71. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BALLARIAIN

Kontzejuaren ordenantza, zeinaren bidez arautzen baitira herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Ballariaingo Kontzejuak, 2017ko maiatzaren 17an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Ballariaingo Kontzejuaren pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2017ko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, ekainaren 19an.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez aldatu zen), eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ballariainen, 2019ko otsailaren 25ean.–Kontzejuko burua, José Cortizo Gulías.

ORDENANTZA, ZEINAREN BIDEZ ARAUTZEN BAITIRA BALLARIAINGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, erregula daitezen Ballariaingo Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dira inongo tributuren mende egonen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; ordenantza hau eta, bestela, Nafarroako Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Ballariaingo Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Ballariaingo Kontzejuak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute 6/1990 Foru Legean ezarritako kasuetan (6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ballariaingo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzulketa-klausula sartuko da, zertarako eta karga horiek ezartzera eraman zuten xedeak edo lagapenaren edo kargaren baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, kargatutako ondasuna Ballariaingo Kontzejuaren ondarera itzuliko litzateke herri-lurretako ondasun gisa.

Erabiliko den prozedura izanen da honako arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Ballariaingo Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.

8. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena egin eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-lurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Ballariaingo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken immatrikulazioa edo haien gehiegizko hedadura dela eta.

10. artikulua. Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, baldin ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi bada.

11. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz, herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz. Aitzinetik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak, herri-ondasunei buruzko kontratuak interpretatuko ditu, haien partaide denean, eta betetzean sortzen diren zalantzak argituko. Zerbait interpretatzeko hartzen diren erabakiak berehala betearaziko dira, galarazi gabe hirugarrenek epaileengana joz deklarazioa lortzea.

13. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko behar diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, zehaztuko den gisan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Ballariaingo Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.

1. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

–Herri-larreen aprobetxamendua.

–Etxerako egurraren aprobetxamendua.

–Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

2. Nolanahi ere, Ballariaingo kontzeju-mugarteko administrazio espedienteek (lurzati-berrantolamendukoek, esaterako) arestian aipatutako aprobetxamenduak uki ditzakete, eta, hortaz, errentan emanen dira baldin eta herri-lurrak benetan eskuragarriak badira.

3. Ballariaingo Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

15. artikulua.

1. Orokorrean, Ballariaingo herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.1. Adinez nagusia izatea, edo adingabe burujabea nahiz epaile bidez gaitua.

1.2. Ballariaingo Kontzejuaren Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez ere bi urtez.

1.3. Ballariainen, urtean bederatzi hilabetez bederen jarraian eta benetan bizitzea.

1.4. Berriobeitiko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat.

Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek edo pentsiodunek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Ballariaingo Kontzejuaren osoko bilkurak argituko ditu, banan-banan.

16. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Ballariaingo Kontzejuaren idatzizko baimena. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera itxi.

17. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu baldin interesdun nahiz ukituek ez badute aldez aurretik eskabide bateratua egin eta ez baldin badute euren adostasuna erakutsi eta Kontzejuaren baimena izan.

18. artikulua. Kontzejuak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa –osotara nahiz zati batekoa–, onuradunari 3 hilabete lehenago jakinarazpena eginda, sustatzen duenean zuhaitzak landatzea eta Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei eragiten badiete, behin-behinekoz nahiz behin betikoz.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

19. artikulua. Aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aurrera, kontsumoko prezioen igoera gehituz eta metatuz (KPI), hain zuzen ere prezio horri aplikatuz erakunde ofizial eskudunak Nafarroarako onetsitako portzentaje-indizea.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Betiere 14.2 artikuluan aipatzen den benetako eskuragarritasunak baldintzaturik ere, laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modu ezberdinetan eginen dira:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Ballariaingo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Ballariaingo Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua.1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrera osoak soldataren azpitik egon.

2. Baldin familia unitatean baldin badago gorputzez edo adimenez ezindurik dagoen norbait, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak honako datu objektibo hauetan oinarrituz finkatuko dira: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea, abeltzaintzako edo industriako lurrak edukitzea, hiri-lurraren gaineko kontribuzioa, salbu norberaren etxebizitzari dagokiona, baita antzeko beste edozein datu ere.

Baldintza ekonomikoak baldin badira lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendua emateko oinarria, baldintza horiek mantendu beharko dira adjudikazioak indarra duen bitartean.

22. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honetan, ereduko lotearen azalera behar den tenorean zehaztuko du Ballariaingo Kontzejuak.

23. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendu modu honetarako finkatu baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Ballariaingo Kontzejuak interesdunen gogoa betez eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz konponduko du arazoa.

24. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

25. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, onuradunek ordaindu beharreko kanona jarraian datorrena izanen da, 2016an zonaldean azken adjudikazioetan ezarritako prezioen arabera.

