69. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

60/2019 FORU AGINDUA, otsailaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, etxebizitza arloko VI. kontrol eta ikuskapen plana onesten duena, 2019. eta 2020. urteetarako.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak Nafarroari aitortzen dio eskumen esklusiboa etxebizitzaren arloan, baita lurraldearen antolamenduaren arloan eta hirigintzarenean ere. Nafarroako Gobernuari gai horietan dagozkion botere eta eginkizun publikoen gaineko lege multzoan zehazten da eskumen hori. Eginkizun horietako bat ikuskatzea da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 40.1.c) artikuluak xedatu bezala.

Nafarroako Etxebizitzaren Babes Publikoari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onesteak bultzada handia ekarri zion ikuskatze lanari etxebizitza arloan. Arauak bazuen titulu bat, osoa, etxebizitza arloko iruzurra kontrolatu eta aurreikusteari buruzkoa, eta hura garatuz onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen plana, 2009an eta 2010ean indarra izan zuena.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeak ere, bere aurrekoaren ildoari jarraituz, titulu oso bat du etxebizitza arloko iruzurraren kontrolari eta aurreikuspenari buruz. Arau honetan nabarmendu behar da lehen aldiz arautzen dela etxebizitza arloko ikuskatze lana, baita horren eginkizunak eta hura baliatzearen ondoriozko akten edukia ere eta, 60. artikuluan, Foruzaingoaren laguntza aurreikusten du.

10/2010 Foru Legearen 57. artikuluak etxebizitza arloko biurteko kontrol eta ikuskapen planak prestatzen jarraitu beharrari ekiten dio; izan ere, ikuskatze lanari aplikatutako plangintzaren teknikak hark eskatzen duen objektibotasuna ziurtatzen du, eta indar handiagoa ematen die arauei berezkoak dituen ahalak erabiltzeko orduan.

Etxebizitza arloko biurteko kontrol eta ikuskapen planaren helburuak zehazteko eta zenbateraino betetzen diren ebaluatzeko lankidetza organo gisa, Nafarroako Gobernuak, 2008ko maiatzaren 12ko bilkuran, departamentu arteko Koordinazio Batzordea sortu zuen Nafarroan etxebizitza arloko iruzurra kontrolatzeko.

Hauek dira onetsi eta abian jarritako plangintzako tresnak: Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako I. kontrol eta ikuskapen plana (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa), 2009ko eta 2010eko ekitaldietan indarra izan zuena; Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urtarrilaren 18ko 7/2011 Foru Aginduaren bidez onetsitako II. kontrol eta ikuskapen plana (2011ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa), 2011ko eta 2012ko ekitaldietan indarra izan zuena; Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 24ko 115/2012 Foru Aginduaren bidez onetsitako III. kontrol eta ikuskapen plana (2013ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa), 2013ko eta 2014ko ekitaldietan indarra izan zuena; Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 29ko 97/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko IV. kontrol eta ikuskapen plana (2015eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa), 2015eko eta 2016ko ekitaldietan indarra izan zuena; eta Eskubide Sozialetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 33/2017 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko V. kontrol eta ikuskapen plana (2017ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 23koa), 2017ko eta 2018ko ekitaldietan indarra izan zuena.

V. kontrol eta ikuskapen planaren indarraldia amaiturik, 10/2010 Foru Legearen 57. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz, Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 26ko 393/2018 Foru Aginduaren bidez sortu da etxebizitza arloko VI. kontrol eta ikuskapen planaz 2019an eta 2020an arduratuko den departamentuarteko taldea; etxebizitza arloko iruzurra kontrolatzeko departamentuarteko koordinazio batzordeak proposatuta onesten diren helburuei jarraituz prestatu beharko da plan hori.

Plan berri honek azken 10 urtean metatutako esperientzia aprobetxatzen du, urte horietako planen egitura eta planteamendu orokorra jasota, egungo egoeran baliotsuak eta bateragarriak direnez, eta lortutako emaitzak erabiltzen ditu, alde batetik, lan ildoei jarraitzeko, eta bestetik, kontrol eta ikuskapenerako beste ildo batzuk urratzeko.

Alabaina, plan honek kontuan hartzen du, baita ere, abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legea, Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa arautzen duena, indarrean jarri dela berriki. Foru Lege horrek zenbait aldaketa egiten ditu maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoan, eta ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginean.

