71. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa Artikako Kirol Hiriko erregelamenduan.
Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2018ko irailaren 4an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Artikako Kirol Hiriko erregelamenduan. Hura 2018ko 218. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2019ko otsailaren 21ean.–Jarduneko alkatea, Koldo Abrego Primo.

ARTIKAKO UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Kirol Hiria osatzen duten kirol instalazioen erabilera arautzea. Instalazioak Artikan daude eta Berriobeitiko Udalaren jabetzakoak dira.

Udalaren kirol instalazioak dira, bai kirolgunea, bertan sartzen baitira jostetarako igerileku ur beroduna, igerileku ur berodun ludikoa, kanpoko igerilekuak, hidromasajeko igerilekua, erlaxazio aldea, sauna lehorra, lurrun bainua, muskulazio gela, jarduera gelak, aldagelak, kanpoko lorategia, tratamenduetarako aldea eta erretokiak, bai kirola egiteko erabiltzen diren gainerako tokiak, eta jarduera ludikoetarako eta oro har gorputza lantzeko direnak, hala gaur egun dauden horiek nola egungo eremuak handitzeko etorkizunean egon daitezkeenak.

Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei loturik eta aurreko paragrafoan azaldu diren instalazioetako ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.

2. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren Udalaren kirol instalazioak zerbitzu publikoari atxikitako jabari publikoko ondasuntzat hartuko dira, eta Foru Komunitatean indarra duten arauak bete beharko dituzte, kirolaren, ikuskizun publikoen, ingurumen osasunaren eta aisialdiko jardueren eta ingurumena babesteko jarduera sailkatuen arloan.

3. artikulua. Udalaren kirol instalazioak jende guztiarentzat zabalik egongo dira, baina haietara sartu eta haiek erabiltzeko, kasuan kasuko udal tasa ordaindu beharko da edo, bestela, instalazio horien kudeaketa ez badu Udalak zuzenean egiten, ezartzen diren tarifak ordaindu beharko dira.

3.1. Udalaren kirol instalazioen erabiltzailetzat hartuko dira erregelamendu honetako 1. artikuluan aipatzen diren instalazioak erabiltzen dituzten pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak.

3.2. Kirol eremu horietako erabiltzaile izan daitezke hala banakoak (bakarkako erabilera) nola talde antolatuak (erabilera kolektiboa), kirol klubak, elkarteak, ikastetxeak, entitate edo pertsonak, erabilera erreserbatzen dutenak, beti ere aurretik ezarritako programazio eta ordutegi baten barrenean.

3.3. Instalazioak ezin dira taldeka erabili instalazioaren Zuzendaritzaren edo Jarraipen Batzordearen berariazko baimenik gabe.

3.4. Erabiltzaileek ezin izango dituzte instalazioak irabazi asmoz erabili Kudeaketa eta Jarraipen Batzordearen berariazko baimenik gabe.

4. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatu eta jarduerak egiteko.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak onetsia, erabiltzaileak ongi ikusteko moduko tokian, honako hauek azaltzeko:

• Zer kirol zerbitzu eskaintzen diren eta, beharrezkoa denean, zer tarifa edo tasa ordaindu behar diren.

• Jardueraren ordutegia.

• Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

• Egiten diren zerbitzuak edo programak.

Kontsultatu ahal izateko, eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea gordetzen du beretako, Erregelamendu honetan ezartzen dena azaldu, aldatu edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

Erregelamendu hau jendearen eskura egongo da Artikako Kirol Hiriko kirol instalazioetan eta instalazioen web orrian.

Berriobetiko Udalak Erregelamendu honetan jasotako eskubideak erabiltzen ez dituenean ere, horrek ez du adieraziko eskubide horiei uko egiten dienik.

7. artikulua. Udalak erantzukizun zibileko asegurua izango du zuzenean kudeatzen dituen kirol instalazio guztietarako, instalazioaren erabileraren ondorioz datozkeen kalte eta galera guztiak babesteko. Udalak, orobat, aseguru bera eskatuko dio bere kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresari.

8. artikulua. Udalak eta kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak ez dute erantzukizunik izango Udalaren kirol instalazio guztietan kirolean aritzean gertatzen ahal diren istripuen gainean, horiek arauak ez betetzeagatik, seinale edo abisuei kasurik ez egiteagatik edo instalazio eta zerbitzuak oker erabiltzegatik gertatzen badira. Alde horretatik, irristadek eragindako istripuak erabiltzailearen ardura izango dira. Era berean, instalazioen barnean ebasketarik edo lapurretarik gertatuz gero, Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute erantzukizuna beren gain hartuko.

8.1. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izango kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

9. artikulua. Kirolarien eta jendearen segurtasuna eta babesa bermatzeko xedez, ez zaie ikuskizunetarako eta kirol saioetarako Udalaren kirol instalazioen barrenera pasatzen utziko honako hauek sartu nahi dituztenei:

9.1. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idazkiak.

9.2. Armak edo kalteak eragin ditzaketen objektuak.

9.3. Bengalak edo su artifizialak.

9.4. Erregelamenduz ezartzen diren beste objektu edo tresna guztiak.

Nolanahi ere, debeku izango da Udalaren kirol instalazioetan aurreko apartatuan aipatu diren objektuak erakutsi edo erabiltzea, eta instalazioaren titularrak edo kudeatzaileak beharturik daude haiek berehala kentzera.

10. artikulua. Udalak baimendutako jardueretan sarreretatik ateratako dirua jarduera hori antolatzen duen entitatearen esku geldituko da, eta dagokion erabilera tasa edo kuota eta indarra duten zergak ordaindu beharko ditu.

11. artikulua. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik, Udalak baimena ematen ahalko du publizitatea jartzeko, mugigarria nahiz estatikoa, iraunkorra edo ez, edozein elementu tekniko edo euskarritan, baldin eta legezko arauak betetzen baditu, kirol entitateren batek eskatzen badu eta dagokion baimenean Udalak zehazten dituen arauak beteta.

12. artikulua. Instalazioko seinale guztiek, barnekoek nahiz kanpoaldekoek, dagokien araudia bete beharko dute, hala udalekoa nola foru administraziokoa, eta orokorra ere bai. Nolanahi ere, seinale horietan agertu beharko du instalazioaren titulartasuna Udalari dagokiola.

