendariak ezohiko bilera eginen du irakasle taldearekin, eta aurkeztutako eskaera aztertuko dute. Ikastetxeko zuzendaritzak hartutako ebazpenaren berri emanen die eskatzaileei, gehienez hamabost egun naturaleko epean, eskaera jasotzen den egunetik hasita. Hala, bukaera emanen zaio ikastetxeko ebazpen prozesuari.

b) Ikastetxeko zuzendaritzak deialdi bereziaren eskaerari uko egiten badio, ikasleak edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariak, idatziz eskatzen ahalko dio ikastetxeko zuzendaritzari eskaera Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari helarazteko, bi egun balioduneko epean, ebazpena jasotzen duenetik hasita. Horretarako, prozedura honi jarraitu beharko zaio:

–Ikastetxeko zuzendaritzak, ikaslearen edo, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkarien eskaera jaso eta hurrengo bi egun baliodunetan, deialdi berezia eskatu izanaren espedientea igorriko dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, espedientea aztertuta, txosten bat emanen du gehienez hamar egun balioduneko epean, espedientea jasotzen duenetik hasita. Txosten hori Hezkuntzako zuzendari nagusiari igorriko zaio, erreklamazioaren gaineko ebazpena eman dezan.

–Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpena hamar egun balioduneko epean emanen da, gehienez ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena jasotzen duenetik hasita. Ebazpen horrek bide administratiboa amaituko du.

c) Deialdi berezia onartuz gero, hori zein egunetan eta nola eginen den jakinarazi beharko zaio ikasleari.

d) Deialdi berezia onartua duten ikasleek berariazko matrikula egin behar dute hartaz baliatzeko. Matrikula hori bateragarria izanen da beste ikasketa batzuetako matrikularekin, eta ez du emanen eskoletara eta beste edozein irakaskuntza jardueretara joateko eskubiderik.

e) Nolanahi ere, kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertu ondoren ikastetxeak bidezkoak iruditzen zaizkion hezkuntza neurriak ezarri ahal izanen ditu ikasleari deialdi berezia gainditzen laguntzeko, besteak beste eskoletara joatea eta prestakuntza jarduera jakin batzuetan parte hartzea.

III. KAPITULUA

Ebaluazio prozesua

10. artikulua Irakasle taldea

1. Heziketa zikloko lanbide modulu guztiak kontuan hartuta, modulu horiek ematen dituen irakasle taldeak ebaluatuko du ikasleen ikaskuntza, irakasle tutoreak zuzenduta eta ikasketa burutzak koordinatuta. Ebaluazio saioetan zehaztu eta sistematizatuko da ebaluazioa.

Irakasle taldea arduratuko da ikasleen ebaluazio prozesuaz eta irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste bilduko dira ikasleen ebaluazioa baloratzeko.

2. Talde bakoitzaren tutoreak, ebaluazio saioak zuzentzeaz gain, saio horietan beren inguruko araudia betetzen dela bermatuko du, ikasketa burutzak koordinatuta. Orientazioaz arduratzen denak, bere eginkizunak betez, tutoreari aholkularitza ematen ahalko dio saio horiek behar bezala garatzeko, batik bat hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen kasuan.

3. Irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesua, irakaskuntza prozesuak eta beren irakasle lana ebaluatuko dituzte; horretarako, lorpenen adierazleak ezarri beharko dituzte programazio didaktikoetan, baita irakaskuntza prozesuaren eta beren irakasle lanaren adierazleak ere. Adierazle horiek, besteak beste, honako alderdi hauek aipatuko dituzte: ikasleak lortutako emaitzak curriculumean ezarritako ikaskuntza emaitzen lorpen mailari eta gaitasun profesional, pertsonal eta sozialen lorpen mailari dagokienez, baita, hala badagokio, ikaskuntza metodologia berrien proiektuan jasotako zeharkako gaitasunei dagokienez ere; programazioaren betetze maila; metodologia didaktikoaren egokitasuna; ikaskuntza zailtasunak dituzten ikasleei eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei aplikatutako neurriak; ikastetxeak ezarritako ebaluazioen emaitzak; irakasleek ezarritako beste ebaluazio batzuen emaitzak; ekoizpen sektoreko eta zerbitzuen sektoreko eskakizunetarako egokitzapena.

4. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuak, besteak beste, irakaskuntza praktikari buruzko hausnarketan eta jarduna ebaluatzeko galdetegietan oinarritutako jarduketak eta programak sustatuko ditu hobetzen ahal diren alderdiak antzemate eta identifikatze aldera. Era berean, Educa kudeaketa sistema garatuko du aurreko atalean aipatutako adierazleen erregistroari dagokionez: programazio didaktikoetan eginiko lorpenak, irakaskuntza prozesua eta irakaskuntza praktika.

11. artikulua. Ebaluazio saioak.

1. Ebaluazio saiotzat jotako bileretan aztertuko dira irakasleek eta, halakorik izanez gero, moduluetako espezialistek emandako informazioak. Horietan, gainera, baloratuko da ikasleek zer aurrerapen izan duten aurrez ezarritako ikaskuntza emaitzak lortzean eta ebaluazio irizpideak betetzean, bai eta heziketa zikloko gaitasun eta helburu orokorrak eskuratzean ere. Lanbide Heziketan ikaskuntzarako metodologia berriak aplikatzen dituzten ziklo eta moduluen kasuan, gaitasunen balorazioa egiteko tenorean kontuan hartuko dira proiektu metodologikoan modu esanguratsuenean definitutako gaitasunak.

2. Horrela behar duten ebaluazio saioetan, irakasle taldeak erabakiko ditu modulu bakoitzari zer kalifikazio emanen zaizkion eta orobat, besteak beste, ikasleak zikloan jarraituko duen, hurrengo mailara iraganen den, LP modulura sartuko den eta/edo titulazioa eskuratuko duen, baita ohorezko aipamena eta ohorezko matrikula eskuratuko dituen ere.

3. Foru agindu honen 28. artikuluan zehazten diren ebaluazio agirietan jasoko da ebaluazio saioen emaitza, eta horren berri eman beharko zaie ikasleei edo, adingabeak direnean, beren gurasoei edo legezko ordezkariei.

4. Ebaluazio prozesua hiru saio motatan antolatuko da: hasierakoa, partziala eta amaierakoa.

12. artikulua. Hasierako ebaluazio saioa.

Heziketa zikloaren hasieran, irakasle taldeak ikasleen hasierako ebaluazio saioa eginen du, helburu hauekin:

–Ikasleen ezaugarriak, aldez aurreko prestakuntza eta gaitasunak ezagutzea.

–Ikasleak dagokien lanbide moduluaren arabera orientatzea eta kokatzea.

Saioan, kontuan hartzen ahalko dira lehendik egindako etaparen ebaluazio txostenak, aitzinetik egindako ikasketa akademikoak edo Lanbide Heziketakoak, sarbide probaren bidez sartzen diren ikasleen proba, aldez aurreko lanbide esperientzia eta ikasleei jardueretan eginiko behaketa.

Hasierako ebaluazio horrek ez du kalifikaziorik izanen.

13. artikulua. Ebaluazio partzialeko saioa.

1. Ebaluazio partzialeko saioak heziketa zikloko maila bakoitzean eta talde bakoitzerako eginen dira. Saio horietan, irakasleak ebaluazio prozeduren bidez ikaslearen ikaskuntzari buruz jasotako informazioa aztertuko du. Prozedura horiek dira, besteak beste, behaketa sistematikoa, eginiko lanen behaketa, beste edozein ebaluazio jarduera eta erabilitako metodologiarekin bat datozen beste prozedura batzuk, baterako ebaluazioa eta autoebaluazioa... Horiek guztiak eginen dira, hain zuzen, ebaluazio prozesuaren jarraitutasuna bermatzeko.

2. Ebaluazio partzialeko saioen helburua izanen da ikasleen ikaskuntza prozesua eta aurrerapen akademikoa aztertzea, taldearen azterketa orokorra egitea eta ikasleen aurrerapen egokiari laguntzen dioten erabakiak hartzea. Saio horien gaineko informazioa Educa kudeaketa sisteman jasoko da.

Irakasle tutoreak zuzendutako ebaluazio saio horietan irakasle taldeak ikasleen kalifikazioa erabakiko du modulu bakoitzean, betiere etengabeko ebaluazioaren ikuspegia aintzat hartuta, eta dagozkion erabakiak hartuko ditu. Irakasle bakoitzak ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak egiten ahalko ditu, berak ematen duen lanbide moduluari dagozkionak. Ikaskuntza metodologia berriak aplikatzen dituzten zikloen kasuan, modulu bakoitzaren kalifikazioa aterako da aplikatutako proiektu metodologikoan izandako parte hartzetik, eta ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko baterako oharrak egiten ahalko dira.

3. Ebaluazio partzialeko saioen kopurua heziketa zikloko mailaren araberakoa izanen da:

–LP modulua ez duten mailetan emandako moduluak: Oro har, ebaluazio partzialeko bi edo hiru saio eginen dira modulu bakoitzerako, ikastetxeak erabakitzen duenaren arabera.

–LP modulua duten mailetan emandako moduluak: LP modulua ikasturteko azken hiruhilekoan egiten bada, ebaluazio partzialeko bi saio eginen dira modulu bakoitzerako. Ebaluazio partzialeko bigarren saioa Lantokiko Prestakuntza modulua hasi aurretik eginen da. Modulu hori ikasturte osoan egiten bada, ebaluazio partzialeko bi edo hiru saio eginen dira, ikastetxeak erabakitzen duenaren arabera.

4. LP modulurik ez duten mailak: ebaluazio partzialeko azken saioa ikasturteko moduluen amaierako ebaluazio saioaren aurretik eginen da. Ebaluazio partzialeko azken saioan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu:

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gaindituko dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeko. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Errekuperazio jarduerak egiteko aldia ebaluazio partzialeko azken saiotik amaierako ebaluazio saiora bitartekoa izanen da.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta dagokion ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa ikasmailako moduluen amaierako ebaluazioan eginen da, bai ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeko dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

5. LP modulua duten mailen kasuan, modulu hori ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egiten bada, ebaluazio partzialeko azken saioa LP modulua hasi aurretik eginen da. Saio horretan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu.