Beste berrikuntza batzuez gainera –horietako batzuk jarduera ildo berri gisa jaso dira plan honetan–, emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariak eta etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkariak aurreikusten ditu (“Emanzipa” eta “David” izeneko programak). Lehenengoaren xedea da etxebizitza alokatzeko errenta ordaintzen laguntzea 23tik 30 urte bitarteko gazteei. Bigarrenaren xedea, berriz, diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateei ordainketa horiek egiten laguntzea. Bi kasuetan, ordainketa eskatu behar zaio aurrez etxebizitzaren alorrean eskumenak dituen departamentuari, eta hark erabakiko du dirulaguntza onartzea eta ordaintzea, betiere, legeak finkatutako eskakizunak betetzen badira.

Kenkari horiek onartzeko eta ordaintzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar du, eta ikuskapen bidez aitortutakoa egia dela egiaztatzeko beharra dakar horrek. Ikuskapen lan hori dela eta, beraz, egokia da plan honetan ardatz estrategiko berri bat sartu izana; zehazki, 5. ardatza, “Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak” izenekoa.

Beste alde batetik, Konstituzio Auzitegiak 2018ko otsailaren 22an emandako epaiaren ondotik, ia guztiz jarri zen indarrean berriz uztailaren 2ko 24/2013 Foru Legea, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzkoa. Foru Lege horrek 10/2010 Foru Legea aldatzen du, etxebizitza hutsaren kontzeptua finkatzen, etxebizitzak huts gisa aitortzeko prozedura arautzen eta Nafarroako Etxebizitza Hutsen Erregistroa sortzen baitu. 28/2018 Foru Legeak aipatutako foru lege horren zenbait artikulu aldatu ditu, araua hobeki eta modu argiagoan aplikatzea lortze aldera.

Horregatik guztiagatik, etxebizitza hutsen egoera ikuskatzeko beharrak beste ardatz estrategiko bat finkatzea ekarri du; zehazki, 6. ardatza, “Etxebizitza hutsak” izenekoa.

Hori horrela, honako hauek dira etxebizitza arloko VI. kontrol eta ikuskapen planaren ardatz estrategikoak:

1. ardatza.–Etxebizitza libreak, babestuak, eta birgaitze babestukoak sustatu eta eraikitzea.

Arlo honetako helburua argia da: ziurtatzea eraikinek eta etxebizitzek betetzen dituztela bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzei buruzko Nafarroako araudia eta eraikuntzari buruzko Estatuko oinarrizko araudia (Eraikuntzaren Kode Teknikoa). Etxebizitza libreetarako ezarritako helburuei sustapena gauzatzea galarazten ahal duen edozein oztopo kendu nahi duen kontrola gehitu behar zaie etxebizitza babestuen kasuan. Horregatik, honako hauei buruzko dokumentazio administratiboa gainbegiratzen da: sustatzailea, orubearen egoera, hirigintza araudia betetzea eta etxebizitza babestuaren baldintza berariazkoak.

2. ardatza.–Etxebizitza babestuko adjudikazioak, bai jabetzaren araubidekoak, bai alokairukoak.

Helburua da etxebizitza babestuaren adjudikazio hartzaileak hura eskuratzeko baldintza orokorrak betetzen dituela segurtatzea, behar adinako kontrol administratibo egokien bidez.

Orobat, atal honetan etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan alta hartutako inskripzioen kontrola planifikatu gogo da; izan ere, erregistro horretako datuen arazketak etxebizitza babestuen adjudikazioa arintzen du.

3. ardatza.–Etxebizitza babestuen eskualdaketa eta lagapenak, kostu bidezkoak zein doakoak.

Etxebizitza babestuen helburu nagusia izanik legezko baldintzak betetzen dituztenek erabiltzea horiek, kontrola ezin da lehen adjudikazioetara bakarrik murriztu, eta bigarren eskualdaketa eta lagapenetan ere kontrolatu behar da; horregatik ezarri da hirugarren ardatz estrategiko hau, non jarduketa horiek direla bide, Administrazioak egiaztatzen baitu ez bakarrik hartzaileak baldintzak betetzen dituela, baita jabaria eskuz aldatzeko negozio juridikoaren prezioa eta gainerako ezaugarriak legezkoak direla ere.

4. ardatza.–Etxebizitza babestuen erabilera eta destinoa.

Helburua da etxebizitza babestuak haien jabe edo errentarien ohiko bizileku iraunkorrak direla zaintzea; beraz, ikuskapen eta zaintzako jarduketa da, bete-betean.

5. ardatza.–Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

Xedea da legean zehaztutako pertsonak izatea laguntzen benetako onuradun. Hori horrela, egiaztatu nahi da onuradunek benetan betetzen dituztela bi kasuetan kenkariaren aurretiko ordainketa onartzeko eta jasotzeko eskubidea ematen duten eskakizunak.

6. ardatza.–Etxebizitza hutsak.

