66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MEZKIRITZ

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen Ordenantza. Behin betiko onespena

Mezkirizko Kontzejuak, 2019ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen Ordenantza, hasiera batean onetsi zenetik egin diren aldaketa guztiak barne; Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ATARIKOA

Nafarroako toki administrazioaren eskumena da bere helburuak lortzeko behar dituen baliabideak eskuratzea eta ondasunak arautzea. Baliabide horien artean eta, zehazki, tributuz besteko baliabideen artean daude Kontzejuerrien herri-ondasunen aprobetxamenduak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 5.1.a).2 artikulua).

Ezarri nahi den erregulazioa bat dator gai horri buruz indarrean dagoen legeriarekin eta aprobetxamendu horietarako prozedura proportziozkoak ezartzen ditu, araudiarekin bat datozenak, onuradun izan daitezkeen herritarrei ezinbesteko segurtasun juridikoa ematen zaiela bermatzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Mezkirizko Kontzejuko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.

2. artikulua. Definizioa.

Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Ezaugarriak.

Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

Mezkirizko herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Kontzejuari dagozkio, arau hauetan azaltzen den eran: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Kontzejuaren ahalmenak herri-ondasunei dagokienez.

Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Mezkirizko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunei buruz Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Desafektazioa, saltzeko edo trukatzeko.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Mezkirizko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatzen bada, lur horiek Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.

6/1990 Foru Legean eta haren erregelamenduzko xedapenetan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren II. tituluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Kontzejuaren betebeharrak herri-ondasunei dagokienez.

Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Jabetza berreskuratzea.

Kontzejuak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta Kontzeju idazkariak edo legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legerian ezarritako prozedurari jarraikiz.

Era berean, Kontzejuak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean, herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Defentsa eta kontserbazioa.

Kontzejuak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Herri-ondarea berreskuratzea.

Mezkirizko Kontzejuak, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimen berariazkoa beharko du, aplikatu beharreko araudiak hori ezartzen duenean.

11. artikulua. Eskubideen iraungipena.

Kontzejuak, baimen, emakida edo beste titulu baten kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, administrazio bidea erabiliko du beti eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Kontratuen interpretazioa.

Mezkirizko Kontzejuak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Herritarren ekimena.

Mezkirizko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Kontzejuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Aprobetxamenduen xedea.

Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

Herri-lurren aprobetxamendua egiterakoan, kontuan hartuko da baliabide natural berriztagarriak direla, eta bateragarri eginen dira haien erabilera arrazoizkoa eta zaintza egokia.

Ordenantza hau onartzen denetik egingo diren herri-aprobetxamenduak ordenantza honetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

15. artikulua. Aprobetxamendu motak.

Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.

c) Beste aprobetxamendu batzuk.

d) Bizilagunek herrilurretan sorturiko luberriak.

e) Herriko ondasunen hobekuntzak.

f) Herriko baratzeen aprobetxamendua.

16. artikulua. Izaera orokorrez Kontzeju honetako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradunak familia unitateak izango dira, betiere haien titularrak honako baldintzak betetzen baditu:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua edo legez gaitua.

b) Biztanle Erroldan bizilagun gisa agertzea urte beteko antzinatasunez gutxienez, etxeko egur lotearen aprobetxamenduaren kasuan izan ezik, horretarako 9 hilabeteko antzinatasuna aski izanen baita.

c) Benetan eta jarraian bizitzea Mezkiritzen, urtean bederatzi hilabetez, bederen.

d) Udalerri honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

Familia unitateko kideak dira etxebizitza berean bizi diren guztiak. Hala ere, familia unitate independientea da guraso erretiratuek osaturikoa edo biak hirurogeita bost urte baino gehiago izatea, betiere haien diru-sarrerak, orotara, lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago badira.

Horrelakoetan Kontzejuak erabakiko du herri-aprobetxamenduen familia unitate onuradunak zeintzuk diren.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua era hauetara eginen da eta honako hurrenkerari jarrituz:

a) Herritarrendako adjudikazio zuzenaren bidez.

b) Ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoren bidez adjudikatuta.

Herri-larreen aprobetxamendua Ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie.

18. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren herri-larreak 13. poligonoan daude.

19. artikulua. Sartu ahalko den azienda kopurua azienda motas bakoitzaren arabera ezarriko denez, hona hemen kontuan hartuko diren berdintasunak:

Azienda larri bakoitzeko 1,00 A.L.U.

6 hilabetez goitiko behi 1 1,00 A.L.U.