13. artikulua. Kirolean aritzeko, edozein espezialitatetan, material eta janzkera egokiak erabili beharko dira. Hori kontuan hartuz, oinetakoak zaindu beharko dira bereziki, kirolgune bakoitzaren parketean edo zoru berezian markarik utziko ez duten zolak erabilita.

13.1. Ez dago baimenduta jostetan aritzea eta/edo beroketa ariketak egitea, baloiak, pilotak edo bestelako objektuak erabilita, aldageletan, pasabideetan eta kirolgunetzat hartzen ez diren eremu guztietan.

14. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeak berarekin dakar erregelamendu honetako arauak onartu behar izatea.

II. KAPITULUA

Instalazioen irekiera eta itxiera

15. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio Artikako Kirol Hiriko udal kirol instalazioen funtzionamenduaren urteko egutegia finkatzea, baita instalazioak noiz itxiko diren ere (geldialdi teknikoa egiteko), eta egutegia urtero onetsi beharko da.

Erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezartzen dituen indarreko legediaren arabera, “nahitaezkoa da igeri-ontzi bakoitza erabat hustea, garbitzea eta desinfektatzea, eta haren hormak, hondoa eta osagarriak konpontzea denboraldia hasi baino lehen, eta gutxienez urtean behin”.

Arau orokor gisa, Artikako Kirol Hiria itxita egongo da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean, instalazioa goizez baizik ez da irekiko, arratsaldez itxita egongo baita, hala nola urtero onesten diren jaiegun ofizialetan.

Berriobeitiko Udalak hemengo egutegi eta ordutegiak aldatzen ahalko ditu hala behar duenean eta kirol instalazioetan kirol, kultur edo gizarte ekitaldiak antolatzen direnean.

Artikako udal kirol instalazioetara abonaturik daudenek, kirol instalazioak itxiak dauden aldietan, Udalak onetsitako tasak edo prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.

III. KAPITULUA

Abonatuak

16. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, abonatu txartela eduki behar du, eta Udalak finkatzen dituen kuoten edo tasen ordainketa eguneratua izan behar du.

Abonatu txartela duten abonatuak instalazioetan libreki sartzen ahalko dira, eta antolatzen diren jardueretan finkatzen diren deskontuez baliatzeko eskubidea izango dute.

Abonatu txartela galduz gero diru kopuru bat ordaindu beharko da.

17. artikulua. Abonatu motak:

17.1. Honako mota hauek ezarri dira:

A mota: 6 urtetik beherako haurrak.

B mota: 6tik 15 urtera bitarteko haurrak.

C mota: 16 urtetik gorako helduak.

D mota: 65 urtetik gorako erretirodunak eta 60 urtetik gorako pentsiodunak.

17.2. Udalak finkatzen dituen kuotak ordainduko dituzte abonatuek; horiek aldatzen ahalko dira Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposatuta.

17.3. A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko. Edozein modutara, guraso edo tutoreek lagunduta sartu beharko dute. Ezin da A motako abonamendurik bakarka egin.

17.4. Gutxienez 65 urte dituzten erretirodunak eta 60 urtetik gorako erretiro-pentsiodunak soilik sartuko dira D motaren barrenean, betiere beren erretirodun egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala (administrazio publiko batek egina) aurkezten baldin badute.

Era berean, D motako pentsioduntzat hartuko dira minusbaliotasuna %65ekoa edo handiagoa dutela ziurtagiri ofizialaren bidez (administrazio publiko batek emana) frogatzen dutenak.

17.5. Familia ugariak instalazioetan eskaintzen diren deskontuez baliatu ahalko dira, familia ugariaren titulu indarduna aurkeztuz eta familia unitateko bost kide gutxienez abonatuak badira.

17.6. Artikako Udalaren kirol instalazioen abonatu izan nahi duten guztiek sarrerako diru kopuru jakin bat ordaindu beharko dute.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaizkie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja hartzen duen abonatuak ezin izango du zenbateko hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du goian aipatutako zenbatekoa, eta baja hartu zuenean instalaziotik igorri zitzaizkion ordainagiriak ordainduta eduki beharko ditu.

Berriobeitiko Udalak abonatuak erakartzeko sustapen kanpainak ezarri ahalko ditu, deskontuekin eta baita hasierako sarrera kuota kenduz ere. Azken kasu honetan ordaintzeko betebeharraren hasiera data instalazioaren harrera lekuan agiriak aurkezten diren unean hasiko da.

18. artikulua. Hilaren 20a baino lehen edo 20an berean abonamendua egiten dutenek hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Abonamendua hilaren 21etik aurrera egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Urteko abonamendurako ezarrita dauden ordainketa moduak (hilabeteko, hiruhileko, seihileko edo urteko kuota) banku igorpenaren bidez egingo dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku igorpenak.

Kirol instalazioetara sartzeko, ezinbestekoa da inskripzio fitxa bat betetzea, dokumentazio osoa jasotzen duena.

Ezin izango da instalazioetara sartu abonatuaren txartelik edo giltzarik gabe, edo ikastaroren bat egiten ari denaren edo laguntzailearen txartelik edo giltzarik gabe, abonatua baldin bada.

19. artikulua. Kuotak ordaintzen ez badira, instalazioen harrera lekutik ohar telefoniko bat egingo da. Ez ordaintzea gertatu eta 7 egun igarota, ate birakaria automatikoki blokeatuko da, itzulitako ordainagiria ordaindu arte abonatuari sarrera eragotziz. Ordainketari Udalak onetsiko duen itzulketa komisio bat gehituko zaio, kudeaketa gastuengatik.

Ordaintzeko ordainagirien gauzatzea, dagokien gehikuntzarekin, dirutan ordainduko da instalazioaren harrera lekuan.

Bi ordainagiri, jarraian izan ala ez, itzuli edo ordaintzen ez badira, horrek abonatuaren baja ekarriko du nahitaez.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du, eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

20. artikulua. Baja nahi duen abonatuak idatziz eman beharko die bere nahiaren berri instalazioetako administrariei, eta horretarako baja-inprimakia bete beharko du.

Hurrengo ordainagiria bidal ez dadin, baja jakinarazi beharko da ordainketa egunaren aurreko hilabetearen 20a baino lehen. Baja gertatzen bada tarifa edo tasa kobratzeko egunaren ondoren, ez da tarifa edo tasa itzultzeko eskubiderik izango.