Xedea da etxebizitza hutsak merkatuan sartzea sustatzea, etxebizitza gehiago egon dadin arrazoizko prezioan alokatzeko moduan; horretarako, zenbat etxebizitza huts dauden aztertuko da.

Ardatz estrategiko bakoitzaren barrenean, jarduketa lerroak deskribatu dira bilatzen diren helburuekin lerrokatuta, eta ondoren, alde batetik, jarduketa administratiboaren aldez aurreko kontrola zehaztu da, batez ere egiaztapenean oinarritutako prebentzio lana egitea helburu, eta, bestetik, kontrol, zainketa eta ikuskapen neurriak zehaztu; horretarako, Nafarroako Gobernuko beste departamentuen laguntza eta koordinazioa behar da.

Aurreko planetan zeuden lau ardatzen jarduera ildoen esparruan, plan horiei jarraikiz hasitako ekintzekin jarraituko da, eta beste batzuk ere abiaraziko dira, berriki indarrean jarri den 28/2018 Foru Legearekin lotuta:

–Egiaztatzea eman dela Eraikinen Ebaluazio Txostena (emaitzak Egokia edo Egokia akats arinekin izan behar du), betiere, txosten hori exijitzen denean, eta eraikina familia unitate edo pertsona fisiko edo juridiko bakarraren jabetzakoa denean. Bizigarritasun zedula ematea edo berritzea eskatzen denean lortu beharko da goian aipatutako txostena.

–Iraungitako bizigarritasun zedularen berritzea eskatu dela egiaztatzea, pertsona juridiko batek jabari osoa, partaidetzaren gehiengoa edo erabilera nahiz gozamenerako eskubide erreal bat baditu etxebizitzaren gainean.

–Egiaztatzea zenbat etxebizitza babesturi egin dieten uko adjudikaziodunek, erroldatik kanporatzeko prozedura hasi ahal izateko, martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duenean, finkatutako prozedurari jarraikiz.

–Kontrolatzea ez dela etxebizitza babestuen edo haietako gelaren baten alokairurik iragartzen egonaldi turistikoetarako, eta ez direla horretarako erabiltzen.

Berritasun horiez gain, aipatzekoak dira, bistakoa denez, 5. eta 6. ardatz berrien ondorioz plan honetan aurreikusitako jarduerak.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Etxebizitza arloko VI. kontrol eta ikuskapen plana, foru agindu honen eranskinean ageri dena, onestea 2019rako eta 2020rako.

2. Behar diren ondorioetarako, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webguneko (www.vivienda.navarra.es) “aktualitatea” atalean ere.

Iruñean, 2019ko otsailaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

ERANSKINA

Etxebizitza arloko VI. kontrol eta ikuskapen plana
2019rako eta 2020rako

0.–Jarduketaren ardatzak:

–I. ardatza.–Etxebizitzen sustapena eta eraikuntza.

–II. ardatza.–Etxebizitza babestuaren adjudikazioa.

–III. ardatza.–Etxebizitza babestuaren eskualdaketa eta lagapena.

–IV. ardatza.–Etxebizitza babestuaren destinoa eta erabilera.

–V. ardatza.–Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

–VI. ardatza.–Etxebizitza hutsak.

I. ardatza.–Sustapena eta eraikuntza:

1.–Helburuak.

–Eraikuntza eta birgaitze babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.

–Eraikuntzari buruzko oinarrizko araudia betetzen dela ziurtatzea.

–Eraikinen erabiltzaileei haien gastu energetikoaren ezagutza bermatzea, gizartearen efizientzia energetikoari buruzko sentsibilizazioa sortzen lagunduz.

–Etxebizitza babestuen jabeen erreklamazioetan esku hartzea, ezkutuko akatsak salatzen direnean haien behin betiko kalifikaziotik 3 urtean.

–Birgaitzeko dirulaguntza izan duten etxebizitza zaharberrituen edo horretarako sortutakoen errentamendua egiaztatzea.

–Eraikinaren liburuaren entrega kontrolatzea, eraikinaren liburua arautzen duen urriaren 2ko 322/2000 Foru Dekretuan ezarritako betebeharraren arabera.

2.–Jarduketa lerroak:

A.–Proiektuan:

a.–Etxebizitza librea: obra hasi aurretik, proiektuak araudi aplikagarria (bizigarritasun baldintzak, irisgarritasuna, Eraikuntzaren Kode Teknikoa...) betetzen duela egiaztatuko da.

Orobat, dokumentu bidez egiaztatuko dira:

–Proiektuak zer dokumentu dituen: memoria, planoak, baldintza agiria eta aurrekontua.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana izatea (1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa).

–Eraikinaren ziurtagiri energetikoa (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua eta maiatzaren 30eko 199/2013 Foru Agindua, eraikinen efizientzia energetikoaren ziurtagirien erregistroa aldatzen duena).