–Lehorreko lurrak: 272 euro/hektarea/urtea.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira. Nolanahi ere, kanonak Ballariaingo Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

26. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman, edo ustiatu lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek, banan-banan, 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

27. artikulua. Araudi honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatakorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatakorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean komunikatuko zaio Ballariaingo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, kontzeju honen iritzian, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

28. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epearen barrenean, Ballariaingo Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrentzako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez.

Ballariaingo Kontzejuak eskumena du erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egoki iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren Gordailuzaintzan.

29. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki lantzen ulertuko da honakoetan:

–Nekazaritzako makineria izanik, adjudikatuta dituen herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenean.

–Kontzejuko zerbitzuen, landazaintza zerbitzuaren, herri-lurren alorra atxikirik duen kontzeju batzordearen edo Alkatetzaren txostenaren arabera adjudikatutako lurzatiak lantzen ez dituztenean, ordenantza honetako 26., 27. eta 28. artikuluei jarraituz.

–Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak aitortzen ez dituztenean.

–Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak dituztenean.

–Adjudikatutako loteko lurzati guztien berri ematen ez bada Nekazaritza Politika Erkidearen aitorpenean.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

30. artikulua. Lurzatiak lehen atalean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, soberan gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateko titularrak diren herritarren artean.

31. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, Kontzejuak behar den tenorean zehaztuko du lotearen azalera.

32. artikulua. Adjudikazio-epea 24. artikuluan adierazitako bera izanen da.

33. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da enkanteko prezioaren %90.

Zenbateko horiek lehen urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta ordenantza honetako 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz eguneratuko dira.

34. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean landu beharko ditu lurrak. Horretarako, 26., 27., 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondotik, aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, halako diru-sarrera batzuetatik gorakoak dituzten familia unitateen titularrenak kenduko dira.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 21.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

3. ATALA

Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea

35. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, jendaurreko enkantean eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanez.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkanteetan, eman gabe gelditzen badira, bigarren eta are hirugarren enkanteak ere egiten ahalko dira, hasierako prezioa %10 eta %20 merkeago, hurrenez hurren. Halaber, enkantea eman gabe gelditu bada, aprobetxamendua zuzenean adjudikatzen ahalko da, baina prezioa ez da azken enkantearen hasierako prezioa baino merkeagoa izanen.

Herri-lurretako aprobetxamenduen enkantea iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere.

Herri-lurretako aprobetxamenduen bigarren eta hirugarren enkanteetarako, berriz, aski izanen da Ballariaingo Kontzejuaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago gutxienez ere.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Ballariaingo Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

36. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak osoko bilkuran hala erabaki eta Kontzejuko iragarki-taulan ediktua paratu ondotik, hamabost (15) egun naturaleko epea irekiko da, beren burua eskubideduntzat jotzen dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten. Eskaria Kontzejuak onesten duen ereduan gauzatu beharko da.

37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo frogagiriak, honako hauen gainean:

a) Ballariaingo Kontzejuko bizilaguna izatea, gutxienez ere bi urte lehenagotik, eta bertan bizi izatea urtean bederatzi hilabetez bederen.

b) Berriobeitiko Udalarekin zerga arloko beharkizunak beteak edukitzea.

c) Azken ekitaldiko errenta aitorpena eta, hala behar badu, ondare aitorpena ere bai.

38. artikulua. Batzarrak edo Kontzejuko buruak proposatuta, Kontzejuak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo herritarren artekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Ordenantza honetako 15., 21. eta 26. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzailerik ez bada, Kontzejuak, osoko bilkuran, ordenantza honetako 20. artikuluko b) eta c) letretan ezarritako adjudikazio moduen artean adjudikatuko ditu herri-lurren aprobetxamenduak.

39. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzeko behin-behineko zerrenda kontzeju honen iragarki-taulan paratuko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

40. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, haiei buruzko ebazpena emanen du eta adjudikazio modu bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

41. artikulua. Adjudikazioa zozketaz eginen da, lehentasuneko aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, ondoren, herritarren arteko adjudikazio zuzenekoetarako, era honetan:

1. Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.

2. Herri-lurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.

3. Ondoren, zakutik aterako da zenbaki bat, eskaera egin duten herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena, eta horrela segituko da bukatu arte.

4. Lurzatien zozketa amaitutakoan, Kontzejuaren iragarki-taulan argitara emanen da adjudikazio hartzaile berrien zerrenda eta dagozkien herri-lurzatiak.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Kontzejuaren belarrak eta artzaintzarako eremua arautuko dira.

