69. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

62E/2019 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak emana, iraungitzat ematen dituena lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jardueren zenbait baimen, hain zuzen ere 2013ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 16ra bitartean eman eta orain artean gauzatu ez direnak. Ebazpen honek abenduaren 20ko Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 117.3 artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen ditu.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak ez du deus esaten lehenagoko araudiaren arabera baimendutako lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal ziren baina aipatu foru dekretuak indarra hartu zuenean gauzatzeko epea amaitu gabe zeukaten jarduerei buruz, eta zehatzago esateko, 2013ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 16ra baimendu zirenei buruz; haientzat ez du indarrik bigarren xedapen iragankorrak ezartzen duen esanbidezko iraungipen-aitorpenak, oraindik ez zelako igaro aipatu epea, baimena eman zenetik. Baimen hauek gauzatu ez diren kasuetan, baimenen ondorioak ezin daitezke agortutzat jo, horretarako beharrezkoa baita departamentuaren berariazko aitorpena eta interesdunari entzunaldia ematea, baimen horiek arautu zituen 35/2002 Foru Legearen hasierako testuak ezartzen zuenarekin bat.

Honi buruzko edozein zalantza uxatzeko, eta baimen horien indarraldiari amaiera emateko, aipatu 5/2015 Foru Legeak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren gainerako jardueren kasurako ezartzen duen bezala, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak tramiteak hasi ditu, 2013ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 16ra baimendu ziren eta gaur arte gauzatu ez diren lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardunen baimenen iraungipena aitortzeko.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117.3 artikuluak ezartzen dituen arauekin bat eginez, baimenok lege horren arabera eman baitziren, 2018ko azaroaren 30ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri zen bi hilabeteko entzunaldia zabalduko zela, baimen horiei buruz interesa dutenek zilegi jotzen zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesen defentsaren alde. Jendaurreko entzunaldian egon den bitartean, ez da inolako alegazio idazkirik aurkeztu.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2019ko otsailaren 22an emandako txostena aintzat hartuta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueren zenbait baimen, hain zuzen ere 2013ko ekainaren 16tik 2015eko ekainaren 16ra bitartean eman eta gaur arte gauzatu ez direnak, iraungitzat ematea. Adierazpen honek abenduaren 20ko Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 117.3 artikuluan aurreikusitako ondorioak izanen ditu, haren arabera eman baitziren baimen horiek.

Beraz, etorkizunean egin nahi badira ebazpen honen ondorioz eragina galdu duten baimenen baitan egin behar ziren lan haiek, espediente berri bat ireki beharko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako moduan, eta ezin izanen da obra baimenik eman dagokion prozedura lehenago tramitatu eta espediente horren gaineko ebazpenik ematen ez den bitartean.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean, aldez aurretik errekerimendua egiten ahal bada ere Nafarroako Gobernuan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko otsailaren 27an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902861