–Oinarrizko proiektua aurkezten bada, agiri horretan egiaztagarria den horretara mugatuko da ikuskapena. Kasu horietan, exekuzio proiektua berriz ikuskatzen da udalak igortzen duenean.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b.–Etxebizitza babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei dagokienez (etxebizitza libreek bezala) bai etxebizitza babestuak sustatzeko baldintza juridiko administratibo berariazkoei dagokienez (batez ere, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan daude jasota).

Egiaztatu beharreko dokumentazioari dagokionez, kontuan hartuko da Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planaren (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa) dagokion atalean aurreikusitakoa.

Kontrol maila: espedienteen %100.

c.–Birgaitze babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei bai baldintza juridiko-administratiboei dagokienez. Halaber, birgaitzearen sustatzaileei eskatzen ahal zaizkien baldintzak egiaztatuko dira.

Kontrol maila: espedienteen %100.

B.–Obra bukaera:

a.–Etxebizitza librea: obrak txostenaren xedeko proiektuaren arabera gauzatu direla ziurtatuko da. Horretarako, obraren nahitaezko azken ziurtagiria badela eta etxebizitzek udal lizentziak dituztela egiaztatuko da, eta eraikinaren liburuaren parte diren eraikinaren datu orokorrei buruzko orrien kopia sinatuak eskatuko dira.

Hasierako txostenaren xedeko proiektuan aldaketarik izan bada, proiektuaren fasean adierazitako araudia betetzen dela egiaztatuko da.

Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko 3. Planaren 10.4 azpieremuko udalerrietan diren 10 etxebizitzatik gorako eraikin bukatu guztiak ikuskatuko dira eta, ausaz, lurralde eremu horretatik kanpo diren horrelako eraikinak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b.–Etxebizitza babestua: etxebizitza libreetan bezala, obra proiektuaren arabera eta behin-behinekoz kalifikatutako determinazioen arabera gauzatu dela egiaztatuko da. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa) eta dagokion araudi aplikagarrian xehakatutako dokumentazioa egiaztatuko da.

Azkenik, eraikinaren liburuaren entrega kontrolatuko da, eraikinaren liburua arautzen duen urriaren 2ko 322/2000 Foru Dekretuan ezarritako betebeharraren arabera. Obligazio hori betetzen dela kontrolatzeko, planaren indarraldian behin betiko kalifikazioaren eskaera aurkezten duten etxebizitza babestuaren sustatzaile guztiei eskatuko zaie aurkez dezatela eraikinaren liburuaren harrera akta 3 hilabeteko epean, gehienez ere.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Etxebizitza babestuak adjudikazio hartzaileei eman ondoren, behar bezala eraiki direla kontrolatuko da, horrelako etxebizitzen jabeek ezkutuko akatsei buruz lehen 3 urteetan aurkezten dituzten salaketa eta erreklamazioei jarraipen egokia eginez.

c.–Birgaitze babestua: obrak proiektu baimenduaren arabera gauzatu direla egiaztatuko da, eta gastuak behar adina justifikatzen direla dirulaguntza hartu ahal izateko. Ondorio horietarako, jatorrizko behin-behineko kalifikazioa, obra bukaerako ziurtagiria, proiekturik izan ote den, jarduketari dagozkion ordainagiriak eta dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera gainbegiratuko dira.

Normalean, dagokion EZABU bulegoak egiten du ikuskapena.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Etxebizitza birgaitua gutxienez ere 5 urtez errentan emateko konpromisoa hartzeagatik dirulaguntza lortzen duten sustatzaileen birgaitze babestuaren espedienteetan, dirulaguntza ordaindu behar den unean errentamendu kontratua aurkezteko eskatzen jarraitzeaz gain, etxebizitzak, espedientearen behin betiko kalifikaziotik urtebete gutxienez ere iraganik, alokairuan segitzen duela froga dezatela eskatuko zaie horrelako dirulaguntzen onuradunei.

Egiaztatuko da horretarako dirulaguntza publikoak jaso dituzten sustatzaile publikoek eta toki entitateek benetan errentamendurako erabili dituztela etxebizitza zaharberrituak edo lokalen erabilera izatetik etxebizitza erabilera izatera iragan diren etxebizitzak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3.–Ezarri beharreko berritasunak:

–Egiaztatzea eman dela Eraikinen Ebaluazio Txostena (emaitzak Egokia edo Egokia akats arinekin izan behar du), betiere, txosten hori exijitzen denean, eta eraikina familia unitate edo pertsona fisiko edo juridiko bakarraren jabetzakoa denean. Bizigarritasun zedula ematea edo berritzea eskatzen denean lortu beharko da goian aipatutako txostena.

