Iragarkia
7. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 11
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LEITZA, ARESO, GOIZUETA ETA ARANOKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Gizarte Larrialdietarako laguntzen ordenantzako aldaketa
Behin betiko onespena
Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, 2018ko apirilaren 25eko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Gizarte Larrialdietarako laguntzen ordenantzako aldaketa. Onespenaren erabakia 2018ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 22an.
Jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantzako aldaketa behin betikoz onetsi da eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen hartan, xedatutakoari jarraikiz.
Leitzan, 2018ko abenduaren 12an.–Lehendakaria, Josune marzol Ormazabal.
GIZARTE LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN ORDENANTZA
1.–Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea gizarte zerbitzuen arloetako diru-laguntzak emateko prozedura garatzea da, banakako ebaluazio araubidean.
Diru-laguntza zuzentzat hartuko dira larrialdi sozialean dauden pertsonei edota familiei ematen zaizkienak.
Diru-laguntza zuzenak, puntualak eta subsidiarioak dira, ez dira aldian behingoak eta bai aldiz borondatearen araberakoak. Bizirauteko oinarrizko beharrak estaltzeko xedea dute, betiere bestelako diru-laguntzek edo zerbitzuek ez badituzte asetzen, eta gutxieneko errentengatik jasotzen direnekin bateragarriak dira.
“Bizikidetasun unitateak” dira ondokoek osatzen dituztenak: ezkontideak, bikote iraunkorrak edo antzeko harreman afektiboak dituztenak, baita haien seme-alabak eta bigarren mailako odolkideak eta lehen mailako ezkontza-ahaideak ere, etxebizitza berean bizi badira.
Ekonomiaren aldetik edota gizarte eta osasunaren aldetik gabezia frogatuak izanda, gizarteratzeko oinarrizko beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten pertsonak edota familiak diruz laguntzea da oinarri hauen xedea, betiere Leitza, Goizueta, Areso edo Aranoko bizilagunak badira.
Diru sarien bidez babesa emateko bitartekoak sortuko dira, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ematen dituen programen jardun profesionalekin bateragarriak. Laguntza hauen bidez, krisi egoeretan esku hartu daiteke horiek okerrera egin ez dezaten edo kroniko bilaka ez daitezen. Izaera berezia izango dute, ez dira aldian behingoak izango eta subsidiarioak izango dira beste edozein sari edo laguntzarekiko. Hau da, ezingo dira laguntza hauek erabili helburu horretarako bestelako laguntzak daudenean.
Laguntza hauek eskatzeak berekin ekarriko du eskatzaileak izan ditzakeen bestelako eskubideak egikaritzeko betebeharra.
Laguntza hauen xedea da:
–Egiturazko nahiz uneko pobrezia edota behar larrian dauden pertsona edota familiei laguntza eskaintzea, gainerako gizarte sarien osagarri gisara erabili dadin.
–Deserrotzea edo gizarte bazterteketa eragin edo larriagotu dezaketen egoerak arintzea.
–Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gizarteratzea errazteko taxuturiko prozesuetan tresnak izatea.
2.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Interesa dutenek eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide sinatu baten bidez, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. 4. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da eskaerarekin batean.
Eskabideak aurkezteko epea urte osoan egonen da zabalik.
Zuzeneko diru sariak jaso ahal izateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalek ezagutu eta baloratu behar dute kasua, eta hemen azaltzen diren kasuen artean sailkatu.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak Mankomunitateko Lehendakariari igorriko dizkio bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, baita laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea hirugarren batekin zorretan badago, posiblea den kasuetan, ordainketa zuzenean egingo zaio hirugarren honi. Horretarako eskatzaileak ordainketa egiteko beharrezkoak diren datuak ere gehituko dizkio eskaerari, eta langile teknikoak eskatutako dokumentazio guztia aurkezten dutela ziurtatuko du . (1)
3.–Betebeharrak.