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gaindituko dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeko. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

d) Ikasleak LP modulura sartuko diren edo ez, foru agindu honen 21. artikuluan ezartzen dituen irizpideei jarraituz.

e) Moduluak gainditzeko dituzten eta LP modulua eginen duten ikasleek zer errekuperazio jarduera egin beharko dituzten, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

f) Moduluak gainditzeko dituzten eta LP modulua eginen ez duten ikasleek zer errekuperazio jarduera egin beharko dituzten, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Errekuperazio jarduerak egiteko aldia bat etorriko da LP modulukoarekin.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa mailako moduluen amaierako ebaluazioan eginen da, bai LP modulua hasi aurreko ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeko dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

6. LP modulua duten mailen kasuan, modulu hori ikasturte osoan egiten bada, ebaluazio partzialeko azken saioa ikasturteko moduluen amaierako ebaluazio saioaren aurretik eginen da. Ebaluazio partzialeko azken saioan, irakasle taldeak erabaki hauek hartuko ditu:

a) Ebaluazio partzialeko azken saioan zer kalifikazio dagokion modulu bakoitzari.

b) Zein ikaslek gaindituko dituzten lanbide moduluak.

c) Zein ikaslek dituzten lanbide moduluak gainditzeko. Ikasle horiek errekuperazio jarduerak egiten ahalko dituzte, beren amaierako kalifikazioa beranduago zehazteko.

Errekuperazio jarduerak egiteko aldia ebaluazio partzialeko azken saiotik amaierako ebaluazio saiora bitartekoa izanen da.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak, urteroko ebazpenaren bidez, eskola egutegia eta dagokion ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onesten ditu ikasturte bakoitzerako. Bada, ebazpen horretan zehaztuko dira ebaluazio saioak egiteko data zehatzak.

Moduluen behin betiko kalifikazioa ikasmailako moduluen amaierako ebaluazioan eginen da, bai ebaluazio partzialeko azken saioan moduluak gaindituta dituzten ikasleentzat bai moduluak gainditzeko dituzten eta errekuperazio jarduerak egin behar dituzten ikasleentzat.

7. Ebaluazio partzialeko saio bakoitza bukatu ondotik, tutoreak izandako errendimenduaren berri emanen dio ikasleari eta, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariei. Horretarako, ebaluazio saioko txostena helaraziko dio, Educa kudeaketa sistemaren edo beste plataforma informatiko batzuen bidez. Txosten horretan zehaztu beharko dira, gutxienez, ikastetxearen identifikazioaren datuak, ikaslearen identifikazioarenak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa, azalpen hauei jarraikiz:

a) Ikastetxearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, egiten duen etapa, hizkuntza eredua, maila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: gaur egungo ebaluazioa, lanbide profesionalen zerrenda, haien kalifikazioa, aniztasunerako arretarako hartutako hezkuntza neurriak halakorik baldin badago, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Horrez gain, ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak eta bertaratze falten nahiz diziplinazko falten laburpena ere izanen ditu.

LP modulua ez duen mailako ebaluazio partzialeko azken saioaren kasuan, txostenean zehaztu behar da, halaber, modulua gaindituta edo gainditzeko dagoen.

LP modulua hirugarren hiruhilekoan egiten bada, LP moduluaren aurreko ebaluazio partzialeko saioaren txostenean zehaztu behar da, halaber, modulua gaindituta edo gainditzeko dagoen eta ikasleak LP modulura sartzen ahal den edo ez.

LP modulua urte osoan zehar egiten bada, maila horretako ebaluazio partzialeko azken saioaren txostenean zehaztu behar da, halaber, modulua gaindituta edo gainditzeko dagoen.

14. artikulua. Amaierako ebaluazio saioa.

1. Moduluen amaierako ebaluazio saioen kasuan, modulu bakoitzaren heziketa aldia amaitutakoan eginen dira amaierako ebaluazio saioak, eta, heziketa zikloaren amaierako ebaluazio saioaren kasuan, heziketa zikloa osatzen duten modulu guztiak bukatutakoan.

2. Moduluen heziketa aldia amaitutakoan, horiei buruz eginen den amaierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak baloratuko du ea ikaskuntza emaitzak eta moduluen helburuak lortu diren. Lanbide Heziketan ikaskuntzarako metodologia berriak aplikatzen dituzten ziklo eta lanbide moduluen kasuan, ikaskuntza emaitzak eta moduluen helburuak lortu diren baloratzeko tenorean kontuan hartuko dira proiektu metodologikoan modu esanguratsuenean definitutako gaitasunak. Amaierako ebaluazio saio horietan, irakasle taldeak erabakiko du, tutorearen zuzendaritzapean, ikasleek zer kalifikazio lortu duten modulu bakoitzean eta, bidezkoa bada, ohorezko aipamenik eman behar zaien.

a) Lehen mailan amaitutako lanbide moduluak. Amaierako ebaluazio saioan irakasle taldeak, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, erabaki hauek hartuko ditu:

–Zein ikasle iraganen diren bigarren mailara, foru agindu honen 20. artikuluan mailaz igotzeko ezartzen dituen irizpideak kontuan hartuta.

–Bigarren mailara iragan gabe zein ikaslek errepikatuko duten maila.

–Foru agindu honen 20. artikuluak zikloan jarraitzeko ezartzen dituen irizpideak ez betetzeagatik, zein ikaslek ez duten zikloan jarraituko.

Ikasleak, moduluak gainditzeko edukita ere, mailaz igotzen badira, modulu horiek errekuperatzeko programatu diren jardueren berri eman beharko zaie, baita errekuperazio hori egiteko aldiaren, tenporalizazioaren eta moduluak ebaluatuko diren daten berri ere. Moduluak ebaluatzeko datak bat etorriko dira LP moduluaren aurretiko ebaluazio partzialeko saioarekin, baldin eta modulu hori ikasturteko azken hiruhilekoan egiten bada. LP modulua ikasturte osoan egiten bada, berriz, bat etorriko dira mailako ebaluazio partzialeko azken saioarekin.

b) Bigarren mailan amaitutako lanbide moduluak. Artikulu honetako bigarren atalaren hasieran adierazitakoaz gain, amaierako ebaluazio saioan, irakasle taldeak:

–LP moduluaren ebaluazioa eginen du, modulu horren garapenari buruzko araudi berariazkoan xedatutakoari jarraikiz.

–Goi mailako heziketa zikloen kasuan, Proiektu moduluaren kalifikazioaren inguruko erabakiak jakinaraziko ditu. Modulu horren amaierako ebaluazioa Lantokiko Prestakuntzako lanbide modulua egin ondoren egiten da.

–Titulu proposamena eginen du heziketa zikloko modulu guztiak gainditu dituzten ikasleentzat.

–LP moduluaren aurreko ebaluazio partzialeko saioaren ondoren modulu horretara sartu ez diren ikasleak orain sartzen ahal diren edo ez erabakiko du, foru agindu honen 21. artikuluan ezartzen dituen irizpideei jarraikiz. LP modulura sartzen badira zikloko gainerako modulu guztiak gaindituta dituztela (Proiektu modulua izan ezik, goi mailako zikloen kasuan), hurrengo ikasturteko lehen hiruhilekoan eginen dira, ahal dela, LP modulua eta Proiektu moduluaren ebaluazioa. LP modulura sartzen badira zikloko gainerako modulu guztiak gainditu gabe, goi mailako zikloen kasuan bigarren mailako ikasleen taldeari dagozkionak izanen dira, gainditu gabeko moduluak ebaluatzeko saioak, LP modulua bera eta Proiektu modulua ebaluatzeko saioak.

–LP modulura sartzen ez diren ikasleek maila errepikatu behar duten erabakiko du. Ikasleek maila errepikatuko dute eta, goi mailako zikloen kasuan, bigarren mailako ikasleen taldeari dagozkionak izanen dira gainditu gabeko moduluak ebaluatzeko saioak, LP modulua bera eta Proiektu modulua ebaluatzeko saioak.

3. Heziketa zikloaren amaierako ebaluazio saioa heziketa zikloa osatzen duten modulu guztiak bukatutakoan eginen da. Saio horretan, irakasle taldeak erabakiko du ikasleek titulazioa lortu duten edo ez eta, bidezkoa bada, ohorezko matrikulak eman behar zaizkien.

4. Amaierako ebaluazio arrunteko saioan, akta itxiko da kalifikazioak jaso eta erabaki guztiak hartu ondoren.

5. Aktak itxi ondoren, kasuan kasuko administrazio eginbidearen bidez eginen da edozein aldaketa.

6. Amaierako ebaluazioko saioa bukatu ondotik, tutoreak emaitzaren berri emanen dio ikasleari eta, adingabea bada, bere guraso edo legezko ordezkariei. Horretarako, ebaluazio saioko txostena helaraziko dio, Educa kudeaketa sistemaren edo beste plataforma informatiko batzuen bidez. Txosten horretan zehaztu beharko dira, gutxienez, ikastetxearen identifikazioaren datuak, ikaslearen identifikazioarenak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa:

a) Ikastetxearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izena, titulartasuna, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, egiten duen etapa, hizkuntza eredua, maila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: gaur egungo ebaluazioa, lanbide profesionalen zerrenda, haien kalifikazioa, aniztasunerako arretarako hartutako hezkuntza neurriak halakorik baldin badago, eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Horrez gain, ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak eta bertaratze falten nahiz diziplinazko falten laburpena ere izanen ditu.

Lehen mailako amaierako ebaluazioko saioaren kasuan, ikasleari jakinarazi beharko zaio, halaber, ea mailaz igoko den, ea maila errepikatu behar duen eta ea zikloan jarraitzen ahal duen.