–Iraungitako bizigarritasun zedula berritzeko eskatu dela egiaztatzea, pertsona juridiko batek jabari osoa, partaidetzaren gehiengoa edo erabilera nahiz gozamenerako eskubide erreal bat baditu etxebizitzaren gainean.

4.–Prozeduren araubide juridikoa:

–Aldez aurreko txostena eta bizigarritasun zedula, etxebizitza libreen kasuan.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua. Bizigarritasunaren gutxieneko baldintzei buruzko martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 9.etik 13.era bitarteko artikuluak eta I. eta II. eranskinak.

–Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuentzat.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35. artikulua eta, 2011ko abenduaren 31ra arte, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 2. artikulua. Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 20. artikulutik 26.era (etxebizitza babestuaren kalifikazioa) eta 44. artikulutik 60.era.

5.–Unitate arduraduna:

–Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala, EZABUen (Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzetzeko Bulegoa) laguntzarekin, etxebizitzen birgaitze babestuko obren kasuan.

II. ardatza.–Etxebizitza babestuaren adjudikazioa.

1.–Helburuak:

–Etxebizitza babestu guztiak legez ezarritako prozeduraren arabera adjudikatzen direla bermatzea eta, kasu bakoitzean, legezko baremoa zorrotz aplikatuta.

–Etxebizitzaren adjudikazio hartzaile, erosle eta errentari izaten ahal direnek etxebizitza babestua eskuratzeko eta dirulaguntzak jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituztela bermatzea.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuak behar bezala funtziona dezala zaintzea.

–Errentamendu araubidean egiten diren etxebizitza babestuen adjudikazioen kudeaketa kontrolatzea.

–Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua kontrolatzea.

–Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan.

–Egiaztatzea ea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen diren erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

2.–Jarduketa lerroak:

2.1. Administrazioak ikus-onetsia emateko, lehen eskualdaketako etxebizitza babestuaren salerosketaren kontratua edo adjudikazioarena edo, behin betiko errentamendurako kalifikatuta den etxebizitza babestu baten alokairua (erosteko aukera izanik edo izan gabe) aurkeztean eginen dira kontrol jarduketak. Sustatzaileek kontratuak sinatzeko baimena eskatzen duten unean ere eginen da kontrol hori.

Horretarako, etxebizitzen adjudikazio hartzaileek etxebizitza babesturako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko da, eta baremoa zuzen aplikatu dela eta adjudikazioa legez ezarritakoaren arabera egin dela.

Kontrol jarduketa gisa, honako hauek eginen dira:

–Datuak erkatzea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, zenbait baldintza egiaztatzearren, hala nola: ahalmen ekonomikoa; aurrezki kontuan, gordailuan edo antzeko finantza produktuan azaltzen den antzinatasuna; edo erakunde horretan egindako errenta aitorpenen kopurua.

–Behar den informazioa eskatzea Nafarroako Gobernuko beste departamentuei, genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima dela edo desgaitasuna duela egiaztatzeko.

–Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datu baseetan sartzea, adjudikazio hartzaileak beste etxebizitzarik ez duela egiaztatzeko.

Kontrol maila: ikus-onetsi administratiboa emateko aurkezten diren kontratuen %100.

2.2. Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuen adjudikazioen kontrol zorrotza, batez ere lehendik beste errentari batzuek okupatu dituzten etxebizitza babestuen errentari berriei egindako adjudikazioak kudeatzeari dagokionez. Horretarako, bertaratuta egiaztatuko da errentariek zer egunetan utzi dituzten benetan etxebizitza babestuak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

2.3. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua. Baliabide publikoen kudeaketa eraginkor baterako eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobea izan dadin, beharrezkoa da programa honen onuradunak ezagutzea, baita sinatzen dituzten errentamendu kontratuen eduki zehatza ere. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitzen entitate administratzaileari edo, gizarte entitate laguntzaileari, sinatzen dituzten errentamendu kontratu guztiak aurkezteko eskatzea, baita desegiten dituzten kontratuak ere.

2.4. Kontrol bat ezartzea honako hauen gainean: etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuko inskripzio datuen eguneratzea, zentsuan izena emanik daudenek baldintzak betetzen ote dituzten, eta inskripzioa indarrean izateko betebeharra. Horretarako, honako hau egin beharko da:

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien diru-sarrerei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, datuak Nafarroako Zerga Ogasunarekin erkatuta.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien familiaren diru-sarrera haztatuei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, eta dagokien errenta tartean sailkatzea.

–Iragarki oholean aldez aurretik abisatuta, zentsuan baja ematea 2 urteko epean inskripzioa aldatu edo eguneratu ez dutenei.