Ondoko baldintzak betetzen dituzten norbanakoek edo bizikidetasun unitateek eskatzen ahalko dute saria:
1. Leitza, Goizueta, Areso edo Aranoko bizilaguna izatea eta udalerri horietariko batean erroldaturik egotea urtebeteko aintzintasunarekin gutxienez. Gizarte txosten batean larrialdi egoera justifikaturik geratuko balitz, arau honi salbuespena egin dakioke. Kasu hauetan eskaera egiterako erroldatzea ezinbesteko beharra izango da.
2. Leitza, Goizueta, Areso edo Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erabiltzaileak izatea, eta esku-hartze sozialeko prozesu baten barnean egotea.
3. Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko propio eta gizartearen edo familiaren laguntzarik, ordenantza honetako 5.5 atalean zehaztutako mailen arabera. (2)
4. Nafarroako Gobernuaren laguntza berezien hartzaileak ez izatea. Halakoak badira, Administrazioaren beste esparruetan eskatu beharko dituzte kontzeptu berberetarako dauden laguntzak/baliabideak. Presazko egoeretan dagokion eskaeraz gain diru-laguntza hauetarako eskaera egin ahalko da, betiere Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzerakoan aurreratutako dirua itzultzeko baldintzarekin.
5. Bestelako administrazio edo instituzioen aurrean dagozkion laguntzak eskatzea.
6. Ezinbestean eta nahi gabe, ezbeharren bat pairatu izana eta egoera hau gizarte langilearen txostenean jasota egon dadila. (3)
7. Udalarekiko eginbehar guztiak eguneratuak izatea, izan horiek tributu arlokoak nahiz bestelakoak. Bestela, eskatuko zaio ordaintzeko konpromisoa har dezala.
8. “Elkarbanatutako eskuartze plana” sinatzea eta bertan zehazten diren urratsak emateko konpromezua adieraztea.
Aipatu baldintzak betetzen direla frogatuko da 4. oinarrian zehazten den dokumentazioa aurkeztuta.
Ez da beharrezkoa izanen Mankomunitatearen esku dauden agiriak berriz egiaztatzea, aldaketarik izan ez bada (agiri ekonomikoen kasuan urtebeteko epean iraungi egingo dira).
Salbuespenez eta kasua hartu duen Mankomunitatearen profesionalak txosten baloratua eman ondoren, premia gorriko egoera batean kontuan hartzen ahalko dira oinarri hauetan bildutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituzten espedienteak, Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatua izatearena ezik.
4.–Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideei agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Eskabide betea, Mankomunitateak emanen duen eredu normalizatuarekin bat.
b) NANa / pasaportea edo lan baimena / eskatzailearen bizitokia eta, hala balegokio, haren izenean diharduen ordezkariarena.
c) Eskatu aurreko 6 hilabeteetan bizikidetasun unitateak izan dituen diru-sarrera guztien (nominak, pentsioak, sariak etab.) eta etxebizitzaren gastuen frogagarria. Etxeko langilea izanez gero, kontratugileen frogagiria aurkeztuko da jasotako diru-sarreren inguruan.
d) Errolda ziurtagiria eta Mankomunitate honetako kide diren tokiko entitateekin zorretan ez egotearen ziurtagiria; edota Mankomunitateari dokumentu horiek zuzenean tokiko entitateei eskatzeko baimen ematea. (4)
e) Laguntza emateko beharrezkoak diren eta egoera sozio-sanitarioa eta/edo ekonomikoa egiaztatzen duten beste agiri interesgarri batzuk.