Bigarren mailako amaierako ebaluazio saioaren kasuan, ikasleari jakinarazi beharko zaio, halaber, ea titulazioa lortu duen, ea maila errepikatu behar duen eta ea LP moduluan sartzen ahal den (lehenago sartu ez bada).

15. artikulua. Amaierako ebaluazio saioen tenporalizazioa.

1. Lanbide Heziketaren modalitate orokorrean, moduluen prestakuntza eduki guztia LP modulua ez duen mailan ematen bada, modulu horien amaierako ebaluazioa ekainean eginen da, Hezkuntza Departamentuko zuzendari orokorrak ikasturte akademiko bakoitzerako urtero ematen duen ebazpenean adierazitako datetan. Ebazpen horren bitartez, eskola egutegia egiteko jarraibideak ematen ditu eta Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketako prestakuntza ematen duten ikastetxeetako ordutegi orokorra ezartzen du.

Halaber, ikastetxean ematen diren eta LP modulua barnean hartzen duen mailako moduluen amaierako ebaluazioa ekainean eginen da, modulua bukatu eta gero. Goi mailako zikloko Proiektu moduluaren kasuan, aldiz, ebaluazioa aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ezarritako datetan eginen da.

2. Beren aurrerapenean modulu ezberdinetarako aurreikusitako xedeetara iritsi ez diren ikasleendako errekuperazio jarduerei dagokienez, planifikazioa modulu bakoitzeko irakasleek eginen dute, ebaluazio partzialaren azken saioa baino lehen, betiere. Jarduera horiek honako foru agindu honetako 6.b) artikuluan aipatzen dira, eta xedea dute ikasleek programatutako emaitzak lortzea eta dagokien lanbide modulua gainditzea.

3. Ikaslea bigarren mailara lehen mailako moduluren bat gainditu gabe iragaten denean, modulu horien ebaluazioa bigarren mailako lanbide moduluak ebaluatzeko ezarritako aldi berean eginen da: ebaluazio partzialetan, LP modulua egin aurreko ebaluazioa eta amaierako ebaluazioa barne. Azken hori honako foru agindu honetako 14. artikuluan ezartzen denaren arabera eginen da.

4. Baldin eta ikasleak gainditu gabeko moduluekin errepikatzen badu ikasturtea, modulu horien ebaluazioa dagokion mailako ikasleek azterketak egin ditzaten programatutako aldian eginen da, dela lehen maila edo bigarrena, dagokionaren arabera.

5. Lehen deialdian gainditu ez den LP moduluaren kasuan, hurrengo deialdia Lantokiko Prestakuntza moduluaren garapena arautzen duen foru aginduan xedatutakoaren arabera eginen da.

16. artikulua. Ebaluazio prozesua Lanbide Heziketako beste modalitate batzuetan eta teknikari eta goi mailako teknikari tituluak eskuratzeko probetan.

1. Lanbide Heziketa malgutzen duten beste modalitate batzuen (urrutikoa online, lana-prestakuntza, singularra, erdipresentziala edo ezartzen den beste edozein) eta LH Dualaren ebaluazio prozesua horiek garatzen dituen araudian ezarritakoa izanen da.

2. Era berean, Lanbide Heziketako teknikari eta goi mailako teknikari tituluak eskuratzeko proben ebaluazio prozesua ere proba horiek garatzen dituzten araudian ezarritakoa izanen da.

IV. KAPITULUA

Lanbide moduluen eta heziketa zikloaren kalifikazioa

17. artikulua. Kalifikazioak.

1. Ebaluazio partzialeko saioetan kalifikazioak ezarriko zaizkie ikasleei, modulu bakoitzeko. Kalifikazioekin batera ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak ere gehitzen ahal dira. Kalifikazio horiek zenbaki bidez adieraziko dira, zerotik hamarrera, hamarrekorik gabe.

2. Ikasturte akademiko bakoitzean, aintzat hartuko dira ebaluazio partzial ezberdinetan lortutako notak, etengabeko ebaluazioaren ikuspuntua galdu gabe, moduluaren amaierako ebaluazioan. Modulu bakoitzaren azken kalifikazioa zenbakiz adieraziko da, zerotik hamarrera, hamarrekorik gabe, Lantokiko Prestakuntza moduluaren kasuan izan ezik; kasu horretan, kalifikazioa ‘Gai’ edo ‘Ez gai’ izanen da. Positibotzat hartuko dira bost eta bostetik gorako zenbaki bidezko kalifikazioak.

3. Prestakuntza zikloaren azken kalifikazioa zikloko lanbide moduluetan lortutako kalifikazioaren batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi hamartarrekin. Gainditutako lanbide modulu batean eskuratutako nota modulu hori jasotzen duen edozein ziklora eramaten ahal da. Baliozkotutako lanbide moduluei 5eko kalifikazioa jarriko zaie, heziketa zikloaren azken kalifikazioa lortze aldera. Balioztapenak edo salbuespenak direla eta, lanbide modulu guztiak hitzez hitz kalifikatzen badira, heziketa zikloaren azken kalifikazioa 5,00 izanen da.

4. Gordetzen diren kalifikazio ez-zenbakizkoak, hau da, ikasleei eragiten dieten erabakiak eta ebaluazio saioetan hartutako erabakiak, dagozkien ebaluazio agirietan jasoko dira, honako baldintza hauetan:

KALIFIKAZIOAK, EGOERAK ETA ERABAKIAK

LABURDURA

Gainditutako modulua (1)

G

Gainditzeko dagoen modulua (1)

EG

LP modulua gai

GAI

LP modulua ez gai

EZ GAI

LP modulua ez da egin (2)

EE

LP modulua salbuetsita

SL

Proiektu modulua ez da ebaluatu (2)

EEB

Ebaluazio deialdiaren ukoa duen modulua

UK

Lanbide modulu baliozkotua (3)

BK-5

Notarekin aitortutako lanbide modulua (4)

NA-Zenbaki bidezko kalifikazioa

Ohorezko aipamena duen modulua

OA-10

Ez du jarraitzen

EDJ

Hurrengo mailara iragan da

I

Ez da hurrengo mailara iragan (errepikatu eginen du)

EI

LP modulura sartzen da

S

Ez da LP modulura sartzen

ES

Titulua eskuratu du

T

Ez du titulua eskuratu

TE

Titulua homologatzeke edo baliozkotzeke (5)

THB

Matrikula baliogabetu du, baina plaza erreserbatzeko eskubidearekin (6)

MB-PE

Matrikula deuseztatzea (matrikula ofizioz baliogabetzea) (7)

MD

Matrikulari baja borondatez ematea (8)

MB

(1) Ebaluazio partzialeko azken saioan edo LP modulua egin aurreko ebaluazio partzialeko saioan zehazten da modulua gaindituta dagoen edo ez. Gainditu bada, “G” kalifikazioarekin gordetzen da eta gainditzeko badago, berriz, “EG” (ez gainditua) kalifikazioarekin.

(2) Egin ezin izan den Lantokiko Prestakuntza modulua eta hori egiteko baldintzak bete ez izanagatik ebaluatu ezin izan den Proiektu moduluak “ez da egin” (“EE”) eta “ez da ebaluatu” (“EEB”) kalifikazioekin gordeko dira, eta ez da kontsideratuko deialdirik erabili denik horretarako.

(3) Baliozkotu diren edo lan esperientziaren bitartez eskuratu diren gaitasunak aitortu zaizkien lanbide moduluak “BK-5” adierazpenaren bitartez kalifikatuko dira.

(4) Berdinak direla kontsideratuko da Lanbide Heziketa eta haren gutxieneko irakaskuntzak onartzen dituzten errege dekretuetako moduluen kode, izen, azken gaitasun edo ikaskuntzaren emaitza eta iraupen eta eduki berak dituzten lanbide moduluak, zein heziketa ziklori dagozkion aintzat hartu gabe. Horregatik, aitortu eginen dira, eta edozein lanbide modulutan lortutako kalifikazioak modulu horiek berak dituzten beste edozein ziklora eramanen dira “NA-modulua egin zuenean lortutako zenbaki bidezko kalifikazioa” adierazpena erabiliz.

(5) Izen emate baldintzatuko agiria aurkeztuz matrikulatutako ikasleek, hau da, beste herrialde batean lortutako titulazioaren homologazio balioduna edo titulazio horren baliozkotzea aurkezteke duten ikasleek, homologazio edo baliozkotze horren behin betiko ebazpena amaierako ebaluazioa baino hilabete bat lehenago aurkeztu beharko dute, gutxienez. Hala egiten ez badute, ikastetxeak ziurtagiria eskatuko die eta jakinaraziko die agiria amaierako ebaluazioa baino lehen aurkezten ez badute, matrikula baliogabetu eginen dela eta “THB” kalifikazioa jasoko duela. Baldin eta interesdunak ez badu homologazio eskaera eskatutako baldintzetan egiten, lortutako kalifikazioak baliorik gabe geratuko dira, baita matrikula bera ere; ondorioz, ikastetxeak baliogabetu eginen ditu denak.

(6) Ikasleek matrikula baliogabetzeko eskatu eta plaza erreserbatzeko eskubidea gordetzen dutenean aplikatuko da. Baliogabetzea baimendu den eguneko data ere gehituko zaio.

(7) Ikastetxeak matrikula ofizioz baliogabetzen duenean aplikatuko da (matrikula deuseztatzea). Baliogabetzea egin den eguneko data ere gehituko zaio.

(8) Ikasleek matrikula baliogabetzeko eskatzen dutenean aplikatuko da, plaza erreserbatzeko eskubiderik gabe. Baliogabetzea egin den eguneko data ere gehituko zaio.

5. Irakasle tutoreak izanen du ikasleek lortutako kalifikazioak foru agindu honetako 28. artikuluan jasotako ebaluazio agirietan gordetzeko ardura.