Kontrol maila: Inskripzioen %100.

2.5. Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean sailkatutako etxebizitza babestuen kasuan, batez ere esleiturik dituen informazio betebeharrak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

2.6. Egiaztatzea legez eta erregelamenduz ezarritako beharkizun guztiak betetzen direla erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3.–Ezarri beharreko berritasunak:

–Egiaztatzea zenbat etxebizitza babesturi egin dieten uko adjudikaziodunek, erroldatik kanporatzeko prozedura hasi ahal izateko, martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duenean, finkatutako prozedurari jarraikiz.

4.–Prozeduraren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuaren 1. eskualdaketako salerosketa kontratuaren eta alokairukoaren ikus-onetsi administratiboa.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua; batez ere, haren 32. eta 45. artikuluak. Orobat, aplikagarria da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Errentamendu araubideko etxebizitza babestuen errentamenduaren kudeaketa, eta dagozkien dirulaguntzen onarpena.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitza arloan babesa izaten ahal duten jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

–Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.

Araudia: etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorra eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duen abenduaren 16ko 89/2014 Foru Agindua.

5.–Unitate arduradunak:

–Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

–Navarra de Suelo y Vivienda SA (NASUVINSA), etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsurako aurreikusitako kontrol eta ikuskapen jarduketak kudeatzeko; horretarako, Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalak eta Laguntzen eta Plangintzen Atalak lagunduko dute.

III. ardatza.–Etxebizitza babestuaren eskualdaketa eta lagapena.

1.–Helburuak:

–Bermatzea etxebizitza babestuaren hartzaileak haietako bat eskuratzeko legez ezarrita dauden baldintzak betetzen dituela.

–Babes publikoko edozein araubideri loturiko etxebizitzaren erosleak ordaindu beharrekoa ez beste kopuru bat edo edozein gainprezio edo primarik hartzeko debekua kontrolatzea.

–Etxebizitza babestua eskuratzeko lortutako laguntzak itzultzen direla bermatzea, baldin eskualdatzaileak haiek jaso eta 5 urte baino gutxiago igaro badira etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikaziotik.

–Egiaztatzea ez direla batera eskualdatzen etxebizitza eta etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazio zedulan eranskin gisa sartu gabe dagoen lokala.

–Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea, Nafarroako Gobernuak onartua duena, erabili ahal izatea.

2.–Jarduketa lerroak:

Eskualdaketaren edo alokairuaren berri ematen den unean:

a.–Eskualdaketa kostu bidezkoa denean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Etxebizitzak prezio mugarik ote duen saltzeko eta errentan emateko, eta eskualdaketaren prezioa bat ote datorren legez ezarritakoarekin.

–Emandako laguntzak itzuli ote diren, halakorik egin behar izanez gero.

–Etxebizitzaren kokalekua eta eskualdean etxebizitza babesturako eskaerarik ote den.

–Etxebizitzaren egoera eta ezaugarriak, eta gizarte programetara bideratzen ahal den.

–Eskuratzaileak etxebizitza babestuaren hartzaile izateko baldintzak betetzen dituenetz (diru-sarrerak eta beste etxebizitza baten titulartasuna).

–Ahaidetasunik ote den eskualdatzailearen eta eskuratzailearen artean.

b.–Eskualdaketa dohainik bada, honako hauek egiaztatuko dira:

–Lagapen hartzaileak etxebizitza babestu baten hartzaile izateko baldintzak betetzen dituela.

–5 urte iragan direla etxebizitzaren behin betiko kalifikaziotik.

c.–Etxebizitza babestuaren salerosketari buruzko eskritura publikoa aurkezten den unean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Eskualdaketaren berri aldez aurretik eman dela.

–Komunikazio horretarako ezarritako baldintza guztiak bete direla.

–Jabetzaren edo eskubide errealaren eskualdaketa ez dela gertatu aldez aurreko komunikazioaren ondorioak iraungi ondoren, edo ez dela izan adierazitakoez bestelako baldintzetan.

Aurreko baldintza horietako bat bete ez dela frogatuz gero, etxebizitza atzera eskuratzeko eskubidea baliatzen ahalko da.

d.–Jabetza araubidean kalifikatuta den etxebizitza babestu baten errentamendu kontratua aurkezten denean, honako hauek egiaztatuko dira:

–Errentarako hitzartutako prezioa ez dela urtero finkatutako gehienekoa baino handiagoa.

–Maizterrak legez ezarritako baldintzak betetzen dituela.

–Emandako laguntzak itzuli ote diren, halakorik egin behar izanez gero.