f) Banku kontu korronteetako saldoak eta azken 3 hilabeteetako mugimenduak. (5)
g) Larrialdi ekonomikoko egoera koiunturapean dauden norbanako eta familiek, diru-laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute, eta jasotako laguntza bueltatzeko konpromisoa hartzeko dokumentu sinatua aurkeztu beharko dute 7. oinarrian jasotakoaren arabera. (6)
h) Azken 6 hilabeteetako bizitza laboralaren aurkezpena. (7)
Eskatutako dokumenturen bat jada Mankomunitateak eskura izango balu interesdunak ez du zertan berriz aurkeztu beharko. (8)
Aurrekoan xedatutakoa alde batera utzita, Mankomunitateak ezin badu agiriren bat eskuratu, eskatzaileari eskatzen ahalko dio hura aurkezteko edo, bestela, agiriak aipatzen dituen betekizunak beste bide batzuk erabiliz egiaztatzeko, betiere onetsi edo ukatzeko proposamena egin baino lehen. (Berariazko dokumentazioa aurkeztuz zenbait egoera frogatzea ezinezkoa denean, eskatzailearen erantzukizuneko aitorpenaren bidez ordeztuko da).
Eskatzaileak eskaturiko agiriak ez balitu aurkeztuko edo informazioa ezkutatuko balu, diru-laguntza ukatu egingo da.
5.–Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Diru-laguntza jaso ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat datozen gastuak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
Eskatzailearen mantenuarekin, teilatupearekin eta ohiko etxebizitzari eustearekin ikusteko duten egoerak hartuko dira kontuan, jarraian deskribatzen diren baldintzetan.
Adin txikikoen hezkuntzarekin lotura duten gastuak, betiere gastu horiek bestelako diru-laguntzen bidez estalirik ez badaude, zerbitzu hori dohainik eskaintzen duen elkarte edo instituziorik ez badago eta beharra justifikatzen duen haurtzaroko teknikariaren aldeko txostena jasotzen bada.
Diru-laguntza hauek eskatzen dituzten familiak kontzeptu guztiez baliatzen ahal dira urte natural batean, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean, gehienez ere 750 euro jasorik guztira.
Salbuespenez eta Mankomunitatean kasua hartu duen profesionalaren txostenean arrazoituta, premia gorriko egoera batean baloratu ahal izanen da gehieneko zenbatekoa handitzea, betiere aurrekontuan horretarako dirurik badago.
5.1. Mantenua.
Diru saria, xedea duena familia unitateko kideek egunero jateko, janzteko eta oinarrizko zaintzak izateko premiak bermatzea.
Gizarteratzeko errenta eskaturik baina onarpenaren zain egonez gero, larrialdietako laguntza onartu ahalko da, betiere Gizarteratzeko errenta jasotzen den unean jasotako dirua itzultzeko konpromezua hartzen bada.
Itzulpen konpromezua beteko ez balitz, bi urtez diru-laguntzak eskatzeko eskubidea galduko litzateke.
Kontzeptu horrengatik gehienez ematen den diru saria ondoko laukian ezartzen da, gehienez ere bi hilabetez:
BIZIKIDETASUN UNITATEA | ZENBAT EURO HILEAN |
Kide 1eko familia unitatea | 180 |
2 kideko familia unitatea | 225 |
3 kideko familia unitatea | 265 |
4 kideko familia unitatea | 300 |
5 lagun edo gehiagoko unitatea | 335 |
5.2. Teilatupea.
Honako hauek dira diruz daitezkeen kontzeptuak (betiere Nafarroako Gobernuari ezin bazaio eskatu Gobernuak berak bere laguntzetarako ezarririk indarra duten irizpideen arabera edo dagoeneko eskatu badira). Nafarroako Gobernuari eskaera eginez gero, laguntzaren aurrerapena eskatu ahalko zaio Mankomunitateari, betiere itzultze konpromezua sinatuz gero aurrerago adierazitako baldintzetan.
–Etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka-mailegua ordaintzea edo partekatutako etxebizitzan gela ordaintzea behin-behineko egoera denean, betiere eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada.
–Etxebizitza berri baterako alokairu kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizilekua bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.
Kontzeptu honengatik gehienez 500 euro emanen dira urtean, eta laguntza eman daiteke bi edo hiru hilekorako. Etxebizitza partekatuan gela ordaintzearen kasurako, aldiz, 250 euro urtean gehienez.