6. Ikasleak moduluak baditu gainditzeko, horiek errekuperatzeko asmoz programatutako jardueren berri eman beharko zaio, baita horiek egiteko aldiaren, tenporalizazioaren eta ebaluazio daten berri ere.

18. artikulua. Erreklamazioa: aintzat hartu beharreko alderdiak.

1. Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema. Haren 3. artikuluan, berriz, jasota daude erdi eta goi mailako zikloko ikasleek, eta, hala dagokionean, gurasoek edo legezko ordezkariek, egindako kalifikazioen erreklamazioen ebazpena. Bertan aipatutako alderdiak aintzat hartzeaz gain, egiaztatu egin beharko da dagokion irakaskuntza programa honako foru agindu honetan ezarritakoarekin bat datorren, bereziki honako hauei dagokienez:

a) Programazioa honako foru agindu honen 6. artikuluan xedatutako ebaluazio sistemei egokitzea.

b) Programazioa honako foru agindu honen 6. artikuluan xedatutako ebaluazio prozesuaren planifikazioari egokitzea.

c) Programazioa honako foru agindu honen 7. artikuluan xedatutako hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen aniztasunari erantzuteko neurriei egokitzea.

2. Maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 18.1 eta 18.3 artikuluetan aipatutako txostenak egiteko, artikulu honetan ezarritakoa ere hartu beharko da kontuan.

19. artikulua. Ohorezko aipamena eta ohorezko matrikula.

1. Moduluren batean hamar kalifikazioa lortzen duten Lanbide Heziketako ikasleei “ohorezko aipamena” ematen ahal zaie.

Ohorezko aipamena heziketa zikloko irakasleen erabakiz emanen zaie, modulu hori ematen duen irakasleak hala proposatuta, aprobetxamendu akademiko bikaina eta moduluarekiko esfortzu eta interesa erakutsi duten ikasleei.

Gehienez ere bi ohorezko aipamen emanen dira moduluko eta taldeko.

Ohorezko aipamena lortu duten ikasleen ebaluazio agirietan “OA” adierazpena jasoko da dagokion moduluan, hamar kalifikazioa zenbaki bidez jarri ondoren.

2. Heziketa zikloan bederatzi edo bederatzitik gorako batezbestekoa lortu duten Lanbide Heziketako ikasleei “ohorezko matrikula” ematen ahal zaie.

Heziketa zikloko irakasle taldeak adostuta emanen dira ohorezko matrikulak, kontuan harturik, aprobetxamendu akademikoaz gain, ikasleek egindako ahalegina eta heziketa zikloaren joan-etorrian eta, bereziki, Lantokiko Prestakuntza modulua egitean erakutsitako bilakaera.

Heziketa ziklo eta talde bakoitzeko gehienez ere bi ohorezko matrikula emanen dira.

Heziketa zikloan ohorezko matrikula eskuratu duten ikasleen ebaluazio agirietan “Ohorezko matr.” adierazpena jarriko zaie heziketa zikloko azken notaren ondoan. Gainera, ebaluazio aktan ere jasoko da, dagokion eginbidearen bitartez.

3. “Ohorezko matrikula” lortzeak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako goi mailako ikasketetako lehen urtean zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

V. KAPITULUA

Zikloan jarraitzea, hurrengo mailara iragatea
eta Lantokiko Prestakuntza moduluan sartzea

20. artikulua. Zikloan jarraitzea eta hurrengo mailara iragatea.

1. Oro har, gehienez ere bi ikasturtez egonen dira ikasleak hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako lehen mailan.

Ondore horietarako, ikaslea maila jakin batean egon dela kontsideratuko da matrikula formalizatu duenean eta 3. atalean aipatutako matrikula baliogabetzeko eskaera edo 4.a) atalean aipatutako borondatezko baja eman ez duenean. Kasu biak foru agindu honetako 23. artikuluan daude jasota.

2. Lehenengo mailan lehen aldiz matrikulatzen diren ikasleek modulu bat eta/edo prestakuntza bloke bat gainditu beharko dute gutxienez. Goian aipatutako baldintza ez betetzeak hurrengo mailara iragateko eta hasitako heziketa zikloko lehen maila errepikatzeko ezintasuna ekarriko du berekin. Ondore horretarako, ez dira gainditutako modulutzat hartuko baliozkotutako edo aitortutako moduluak.

Lehen maila errepikatzen duten ikasleek artikulu honetako 5. atalean ezarritako hurrengo mailara iragateko irizpideak bete beharko dituzte. Baldintza hori ez betetzeak hurrengo mailara iragateko eta hasitako heziketa zikloko lehen maila berriz errepikatzeko ezintasuna ekarriko du berekin.

Zikloan jarraitzeko irizpideak ez betetzea ebaluazio agirietan jaso beharko da “EDJ” adierazpenarekin.

Zikloan jarraitzeko ezarritako irizpideak betetzen ez dituzten ikasleek zikloetarako beste sarbide prozesu batean izena emateko aukera izanen dute, dagokien heziketa zikloan jarraitu nahi izanez gero.

3. Oro har, gehienez ere hiru ikasturtez egonen dira ikasleak hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetako lehen mailan, honako kasu hauetan:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak behar bezala frogatuta dituzten ikasleak.

b) Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duten senitartekoena.

c) Familia betebeharrak izatea.

d) Ikaskuntza eta jarduera profesionala edo kirol edo arte jarduerak bateratu behar dituzten ikasleak.

e) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, goi mailako kirolari edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa duten ikasleak.

4. Aurreko ataletan aipatutakoa ukatu gabe eta ezohiko neurri gisa, ikastetxeko zuzendariak baimena ematen ahal du, ikasleak hala eskatuta, ikasketekin jarraitzeko, baldin eta ikasleen errendimendu akademikoari eragin ahal izan dioten arrazoi garrantzitsuak behar bezala justifikatuta badaude.

5. Hurrengo mailara iragateko, honako baldintzaren bat bete beharko da:

a) Maila horretan ematen diren lanbide modulu guztiak gainditzea, barnean hartuta ikasturte akademiko batean baino gehiagotan banatuta duten moduluen prestakuntza edukiak.

b) Moduluetakoren batean edo gehiagotan kalifikazio negatiboa edukitzea, honako kasu hauetan:

–Modulu bakarra izatea gainditu gabe, gehienez ere 350 ordukoa baldin bada.

–Zenbait modulu izatea gainditu gabe, betiere modulu guztien iraupenaren batura gehienez ere 300 ordukoa bada.

–Beste autonomia erkidego batzuetatik edo Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren lurralde eremutik lekualdatu izana, betiere jatorrizko lurraldeko araudian posible bada hurrengo mailara iragatea.

Ondore horretarako, gainditu gabeko modulu gisa zenbatuko dira ikasturte berean edo ikasturte akademiko batean edo gehiagotan sekuentziatutako prestakuntza blokeetan antolatutako moduluen prestakuntza edukiak.

6. Etengabeko ebaluazioaren testuinguruan, ikaslea hurrengo mailara lanbide moduluren batean kalifikazio negatiboa edukita iragaten bada, hurrengo ikasturtean gainditu ez duen lanbide modulua ematen duen irakasleak izanen du modulu horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko ardura.

Prestakuntza zikloko lehen mailan gainditu gabeko lanbide moduluak dituzten ikasleei arreta emateko irizpideak eta modulu horiek errekuperatzeko jarduera, orientazio eta laguntzak jaso beharko dira, hurrenez hurren, ziklo bakoitzeko curriculumean eta programazio didaktikoan.

Honako hauek dira ikasleek lehen mailako amaierako ebaluazioa eta gero izaten ahal dituzten egoerak, hurrengo mailara iragateari eta matrikulatu ahal diren eta behar diren mailari eta moduluei dagokienez:

IKASLEEN EGOERA

ZEIN MAILATAN
MATRIKULATZEN DEN

1. MAILAN GAINDITZEKE
DITUEN MODULUAK

ZEIN LANBIDE MODULUTAN MATRIKULATZEN DEN

1. mailako modulu guztiak gainditu ditu

2.

-

2. mailako modulu guztiak

1. mailako modulu bat edo batzuk ez d(it)u gainditu eta hurrengo mailara iragateko irizpidea betetzen du

2.

1. mailan gainditzeko d(it)uen modulua(k)

Gainditzeko dituen 1. milako modulu guztiak

2. mailako modulu guztiak

7. Bigarren maila bukatu eta lehenengo eta/edo bigarren mailako moduluak gainditzeko edukitzeagatik titulua eskuratzen ez duten ikasleek bigarren maila errepikatzeko aukera izanen dute, betiere honako foru agindu honetan ezarritako deialdi kopurua agortu ez badute.

21. artikulua. Lantokiko Prestakuntza moduluan sartzea

1. Azken ikasturteko hirugarren hiruhilekoan egiten den Lantokiko Prestakuntza moduluan sartzeko, honako baldintza hauetakoren bat bete beharko da:

a) Lanbide modulu guztiak gainditu izana, Proiektu modulua izan ezik, hala badagokio.

b) Moduluetako batean edo batzuetan irakasleek ‘gainditzeko’ kalifikazioa jarri izana, kasu hauetan:

–Modulu bakarra izatea ‘gainditzeko’, gehienez ere 350 ordukoa baldin bada.

–Hainbat modulu izatea ‘gainditzeko’, betiere modulu guztien iraupenaren batura gehienez ere 300 ordukoa bada.

2. Hezkuntza Departamentuak hezkuntza ziklo jakinetan baimentzen ahal du Lantokiko Prestakuntza modulua gainontzeko lanbide moduluak bukatu eta ebaluatu baino lehen egitea; horretarako, kontuan hartuko ditu, beste inguruabar batzuen artean, hezkuntza zikloaren ezaugarriak eta eskaintza mota.

22. artikulua. Heziketa zikloetan ikaskuntzak errekuperatzea.