–Aurkezten den errentamendu kontratuak ezartzen diren gutxieneko klausulak bederen izan beharko ditu.

–Orobat, etxebizitza babestuaren alokairuak egiaztatzeko, datu hauek erkatuko dira:

  • Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta jasotzeko aurkeztutako kontratuak.
  • Alokairu poltsan sartutako etxebizitzak.
  • Alokairuagatik desgrabatzen duten zergadunen datu fiskalak.

Kontrol maila: etxebizitza babestuari buruz jakinarazitako eskualdaketa eta lagapenen %100.

3.–Prozeduren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuen eskualdaketaren edo lagapenaren kontrola.

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43.etik 51.era bitarteko artikuluak eta 1. xedapen gehigarria, eta Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuaren 11. artikulua eta 3. xedapen gehigarria.

4.–Unitate arduraduna:

–Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

IV. ardatza.–Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera.

1.–Helburua:

–Etxebizitza babestuak jabearen edo errentariaren ohiko etxebizitza iraunkorrak direla ziurtatzea, eta ez direla inoiz 2. egoitza eta ez daudela okupatu gabe.

–Jendea kontzientziatzen jarraitzea, guztiak jabetu daitezen etxebizitza babestuek okupatuta egon behar dutela.

–Ziurtatzea etxebizitza babestuko alokairuek errentamendu kontratuaren beharrezko ikus-onetsia dutela.

–Errentamendu araubidean kalifikatutako sustapenetako etxebizitzetan errentamendu kontratuak izenpetu direla eta horiek ikus-onesteko aurkeztuak izan direla zaintzea.

–Errentamendu araubideko etxebizitza babestuak haien errentarien ohiko etxebizitza iraunkor izateko erabiltzen direla egiaztatzea.

–Hutsik dauden etxebizitzak mugiaraztea, eta, egoki denean, “Alokairu poltsa” izeneko etxebizitza programarako erabiltzea.

2.–Jarduketa lerroak:

Kontrol jarduketak egiteko, baliabide hauek erabiltzen ahalko dira banaka edo batera:

a) Etxebizitza babestuetako argindar, ur eta gas kontsumoak eskatzea (bai zuzenean jabeari bai zerbitzu horien entitate hornitzaileei).

b) Foruzaingoaren ikuskapena.

Hurrengo kasuetan eskatzen ahalko dira argindar, ur eta gas kontsumoak:

1. 2015ean eta 2016an ikus-onetsitako kontratuak dituzten etxebizitza babestuaren jabeei errekerimendua igortzea, ahal dela irizpide hauen arabera:

  • Iruñean eta Iruñerrian diren etxebizitzak.
  • Lurzoru publikoan sustatutako etxebizitzak (Sarriguren, Erripagañako edo Lezkairuko lurzati batzuk, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuaren lurzatiak, lurzoruaren udal ondarea...).
  • Laguntza ekonomikoak jaso dituzten titularren etxebizitzak.
  • Babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazioa duten etxebizitzak.
  • Behin betiko kalifikaziotik urtebete baino gehiago duten etxebizitzak.

Kontrol maila: 300 etxebizitza babestu urtean.

2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak.

3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

4. Etxebizitza bat hainbat aldiz ikuskatzera joan eta jabearekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denean, etxebizitza okupatua izanaren aztarnak izanik.

Bestetik, hurrengo kasuetan egiten ahalko dira Foruzaingoaren ikuskatze bisitak:

1. Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuak ikuskatzen direnean.

2. Etxebizitzek desokupazio salaketa dutenean, edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokairuan daudenena.

3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

4. Etxebizitza bateko kontsumoak aterata, okupatua dagoela ulertzeko nahikoa ez direnean.

5. Etxebizitzaren jabeari kontsumoak eskatuta, hark aurkezten ez dituenean. Gainera, arrazoi horregatik, zehapen espedientea irekitzen ahalko zaio.

6. Etxebizitza okupatu gabe izateagatik edo bezalako ikus-onespenik gabe alokatzeagatik zehatu diren guztiei, zehapena ezarri eta hurrengo urtean.

Kontrol maila: zehatuen %100.

Aurreikusitako kontrol jarduketen ondorioz zehapen espedientea irekitzen bada, ezarri beharreko zehapenak mailakatzean, bereziki kontuan hartuko da zer ondorio duen gizartearentzat etxebizitza babestuak hutsik egoteak eta zer eskaera dagoen etxebizitza babestuetarako zehatutako jabearen etxebizitza babestuaren inguruan.

3.–Ezarri beharreko berritasunak:

–Kontrolatzea ez dela etxebizitza babestuen edo haietako gelaren baten alokairurik iragartzen egonaldi turistikoetarako, eta ez direla horretarako erabiltzen.