21. artikulua. Udalak abonatu kopurua mugatu ahalko du, bai eta kirol ikastaroetan izena ematea ere, instalazioen erabilera egokiena kontuan hartuz, eta lehentasuna eman ahalko die erroldaturik dauden abonatuei.

22. artikulua. Abonatu txartela edo “wellness system” giltza pertsonalak eta besterenezinak dira. Beste inork okerreko erabilera egiteak zehapena ekarriko du.

Txartela edo giltza galdu, lapurtu edo hondatuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari.

“Wellness system” izeneko giltza erabiltzeko, hasierako fidantza bat ordainduko beharko da. Udalak zehaztuko du fidantza hori eta erabiltzaileak giltza itzultzen duenean berreskuratuko du. Giltza lapurtu, galdu edo desagertzen bada edo erabilera desegokiagatik hondatu bada, fidantza galduko da eta beste fidantza bat eratu beharko da “wellness system” giltza berri bat erabili ahal izateko. Instalazioetan ordaindu gabeko zorrik edukiz gero, fidantza atxikiko da harik eta zorrak kitatu arte.

23. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:

23.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.

23.2. Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

23.3. Kirol ikastaroetan izena emateko lehentasuna izatea abonatu gabeen aldean.

23.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuak izatea kirol instalazioetan antolatzen diren jardueretarako.

23.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

23.6. Instalazioetako abonatuek erabiltzen ahal dute soilik muskulazio gela, gainontzeko abonatuek (hilabeteko abonamendua, eguneko sarrera etab.) ezin baitute erabili. Muskulazio gela erabiltzeko, “wellness system” giltza erabili beharko da nahitaez.

24. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaileentzat, oro har, aurrerago ezartzen diren betebeharrak betetzera.

IV. KAPITULUA

Abonamendurik gabeko erabiltzaileak

25. artikulua. Abonatu ez direnak hurrengo moduan soilik sartzen ahalko dira kirol instalazioetara:

• Neguko abonamenduaren bidez.

• Kirol ikastaroren batean izena emanda.

• Eguneroko sarrera erosita.

• Beauty Spa-ko tratamendu bat edo ingurubira bat erosita, bainuetxearen eremua erabili behar bada.

25.1. Neguko abonamenduak Artikako Kirol Hiriko instalazio guztiak erabiltzeko eskubidea ematen du. Eguneko sarrerak, berriz, abonamendurik ez dutenei eskubidea ematen die igerilekuak eta eremu komunitarioak erabiltzeko, muskulazio gela eta jardueretako gelak izan ezik.

“Eguneko sarrera” eskuratzen bada, instalazioak egun osoan erabiltzen ahalko dira; kirol instalaziotik ateraz gero, eguneko sarreraren ordainagiria, eroslearen NANa ageri duena, erakutsi beharko da berriz sartu ahal izateko.

Abonaturik ez daudenak soilik abonatuendako diren kirol eremuetara sartzen badira, instalazioko langileek ohartarazpena egingo diete, eta arau-hauste bera gehiagotan eginez gero, instalaziora sartzea ukatuko zaie, eta abonaturik ez dagoen pertsonak egindako ordainketa itzultzeko eskubideak galduko ditu.

25.2. Kirol ikastaroetan izena emateak aipatu ikastaroetara sartzeko eskubidea ematen du soilik, hau da, ezin izango dira instalazioak beste inolako jardueretarako erabili. Ezin izango da instalazioan sartu 15 minutu baino lehenago, jarduera hasi aurretik. Irteera jarduera bukatu eta hurrengo 20 minutuetan egin beharko da. Baten bat beranduago ateraz gero, instalazioko langileek kargu hartuko diote, eta arau-hauste bera aldi gehiagotan eginez gero, baja emango zaio dagokion jardueran, eta hartan jarraitzeko eta kuota itzultzeko eskubideak galduko ditu.

25.3. Udalak finkatuko ditu abonatuek eta abonatu gabeek kasuan kasuko jardueran izena emateagatik ordaindu beharreko kuotak, baita kirolerako abonamendu aktiboagatik ordaindu beharreko kuotak ere. Aurrekoa gorabehera, abonatuek lehentasuna izango dute ikastaroetan izena emateko abonaturik gabekoen aurrean.

Berriobetiko Udalak bestelako sarbideak ezartzen ahalko ditu, bai eta Erregelamendu honetan ezarritakoak aldatzen ahal ere.

Halaber, baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu kirol klubentzat, desgaitasunen bat duten bizilagunentzat eta biztanleriako beste sektore batzuentzat, egoki iruditzen bazaio.

26. artikulua. Arau orokorrak, abonaturik ez daudenen sarbide guztiei dagozkienak.

26.1. Abonatu ez direnak behartuak egongo dira kuotak ordaintzera, betiere sartzeko moduaren arabera (eguneko sarrera, hilabeteko abonamendua) eta adinaren kategoriaren arabera. Kategoria horiek urteko abonatuendako ezarrritako berberak izango dira.

26.2. Eskudirutan edo txartelaren bidez ordainduko da, instalaziora sartzen denean; ezin izango da banku-helbideratzearen bidez ordaindu. Ordainketa eginda ez da itzultzerik eskatzen ahalko.

26.3. Eremuak alokatzeko tenorean abonatuek izango dute lehentasuna.

26.4. Abonatuak ez direnek egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egin ditzakete, instalazioen funtzionamenduaren gainean betiere.

V. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

27. artikulua. Eskubideak:

27.1. Erabiltzaileak, dagokion tasa edo tarifa ordaintzen badu, Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko eskubidea du erregelamendu honetan ezartzen den gisan.

27.2. Erabiltzaileek Udalaren kirol instalazioetako zerbitzu guztiak erabiltzeko eskubidea izango dute, haietako bakoitzaren arau partikularrak beteta.

27.3. Erabiltzaileek eskubidea dute informazioa jasotzeko Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baldintzez eta haietan eskaintzen diren kirol programez.

27.4. Erabiltzaileek eskubidea dute egokiak iruditzen zaizkien iradokizunak aurkezteko Udalaren kirol instalazioen kudeaketa hobetu beharrez, baita erreklamazioak aurkezteko ere haien funtzionamenduaz. Biak tramitatzen ahalko dira kirol instalazioetan dauden inprimakien bidez.