5.3. Eskatzailearen ohiko etxebizitza mantentzea.
Diru saria ondoko zor motak ordaintzeko:
–Edozein hornidura (argia, gasa) zerbitzua eteteko gaztigua dakarrenean eta puntuala denean.
–Altak energia edo ur horniduren kontratuetan, sustapen publikoko etxebizitza berrietan edo ezaugarri berdintsukoetan.
Telefonia gastuak berariaz uzten dira kanpoan.
Kontzeptu hauengatik diru-laguntzak jaso ahal izanen dira, betiere Gizarte Gaietako Departamentuari eskatzea posible ez bada, honek bere laguntzetarako gaur egun ezarriak dituen irizpideekin. Gizarte Gaietako Departamentuari ere eskatzea kontuan hartzen bada, batera eginen da, kontura itzultzeko eskatuz.
Kontzeptu honengatik gehienez 225 euro emanen dira urtean energia horniduraren zorretarako (argia eta gasa).
Hornidura-kontratuetan alta emateari dagokionez, argi, gas eta/edo ur kontratuetan alta emateko adina emanen da, betiere oinarri hauetan ezartzen diren gehieneko mugak kontuan hartuta.
5.4. Larritasun latzeko egoerak, definitzen zailak.
Atal honetan aurreikusten zailak diren egoerak jasotzen dira, haurrak babestearekin, biziraute gorabeherekin eta abarrekin ikusteko dutenak, betiere lana eta familia bateragarri egitearen aldeko irizpideak kontuan hartuta.
Horrelakoetan, nahitaezkoa izanen da berariaz baloratzea, Mankomunitatean kasua hartu duen profesionalaren gizarte txostenean, egoera ezohikoa eta benetan larria den.
5.5. Urteko zenbatekoa eskaera bakoitzeko, gehienez.
Eskaera bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko zenbatekoa honela zehaztuko da:
–Bizikidetasun unitatearen baliabide ekonomikoak eta baliabide horien egonkortasuna.
–Kontzeptu bakoitzeko 5. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbatekoa.
–Eskatutako zenbatekoa.
3.3 atalean aurreikusitakoari begira, baliabide ekonomiko nahikorik gabekotzat hartuko dira, Nafar Gobernuak Berme Errentarako hileko dirusarrera kopurua gainditzen ez duten “elkarbitzitza unitateak”. Kopuru horiek gaindituz gero, larrialdi laguntza ezeztatuko zaie kopuru horiek gainditzeagatik.
Aipatutako kopuru horiek gaindituz gero, diru-laguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako. (9)
6.–Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Ordenantza honetako diru-laguntzen eskaerak baloratzeko, irizpide hauek baliatuko dira:
1. Behar adina baliabide ekonomiko propio ez izatea (5.5 atalean adierazitakoaren arabera) eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko. (10)
2. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztea.
3. Seme-alabak eskolatuak daudenean, jantokiko laguntza jasotzen badute, ez da jasoko oinarrietan elikaduraren kontzeptuagatik ezartzen den zenbateko osoa, dagokienaren %75 baizik. (11)
4. Laguntza emateak larrialdia behin-behinekoz zuzenduko du.
Ez da diru saririk emanen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen profesionalak uste duenean oinarri hauetan zehazturiko baldintzak ez direla betetzen, edo eskatutako dokumentazioa aurkezten ez denean.
7.–Uneko larritasun ekonomikoa.
Uneko larritasun ekonomikotzat ulertzen da, unean baliabide ekonomikorik ez izanik, epe laburrean hauek eskuratzeko moduan egotea, diru-laguntza ebazpen baten zain egotea kasu.
Diru-laguntza horietarako eskaerak egin izana frogatu egin beharko da.
Egoera honetan dauden norbanako edota familiek diru-laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute gero jasotako laguntza itzultzeko konpromiso agiria sinatuta.