6 hilabetez goitiko behor/zaldiko 1 1,30 A.L.U.

6 hilabetez goitiko ardi 1 0,13 A.L.U.

6 hilabetez goitiko mando 1 1,30 A.L.U.

6 hilabetez goitiko asto 1 1,00 A.L.U.

6 hilabetez goitiko ahuntz 1 0,13 A.L.U.

20. artikulua. Debeku da txerri azienda bazkatzea.

21. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua ordenantza honetako 16. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun abeltzain titularrei zuzenean adjudikatuko zaie.

Herri-larreen aprobetxamendua egin nahi duten bizilagun abeltzainek azienda bere izenean erregistratua eduki behar dute, baita azienda-kartilla bere izenean ere, eta Kontzejuak kanpaina bakoitzean ezarriko dituen kuotak ordaindu beharko dituzte.

22. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo beste batzuei lagatzeko. Horretarako, Mezkirizko Kontzejuak hartuko du herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen herriko familia unitateko titularrek euren aziendak kentzen badituzte Nafarroako Gobernuko Abere Ustiategien Erregistrotik.

Kontzejuak herri-lur bakoitzetik %15a gordeko du 30 urte baino gutxiagoko abeltzainentzako edo abeltzaintza ustiategi baten titular gisa 4 urte edo gutxiago daramatenentzako. Banatzen ez diren hektareak eskaera egin duten gainerako abeltzainen artean banatuko dira.

23. artikulua. Bazkalekuen aprobetxamendua urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte eginen da.

24. artikulua. Azienda-larritzat hartuko da bazkalekuetan sartzean 6 hilabete baino gehiago duen azienda oro.

25. artikulua. Ibarrean bizi diren 30 urte edo gutxiago duten abeltzainek eta abeltzaintza ustiategi baten titular gisa 4 urte edo gutxiago daramaten abeltzain berriek Kontzejuak ezarritako kanonaren %10eko beherapena izango dute.

26. artikulua. Bazkaleku guztiak adjudikatzeko oinarrizko prezioa Mezkirizko Kontzejuak bilkuran hartuko duen erabakiaren bidez ezarriko da.

27. artikulua. Mezkirizko Kontzejuak kanonak aldizka eguneratuko ditu.

28. artikulua. Mezkirizko bizilagunek lehentasuna izanen dute Kontzejuko bazkalekuak aprobetxatzeko; hartara, urteko kanona zehaztu ondoren, Kontzejuak bandoa kaleratuko du horien zenbatekoak eta bazkalekuen erabilera baldintzak aditzera emateko.

Aipatutako zenbatekoak ordaintzen ez dituztenei Kontzejuak ez die PAC delakoarentzako hektarearik ziurtatuko, eta hurrengo urtean ezingo dute Kontzejuko herri-larreetan aziendarik sartu.

Uztailean sartuko den aziendari dagokion kopuru guztia urteko abuztuaren 31 baino lehen ordainduko da.

29. artikulua. Kontzeju honetako bazkalekuak aprobetxatuko dituen azienda orok Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean ezarritakoa betetzen duten osasun ziurtagiriak izan beharko ditu.

30. artikulua. Mezkirizko Kontzejuak, onuradunei hiru hilabete lehenagotik gaztigatuta, bazkalekuen aprobetxamenduen esleipenak bertan behera uzten ahalko ditu herri-lurretan hobekuntzak egin nahi baditu, eta argi utziko du aprobetxamendua bertan behera gelditzeak ez diola onuradunari kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik ekarriko.

31. artikulua. Ez da onartuko Kontzejuarekin zorrak dituzten abeltzainen aziendak herri-larreetan sartzea.

32. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen beste batzuei lagatzeko. Horretarako, Kontzejuak ulertuko du herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen aprobetxamendu honen herritar onuradunek ez badute azienda erregistraturik Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Ustiategien erregistroan, edo egoitza duten herriko katastroan izanik ere, Kontzeju Katastroan agertzen den abelburu kopurua txikiagoa bada onuradunak benetan duena baino, ezertan ukatu gabe Mezkirizko Kontzejuak beste bide batzuen bitartez horren berri izaten ahal duela.

33. artikulua. Klimatologiako baldintzengatik edo bolumenaren kalitateagatik egoki jotzen bada, Mezkirizko Kontzejuak erabaki dezake azienda sartzeko egunak aldatzea.