27.5. Eskubidea, era berean, eskatzeko Udalak bete ditzala bere zerbitzu eskaintzetan hartzen dituen konpromisoak.

27.6. Top-lessa baimendurik dago kanpoko instalazioetan, bai solarium aldean, bai bainu eremuan.

28. artikulua. Betebeharrak:

28.1. Txartela edo sarrera aurkeztea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetara sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.

28.2. Erabiltzaileak modu egokian jokatu beharko du instalazioen barrenean, hala hitzez nola ekintzez, gainerako erabiltzaileei traba egin gabe eta gizalegezko elkarbizitzak zehazten dituen mugen barnean.

28.3. Funtsezkotzat jotzen da, halaber, erabiltzaileen eta instalazioetako langileen artean, elkarri begirunea izatea, erabiltzaileek langile horien esanak, hasteko eta behin, onartu beharko dituztelarik.

28.4. Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta ordu erreserbak, aurretik ematen direnak.

28.5. Erabiltzaileek modu egokian erabili behar dituzte instalazio eta eremu guztiak, baita horiek zaindu eta zainarazi ere; bestela, erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan ematen duten denboran asmo txarrez edo zabarkeriaz kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

28.6. Erabiltzaileek bereziki saiatu beharko dute erabiltzen dituzten eremuak garbi edukitzen, horretarako paperontziak eta zaborrak biltzeko gainerako elementuak erabiliz.

28.7. Debeku dute instalazioetara sartzea 10 urte bitarteko adingabeek, non ez diren 14 urte baino gehiagoko batekin joaten eta hark bere gain hartzen haien zaintza.

28.8. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

28.9. Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

28.10. Erabiltzaileek bere gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.

28.11. Erabiltzaileek instalazioko ordutegiak errespetatu beharko dituzte, baita erregelamendu hau ere, enplegatuen aginduei kasu eginez beti.

28.12. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko. Idatzizko jakinarazpena egingo zaie ateratzeko ordua errespetatzen ez dutenei. Ateratzeko ordua errespetatzen ez bada berriz ere, zehapen arina ezarriko da.

28.13. Erabiltzaileak instalazioetatik egozten ahalko dituzte eta hortik erabiltzaile gisa dauzkaten eskubide guztiak galdu, baldin eta beren jarduerekin iskanbilarik sortzen badute, elkarbizitza arrunta nahasten badute, portaera axolagabea badute edo instalazioak erabiltzeko arauren bat hausten badute.

28.14. Arau hauetan aipatzen ez diren gainerako kasuetan, eta haiei buruzko interpretazioan, une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hartuko du dagokion erabakia, hasteko eta behin, eta gero, bidezko bada, gaia Kudeaketa eta Jarraipen Batzordera igorriko da, eta azken buruan Gobernu Batzarraren esku utziko da, behin betiko ebazpena eman dezan. Une bakoitzean instalazioan dagoen arduradunak hasteko eta behin hartzen duen erabakia onartzera beharturik dago erabiltzailea.

28.15. Kudeaketa eta Jarraipen Batzordeak proposaturik Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

28.16. Espresuki debeku da instalazioetara sartzea infekzioak edo gaixotasun kutsagarriak dituzten erabiltzaileak, instalazioen baldintza higieniko sanitarioetan asaldurarik edo gainerako erabiltzaileak kutsatzeko arriskurik sorrarazi ahal badute. Horretarako, instalazioetako zuzendaritzak bere egiten du sarrera eragozteko eskubidea nolabaiteko gaixotasun edo infekzio kutsagarriren bat duten erabiltzaileei, eta erabiltzaileek berek frogatu beharko dute, egoki deritzen moduan, ez dagoela inolako arriskurik ez pertsonendako ez eta instalazioetarako ere.

29. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko ondorioetarako, instalazio bakoitzean izango dituzte erreklamazio orriak eskura. Edozein erabiltzaile baliatzen ahalko da erreklamazio orri horietaz, bertan jarrita izena, deiturak, helbidea, eta telefono eta NAN zenbakiak, baldin eta instalazioetako zerbitzuen funtzionamendua desegokia dela uste badu. Erreklamazioa egiten duen erabiltzaileak kopia bat gordeko du beretzat eta erantzuna hartuko du. Erantzuna nahitaez etorriko da nonbait jasoa izateko moduan, nahiz eta aldez aurretik telefono bidez jakinarazten ahal den.

Erabiltzaileek noiznahi eskatzen ahalko dute instalazioetako zerbitzuen enplegatu edo arduradunen identifikazioa, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ahal izateko.

30. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan biltzen diren gauza galduak instalazio bakoitzeko argibide zerbitzuan (harrera lekua) utziko dira, 15 egunean. Behin epe hori iraganez gero, instalazio bereko biltegian utziko dira 30 egunean. Denbora hori ere iragandakoan, baliorik duten gauza galduak Udaltzaingoaren egoitzara eramango dira, legez ezarritako bideak segi dezan, eta gainerakoa laguntza elkarteetara eramango da.

VI. KAPITULUA

Instalazioen erabileraren gaineko araudia

31. artikulua. Zerbitzu eremua.

31.1. Zerbitzu eremua deitzen zaion aldean sartzen dira harrera lekua, armairuak, dutxak, komunak, kanpoko solariuma eta botika-kutxa.

31.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan arituz, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz. Higiene arrazoiak direla eta, debeku da arras bizarra egitea, depilatzea eta pedikura, manikura eta gisako tratamenduak egitea.

31.3. Mota guztietako sendatze jardunak botika gunean eta sorosleen eskutik egingo dira.

31.4. Berriobeitiko Udalaren kirol instalazioetan debeku da inon erretzea, solariumean izan ezik.

31.5. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.

31.6. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalazioko ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek egiten dizkieten oharrei.

31.7. Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dute, gainerako erabiltzaileak errespetatu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

31.8. Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan baizik ez da egingo. Udalaren kirol instalazioetako armairuak erabiltzen direnean, behar-beharrezkoa izango da bai pertxak bai eserlekuak libre uztea kirol eremuak erabiltzen diren bitartean.

31.9. Debeku da arras armairua erreserbatzea edo itxirik uztea biharamunerako. Arau hori betetzen ez duenari isuna ezarriko zaio, eta armairuan gorde duen materiala handik atera eta jantzitegian edo bulegoetan utziko da, isuna harrera lekuan ordaintzen den arte.