Behin egoera ekonomikoa bideratuta, jasotako diru-laguntza itzultzeko akordioa bete beharko lukete (teknikoarekin adostutako plangintzaren arabera).
Egoera ekonomikoa bideratzea ezinezko bilakatuko balitz, laguntza aldi baterako izatetik behin betiko izatera pasako litzateke (ez litzateke dirua itzuli beharko). Kasu honetan zorra barkatzeko eskaera egin beharko luke interesatuak eta teknikoaren txostena eta interesatuak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta mankomunitateak ebazpen bidez erantzun beharko du.
Itzulpenean huts eginez gero diru-laguntza hau ezingo litzateke hurrengo bi urteetan eskatu.
8.–Onuradunen betebeharrak.
a) Dagokion profesionalarekin hitzartutako helburua betetzea eta jarduerak edo atazak egitea, diru-laguntza eskatzea ekarri duen egoera konpon dadin.
b) Mankomunitatearen aitzinean justifikatzea baldintzak eta betekizunak bete dituztela, bai eta jarduera egin dutela eta diru-laguntza zertarako den eta helburu hori bete dutela ere.
c) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
d) Hartutako dirua itzuli beharko da eta diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:
–Justifikatzeko beharra ez betetzea.
–Eskatzen ziren baldintzak bete gabe diru-laguntza eskuratzea.
–Diru-laguntza jasotzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.
–Ikuskatzearen edo kontrolaren ondorioz atzematen denean diru-laguntzak oker eskuratu edo probestu direla.
e) Mankomunitateak diru-laguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.
9.–Arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-laguntza eta laguntza publikoen alorrean, administrazio arau-hausteak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:
a) Diru-laguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra erranez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.
b) Diru-laguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe.
c) Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, diru-laguntza ematearen ondorioz hartutako betebeharrak ez betetzea.
d) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea.
Aipatu portaerak dituzten onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.
Arau-hausteengatik gaizki lortu, gaizki aplikatu edota justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli egin beharko da dagozkion interesak kargatuko zaizkiolarik.
Orobat, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Lehendakariak ondoko zehapenak ezartzea erabaki dezake:
a) Bost urte arteko epean gehienez, laguntza eman duen administrazioaren diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.
b) Laguntza eman duen administrazioarekin kontratuak egiteko debekua izatea, bortz urteko epean gehienez.
Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesdunari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.
10.–Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko organo eskudunak.
Mankomunitatean kasua hartzen duen profesionala izanen da diru-laguntzen prozedura irekitzeko organo eskuduna. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz.
Proposamen horretan oinarriturik, eta Idazkaritza eta Kontu-hartzailetzak txostena luzatu ondoan, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Burutzak emanen du diru sari hauek emateko edo ezesteko ebazpena.
11.–Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere hamar egunekoa izanen da.
Eskaera Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko erregistroan sartzen denetik hasita. Informazio gehiago eskatuko balitz, epe hau bost egunez luzatuko da.
Eskaera guztiei ebazpen bidez erantzungo zaie, bai diru-laguntza onartzeko bai ezesteko.
12.–Ordainketa eta justifikazioa.
Ebazpena eman ondoan eta hau laguntza ematearen aldekoa bada, gehienez ere 5 egun baliodunean ordainduko da diru saria, laguntza hauek azkar ematekoak baitira.
Oinarri hauetan zehazten diren egoerak aldi berean gertatzeagatik ematen direnean diru sariak, egiaztapen teknikoa beste justifikaziorik ez dute beharko. Egiaztapen hori eginen da eskatutako dokumentazioa aurkeztuz, Mankomunitatean eskaera jaso duen profesional bakoitzak egiaztatua eta baloratua. Horrekin batera aurkeztuko dira egoera hura frogatzen duen gizarte txostena eta kontzesioaren aurretik egoera hari dagokion eskaera, diru-laguntza jaso duen onuradunaren egoera egiaztatzen duena.