43. artikulua. Larreen aprobetxamenduaren errentamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero eguneratuko da aprobetxamenduaren lehen urtetik aitzina, kontsumoko prezioen igoerarekin (KPI).

44. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

45. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Kontzejuak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

46. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da.

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.

Aprobetxamendua, bai herritarrentzako adjudikazio zuzenaren bidezkoa, bai enkante bidezkoa, eginen da ordenantza honen 30. eta 31. artikuluetan laborantzako herri-lurrentzako ezarri diren baldintza beretan, eta bertako 3. eta 4. ataletan ezarritako prozedurari jarraituz.

47. artikulua. Aprobetxamendua modu zuzenean eginen da, eta debeku dira azpierrentamendua, lagapena eta besteen aziendak sartzea. Hala ere, Kontzejuak besteen aziendak sartzeko baimena eman dezake, Ondasunen Erregelamenduaren 194. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen ari ulertuko da kasu hauetan:

a) Toki entitatearen zergetan beren aziendei edo abeltzaintza jarduerari baja ematen dietenak.

b) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean abeltzaintzako etekinak aitortzen ez direnean, egin beharra izanda.

c) Bazkalurren jabe izanik ere, haiek hirugarrenei errentan emanda dituztenek.

d) Eskatu arren, ondoko agiriak ezarritako epean aurkezten ez badira: zuzeneko aprobetxamendua egiaztatzen duten agiriak, hala nola, artzainen Gizarte Segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo bestelakoak.

47. artikulua. Kanona Kontzejuak adjudikazioa egiteko momentuan zehazten duena izanen da, bai herritarren arteko zuzeneko adjudikazio bidezko aprobetxamenduarena, bai izendatutako artzaintzarako eremuaren enkantearena.

Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen gorabeheren arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (KPI) kontuan hartuz.

Adjudikazio-prezioa aprobetxamenduaz baliatzen hastean ordainduko da.

48. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesa), eta bete beharko dira Foru Lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Mendian aski baldin bada, eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Atalak markatu ondoan, Ballariaingo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

50. artikulua. Ballariaingo Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

51. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

52. artikulua. Egurra banatzerakoan, Ballariaingo Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia unitate apalenei.

53. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Ballariaingo Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

54. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Ballariaingo Kontzejuak aurrekontu arruntean.

55. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra hartu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Kontzejuko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

56. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honetan zer agindu, huraxe egin beharko da.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

57. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, ehizaren aprobetxamendua 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko arauarekin bat eta xedapen osagarriei jarraikiz eginen da eta, betiere, martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera, haren bidez jorratu baitzen basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzea.

58. artikulua. Kasu bakoitzerako Ballariaingo Kontzejuak prestatzen dituen baldintza agirien arabera eginen dira ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

59. artikulua.1. Ballariaingo Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatu ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Ballariaingo Kontzejuaren erabakia, horren bidez onetsiz proiektua eta ukitutako herri-lurretako aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

60. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Kontzejuan ebatzi beharko dira.

V. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

61. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira laboreekin zerikusia duten gertakari hauek:

1.–Norberak ez lantzea adjudikatutako lurzatiak.

2.–Adjudikatutako lurzatien %80 bederen ez lantzea.

3.–Herri-lurrak Kontzejuaren adjudikaziorik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, larre utziak edo beste norbaiti adjudikatuak izan.

4.–Kanonak edo erregelamendu bidez ezarritako bestelako tasak haien epeetan ez ordaintzea.

5.–Nekazaritzako lanak erregelamendu honek baimentzen ez dituen aroetan egitea, larreen ustiapenaren kaltetan.

6.–Lurzatiak banatzen dituzten ezpondak goldatzea.

7.–Bide edo altxonbideak goldatzea.

8.–Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

9.–Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

10.–Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

11.–Herri-lurren aprobetxamenduak Kontzejuaren adjudikaziorik gabe ustiatzea edo baliatzea.

12.–Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

62. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–1., 2., 4., 5. eta 9. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da.

–8. arau-haustea bada, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen halako 5etik 10era bitarte ordainaraziz zehatuko dira. Zenbateko hori zehaztu ezin bada, 60 eta 12.000 euro arteko zehapena ezarriko da. Gainerako arau-hausteengatik, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 225., 226., 227. eta 228. artikuluekin bat (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 178. artikuluari jarraituz, egungo legeen araberako zehapena ezarriko da.

Zehapenak ezartzeaz gain, arau-hausleari egotzi ahal zaizkion kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu; horiek modu egokian eskatuko zaizkio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik indarrik gabe geldituko dira, baliorik ez ondoriorik ez dutela, kontra egiten dioten xedapen edo ordenantza guztiak, baldin maila berekoak edo beheragokoak badira.

Iragarkiaren kodea: L1902736