31.10. Giltza galduz gero, instalazioaren arduradunari emango zaio horren berri, eta hark dagokionari emango dio armairuaren barrenean utzitako materiala, baldin eta jabetza frogatzen bada. Jabetza frogatzerik ez badago, egunaren bukaera arte itxaron beharko da materiala itzultzeko. Gainera, hala izanez gero, inplikatutako erabiltzaileak sarrailaren aldaketaren kostu guztia ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko maneran uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

31.11. Zazpi urtetik gorako haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik ezta helduarekin batera ere.

31.12. Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

31.13. Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

31.14. Debeku da irristailu, txirrindu, haur aulki, gurdi edo antzekoak aldagelen eremuan sartzea. Toki bat egokituko da horretarako.

32. artikulua. Ur bazter eta igeri-ontziak.

32.1. Ur bazterrak eta igeri-ontziak erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honetan ezarritakoa bete beharko da, baita erabilera publikoko igerilekuetan derrigorrez bete behar den osasun arloko berariazko araudia ere, unean-unean indarrean dagoena alegia.

32.2. Erabiltzaileek erabiliko dituzte igerilekuak (barneko ur berodunak eta kanpoan dauden aisialdikoa eta plisti-plastakoa) edo bainatzeko edo igeri egiteko, eta lehiaketa garaietan, igerileku horietako eremu bakoitza argi eta garbi mugatua egongo da.

32.3. Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu erregelamenduak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta igerilari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

32.4. Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak baldin badira.

32.5. Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; 18 urtetik beherako haur eta gazteen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak (bereziki igeri egiten ez badakite). Igeri-ontzi barnean 10 urtetik beherako haurrak beti egongo dira heldu batekin eta, era berean, lagunduta egongo dira igerian ez dakiten 18 urtetik beherakoak ere.

32.6. Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

32.7. Ur bazterrera eta igeri-ontzira joateko nahitaez dutxetatik pasatu beharko da. Bainatu aurretik nahitaez dutxatu behar da. Halaber gomendatzen da bainatu ondoren dutxatzea.

32.8. Ur bazterrera edo igeri-ontzira oinutsik edo txankletak jantzita joan behar da, instalazioko langileak izan ezik, horiek oinetako egokiak edo bereziak jantziko baitituzte, behar izanez gero. Erabiltzailea ezin da igerilekura sartu kaleko arropa eta oinetakoekin, bainujantziarekin baizik.

32.9. Debeku da igerilekuetan edo inguruan egoteko tokietan erretzea, jatea edo hondakinak sortzen dituen beste zernahi egitea.

32.10. Debeku da aulkiak, etzaulkiak edo oihalak sartzea, eguzkitan egoteko, ur bazterretan.

32.11. Debeku da baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten bestelako gauzak (hegatsak, urperako betaurrekoak etab.); onartzen dira, ordea, igeri egiteko betaurrekoak; salbu eta kirol instalazioan antolatzen diren aisialdiko jarduera edo ikastaro berezietarako egun jakinetan. Igerilekuko langileek erabakiko dute erabiltzaileei aisialdiko erabilerarako uretako materiala utzi edo ez, une horretan igerilekuaren egoera bereziaren arabera (erabiltzaile kopurua, material beharra, etab.)

32.12. Ur bazterrean eta igeri-ontzian debeku dira gainerako erabiltzaileen lasaitasuna eta erosotasuna galarazten dituzten ekintza eta jarduera guztiak. Beraz, ahal dela, ez da lasterka ibili behar, ez baloiekin jostetan, ez joko bortitzetan, ez da uretan modu zakarrean murgildu behar, hau da, ez da egin behar, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egin edo uraren kalitateari eragin diezaiokeen deus.

32.13. Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

32.14. Igeriketa ikastaroak egin bitartean, izena eman ez dutenek ezin izango dituzte erabili horretarako bereizitako alde edo kaleak.

32.15. Erabiltzaile guztiek bainurako txanoa erabili beharko dute ur berodun igerilekuetako igeri-ontzietan sartzeko.

32.16. Debeku da 5 urtetik gorako haurrek, gazteek eta helduek plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Kasu horretan, pertsona heldu horiek igerilekuaren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada.

32.17. Debeku da arras listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

32.18. Izena eman dutenek, eta ikastaroetan soilik, erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala...).

32.19. Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

32.20. Bainu librean ari direnek ezin izango diete kargu hartu, bulka edo traba egin, inola ere, ikastaroren bat edo instalazioen kudeatzaileek antolatutako jardueraren bat egiten ari diren ikastarogile, igerilari edo oro har erabiltzaileei.

32.21. Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu egingo diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarra duen araudia.

32.22. Kirolerako igeri-ontzi klimatizatuan bete beharreko arauak:

a) Igerileku horiek prestatu dira batera izan daitezen jarduera antolatuak (ikastaroak, ikastetxeetako ikasleen igeriketa saioak eta abar) eta abonatuen erabilera librea.

b) Igeri-ontzia kaletan banaturik egoteak bermatzen du bainulariek modu arrazoizko eta ordenatuan erabiltzea. Kalearen barnean bainulariek horrexegatik ibili beharko dute eskuin aldetik; horrek aukera emango du kale bakoitza 6 bainularik batera erabiltzeko, jarduera antolatuetan izan ezik.

c) Halako une batzuetan edo zerbitzuak hala behar duenean, kaleak zertarako erabiliko diren, horrexen arabera katalogatuko dira. Alegia:

–Azkar igeri egiteko kalea.

–Mantso igeri egiteko kalea.

–Jostetan aritzeko kalea.

