1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
987E/2018 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Irunberriko udal-mugartean Joseneako konpost proiekturako. Sustatzailea Josenea Bio SL da.
2018ko irailaren 24an, Irunberriko Udalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) epigrafean jasotzen da, eta, beraz, hartan xedatuaren arabera, ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatu behar zaio.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Zehazki, honako administrazio hauei egin zaie kontsulta: Irunberriko Udalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Hondakinen Atalari, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ez da erantzunik jaso.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateari buruz.
Proiektuaren xedea da konpost planta bat ezartzea Zangozako Mankomunitateko hiri eta lorezaintzako hondakin organikoetarako (LER 200108 eta 200201 kodeak, hurrenez hurren), atez ateko bilketa sistema erabiliz, gehieneko tratamendu kapazitatea urteko 300 t izanik, eta biltegiratzeko gehieneko kapazitatea, berriz, 50 t (prozesatzeko hondakinak, prozesuan daudenak eta konposta).
Hondakinei balioa emateko jarduera bat da, R3 eragiketa (disolbatzaile moduan erabiltzen ez diren substantzia organikoak birziklatzea edo berreskuratzea, konpost bihurtzea eta eraldaketa biologikoa egiteko beste prozesu batzuk barne) eta R13 eragiketa (hondakinak biltegiratzea, R1etik R12ra arteko edozein eragiketaren zain) erabiliz.
Proiektuaren laburpena.
Proiektua Josenea Bio SL enpresaren instalazioetan kokatuta dago, Bordablanca parajean, Irunberriko 4. poligonoko 439. lurzatian. Konposta egiteko aurreikusitako partzela 1.200 m² ingurukoa da, eta batezbesteko malda %2 ingurukoa. Partzelak nekazaritza erabilera du, larrearekin eta intxaurrondoekin.
Lanak hauek izanen dira:
–Zabor-legarrezko ibilgailu sarbide bat eraikitzea, 50 m-ko luzerakoa eta 5 m-ko zabalerakoa, Bordablancako barne bidea konpost instalazioarekin lotzeko. Lehenago, lurra sasiz garbituko da, eta 5 cm-ko hondeaketa txiki bat eginen da.
–Konposterako gunea egikaritzea (hormigoi xafla); iragazgaitza izanen da, junta zigilatuak izanen ditu, eta hormigoizko ubideak ere bai, lixibiatuak hartzeko. Lehenago, lurra sasiz garbituko da, lurraren azaleko garbiketa eginen da (20 cm-ko sakonera), eta lurrak -35 m-ko kotaraino hondeatuko dira. Drainatze zangak ere hondeatuko dira. Soberazko materiala obra berean berrerabiliko da. Azkenik, 15 cm-ko hormigoizko zolataz osatutako zolaketa bat proposatzen da, material granularrezko betelanen eta sare iragazgaitzaren gainean.
–Bahetzeko gunea. Bahe bat jartzea hormigoizko zolataren gainean.
–Biltegiratzea. Ez da instalazio zehatzik proposatzen hondakinak nahasteko eta harreran biltegiratzeko, baina bai egiturazko materialerako eta bahetutako konposterako, zeinek, edozeinetara ere, lekua beteko baitute hormigoizko zolataren gainean (azalera libre baliagarria).
–Lixibiatuak tratatzeko sistemak. Lixibiatuak ertz-erretenen sare edo hormigoizko ubide baten bidez biltzen dira, eta, dekantazio kutxatila batetik igaro ondoren, 30,94 m³-ko kapazitatea duen hormigoizko kanaleta batetik bideratzen dira hormigoi enbutituz egindako 37,50 m³-ko lixibiatu putzu batera, nondik konposteko materiala ureztatu eta hezetuko baita, isurketarik gertatu gabe.
–Ur hornidura. Ureztatze sistema espezifiko bat izanen da, eta, horretarako, instalazioan gaur egun dauden ur guneak baliatuko dira (partzelaren iparraldean dagoen ur hartunea).
–Energia beharrak. Ez da instalazio elektrikorik behar, ez eta telekomunikazio instalaziorik ere.
Jardueraren deskribapena.