1. Lanbide arloetako departamentuek bermatu eginen dute ikasleek lanbide moduluetako ikaskuntzak errekuperatuko dituztela ziklo bakoitzeko curriculumean eta programazio didaktikoetan zehaztutakoaren arabera. Era berean, errekuperazioa egin behar duten ikasleei orientazio zehatza emanen zaie, eta, horrez gain, errekuperazioen iraupena eta ebaluazio egutegia bera ere jakinaraziko zaie.

2. Ikasleei gainditzeko dituzten moduluetako ikaskuntza berrekuratzea errazte aldera, lanbide modulu bakoitzeko irakasleak ‘gainditzeko’ duten moduluan izan zituzten zailtasunak gainditu beharrez egiten jakin beharko lituzketen ariketak jasoko dituen errekuperazio programa bat antolatuko du, ziklo bakoitzerako curriculumean zehaztutako irizpideak eta beren programazio didaktikoak aintzat hartuta. Errekuperazio jarduera horiek amaierako ebaluazioan aintzat hartuko diren beste osagai bat dira.

3. Errekuperazio programa hainbat modutara diseinatzen ahalko da aplikazio aldi edo momentuen arabera. Honako aukera hauek izaten ahal dira:

a) Lehen mailako amaierako ebaluazio partzialean gainditzeko geratu diren lanbide moduluak errekuperatzeko programa. Errekuperazio programa ikasleek ebaluazio partzialaren azken astearen eta amaierako ebaluazioaren arteko aldian egin dezaten diseinatuko da.

b) Bigarren mailako Lantokiko Prestakuntza moduluaren aurretik amaierako ebaluazio partzialean gainditzeko geratu diren lanbide moduluak errekuperatzeko programa. Ikasleek ikasturteko azken hiruhilekoan egin dezaten diseinatuko da, eta ezberdina izanen da LP modulua egiten ahal dutenentzat eta egin ezin dutenentzat. LP modulua ikasturtean zehar egiten denean, gainditzeko dauden lanbide moduluen errekuperazio programa aurreko paragrafoko a) atalean ezarritakoaren arabera eginen da.

Errekuperazio programek ikasturte akademiko bakoitzerako ordutegia eta egutegia arautzen duen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urteko ebazpenean ezarritakoari jarraituko diote.

4. Ikasleei gainditzeko dituzten moduluetako ikaskuntzak errekuperatzea errazte aldera, ikaslea modulu bat edo batzuk gainditu gabe dituelarik iragaten bada hurrengo mailara, lanbide modulu bakoitzeko irakasleak gainditzeko duen moduluan kalifikazio negatiboa eragin zuten zailtasunak gainditzeko egin behar dituen ariketak jasoko dituen errekuperazio programa bat antolatuko du, ziklo bakoitzerako curriculumean zehaztutako irizpideak eta beren programazio didaktikoak aintzat hartuta.

5. Bigarren mailara gainditu gabeko lanbide moduluekin iragan diren ikasleen errekuperazio programa ebaluatu eta kalifikatuko duen irakaslea dagokion ikasturtean ikasleak gainditu ez zituen modulu horiek ematen dituena izanen da. Ikasleek gainditu gabe dauzkaten moduluak eta bigarren mailako lanbide moduluak aldi berean egiteko moduan diseinatuko dira, betiere aintzat hartuz gainditu gabe dauzkaten lehen mailako moduluetako jarduerek eta bigarren mailako berezko jarduerek bateragarriak izan behar dutela, ahal den neurrian.

VI. KAPITULUA

Matrikula baliogabetzea eta ebaluazio deialdiari uko egitea

23. artikulua. Matrikula baliogabetzea.

1. Honako modu hauetara baliogabetzen ahal da matrikula:

a) Ikastetxeak, ofizioz: matrikula deuseztatzea.

b) Ikasleak edo, adingabea bada, haren amak, aitak edo legezko ordezkariak hala eskatuta.

–Matrikula hurrengo ikasturterako ikastetxe horretan eta ziklo horretan plaza bat erreserbatuta duela baliogabetzea.

–Matrikulari borondatezko baja ematea.

2. Matrikula ofizioz baliogabetzen ahal du ikastetxeak, besteak beste, ikasleak matrikulatuta dauden heziketa zikloko jardueretara behin eta berriz ez bertaratzeagatik edo bizikidetza larriki kaltetzen duen beste edozein jokabiderengatik, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuaren 17. artikuluan eta harekin bat datozen artikuluetan xedatutakoarekin eta honako xedapen hauetan ezarritakoarekin bat eginez:

a) Ikastetxeak ofizioz egiten duen matrikularen baliogabetzea bat dator abuztuaren 23ko 47/2010 Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarrian aipatutako “matrikula deuseztatzea”-rekin. Matrikula deuseztatzeko, zazpigarren xedapen gehigarri horretan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Lehenik eta behin, neurri hori onartu eta ikastetxeko bizikidetza araudian sartu behar da; bigarrenik, aplikatu ahal izateko, aurretiaz heziketa neurriak hartu behar izan dira dagokion ikaslearekin. Matrikula deuseztatzea dagokion ohiko prozeduraren bitartez izapidetuko da. Ebazpen horretan ezarritakoaren aurkako erreklamazioak ikastetxeko eskola edo gizarte kontseiluari aurkeztuko zaizkio, dagokionaren arabera, ikastetxeko bizikidetza araudian ezarri bezala.

b) Matrikularen deuseztapena ebazten denean, inguruabar hori dagokion eginbidearen bitartez erregistratu beharko da ikaslearen ebaluazio agiri ofizialetan.

c) Ofiziozko matrikularen baliogabetzeak edo matrikula deuseztatzeak, ikaslea matrikulatuta dagoen lanbide modulu guztietan irakaskuntza, ebaluazio eta kalifikazio eskubideak galtzea dakar berekin, baita plaza erreserbatzeko eskubidea ere; horrenbestez, heziketa zikloko ikasketekin jarraitu nahi badu, berriz ere hartu beharko du parte dagokion onarpen prozeduran. Baliogabetze hori konputatu eginen da erabilitako ebaluazio deialdien kopurua zenbatze aldera.

3. Ikasleek ere eskatzen ahal dute matrikula baliogabetzea, inguruabar jakin batzuk betetzen direla frogatzen denean. Kasu horretan, matrikula baliogabetzeak dagokion irakaskuntza eskaintza osatzen duten modulu guztien amaierako ebaluazioari uko egitea dakar berekin, baita modulu horietako irakaskuntza eskubidea galtzea ere. Matrikularen baliogabetze hori jarraian datorren prozeduraren arabera eginen da:

a) Ikasleak berak edo, adingabea bada, haren amak, aitak, gurasoek edo legezko ordezkariek ikaslearen ikasketa espedientea dagoen ikastetxeko zuzendaritzari eskatzen ahal diote, oro har, eta behin bakarrik, matrikula baliogabetzeko, betiere jarraian datozen inguruabarren batean dagoela frogatzen baldin badute, dokumentu eta agiri fede-emaileen bidez:

–Eritasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol ahaidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna duten senitartekoena.

–Familia beharrak izatea.

–Jarduera profesionala edo kirol eta arte jarduera.

–Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, goi mailako kirolari edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa edukitzea.

–Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

Salbuespen gisa, bigarren aldiz eskatzen ahal da matrikula baliogabetzeko.

b) Matrikula baliogabetzeko eskaera ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko da ziurtagiriekin batera. Oro har, ikastetxean ematen diren moduluetako ikasturte amaierako ebaluazio saioa baino bi hilabete lehenago aurkeztu beharko da, lehenengo mailaren kasuan, eta LP modulua egin aurreko ebaluazio partziala baino lehen, bigarren mailaren kasuan. Baliogabetzea epe laburragoarekin egitea aztertzen ahal da, ez ohiko inguruabarrak daudenean. Ikasle taldeari eskolak ematen dizkion irakasle taldeak esan beharrekoak entzun eta gero, ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu eskaerok. Matrikula baliogabetzea onartuko du aurreko atalean aipatutako kausaren bat behar bezala frogatuta dagoenean.

c) Matrikula baliogabetzea baimentzen den kasu guztietan ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da. Horrek baliogabetzea onartu den ikasturte akademikoari bakarrik eraginen dio. Baliogabetze hori ez da kontatuko erabilitako ebaluazio deialdien kopurua zenbatze aldera.

d) Matrikula baliogabetzeko erabakia eskatzaileari jakinarazi beharko zaio eskabidea jaso eta zazpi egun balioduneko epean. Ikasle interesdunak edo, adingabea bada, haren amak, aitak edo legezko ordezkariak hala eskatuta egiten bada matrikularen baliogabetzea, ikasle onuradunari hurrengo ikasturte akademikoan heziketa ziklo eta ikastetxe berean matrikula egitea ahalbidetuko dion plaza bat erreserbatuko zaio. Beste ikastetxe edo heziketa ziklo batean matrikulatu nahi badu, dagokion hautaketa prozesuan hartu beharko du parte.

4. Halaber, ikasle interesdunak edo, adingabea bada, haren amak, aitak edo legezko ordezkariak hala eskatuta, artikulu honetako 3.a) atalean zerrendatutako inguruabarrak ez daudenean ere eskatzen ahal da matrikula baliogabetzeko. Matrikularen baliogabetze hori “matrikulari borondatezko baja ematea” kontsideratuko da. Matrikulari borondatezko baja emateko eskabidea ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko da. Hark aldeko ebazpena eman eta eskabidea jaso eta zazpi egun balioduneko epean eman beharko dio baieztapena interesdunari. Matrikulari borondatez baja ematen zaion kasu guztietan ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da.

Matrikulari borondatezko baja emateak ikaslea matrikulatuta dagoen modulu guztietako irakaskuntzari uko egitea dakar berekin. Horrez gain, deialdi arruntean erabilitako deialdiak zenbatzeko kontatuko da, matrikulari borondatezko baja ematea eskatzen den momentuaren arabera:

a) Baja ikasturtea hasi den urteko abenduaren 31 baino lehen eskatzen bada, matrikularen borondatezko baja ez da kontatuko erabilitako ebaluazio arrunteko deialdien kopurua zenbatzeko.

b) Baja aurreko atalean aipatutako data baino beranduago eskatzen bada, matrikularen borondatezko baja kontatuko da erabilitako ebaluazio arrunteko deialdien kopurua zenbatzeko.