13.–Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri hauetan jasotzen ez den orotan honako honi jarraituko zaio: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, eta haien ordez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea eta arlo horretan aplikatzen ahal den gainerako araudia.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honek aipatzen dituen zenbatekoak, beste erakunde publiko batzuek finkaturik ez badaude, urtero eguneratuko dira Estatistikaren Institutu Nazionalak argitaratutako Nafarroako KPIaren arabera.
Oharrak:
(1) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean laguntza jasotzeko kasua hartzen duen profesionalak Mankomunitateko Lehendakariari igorriko dizkio bai dagokion gizarte txostena, laguntzaren beharra frogatzen duena, baita laguntza onetsi edo ukatzeko proposamena ere. Eskatzailea hirugarren batekin zorretan badago, posiblea den kasuetan, ordainketa zuzenean egingo zaio hirugarren honi. Horretarako eskatzaileak ordainketa egiteko beharrezkoak diren datuak ere gehituko dizkio eskaerari .
(2) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
3. Ez izatea egoera horri aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko propio eta gizartearen edo familiaren laguntzarik.
(3) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
6. Ezinbestean eta nahi gabe, ezbeharren bat pairatu izana. Hala nola:
–Banantzeak edota familiako etxea utzi behar izateak.
–Ekonomia egonkorretan aurreikusi gabeko krisi ekonomikoak: banantzeak, eritasunak, aparteko egoerek sortutako zor frogatuak, tratu txar egoerak.
(4) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
d) Erantzukizuneko aitorpena, eskatzaileak oinarri hauetako baldintzak betetzen dituela adierazteko .
(5) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
f) Banku kontu korronteetako saldoak eta azken hilabeteko mugimenduak
(6) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin txertatutako idazpena.
(7) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin txertatutako idazpena.
(8) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
Eskatzen diren dokumentuak Mankomunitateak jada baditu, erantzukizuneko aitorpena emanen da haien ordez. Aitorpen horretan adieraziko da zer egunetan eta zer programatan aurkeztu ziren edo zeinek eman zituen edo non dauden. Baldintza da haien prozedura bukatu ondoren ez direla bortz urte baino gehiago iragan behar. Egoera ekonomikoari dagozkion agirien kasuan hauen aitzintasuna ezingo da urtebetetik gorakoa izan
(9) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
Hilabeteko errendimendu garbia lortuko da bizikidetasun unitatearen diru-sarrerei etxebizitza, alokairu edo hipotekaren gastuak kenduta (hilabetean 250,00 euroko muga edukita).
3.3 oinarrian aurreikusiari dagokionez, kontsideratzen da behar adina baliabide ekonomiko ez dagoela hilabeteko etekin garbiek, bizikidetasun unitateko kideen arabera, taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen ez dituztenean, OAEAPari dagozkion datuak erreferentziatako erabilita:
KIDE KOPURUA | HILABETEKO ETEKIN GARBIAK |
Lagun bat | 532,51 euro |
Bi lagun (OAEAParen %120) | 639,01 euro |
Hiru lagun (OAEAParen %130) | 692,26 euro |
Lau lagun (OAEAParen %140) | 745,51 euro |
Bost lagun edo gehiago (OAEAParen %150) | 798,76 euro |
Goiko taulan ezarritako zenbatekoak gainditzen badira, diru-laguntza ukatuko da, hura emateko ezarri diren baliabide ekonomikoak gainditzen direlako.
(10) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin moldatutako idazpena. Aurreko idazkera honakoa zen:
1. Behar adina baliabide ekonomiko propio ez izatea (5. oinarriko taularen arabera) eta gizartearen edo familiaren laguntzaren babesik gabe egotea ezinbestean eta nahi gabe pairatutako ezbeharrari aurre egiteko (3. oinarrian aurreikusi bezala).
(11) 2015ko apirilaren 25ean Batzar Orokorrak hartutako erabakiarekin bertan behera utzitako idazpena.
Iragarkiaren kodea: L1815125
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