4.–Prozeduren araubide juridikoa:

–Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera kontrolatzea:

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Etxebizitza arloan babesa izan dezaketen jarduketak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 42. eta 43. artikuluak, desokupazioaren gaineko administrazio baimenari dagokionez.

5.–Unitate arduradunak:

–Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala eta Laguntzen eta Plangintzen Atala, Foruzaingoak lagunduta.

V. ardatza.– Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

1.–Helburuak:

–Aurrerapausoak ematea Nafarroan etxebizitza izateko eskubide subjektiboa behar bezala asetzeko bidean.

–Egiaztatzea legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten gazteei egiten zaizkiela emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa).

–Egiaztatzea legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten familia unitateei egiten zaizkiela etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (DAVID programa).

2.–Jarduketa lerroak:

2.1. Emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskabidea izapidetzen den unean:

–Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin, eskatzailea zentsu horretan izena emanda badago.

–Ez dela beste laguntza bateraezinik jasotzen ari.

–Eskatzaileak arauan finkatutako adina duela.

–Kontratuko titularren kopurua.

–Dagokion pertsonaren edo familia unitatearen diru-sarrerak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

–Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

–Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen direnen bat.

b) Eskabidea izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

–Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin. Horretarako, banku transferentziaren agiriaren kopia digitalizatua aurkeztea eskatuko da, eta agiriak legeak finkatutako forma eskakizunak bete beharko ditu.

2.2. Etxebizitza eskuratzeko errentamenduaren kenkarien aurretiko ordainketak (DAVID programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskabidea izapidetzen den unean:

–Familia unitatea etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena emanda dagoela, eta hor izena emanda egon ahal izateko eskatzen den antzinatasuna duela.

–Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin.

–Ez dagoela laguntza hau jasotzen ari den beste familia unitaterik etxebizitza berean, eta familia unitate eskatzailea ez dela ari beste laguntza bateraezinik jasotzen.

–Dagokion familia unitatearen osaera eta diru-sarrerak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

–Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

–Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen direnen bat.

b) Eskabidea izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

–Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin.

Kontrol maila: Eskabideen %100.

3.–Prozeduren araubide juridikoa:

Araudia: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3.bis, 3.ter eta 3.quater artikuluak, eta ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 68 quinquies artikulua.

4.–Unitate arduradunak:

–Laguntzen eta Plangintzen Atala eta Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala.

VI. ardatza.–Etxebizitza hutsak.

1.–Helburuak:

Dagokion udalerrian etxebizitza babestuak errentamendu araubidean eskuratzeko eskaria badago, eta hala adierazten badu etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuak, honako hauek eginen dira dagokion Udalak eginiko eskariari jarraikiz:

–Etxebizitzen benetako bizitokia kontrolatu.

–Etxebizitza bizitoki gisa erabiltzeko beharrari buruzko kontzientzia sustatu, eta etxebizitza hutsak merkatuan sartzea bultzatu.

–Arrazoizko prezioetan alokairu araubidean dauden etxebizitzen eskaintza areagotu.

–Etxebizitza hutsak “Alokairu poltsa” etxebizitza programari lagatzea sustatu.

2.–Jarduketa lerroak:

a) Hala badagokio, etxebizitza hutsa aitortzeko prozedura izapidetu baino lehen, etxebizitzaren egoera aztertuko da, bitarteko hauen bidez nagusiki:

–Ur, gas eta elektrizitate kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie etxebizitzen titular diren pertsonei.

–Ur, gas eta elektrizitate kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie enpresa hornitzaileei.

–Biztanleen azken udal zentsuari edo erroldari buruzko datuak eskatuko zaizkie udalei.

–Eskatzaileen jabetzekoak diren eta hutsik dauden etxebizitzei buruzko informazioa eskatuko zaie finantza erakundeei eta haien higiezinetako filialei, aktiboen kudeaketarako erakundeei, banku berregituratzetik sortutakoei barne, eta higiezinen erakundeei, haien egoitza soziala edozein dela ere.

b) Etxebizitza hutsa aitortzeko prozedura izapidetzen den bitartean, etxebizitzen titularrek, etxebizitza hutsa aitortzeko prozeduren esparruan, hiru hilabeteko epean etxebizitza erabiltzen hasteko edo dagokion birgaitze babestua eskatzeko beren gain hartutako konpromisoak betetzen direla egiaztatuko da.

Kontrol maila: Erabilgarri dauden giza baliabideen eta baliabide materialaren arabera.

3.–Prozeduren araubide juridikoa.

Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen V. bis titulua.

4.–Unitate arduradunak:

–Laguntzen eta Plangintzen Atala eta Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atala.

Iragarkiaren kodea: F1902850