5. Ikasleek prestakuntza beren egoera pertsonaletara egokitzeko xedez, eskaintzaren modalitatea aldatu nahi badute, hasieran egindako matrikula baliogabetzeko eskabidea egin beharko dute hautatutako modalitate berrian matrikula egin baino lehen.

24. artikulua. Ebaluazio deialdiari uko egitea.

1. Ebaluazio deialdiari uko egiteak amaierako ebaluazioa ez egitea dakar berekin, lanbide modulu bati edo gehiagori edo arrazoi pedagogikoengatik edo antolakuntza arrazoiengatik hainbat lanbide modulutan banatuta dauden prestakuntza blokeei dagokienez, baina matrikula baliogabetzeko beharrik gabe. Modalitate orokorrean, oro har eta behin bakarrik, ikasturte akademiko bakoitzean 4 moduluren amaierako ebaluazioari uko egitea eskatzen ahal da, jarraian datozen inguruabarretakoren batean dauden ikasleen kasuan izan ezik. Kasu horretan, ez da egonen uko egitea eskatzeko gehieneko modulu kopururik. Hona hemen:

a) Eriotasun luzea, hala ikaslearena nola bigarren mailara arteko odol ahaidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna duten senitartekoena.

b) Familiako beharkizunak izatea.

c) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak.

d) Ikaskuntza lan jarduerarekin edo kirol edo arte jarduerekin bateratzea.

e) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz, goi mailako kirolari edo errendimendu handiko kirolari kalifikazioa edukitzea.

f) Gaitasun profesionalak egiaztatzeko prozeduran parte hartzea.

g) Ohiz kanpoko beste inguruabar batzuk.

Salbuespen gisa, bigarren aldiz eskatzen ahal da deialdia baliogabetzeko.

2. Ikasleak berak edo, adingabea bada, haren amak, aitak, gurasoek edo legezko ordezkariek ikaslearen ikasketa espedientea dagoen ikastetxeko zuzendaritzari eskatzen ahal diote ebaluazioa deialdiari uko egitea, betiere aurreko artikuluan aipatutako inguruabarren batean dagoela frogatzen baldin badute, dokumentu eta agiri fede-emaileen bidez. Dagokion ebazpena interesdunari jakinarazi beharko zaio ebaluazio deialdiari uko egiteko eskabidea jaso eta hurrengo zazpi egun balioduneko epean.

3. Ebaluazio deialdiari uko egiteko eskabidea ikastetxeko zuzendaritzan aurkeztu beharko da ziurtagiriekin batera. Oro har, amaierako ebaluazio saioa egin baino bi hilabete lehenago aurkeztu beharko da, lehenengo mailaren kasuan, eta LP modulua egin aurreko ebaluazio partziala baino lehen, bigarren mailaren kasuan. Uko egitea epe laburragoan egitea aztertzen ahal da, ezohiko inguruabarrak daudenean. Ikasle taldeari eskolak ematen dizkion irakasle taldeak esan beharrekoak entzun eta gero, ikastetxeko zuzendariak ebatziko ditu eskaerok. Ebaluazio deialdiari uko egitea onartuko du artikulu honetako 1. atalean aipatutako arrazoiren bat behar bezala frogatuta dagoenean.

4. Ebaluazio deialdiari uko egitea baimentzen den kasu guztietan ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da. Uko egite hori modulu jakin baterako eta batzuetarako ematen da, eta, beraz, modulu horri edo horiei bakarrik eraginen diela ulertuko da.

5. Ikasleak lanbide moduluak gainditzeko antolatu diren probak eta jarduerak egiten ez baditu eta adierazitako epeetan ezarritako amaierako ebaluazioaren deialdiaren berariazko ukoa aurkeztu ez badu, deialdia erabili duela ulertuko da.

VII. KAPITULUA

Lanbide moduluak baliozkotzea
eta Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea

25. artikulua. Moduluak baliozkotzea. Moduluak aitortzea.

1. Moduluen baliozkotzea indarrean dagoen estatuko oinarrizko araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da. Honako hau da aipatutako estatuko oinarrizko araudi hori:

a) Urriaren 26ko ECD/1055/2017 Agindua, azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Agindua aldatu zuena, zeinaren bidez ezarri baitziren Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako lanbide moduluen arteko baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak, eta aldatu baitzen 2001eko abenduaren 20ko Agindua, zeinaren bidez zehaztu baitziren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako berariazko Lanbide Heziketako ikasketen baliozkotzeak.

b) Azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Agindua. Horren bidez ezarri ziren Espainiako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako lanbide moduluen arteko baliozkotzeak eta horiek aplikatzeko neurriak, eta aldatu zen 2001eko abenduaren 20ko Agindua, zeinaren bidez zehaztu baitziren Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako berariazko Lanbide Heziketako ikasketen baliozkotzeak.

c) Berariazko Lanbide Heziketako ikasketen baliozkotzeak zehazten dituen 2001eko abenduaren 20ko Agindua, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondorio dena.

d) 1224/2009 Errege Dekretua, uztailaren 17koa, lan eskarmentuaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzekoa. Gaitasun horiek LHko titulu bakoitzeko curriculuma ezartzen duten errege dekretu eta foru dekretuen eranskinetan garatuta daude, eta bertan xedatzen dira lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko bat etortzeak.

2. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuan definitutako nahitaezko lanbide moduluak eta lanbide modulu osagarriak Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen bidez ezarritakoaren arabera baliozkotuko dira.

3. Berdinak direla kontsideratuko da Lanbide Heziketa eta haren gutxieneko irakaskuntzak onartzen dituzten errege dekretuetako moduluen kode, izen, azken gaitasun edo ikaskuntzaren emaitza eta iraupen eta eduki berak dituzten lanbide moduluak, zein heziketa ziklori dagozkion aintzat hartu gabe. Hala, gainditutako lanbide moduluetan lortutako kalifikazioak modulu horiek dituzten ziklo guztietara eramanen dira. Modulu horiek gainditutako moduluen aitorpenaren xede izanen dira.

4. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuan definitutako nahitaezko lanbide moduluen eta lanbide modulu osagarrien aitorpena Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebazpen bidez ezarritakoaren arabera baliozkotuko dira.

26. artikulua. Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea.

Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea eginen da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 5eko 34/2013 Foru Agindua aldatu zuen apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduak ezarritakoari jarraikiz. Foru agoindu horrek Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan integratutako Lantokiko Prestakuntza moduluaren garapena arautzen du.

27. artikulua. Baliozkotzeak egiteko, lanbide moduluak aitortzeko eta LP modulutik salbuesteko prozedura.

1. Heziketa zikloetako lanbide moduluak baliozkotzeko, aitortzeko eta salbuesteko eskabideak egiten direnean, laneko praktikarekin bat datozelako, ikasleak aurretik matrikulaturik egon beharko du hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketak emateko baimenduta dagoen ikastetxe batean.

2. ECD/2156/2014 Aginduaren 2. artikuluan xedatutako baliozkotzeak egiteko eskumena ikaslearen ikasketa espedientea dagoen ikastetxe publiko edo pribatuaren zuzendariari dagokio.

Ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari eskatuko dio baliozkotzea, eta ikastetxeko zuzendariak inguruabar hori aztertuko du. Baliozkotze eskaerarekin batera, egindako ikasketa ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da, edo, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaletik ateratako profesionaltasunaren edo gaitasun unitateen egiaztagiri partzialen ziurtagiria.

Azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Aginduaren 3. artikuluak ezarritakoarekin bat eginez:

–Ezin izanen da baliozkotu edo salbuetsi goi mailako tituluetako Proiektu modulua; izan ere, zikloko gainontzeko lanbide moduluak baino beranduago egiten da.

–Baliozkotutako lanbide moduluak ezin izanen dira aurkeztu beste lanbide modulu batzuk baliozkotzeko.

–Baliozkotutako edo aitortutako unibertsitate ikasketen irakasgaiak ezin izanen dira aurkeztu beste lanbide modulu batzuk baliozkotzeko.

–Ezin izanen da aurkeztu esperientzia profesionala eta hezkuntza arautua edo ez-arautua lanbide moduluak baliozkotzeko.

Baliozkotze eskaerari buruzko ebazpena ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak eman beharko du, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Baliozkotzeak ez du ondorerik izanen ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko idazkaritzaren aldeko ebazpena aurkeztu arte. Hori egin arte, ikasleek programatutako ikaskuntza jardueretan hartu beharko dute parte.

3. Azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Aginduaren 4. artikuluan jasotako lanbide moduluen baliozkotzeen eskumena Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioari dagokio.

Ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari eskatuko dio baliozkotzea, azaroaren 7ko ECD/2159/2014 Aginduaren 4. artikuluan jasotakoari jarraikiz.

Ikastetxe publiko edo pribatu itunduko zuzendaritzak Hezkuntzaren egoitza elektronikoan erregistratu beharko ditu eskabideak, eta telematikoki igorriko du aurkeztutako dokumentazioa, behar bezala berrikusi eta gero, aipatu ECD/2159/2014 Aginduaren 4. artikuluan jasotakoa betez. Ikastetxe pribatu ez-itunduen kasuan, zuzendaritzak atxikita dagoen ikastetxe publikoko zuzendaritzari bidaliko dizkio baliozkotze eskaera eta aurkeztutako dokumentazioa, behar bezala berrikusi eta gero, ikastetxe publiko horrek Hezkuntzaren egoitza elektronikoan eskabidea erregistratu eta telematikoki igorri dezan aurkeztutako dokumentazioa, behar bezala berrikusi eta gero.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak eskabidea ebatziko du, eta eskaera egin duen ikasleak deskargatu beharko du bere ebazpena egoitza elektronikotik. Horretarako, aldez aurretik erregistratu beharko ditu bere datu pertsonalak eta pasahitzak.