Konpost instalazioa herri txiki edo ertainei zerbitzua emateko diseinatuta dago, eta konposta egiteko sistemak, olana erdiiragazkorrez estalitako eta hormigoizko zolata gainean eratutako harraska luzeak baliatuta, hartzidura fasea eta heltze fasea ditu. Ondoren, fase operatiboan deskribatzen dira:
–Bio-hondakinak hartzea eta aurrez tratatzea. Materiala iritsi aurretik, material egituratzailezko ohe bat prestatuko da, eta poltsak eta beste inpropio batzuk kenduko dira. Materiala jasota, berehala estaliko da olana erdiiragazkorrez.
–Tratamendua. Harrasken barneranzko biraketa eginen da iraultzeko makina autopropultsatuarekin edo aurretiko pala kargatzailearekin, harrasken tenperatura eta hezetasuna kontrolatuta.
–Bahetzea eta biltegiratzea. Materia organikoaren hartzidura eta heltze prozesua amaituta, materia tratamendu osteko gunera eramanen da, bahetzeko.
–Monitorizatzea.
Ingurumen eta paisaia ebaluazioa.
Konpost planta ezartzeko aukeratutako lekuak (Irunberriko udalerriko 4. poligonoko 439 partzela) ez du ingurumen balio aipagarririk, baina 300 metrora du Natura 2000 Sareko “Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema” izeneko ES2200025 gunea, eta 1.800 metrora, berriz, “Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila” izeneko ES0000125 gunea, eta hori kontuan hartu beharrekoa da, ingurumen sentikortasun handiaren ondorioz. Jarduerak hegazti harrapariak eta sarraskijaleak (sai arrea eta sai zuria) erakartzeko gune moduan izan lezakeen eragina ebaluatzen da bereziki, hegazti horiek ugariak baitira bi gune horietan. Horri dagokionez, ingurumena kontrolatu eta zaintzeko neurriak proposatzen dira.
Bestalde, instalazioa Irunberritik 1.200 metrora dago, Irunberriko aerodromotik 1.800 metrora, eta Tabartik 2.100 metrora. Lehen bi kasuetan, Irati ibaiaren ertzeko basoa osatzen duen zuhaitz-pantaila ia ondo-ondoan egotea seguru asko barrera izanen da usainak batetik bestera eraman ditzaketen haize nagusientzat. Bigarren kasuan, distantziak eta erliebeak berak inpaktu hori arintzen lagunduko dute seguru asko.
Lurzorua eta azaleko nahiz lurpeko urak kutsatzeko arriskuari dagokionez, hormigoziko zolata eta euri urak lixibiatuen putzura bideratzeko sistema eraikitzea edozein inpaktu eragozteko neurri zuzentzaile nahikoa izan daiteke; hala ere, kutsadura hobeto kontrolatzeko beste neurri batzuk ere proposatzen dira txosten honetan.
Bio-hondakinak konpost bihurtzeko jarduerak berak hondakinak (inpropioak eta plastikozko poltsak) sortuko ditu, eta zuzen kudeatu beharko dira. Era berean, pentsatzen da ezen, jarduera eraistean, material metaketak izan daitezkeela, eta horiek ere zuzen kudeatu beharko direla.
Ez da paisaia inpakturik aurreikusten, ez baita sortzen bolumen edo egitura berririk, instalazioa kokatuta dagoen inguruaren ikuspegian eragina izan dezakeenik. Nolanahi ere, sarbide bisual hurbilik edo zuzenik ere ez dago komunikazio bideetatik edo herrietatik. Errepide hurbilena Irunberri eta Tabar lotzen dituena da, NA2400, baina instalazioaren inguruan beheragoko kokapen topografikoa du, eta ez du sarbide bisualik.
Aurreko guztiaz gain, jarduera honako hauei dagokienez aztertu da: abere bideak, hezeguneak, Donejakue bidea eta beste bide historiko eta jolas bidexka batzuk; eta ez dago litekeen ukipenik.
Hitz batean, jarduketa litezkeen ingurumen eta paisaia ukipenei dagokienez aztertuta, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du aldeko txostena eman behar dela ingurumen eraginaz den bezainbatean, eginiko kontsulten emaitzak kontuan izanda, eta zehaztu du proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera:
Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura egoki bete dela kontuan harturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.
EBATZI DUT:
1. Ohiko ingurumen ebaluazioaren prozeduraren mende ez jartzea Josenea Bio SL enpresak sustatutako Irunberriko udal-mugarteko Joseneako konpost proiektua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.