34. artikulua. Herri-lurretako 6/1990 Foru Legearekin bat, Ordenantza honetan “Ohiko usadioz” izeneko sistemaren bidez bazkalekuak aprobetxatuko dituzten onuradunek kanpainako eta azienda motako ordainduko duten kanona Mezkirizko Kontzejuak urtero zehaztuko duena izanen da.

35. artikulua. Mezkirizko Kontzejuak, herri-larreen Batzordean, honako lanak egiteko ardura hartuko du: azienda kopurua kudeatu eta frogatzea, eskaerak onartzea, abeltzain bakoitzari ziurtatuko zaizkion zenbateko ekonomikoak eta hektareei dagozkienak banatzea.

III. KAPITULUA

Zuraren eta egurraren aprobetxamendua

36. artikulua. Kontzejuak egur-loteak esleitu ahalko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten bizilagunei.

Eskubidea izango dute beste toki entitate batetik egur-lotea eskuratzen ez duten bizilagunek bakarrik.

Modu berean, Mezkirizko bizilagunek zuhaitzak erori direla jakinaraz diezaiokete Kontzejuari baita horiek aprobetxatzeko eskaera egin ere.

Horrelakorik gertatuz gero, Kontzejuak behar den ebazpena emanen du, eta, beharrezkoa izanen balitz, Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuari markazioa eskatuko dio, horren ondotik zuhaitzak interesatuari adjudikatzeko, tasatutako prezioan.

36.1. artikulua. Mezkirizko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, haien beharren eta mendian dagoen egurraren arabera.

36.2. artikulua. Egurra, ahal dela, saldutako oihan aprobetxamenduen (adaburuak) hondarretatik ateratakoa izanen da, baita arbola kaxkar edo gaitzak jota daudenetatik, garbiketetatik etab. ateratakoa, eta inoiz ez zurgaiak diren zuhaitzetakoa.

37. artikulua. Epaitzak zuzenean onuradunak berak erabili beharko ditu eta ezin izanen dizkio beste inori eman edo saldu.

Esleipen-hartzaile batek ez badu aprobetxatzen ematen zaion egur lotea eta hurrengo urtean beste bat eskatzen badu, berriz ere aurreko urtekoa esleituko zaio.

Guztiz debekatua dago egurretarako emandako produktuak saldu edo eskuz aldatzea, baita bizilekura ez beste toki batera eramatea ere.

38. artikulua. Egur-lotea duen bizilagun orok urte horretan ez badu auzolanik egiten, 50 euro ordaindu beharko dio Mezkirizko Kontzejuari.

39. artikulua. Onuradunek izanen dute aurretik markatutako epaitzak ateratzeko erantzukizuna.

Lanetan istripuei aurrea hartzeari dagokionez, komenigarria litzateke azpimarratzea halako lanak adjudikaziodunetako bakoitzaren erantzukizunpean egiten direla, eta hark bere gain hartu behar dituela istripuei aurrea hartzeko beharrezkoak diren neurriak, besteak beste, egitekoa den lanetan norbera babesteko ekipamendua erabiltzeko betebeharra.

Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Egurra ateratzean debekaturik dago makinak erabiltzea hezetasuna baldin badago edo zola trinkoturik ez dagoenean. Erabat debekaturik dago zuhaitzak herrestan eramatea pisuzko makinak erabiliz. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

Kontzejuak eta/edo onuradunek egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen badituzte, horretarako mugatutako eremuan soilik eginen dira, basogintza arloko administrazioak baimendutako egur kopuruarekin bat.

Kontzejuak, etxerako egurra moztu eta ateratzeko lanak baliatuz, baso-masak eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi baditu, basogintza arloko administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Toki Administrazioak urtero egiten duen espedienteaz aparte, indarra duen legediarekin bat.

40. artikulua. Kontzesioa hartzen dutenek erantzun beharko dute, baldin eta aprobetxamendua dela-eta mendian kalte edo galerarik gertatzen bada, eta ordaina ematera beharturik egonen dira, baita dagozkiekeen zehapenak ordaintzera ere.

41. artikulua. Aprobetxamendu hauek Nafarroako Gobernuak ezarriko dituen jarraibide tekniko-fakultatiboen menpe egonen dira eta haren aldez aurreko baimena beharko dute.

42. artikulua. Kontzejuak egur-loteen aprobetxamenduengatik kanona ezarri ahalko du eta kuota horiek aprobetxamendua hasi aurretik ordaindu beharko zaizkio Kontzejuari.