Baliozkotzeak ez du ondorerik izanen ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko idazkaritzan aldeko ebazpena aurkeztu arte. Hori egin arte, ikasleek programatutako jardueretan hartu beharko dute parte.

4. Lanbide Heziketa Zerbitzuari dagokio Lanbide Heziketako prestakuntzen gutxieneko irakaskuntzetan gehituta ez dauden nahitaezko lanbide moduluen eta modulu osagarrien baliozkotzeen aitorpena egitea, foru agindu honetako 24.2 artikuluan aipatutako Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenean ezartzen denaren arabera.

5. Gainditutako moduluak aitortzea ikasketa ziurtagiria dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko titularrari dagokio.

Ikasleak matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari eskatuko dio gainditutako moduluak aitortzeko, eta ikastetxeko zuzendariak inguruabar hori aztertuko du. Moduluak aitortzeko eskabidearekin batera egindako ikasketen ikasketa ziurtagiri ofiziala ere aurkeztuko da.

Gainditutako moduluak aitortzeko eskaerari buruzko ebazpena ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak eman beharko du, eta ikasleei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie.

Gainditutako moduluen aitorpenak ez du ondorerik izanen ikastetxeko zuzendaritzak ebazpena eman arte. Hori egin arte, ikasleek programatutako irakaskuntza jardueretan hartu beharko dute parte.

6. Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuesteko prozedura hau Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduaren 12. eta 13. artikuluetan (Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan integratutako Lantokiko Prestakuntza moduluaren garapena arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz eginen da.

7. Dagokion lanbide moduluen baliozkotzea, aitorpena edo salbuespena ikaslearen ikasketa espedientean eta ikasketa ziurtagirian erregistratuko da hurrenez hurren, honela:

a) Baliozkotua (BK-5), baliozkotu diren lanbide moduluen kasuan.

b) Aitortua (NA-moduluan lortutako kalifikazioa), aitortu diren moduluen kasuan.

c) Salbuetsita (SL), lantokiko prestakuntza modulutik salbuetsi den kasuetan.

8. Hezkuntza Departamentuak Educa kudeaketa sistema garatuko du foru agindu honetako VII. artikuluan xedatutakoa aplikatze aldera.

VIII. KAPITULUA

Ebaluazio agiriak eta ikasketa ziurtagiriak

28. artikulua. Ebaluazio agiriak.

1. Honako hauek dira hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasketen ebaluazio prozesuko agiriak:

a) Ikaslearen ikasketa espedientea.

b) Ebaluazio akta.

c) Banakako ebaluazio txostena.

Ebaluazio txostenak eta ikasketa ziurtagiriak ikasleen mugikortasuna bermatzen duten oinarrizko agiriak dira.

2. Ebaluazioa etengabekoa dela eta ikasleek beren ikasketa prozesuan zehar izandako bilakaeraren berri izatea egokia dela aintzat hartuta, etengabeko ebaluazioa sisteman nahiz amaierako ebaluazio sisteman ikasleei ikasturte akademiko horri dagozkion ebaluazio txostenak emanen zaizkie.

3. Ebaluazio agiri ezberdinen edukiak foru agindu honetan ezarritako eranskinetan xedatutakoak izanen dira.

4. Ikaslearen ziurtagiri akademikoak era laburtuan jasoko du ebaluazio prozesuari dagokion informazioa, eta haren edukiak bat etorri beharko dute, gutxienez, honako foru agindu honetako 1. eranskineko ereduan txertatutako edukiekin.

5. Ebaluazio aktak hauek jasotzen ditu: taldea osatzen duten ikasleen zerrenda (izenekin), lanbide moduluen ebaluazioaren emaitza eta ebaluazio saioan hartutako erabakiak. Aktaren edukiak bat etorri beharko du, gutxienez, honako foru agindu honetako 2. eranskineko ereduan txertatutako edukiekin.

6. Banakako ebaluazio txostena ikaslea heziketa zikloa bukatu gabe beste zentro batera lekualdatzen denean eginen da. Txosten horrek ebaluazioaren emaitzak eta ikasleen aurrerapen akademikoari buruzko erabakiak jaso beharko ditu, eta bat etorriko beharko du, gutxienez, foru agindu honetako 3. eranskinaren ereduan txertatutako edukiekin.

29. artikulua. Ziurtagiriak.

1. Ikasketa ziurtagiria ikasleak egindako prestakuntza egiaztatzen duen agiria da. Bertan jasoko dira ziurtagiria eman arte ikasleak lortutako kalifikazio positibo zein negatiboak, ebaluazio deialdiak eta ikasturte akademikoa, baita gaitasun unitateak eta, hala badagokio, egiaztatzen diren lanbide kualifikazioak ere.

2. Ikasketa ziurtagiriak interesdunak hala eskatuta eginen dira, inprimaki ofizial normalizatuetan, eta bat etorriko dira, gutxienez, honako foru agindu honetako 4. eta 5. eranskinen ereduetan txertatutako edukiekin.

3. Heziketa ziklo bakoitzeko irakaskuntza guztiak gainditzen ez dituzten ikasleek ziurtagiri akademiko partzial bat jasoko dute, bat etorriko dena, gutxienez, 5. eranskineko ereduari atxikitako edukiekin. Bertan jasoko dira gainditutako lanbide moduluak. Dena den, Lanbide Kualifikazioen Sistema Nazionalari eta Lanbide Hezkuntzari dagokionez, metatzen ahal diren lanbide gaitasunen ziurtagiri partzialen ondoreak izanen ditu.

4. Prestakuntza aukera espezifikoak eskaintzen dituzten lanbide moduluetako iraupen txikieneko prestakuntza unitateak gainditzen dituztenek, metatzen ahal den ziurtagiri partzial bat jasoko dute, baina Nafarroako Foru Komunitatean baino ez da balioduna izanen.

5. 4. eta 5. eranskinetako ziurtagiriek Kualifikazioen Sistema Nazionalari eta Lanbide Hezkuntzari dagokionez eskuratutako lanbide gaitasunen ziurtagirien ondoreak izan ditzaten, gaitasun unitateak eta/edo, hala badagokio, ziurtagirian ageri diren lanbide moduluak gainditu izanaren bitartez eskuratutako lanbide kualifikazioak zeintzuk diren jaso beharko dute.

6. Ikaslearen ikasketa ziurtagiria dagoen ikastetxe publiko edo pribatu itunduan dagoen idazkaritza izanen da eskatutako ziurtagiri akademikoak egiteko arduraduna. Ikastetxeko zuzendariak eman beharko die oniritzia. Ikastetxe pribatuen kasuan, atxikita dauden ikastetxe publikoak emanen ditu.

30. artikulua. Ikasleen mugikortasuna.

Baldin eta ikasle bat ikastetxe batetik bestera lekualdatzen bada, bere ikasketa espedientea dagoen ikastetxeak helmugako ikastetxeari bidali beharko dizkio, azken horrek eskatuta, ikaslearen ikasketa ziurtagiria, banakako ebaluazio txostena eta ikasketa espedientea. Dagokion eginbidean jasoko dira ikastetxean gordetzen diren aktetako kalifikazioekin bat datozen kalifikazioak.

Ikastetxe hartzailea izanen da bidali zaizkion ebaluazio agirien erantzule, eta ikasleari dagokion ikasketa espedientea irekiko du.

Artikulu honetan aipatzen den informaziora sartzeko, Educa kudeaketa sistema edo beste bitarteko batzuk erabiltzen ahal dira.

IX. KAPITULUA

Tituluak egitea, erregistratzea eta haien ondoreak

31. artikulua. Lanbide Heziketako tituluak.

Erdi mailako Lanbide Heziketa ziklo bat gainditzeak dagokion teknikari titulua lortzeko eskubidea emanen du. Goi mailako Lanbide Heziketa ziklo bat gainditzeak dagokion goi mailako teknikari titulua lortzeko eskubidea emanen du.

Teknikari edo goi mailako teknikari tituluak ofizialak dira, eta ezagutza akademiko zein profesionalak ziurtatzeko balio dute estatuko lurralde osoan. Lanbide kualifikazioak eta tituluan eta prestakuntzan jasotako gaitasun unitateak egiaztatzen dituzte. Era berean, indarreko legerian ezarritako ondoreak sortzen dituzte, nahiz eta ez duten lanbide jarduera arautzen.

32. artikulua. Tituluaren Europass gehigarria.

1. Europass gehigarria Lanbide Heziketako titulu ofizialari atxikitako agiri bat da. Dokumentu horren xedea da hirugarrenek titulua eta, bereziki, titularrak eskuratutako gaitasunak, hobeki ulertzea, batez ere lanpostuak ematen dituzten pertsonek eta beste herrialde batzuetako elkarte edo erakundeek. Europass gehigarria ez da titulu ofizialaren ordezko agiria, baizik eta informazio xedea duen osagarri bat.

Gehigarri horretan teknikari edo goi mailako teknikari tituluaren titularrak eskuratutako ezagutza eta gaitasunak deskribatzen dira. Titulu ofizialetan emandako informazioaren osagarri bat da, titulua ulertzea ahalbidetzen duena, bereziki titulua eman duen herrialdea ez den gainontzeko herrialdeetan.

2. Ikastetxeak derrigortuta daude eskatzen duten ikasleei gehigarri hori ematera, ikastetxeko zuzendariaren eta idazkariaren sinadurekin. Horretarako, ikasleek eskaera egin beharko dute, aplikagarria den legerian ezarritako eredu ofizialen bitartez.

33. artikulua. Beste irakaskuntza batzuetara sartzea.

1. Lanbide Heziketako teknikari tituluak hezkuntza sistemako goi mailako Lanbide Heziketako zikloetan sartzea ahalbidetzen du, indarreko legeriak ezarritako baldintzetan.