2. Aldeko ingurumen txostena egitea Josenea Bio SL enpresak Irunberriko udal-mugartean sustatutako Joseneako konpost proiektuari buruz, pentsatzeagatik proiektuak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera:
–Paisaia inpaktu garrantzitsurik aurreikusten ez bada ere, eta proiektuak txertatze bisual hobea izan dezan bere hurbileko landa ingurunean, partzelaren hegoaldetik osatu beharko da egungo zuhaixka-formako pantaila (proiektuak eragindako aldean), bisualak itxita San Vicente bidetik. Aleak bertako edozein espezietako zuhaitzak eta zuhaixkak izan ahal izanen dira, are hosto erorkorrekoak ere, inguruaren baldintza klimatiko eta edafikoetara ondo egokituta. Nekazaritza ingurunea izaki, posible izanen da fruta arbolak landatzea. Ilaran landatzea gomendatzen da, 3-5 m-ko distantzia utzita zuhaitzentzat, eta 2 m-koa zuhaixkentzat. Aleek 3-5 cm-ko gutxieneko diametroa izanen dute, ondo zurkaiztuta geratuko dira, eta behar adina ureztatuko dira maiatzetik urrira bitarte, landatu eta lehendabiziko bi urteetan. Landaketak azarotik otsailera eginen dira. Landaketak, gainera, inausketa eta jorraketa bidez mantenduko dira.
–Ingurumena zaintzeko plan bat egin beharko da, ingurumen txosten honetan jasotako zehaztapenak gutxienez kontuan hartuta.
–Lixibiatuak biltzeko putzu bat proiektatzen da, urteko batezbesteko plubiometria eta gehieneko prezipitazio datuen arabera dimentsionatua. Kontuan hartu beharko dira litezkeen ohiz kanpoko euriteak, eta jarduera abian jarri aurretik ingurumena zaintzeko ezarri beharreko planean, aukera hori jasotzen duten neurriak sartu beharko dira, putzua gainezkatzearen ondorioz ustekabeko isurketarik izan ez dadin.
–Ingurumena zaintzeko planak usainak zabaltzearen ondoriozko ukipen posiblearen jarraipen neurriak izan beharko ditu, batez ere aurretratamendu fasean, lehengaia metatu eta aurrez tratatzen baita hormigoiztatutako lauzaren gainean olanazko estalkirik gabe; bai eta harraskak eratzeko eta barnerantz biratzeko faseetan ere. Hurbileko herrietan litezkeen usain arazoak izanez gero, inpaktu hori eragozteko behar diren neurri osagarriak hartu beharko dira.
–Ez da gaindituko proposatutako biltegiratze kapazitatea (50 t/urte), aurreikusi gabeko ingurumen eta paisaia ukipenik ez izateko. Ingurumena zaintzeko planak metatutako bolumenak kontrolatzeko neurriak eta, stocka gaindituz gero, litezkeen konponbideak bilduko ditu.
–Kanpoaldean hondakin organikoen metaketak edukiz gero, batez ere inpropioen frakzioa eta tratamenduan kendu beharreko plastikozko poltsak, abifauna horietara sartzea saihesteko neurri iraunkorrak hartuko dira (olana erdi-iragazkorrak jarrita gainean, edo sareekin). Kontuan hartu behar da inguruan hegazti harrapari eta sarraskijale anitz daudela. Ildo beretik, ingurumena zaintzeko planak lehorreko fauna oportunistaren eta jarduerari lotutako intsektuen presentzia posiblea zaindu eta kontrolatu beharko du, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezarri.
–Bidea, zolata, drainatzeak eta putzua egiteko obren ondoriozko soberazko indusketa lurrak partzela berean zabalduko dira, eta lurzoru naturalarekiko akordio fisiografiko egokia lortzen ahaleginduko da.
–Jarduera desegitean, kontuan izan beharko da guztiz desagerrarazi beharko dela edozein material eta makina metaketa, eta partzelari hasierako nekazaritza erabilera eman beharko zaiola, hasierako egoera berean.
–Atmosferarako isuriei, isurketei, zaratari eta hondakinen kontrolari buruzko gainerako baldintzatzaileei dagokienez, proiektuaren ingurumen baimen integratua aldatzen duen ebazpenaren baldintzetan jarritakoa bete beharko da.
3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, “ingurumen-txostenaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenei kalterik egin gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio-bidean jar daitezkeenei kalterik egin gabe”.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren Prebentziorako Atalari, Irunberriko Udalari, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari.
Iruñean, 2018ko abenduaren 12an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.
Iragarkiaren kodea: F1815238