IV. KAPITULUA

Bestelako herri aprobetxamenduak

43. artikulua. Erlezaintza ustiategiak jartzea.

Herri-lurretan erlauntzak jartzeko baimena eman ahalko zaie autokontsumorako erlezaintza ustiategia jarri nahi dutenei.

Betebeharrak

1. Erlategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa betez, eta irizpide orokor gisa, hona hemen zein diren zaindu beharreko tarteak, ondorengo elementu hauei dagokienez:

a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biztanleguneak: 400 metro.

b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.

c) Errepide nazionalak: 200 metro.

d) Eskualdeko errepideak: 50 metro.

e) Auzobideak: 25 metro.

f) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan jarriko dira, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora.

d) eta e) apartatuetan ezarritako tartea %50 murriztu ahalko da, erlauntza malda batean eta haien horizontaletik 2 metroko garaieran edo desnibelean badago.

Erlauntzek baldin badute gutxienez bi metro garai den hesia, eta erleek haren gainetik atera behar badute aipatu errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aurrealdean, ezarritako tarteak %75 murriztu ahalko dira kasu guztietan.

2. Erlauntz multzoa dagoela azaltzen duen seinalea jarri behar da, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han azalduko da zer ustiategitakoa den, eta erleak dabiltzala ohartaraziko da, kasu guztietan.

3. Erlategiek ezinbestean bete beharko dute indarreko legeria, eta, zehazki, Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan edo haren ordez edo haren osagarri etortzen diren xedapenetan ezarritakoa.

4. Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legerian jasotako arauak betetzen ez dituenak, erlauntzak berehala kendu beharko ditu, eta/edo zigorra jasoko du.

Prozedura

1. Interesdunak herri-lurra okupatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, ustiategiaren kokapen zehatza eta okupatuko diren metroak azaltzen dituena, ustiategiaren erregistroaren ziurtagiria, bai eta dagokion osasun dokumentazioa ere. Ustiategia abian ez badago, lursailaren lagapenari lotuta dagoela dioen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, eta adierazitako dokumentazioa 3 hilabeteko epean entregatuko duela, Kontzejuak adostutako okupazioari Nafarroako Gobernuak baimena ematen dionetik hasita.

Hala ere, Kontzejuak xedatuko du kokapena eta okupazioak hartuko dituen metro kopurua, kontuan hartuta aurretik adjudikatu dituen aprobetxamenduak, inor kaltetu gabe edo inorekin gatazkarik sortu gabe.

2. Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Kontzejuaren osoko bilkurak erabaki ahalko du okupazioa arautzen duen agiria hasiera batean onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.

3. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

Kontzejuak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.

44. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietan, Nafarroako Ehiza eta Arrantzako 17/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz eginen da ehizaren aprobetxamendua.

45. artikulua. Ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Bizilagunek herri-lurretan sorturiko luberriak

46. artikulua. Bizilagunek debeku dute herri-lurretan luberriak sortzea, Mezkirizko Kontzejuaren baimenik ez badute.

Hau da jarraituko den prozedura.

a) Interesdunaren idatzizko eskabidea, Mezkirizko Kontzejuari zuzendua, herri-luberria sortzeko, luberritu nahi duen azalera, kokapena eta zertarako erabili nahi duen azalduz.

b) Mezkirizko Kontzejuaren onespena edo ukapena, eskatutako luberriari dagokionez.

c) Kontzejuak onespena emanez gero, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, behin betiko onespena eman dezan.

47. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte luberritutako lurrak eta ezin dituzte errentan eman edo ustiatu, lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez.

Bestetik ere, onuradunek luberritutako lurren amankomuneko ustiapentzat hartuko dira, onuradunak kooperatibetan edo legez eratutako sozietateetan elkartzen badira, eta kide guzti-guztiak aprobetxamendu mota horren onuradunak badira.

Horretarako, direlako elkarte horiek Mezkirizko Kontzejuera agertu beharko dute haien eraketa erakusten duten agiriekin, kideen izen-abizenekin eta elkartearen helburuekin, ezertan ukatu gabe Mezkirizko Kontzejuak eskubidea duela egoki iruditzen zaion dokumentazioa eskatzeko, hori guztia ordenantza honetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.

48. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, onuradunek edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte lanak, ordenantza honetako 4. artikuluan jasotzen baitira bete beharreko ezaugarriak. Soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten nekazaritzako urtaroen edo luberritzeko baimenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, Mezkirizko Kontzejuaren iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, Mezkirizko Kontzejuari jakinarazi beharko zaio 15 eguneko epean, onuradunek edo haren famili unitatekoek zergatik ezin duten ustiapeneko lanik egin, eta horretarako baimena eskatu beharko dute gorabehera horiek beren horretan dirauten bitartean.