Halaber, teknikari tituluak eta goi mailako heziketa zikloetara sartzeko proba gainditzeak erregimen bereziko arte plastikoetako, diseinuko eta kirol irakaskuntzetako goi mailako heziketa zikloetara sartzea ahalbidetzen du, betiere irakaskuntza horietara sartzeko baldintza espezifikoak betetzen badira.

2. Lanbide Heziketako goi mailako teknikari tituluak graduko unibertsitate ikasketetara sartzea ahalbidetzen du, graduko unibertsitate irakaskuntzetako onarpen prozedurei buruz indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

3. Lanbide Heziketako teknikari edo goi mailako tituluaren jabeak Batxilergoko titulua eskuratzen ahal du, indarreko legeriak ezarritako baldintzetan.

34. artikulua. Tituluak erregistratzea eta egitea.

Teknikari edo goi mailako teknikari tituluak egiteko eta erregistratzeko, titulu akademiko eta profesionalak egiteari buruzko estatuko oinarrizko legeari jarraitu behar zaio.

Interesdunak azken lanbide moduluaren ebaluazio positiboa jaso duen ikastetxean eskatu beharko du titulua.

35. artikulua. Teknikari laguntzaile edo laguntzaile espezialista tituluen ondoreak.

Hezkuntzari eta Hezkuntza Finantzazioaren Erreformari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Legearen arabera, teknikari laguntzaile tituluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluaren ondore akademiko berdinak izanen ditu, baita dagokion lanbideko teknikari tituluaren ondore profesional berak ere.

Hezkuntzari eta Hezkuntza Finantzazioaren Erreformari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Legearen arabera, teknikari espezialista tituluak dagokion lanbideko goi mailako teknikari tituluaren ondore profesional berak izanen ditu.

36. artikulua. Ebaluazio agiriak betetzea eta zaintzea.

1. Ikastegiko idazkaritzak ikasketa espedientea irekiko du ikasleak matrikula egin eta gero.

2. Ikasturteko amaierako ebaluazio aktak matrikulak bukatzean itxiko dira.

3. Akta horiek tutoreak eta irakasle taldea osatzen duten irakasle guztiek sinatuko dituzte, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin betiere. Sinadurekin batera, sinatzen duenaren izena eta abizena ere jarriko dira, baita haren kargua, irakaskuntza ekarpenak egin dituen modulua eta data ere.

Ikastetxe pribatuek akten kopia bat igorri beharko diote atxikita dauden ikastetxe publikoari, amaierako ebaluazioa egin eta hamar egun balioduneko epean.

4. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ezarritako epearen barnean eta eskuragarri dagoen eduki eta prozedurarekin, ikastetxeak Educa kudeaketa sistemaren bidez edo beste bitarteko batzuen bidez bete beharko du ikasleen amaierako ebaluazioko emaitzen laburpen estatistikoari buruzko agiri bat.

5. Ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeko eta zaintzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu datu horiek gordetzeko edo, hala badagokio, ikastetxetik ezabatzen badira, lekualdatzeko neurri egokiak.

Lehen xedapen gehigarria.–Tituluen baliokidetasunak.

Estatuko oinarrizko araudian ezarritakoarekin bat etorriko dira teknikari eta goi mailako teknikari tituluen baliokidetasun sistemak eta lanbidean eta ikasketetan dituzten ondoreak.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuaren garapenean aholkuak ematea eta prozesuaren garapena bera gainbegiratzea, baita ebaluazio agiriak behar bezala betetzea eta zaintzea ere. Horretarako, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak honako foru agindu honetan ebaluazio prozesuari buruz ezarritakoaren betetze mailari buruzko balorazio eta azterketa bat eginen du.

Honako foru agindu hau garatuko duen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenean zehaztuko da zein prozeduraren bitartez erregistratuko diren ikastetxe bakoitzeko ziklo bakoitzeko erdi eta goi mailako talde bakoitzaren laburpen estatistikoa osatzen duten datuak. Datu horiek oinarritzat hartuta, ikasleen ebaluazioaren emaitzen balorazioa eta azterketa eginen dira. Foru agindu hau garatzen duen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenean ezarritako ehunekoaren azpitik dagoen gainditze tasa duten lanbide moduluetan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak dagokion berrikuspena eginen du. Horretarako, eraginpeko alderdi guztiei entzun eta gero, gaiari buruzko txosten bat emanen du, horren gaineko erantzukizun zuzena hartuz. Txosten hori oinarritzat hartuta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Zerbitzuak batera emanen dute Hezkuntzako zuzendari nagusiari helaraziko zaion gomendio txostena.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalak.

Ikasleen datu pertsonalak eskuratzeari edo datu horiek ikastetxeen artean lagatzeari eta datu horien segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokionez, izaera pertsonaleko datuei buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoari jarraituko zaio eta, nolanahi ere, maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Legearen hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari.

Laugarren xedapen gehigarria.– Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Ikastetxe publiko eta pribatu itunduek honako foru agindu honetan jasotako ebaluazio agiri ofizialen atal guztiak bete beharko dituzte elektronikoki, bai ebaluazio partzialei bai amaierako ebaluazioei erreferentzia egiten dietenak. Horretarako, Educa kudeaketa sistema edo datuak sistema bateragarri batean jasotzea ahalbidetuko duen beste aplikazioren bat erabiliko dute, eta xede horretarako Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako datetan egin beharko dute. Educa kudeaketa sistema baliatzen duten ikastetxe pribatu ez-itunduek ere bete beharko dituzte honako foru agindu honetan jasotako ebaluazio agiri ofizialen atal guztiak.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Berezitasunak.

Ikasleen ebaluazioari, sustapenari edo titulazioari buruz honako foru arau honetan jaso ez den eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez garatzen ez den berezitasun oro batera ebatziko dute Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Lanbide Heziketako Zerbitzuak.

Seigarren xedapen gehigarria.–Bizikidetza araudia egokitzea.

Ikastetxeek beren bizikidetza araudiak honako foru arau honetan ezarritakoaren arabera egokitu beharko dituzte, ikasleen bertaratze mailari dagokionez.

Zazpigarren xedapen gehigarria.– Educa kudeaketa sistema.

Hezkuntza Departamentuak Educa kudeaketa sistema garatuko du foru agindu honetan xedatutakoa aplikatze aldera.

Lehen xedapen iragankorra.–Urteko ebaluazio deialdiak mila eta laurehun orduko heziketa zikloetan.

Lantokiko Prestakuntza modulurako urteko ebaluazio deialdiak bi izanen dira ikasturteko, oro har, mila eta laurehun ordutik beherako iraupena duten heziketa zikloetan.

Bigarren xedapen iragankorra.–Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako Lanbide Heziketako tituluen trantsizio prozesuko ebaluazioa.

Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikotik eratorritako teknikari eta goi mailako teknikari tituluei dagozkien ikasketen ebaluazioak foru agindu honetan xedatutakoari jarraituko dio.

Aurreko paragrafoan aipatu diren eta eguneratu edo beste batzuek ordeztu gabe azkendu diren ikasketak amaitu ez dituzten ikasleek epe bat izanen dute, ez dena bost urtetik gorakoa izanen, ikasketa horiek eskaintzen dituen azken ikasturtea abiarazten denetik zenbatuta, modulu bakoitzean dituzten deialdiak gainditzeko.

Aurreko paragrafoan aipatu diren titulazioak eman dituzten ikastetxeek ardura hartuko dute ukitutako pertsonei ikasketa horiek amaitzen laguntzen dieten prozesuak antolatzeko, Hezkuntza Departamentuaren jarraibideekin bat.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko beste modalitate eta bide batzuen ebaluazioa.

Lanbide Heziketako modalitate ezberdinen edo Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko proben ebaluazioari buruzko araubide espezifikoa garatzen ez den bitartean, aratutako foru agindu honetan ezarritakoaren arabera eginen da ebaluazioa Lanbide Heziketako tituluak lortzeko modalitate eta proba guztietan, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

Xedapen indargabetzaile bakarra.– Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 52/2009 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituena.

Partzialki indargabetu da Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 18ko 86/2014 Foru Agindua, zehazki, hezkuntza sistemako erdi eta goi mailako Lanbide Heziketako zikloetako ebaluazioari buruzko guztiari dagokionez. 86/2014 Foru Agindu horren bitartez, apirilaren 8ko 52/2009 eta uztailaren 12ko 109/2011 Foru Aginduak aldatu ziren. Lehenbizikoaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren. Bigarrenaren bidez, aldiz, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren.

Halaber, indargabetuta geratzen dira foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doazen maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetatik lehenengoa.–Amaierako ebaluazioan bigarren deialdi berezia aplikatzeko aukera.

Erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketako zikloetan honako foru agindu hau aplikatu ondotik izena eman duten ikasleek bi ebaluazio deialdi berezitarako eskubidea izanen dute. Baldin eta ikasleak lehen mailan matrikulatu badira honako foru agindu hau aplikatu baino lehen, bi deialdi bereziak lehen mailako moduluei ere aplikatzen ahal zaizkie.

Azken xedapenetatik bigarrena.– Garapena.

Hezkuntzako zuzendari nagusiari honako foru agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztietarako baimena ematen zaio.

Azken xedapenetatik hirugarrena.– Foru agindua indarrean sartzea eta aplikatzea.

Honako foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta aplikagarria izanen da 2019-2020 ikasturtetik aurrera, ikasturte hori barne.

Iruñean, 2019ko martxoaren 5ean.– Hezkuntzako kontseilaria, María Roncesvalles Solana Arana.

1. ERANSKINA

Ikasketa ziurtagiriaren eredua.

2. ERANSKINA

Amaierako ebaluazioaren aktaren eredua.

3. ERANSKINA

Banakako ebaluazio txostenaren eredua.

4. ERANSKINA

Ikasketa ziurtagiri ofizialaren eredua.

5. ERANSKINA

Ikasketa ziurtagiri partzialaren eredua.

Deskargatzen ahal diren artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1903450