–Ikastarorako erreserbaturiko kalea.

d) 0tik 3 urte arteko umeek nahitaez erabili beharko dute bainurako pixoihala.

e) Igeri egiteko elementuak, hala nola hegatsak eta palak erabiltzeko baldintza izango da sorosleak baimena ematea eta kale berean elementu horiek ez dituzten beste bainulari batzuk ez egotea.

f) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala. Sorosleak edo instalazioko langileek baimena eman ezik.

g) Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

32.23. Igerileku termoludikoan bete beharreko arauak:

a) Ez da gomendagarria 14 urtetik beherakoek “zisne-lepoak, ur-jauziak eta hormako ur-zurrustak” deituriko osagaiak erabiltzea, ezta helduren batekin daudenean ere.

b) Igeri-ontzira sartzeko nahitaez eskailerak erabili behar dira, debeku baita igerileku honetan salto eginez murgiltzea, gainerako erabiltzaileei traba ez egiteko.

c) Hidroterapiako igeri-ontzian gehienez ere 30 minutuz egoten ahal da, betiere jendea sartzeko esperoan baldin badago.

d) Hidroterapiako igerilekuaren barreneko instalazioetako bakoitzean (zorrotadak) gehienez ere 10 minutuz egoten ahal da, betiere jendea haiek erabiltzeko esperoan baldin badago.

e) Gisa honetako lekuen ezaugarriak direla-eta, bainulariek behar bezalako portaera izan beharko dute, egitez nahiz hitzez, gainerako erabiltzaileei ez nahasmendurik ekarri ezta trabarik egiten diena.

f) Ez da erabiltzen ahalko ur azalean irauteko elementu osagarririk, hots, hegala, pala edo gisakorik non eta ez diren txurroak, pull-boyak, taulak, mahukak, burbuilak edo flotatzeko uhala, jarduera antolatuetarako izan ezik.

32.24. Txirristak erabiltzeko nahitaezkoa da igeri egiten jakitea eta 1,20 m-ko garaiera gainditzea.

32.25. Debeku da betaurrekoekin igeri egitea, salbu eta igeritako betaurrekoak badira.

33. artikulua. Spa eta erlaxazio aldea.

33.1. Spa eta erlaxazio eremuan sartzen dira ur ohe eta zurrustaz hornituriko hidromasaje igerilekua, jacuzzia, hala nola lurrin bainua, sauna, izotz iturria, dutxa nebulizatzailea, ziklonikoa eta etzaulkiak.

33.2. Eremu horiek erabiliko dituzte soilik 16 urtetik gorakoek, instalazioak antolatzen dituen jarduerak izan ezik.

33.3. Eremu bakoitzean, egonaldirako gehieneko denborak ezarriko dira, nahitaez bete beharrekoak.

33.4. Eremu guztietan panel batzuk paratuko dira, erabileraren gaineko aholkuak emateko, nahitaez bete beharrekoak. Erabiltzeko aholkuak eta debekuak jarrita daude, toki guztien sarreretan, denek ikusteko tokian; sartu aurretik, haiek irakurtzeko gomendioa egiten da.

33.5. Higieneagatik, nahitaezkoa da txankletekin sartzea eremu horietan, baita eskuoihala erabiltzea ere. Debeku da eremu horietara bizkar-zorro, poltsa edo kaleko arropekin sartzea.

33.6. Debeku da erabat edozein osagarri manipulatzea; tenperatura, zundak, harriak etab. Zalantzarik izan edo argibiderik behar izanez gero instalazioko langileengana jo beharko da.

33.7. Debeku da erabat etzaulkiak erabili baino lehen erreserbatzea. Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea.

33.8. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetan bizarra egitea, depilatzea, jatea eta hondarrak sor ditzakeen edozein egintza.

33.9. Debeku da spa eta erlaxazio eremuetara liburu, aldizkari edo paperak sartzea.

33.10. Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, jakin dezaten eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez.

34. artikulua. Muskulazio gela edo fitness gela.

34.1. Muskulazio gelara edo fitness gelara sartu ahal izateko, urteko edo neguko abonamendua beharko da, eta 16 urtetik gorakoa izan; hortaz, abonatu gabekoek ezin izango dute kirol eremu hori erabili.

34.2. Gelan dauden aparatuek kalte larria egin diezaiekete manera desegokian erabiltzen dituztenei. Hortaz, gela erabili nahi duen orok gelako teknikariengana jo beharko du, aparatuak erabiltzeko aholkuak eman diezazkioten.

34.3. Soilik gelako teknikariek daukate baimena erabiltzaileei agintzeko ariketa fisikoa fitness gelan, eta baimenik gabeko pertsonek oker agindutakoaren ondorioz sor daitezkeen kalteen edo eraginen erantzule ez dira teknikari horiek. Nolanahi ere, espresuki debeku da fitness gela erabiltzea gelarako kontrataturiko langileez gain kanpokoek ordainduta agindutako ariketa fisikoarekin loturiko edozein jarduera egiteko. Arau-hauste larritzat hartuko da artikulu horren arau-haustea eta Jarraipen eta Kudeaketa Batzordeak zehatu egingo du.

34.4. Muskulazio edo fitness gela erabili ahal izateko, “wellness system” giltza eskuratu beharko da nahitaez. Giltza lortzeko, haren kostua estaliko duen fidantza utzi beharko da. Berriobeitiko Udalak finkatuko du fidantza horren zenbatekoa. Giltza bakoitzak erabiltzaileari egokitutako jardun plan bat edukiko du eta hark erabiltzen dituen aparatu guztiak erregistratuko ditu, gelako teknikariek erabiltzaileak zer ariketak egin dituen jakiteko modua izan dezaten.

34.5. “Wellness system” giltza norberarena eta besterenezina da. Titularra ez den beste norbaitek giltza iruzurra eginez erabiltzen badu, hutsegite larritzat joko da, eta Erregelamendu honen zehapenen araubidean ezarritakoaren arabera zehatuko da.

34.6. Orokorrean, 16 urtetik beherakoek ez dute erabiltzen ahalko fitness aretoa. Arau hori ez betetzeak zehapena ekarriko du eta han egotearen ondorioak haien guraso edo legezko tutoreen gaineko erantzukizuna izango dira.

34.7. Salbuespenez eta gelako teknikariek gainbegiraturik, adinez txikikoek fitness gela erabili ahalko dute, baina beti ere gelako teknikarien gainbegiratupean eta norberari egokituriko ariketak egiteko.

34.8. Fitness gelako teknikariek eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

34.9. Fitness aretora sartzeko, nahitaezkoa da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kanpotik ekartzen direnak erantzita.

34.10. Garbitasunagatik eta gainerako erabiltzaileenganako errespetuagatik, xukadera eraman beharko da aparatuak erabiltzen direnerako.

34.11. Fitness aretoaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen ari ondoren, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin eta beste erabiltzaileen entrenamenduan trabarik jar ez dezaten.