Mezkirizko Kontzejuak egoki juzgatzen dituzten egiaztapenak egiten ahalko dituzte edozein unetan, luberritutako lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

49. artikulua. Luberritutako lurrak zuzenean lantzen ez direla joko da ondoko kasu hauetan:

a) Nekazaritzako makineria izanik, hura luberritutako lurrak lantzeko erabiltzen ez dutenean.

b) Mezkirizko Kontzejuaren Mendi Batzordearen txostenaren arabera Luberritutako lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean, ordenantza honen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoan, Kontzejuak agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Mezkirizko Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

50. artikulua. Luberritzeko emandako lurretan itxiturak egin nahi izanez gero, Mezkirizko Kontzejuaren baimena beharko dute, eta itxitura horiek egurrezko hesolak izan daitezke edo zutoin alanbredunekin egindakoak. Debeku dira fabrikako obraz, adreiluz edo hormigoizko blokez egiten diren itxiturak.

51. artikulua. Luberritzeko emaniko lurrak eta jabe pribatua duten lurrak ezin izanen dira batera hesitu.

52. artikulua. Debeku da aprobetxamenduak onuradunen artean trukatzea, non ez den aldez aurretik interesdunek eskatuta eta Mezkirizko Kontzejuak baimena emanda.

53. artikulua. Onuradunek zuzen behar dituzte landu eta aprobetxatu emaniko lurrak.

54. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte luberritzeko emaniko lurrak erabili, Mezkirizko Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, eskatu ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.

55. artikulua. Kontzesioaren epea bukatuta, lurrak Mezkirizko Kontzejuera itzuliko dira, egindako hobekuntza guztiak barne, eta egindako hobekuntza horiengatik onuradunak ezin izanen du inolako ordainik eskatu.

Direlako hobekuntza horiek oso-osorik itzuliko dira Mezkirizko Kontzejuera, eta eurek baimena emanen dute eramangarri diren hobekuntzak handik eramateko.

Hortaz, hobekuntza eramangarritzat hartuko dira eginiko itxiturak, eta onuradunak handik eramanen ahalko ditu kontzesio epea bukatu ondoren.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan

56. artikulua. 1. Mezkirizko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio, beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

56.2. artikulua. Proiektu horiek Mezkirizko Kontzejuak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

56.3. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:

a) Mezkirizko Kontzejuak osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta Mezkirizko Kontzejuak osoko bilkuran hartutako erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

57. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Mezkirizko Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Kontzejuak ebatzi ondoren.

58. artikulua. Ordenantza honetako 49. artikuluan aipatzen den Nafarroako Gobernuaren onespenak, indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

VII. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

59. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan Bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

e) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak edo haien gorpuzkiak nonahi uztea.

g) Larratzeko eremuak eta epeak ez errespetatzea.

h) Mezkirizko Kontzejuaren baimenik gabe azienda sartzea.

i) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

60. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izanen dituzte:

Arau-hauste guztiak Kontzejuaren herri-lurretako batzordean aztertuko dira eta Kontzejuaren osoko bilkurak berretsiko ditu.

a), b), c), d) eta e) apartatuetako arau-hausteengatik emakida kenduko da 2 urterako, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunak edo eskumena duten bestelako erakundeek zehapena ezartzea.

g) eta h) apartatuetako arau-hausteengatik debekaturik izanen da bi urteko epean azienda sartzea Kontzejuaren bazkalekuetan eta, hala badagokio, egindako aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko urteko kanonaren bikoitza eta seikoitzaren arteko zenbatekoa.

Gainerako arau-hausteengatik, aprobetxamenduaren balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60,00 eurotik 2.500,00 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indarrean dauden aprobetxamenduen era eta baldintzak aprobetxamenduaren epea bukatu arte errespetatuko dira; hortik aitzina, Ordenantza honetan ezarritakoari egokituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena: Ordenantza honetan arautu gabeko orotarako herri-lurrei buruzko Foru Legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena: Ordenantza honek, behin betiko onesten den egunean hartuko du indarra.

Mezkiritzen, 2019ko martxoaren 6an.–Kontzejuburua, Oscar Saragueta.

Iragarkiaren kodea: L1903654