34.12. Gomendioa egiten zaio erabiltzaileari aldez aurretik osasun azterketa egin dezan.

34.13. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izango fitness gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule.

35. artikulua. Jarduera gela.

35.1. Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak antolaturiko ikastaroetarako eta kirolerako abonamendu aktiboa dutenendako baizik ezin dira erabili taldeko jardueretarako gelak. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

35.2. Ikastaroen orduetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egongo da erabiltzaileentzat, non ez den baimenik ematen bestelako arrazoi batengatik.

35.3. Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izango da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kanpotik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

35.4. Udalak eta enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izango kirolean aritzetik sor daitezkeen lesioengatik.

36. artikulua. Erretokiak eta askaldegiak.

36.1. Beren etxetik janaria dakarten eta/edo erretokia erabiltzen duten erabiltzaileen zerbitzurako da askaldegia. Askaldegiak eta erretokiak soilik erabiliko dira bazkariak, askariak eta horrelakoak egiteko, eta ez dira beste ezertarako erabiliko.

36.2. Sua erretokietan baizik ezin da egin, eta egur-ikatza baliaturik beti.

36.3. Askaldegia erabili eta gero, erabiltzaileak txukun eta garbi utzi beharko du eremu guztia (erretokiak, mahaiak eta abar).

36.4. Artikako Kirol Hiriko erretokien eta askaldegien ordutegia, kirol instalazioen horixe bera izango da; hortaz, instalazioak erabiltzaileendako itxi aurretik atera beharko da eremu horietatik.

36.5. Enpresa kudeatzailea arduratuko da askaldegien eta erretokien erreserbaren kudeaketaz.

36.6. Erreserbarik gabe erabiltzeko mahaiek libre egon behar dute erabiltzeko unera arte. Aurrekoa bete ezean, instalazioetako langileek mahai horietan utzitako edozein gauza erretiratu ahalko dute.

37. artikulua. Aulki eta etzaulkien biltegia.

37.1. Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke baina beti ere lurrean finkatu behar ez badira.

37.2. Instalazioetako abonamendua dutenek toki bat erabiltzen ahalko dute udan aulkiak eta etzaulkiak biltegiratzeko. Toki hori librea izango da eta aukerakoa da erabiltzea ala ez, hortaz ez Udalak ez enpresa kudeatzaileak ez dute inolako erantzukizunik izango zer edo zer lapurtzen bada. Bada baimena toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzeko.

37.3. Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak. Hala egin ezean, udako denboraldia bukatu eta hamar egun igarotakoan, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramango dituzte eta egoki iruditzen zaiena egingo dute haiekin. Halakorik gertatuz gero, erabiltzaileek ezin izango dute inolako erreklamaziorik egin.

38. artikulua. Haurren eremua.

38.1. Haurren eremua 0 eta 12 urte arteko haurrendako erreserbaturik dago. Arduradun heldu batek egon beharko du beti 0tik 3 urte bitarteko haurrekin batera.

38.2. Eremuaren arduradunaren zaintzapean geldituko dira 4tik 12 urte arteko haurrak.

38.3. Irekita dagoen bitartean eremuaren arduradunaren ardurapean egongo da; hark harrera egingo die haurrei eta han egiteko denbora arinduko du jarduerak, mahai jokoak, eskulanak, filmen proiekzioak etab. antolatuz.

38.4. Arduradunak erabakiko du zein den gehieneko edukiera eta zein haur bakoitza eremu horretan egoten ahal den gehieneko denbora, eta horren berri emango die guraso edo tutoreei. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, bere guraso edo tutorearekin ez bada.

38.5. Haurra bertan dagoen bitartean ez zaio kanpora ateratzera utziko, bere guraso edo tutorearekin ez bada.

38.6. Udalak eta enpresa kudeatzaileak bestelako erabilera eta alokairuak erabakitzen ahalko dituzte eremu horretarako.

VI. KAPITULUA

Kirol instalazioak eta kirolerako abonamendu aktiboa

39. artikulua. Artikako Kirol Hirian antolatzen diren jarduera fisiko eta kirol jardueretan parte hartzeko, erabiltzaileek kirol ikastaroetan eman beharko dute izena edo, bestela, kirolerako abonamendu aktiboa eskuratu.

40. artikulua. Honako hauek dira kirol ikastaroen funtzionamendu arauak:

40.1. Kirol ikastaroetan izena emateko, abonatuek lehentasuna izango dute gainerako erabiltzaileen aurrean. Horregatik, lehenbiziko abonatuendako zerrendak irekiko dira, eta gero, tokirik baldin badago, abonatuak ez direnei ere izena emateko aukera eskainiko zaie.

40.2. Udalak banan-banan finkatuko ditu kirol ikastaro guztietan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.

40.3. Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izango da pertsona gehiago hartu.

40.4. Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutxienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak bertan behera geldituko baitira.

40.5. Kirol ikastaro batean izena eman ondoren, ez da inola ere berreskuratzen ahalko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasiz gero) baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada. Jarduera fisikoarekin berriz hastea eragozten duten iraupen luzeko bajen salbuespen kasuetan bakarrik aurreikusten ahalko da erabili gabeko denborari proportzioan dagokion ordainketa itzultzea, jakinarazpen egunetik hasita eta hori frogatzen duen ziurtagiri medikoa aurkeztuz.

40.6. Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean hiruhileko osoan saio guztietara huts egiten duenari. Neurri hori hala dago jarria, kasuan kasuko jardueraren itxaron zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezaten.

40.7. Ez da inola ere onartuko egunez eta ordutegiz aldatzea, nahiz eta kirol jarduera bera izan; beraz, erabiltzaileak ezin izango dira taldez aldatu, instalazioko zuzendaritzak kirol jardueretan zehazten dituen salbuespenak izan ezik. Era berean, ikastaro guztiak izendunak dira, eta ez da baimenduko jarduera batetik bestera aldatzea edo pertsona baten abonamendu aktiboa beste batendako baliatzea.

41. artikulua. Honako hauek dira kirolerako abonamendu aktiboaren funtzionamendu arauak:

41.1. Kirol instalazioetako abonamendua edo neguko abonamendua dutenek, kirolerako abonamendu aktiboa ere eskura dezakete. Abonamendu horrek astean nahi adina saiotara mugarik gabe joateko aukera ematen die erabiltzaileei, jardueraren edo instalazioaren beraren gehieneko edukieraren muga salbu.

41.2. Kirolerako abonamendu aktiboa 3, 6 edo 9 hilabeterako eskura daiteke. Behin baizik ez da ordainduko, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Kirolerako abonamendu aktiboa erosteari dagokionez, hilabete osoak edo hiruhileko osoak ordaindu beharko dira, ezin baita ordainketa denbora tarte txikiagoetan hainbanatu. Honela banatuko dira hiruhilekoak:

Lehen hiruhilekoa: urria - azaroa - abendua.

Bigarren hiruhilekoa: urtarrila - otsaila - martxoa.

Hirugarren hiruhilekoa: apirila - maiatza - ekaina.

41.3. Kirolerako abonamendu aktiboa eskuratzeko, nahitaezkoa izango da 16 urte beterik izatea.

41.4. Abonamendu aktiboa eskuratzen dutenek abonatu edo neguko abonatu gisa iraun behar dute abonamendu aktiboak indarrean dirauen artean.

42. artikulua. Abonatu gabeak ere sartzeko aukera ematen duten berariazko ikastaroren batean izena ematen duten abonatuek, abonatu gabe izatera aldatzen badira, kontrataturiko jardueran sartzeko, instalazioetan sartzeko eskubidea eskuratu beharko dute modu hauetakoren baten bidez:

• Eguneko sarrera erosiz, jarduerara joaten aldiro.

• Neguko abonamendua erosiz.

• Abonatuaren eta abonatu gabearen kuoten arteko aldea ordainduz.

43. artikulua. Kirol ikastaroetarako berariazko aldagela bat ezarri ahalko da instalazioetan, eta ikastaroa egiten dutenek haiei esleituriko aldagela hori erabili beharko dute nahitaez.

VII. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

44. artikulua. Berriobeitiko Udalari dagokio abonatu edo erabiltzaileendako zehapen neurriak hartzea, Erregelamendu honen konplimendua eta instalazioaren barreneko udal ondasunak begiratu beharrez.

45. artikulua. Instalazioetako langileek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, edo abonatuei txartela kentzeko, ahozko kargu hartzeari kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

46. artikulua. Hona hemen zehapenera iristeko prozedura:

Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik kanporatzea; hori instalazioetako edozein langilek edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

Instalazioetako Kudeatzailetzak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan Erregelamendu honetan oinarrituta. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahal dira. Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

47. artikulua. Barne araubidearen erregelamenduan eta kirol eremuen araudi berariazkoen eranskinetan agertzen diren arauak betetzen ez badira, arau-haustea egingo da; horrek apartatu honetan jasotzen diren zehapenak ezartzea ekarriko du.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

48. artikulua. Arau-hauste arinak dira:

1.–Kirol eremu bakoitzaren araudi berariazkoa ez errespetatzea.

2.–Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

3.–Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo baimen zehatz puntuala badute, kirol ikastaro batean izena emanda egon edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak badira.

4.–Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

5.–Kirol instalazioetan erretzea, kanpoko solariumaren eremuan izan ezik.

6.–Armairuak modu desegokian erabiltzea.

7.–Instalazioen ardura duten langileen aginduei kasurik ez egitea.

8.–Bi zehapen-gaztigu izatea.

9.–Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larritzat hartzen direnak izan ezik.

Arau-hauste arina egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere 15 egunetarako, eta aldi horretan abonamendu eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Ohartarazpen publiko edo pribatua.

• Zehapen-gaztigua aplikatzea.

• Denbora baterako zehapena, gehienez ere hilabetez kirolgune berariazkoak ez erabiltzeko.

• Arau-hauste arintzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragin bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen arinak 6 hilabetera preskribatuko dira.

49. artikulua. Arau-hauste larriak dira:

1.–Liskarrak edo/eta eraso fisikoak edo jendearen intimitatearen aurkako erasoak piztea edo/eta haietan parte hartzea, dela instalazioetako langileekin dela erabiltzaileekin.

2.–Kirol instalazioak hondatzen dituzten animalia eta/edo gaiak sartzea.

3.–Instalazioak nahita zikintzea edo hondatzea.

4.–Igerilekuetako, hidromasaje igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

5.–Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea, zikintzea edo kalte egitea.

6.–Abonatu txartela modu desegokian erabiltzea.

7.–3 arau-hauste arin egitea.

8.–Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

9.–Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

10.–Instalazioko edozein higigarri edo higiezini kalte egitea.

11.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Arau-hauste larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere sei hilabeterako, eta aldi horretan abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Arau-hauste larritzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen larriak 2 urtera preskribatuko dira.

50. artikulua. Arau-hauste oso larriak dira:

1.–Kirol instalazioak eta/edo materialak kaltetzea, ebastea edo lapurtzea.

2.–Instalazioetako langileei edo gainerako erabiltzaileei gorputzez, hitzez edo psikologikoki eraso egitea.

3.–Erabiltzaileen nahiz langileen gauzak ebatsi edo lapurtzea.

4.–Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

5.–Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

6.–Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

7.–Urtebetean hiru arau-hauste larri egitea.

Arau-hauste larria egiteagatik, zehapen hauetariko bat ezarriko zaio entitate edo pertsona arau-hausleari:

• Instalazioetatik behin betiko kanporatzea, eta abonamendua eta erabiltzaile eskubide guztiak galtzea.

• Kirol instalazioetatik denbora baterako kanporatzea, gehienez ere urtebeterako. Bitarte horretan, abonamenduak ematen dizkion edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak galduko ditu.

• Arau-hauste oso larritzat hartutako egintzen ondorioz instalazioetan, ekipamenduetan edo materialetan kaltea eragiten bada, zehapenean haren kostua ordaintzeko agindu daiteke, eta betearazpen-bidetik erreklamatuko da.

Arau-hauste eta zehapen oso larriak 3 urteren buruan preskribituko dira.

51. artikulua. Ematen diren ebazpenen kontra, indarra duen legedian kasu orokorretarako ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira.

Errekurtso horiek ebazten diren arte, instalaziora sartzeko eskubidea aldi baterako edo behin betiko kendu zaion erabiltzailea ezin da instalaziora sartu.

52. artikulua. Honako hauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko da zehapen araubidea: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua.

VIII. KAPITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

53. artikulua. Berriobeitiko Udalaren esku gelditzen dira Erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1902591