66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57/2019 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, oinarri arautzaileak onesten dituena toki entitateei 2019an laguntzak emateko, naturaguneetan erabilera publiko jasangarria sustatu beharrez. DDBN identifikazioa: 441987.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak, bere printzipio orokorretan, ezartzen du ezen aipatu eremuak kudeatzeaz arduratzen diren administrazioek bermatuko dituztela funtsezko prozesu ekologikoen eta oinarrizko bizi-sistemen mantentzea, aniztasun genetikoaren zaintza, baliabide naturalen erabilera antolatua, eta espezieak eta ekosistemak modu iraunkorrean aprobetxatzea, lehengoratzea eta hobetzea. Horiekin batera, eremu horien eraginpeko populazioaren garapen sozioekonomikoa sustatuko dute eta natur ekosistemen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna babestuko dituzte.

Aipatu oinarriak aintzat hartuta, eta betiere eremu horien eraginpeko populazioen garapen sozioekonomikoa indartzearen esparru zehatzean, 90eko hamarkadatik Nafarroako Gobernuaren eta naturaguneen jabe diren hainbat toki entitateren artean lankidetza hitzarmenak egin izan dira, erabilera publikoaren kudeaketa zuzena bermatzeko, barnean direla antolamendu egokia eta bisitariei begirako ingurumen arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa.

Halere, eta aipatu hitzarmenek beren helburuak bete dituzten arren, 2018an beharrezkotzat jo zen dirulaguntzak emateko norgehiagokako araubide bat ezartzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitate guztiek aukera izan dezaten naturaguneen erabilera publikoaren kudeaketa, zaintza eta antolamendua errazten dituzten diru-funtsak eskuratzeko.

Gune horietako asko natur eta aisiarako jarduerak egiteko ingurune paregabeak dira, eta herritarrak etengabe erakartzen dituzten lekuak dira, batez ere udako oporraldietan. Nafarroako naturaguneetara joaten diren bisitarien etengabeko jarioak neurriak hartu beharra ekarri du eremuen erabilera publikoa arautzeko, gaur egun eta etorkizunean ongi zaindutako naturaz gozatzeko aukera izateko eta, erabilera publikoaren aprobetxamenduarekin batera, leku horien balio naturalen kontserbazioa bermatzeko.

Eremu horien eraginpeko toki entitateak jabetzen dira horretaz, eta berez sortutako turismo horren kudeaketa arautzeko dituzten mugez ere bai, eta badakite, jakin ere, tokiko erakundeekin elkarlanean ibili behar dutela, aipatu eremuen erabilera publikoa antolatzeko proiektuak arian-arian sendotuko badira.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza-lerro bat ezartzea naturaguneetan erabilera publiko jasangarria sustatzeko 2019ko urtarrilaren 1etik urte bereko azaroaren 3ra arteko epean, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasota dagoen bezala.

Diruz lagunduko diren jarduketak lotuta daude erabilera publikoaren antolamenduan, zaintzan eta ingurumen arloko informazio eta hezkuntza lanetan ariko diren langileen gastuekin.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 3ko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra arteko epean, naturaguneetan erabilera publikoa zaindu eta kudeatu beharrez.

2. 260.000 euroko gastua baimentzea, 2019ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateendako laguntzak, naturguneetan erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko” izeneko 740002 74200 4609 456309 partidaren kargura.

3. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratuko dira.

Iruñean, 2019ko otsailaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Toki entitateendako laguntzen oinarri arautzaileak,
2019an naturaguneetan erabilera publikoa sustatzeko eta erabiltzeko

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki entitateendako dirulaguntzak arautzea, honako gastu hauen zati bat ordaintzeko: erabilera publikoaren zaintza eta kudeaketa lanen kontratazioa, eta bisitariendako ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua naturaguneen erabilera publiko jasangarria eta haien ingurumen balioen zabalkundea sustatzea da, laguntza emanez zaintza lanetarako, bisitariei arreta emateko eta ingurumen arloko hezkuntza eta informazio lanetarako.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

Beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki entitateak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin eremu horrek ingurumeneko babes-kategoriaren bat badauka, edo balio natural handia, eta toki entitate horiek jendearendako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko jarduketak edo programak gauzatzen badituzte, hurrengo oinarriko irizpideen arabera, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko hitza ematen badute.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, toki entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Neurri hauen onuradun izan daitezke aurreko oinarrian agertzen diren toki entitateak, betiere 7. oinarrian ezarritakoa betetzen badute.

2. Ez dira onartuko gunearen ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal duten jarduketak.

3. Espedienteek dirulaguntza jasotzeko, gainera, onarpen irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Erabilera sozial aitortua izatea.

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezartzen diren debeku-egoeretan ez egotea.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra arte naturaguneetako erabilera publikoaren zaintza eta kudeaketa lanak (ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa barne) kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Honako ekintza eta baldintza tekniko hauen ondoriozko gastuek (BEZik gabe) jaso dezakete dirulaguntza:

1. Langileak kontratatzea.

2. Teknikari eskudun batek egindako Memoria Teknikoari dagozkion gastuak, aurkeztutako proiektuaren kostu osoaren %4, gehienez.

3. Laneko aholkularitzaren eta kudeaketa administratiboaren kontratazioa.

Ez dira diruz laguntzeko modukotzat jotzen langileen dieta, kilometraje nahiz telefono gastuak, ez eta naturagunearen barnean egindako bisita gidatuak ere. Instalazio, bulego eta antzekoen mantenurako materialen erosketa ere ez da diruz laguntzeko modukotzat jotzen.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdian ezarritako epeari dagozkion zerbitzuak emateko kontratuan agertzen den zenbatekoaren %90eko (BEZa kanpo) dirulaguntza emanen da.

2. Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa: 35.000 euro. Gutxienekoa: 5.000 euro.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkeztea:

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 16. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko baldin eta laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez badira, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez badira. Beraz, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

2. Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betekizunak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, gehienez, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

3. Honako hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa:

1.–II. eranskineko eskaera-inprimakia.

2.–II. eranskineko gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

3.–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, dirulaguntzaren eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua.

4. Egin beharreko lanen Memoria Tekniko Deskriptiboa aurkeztu behar da, bertan deskribatuz naturagunea eta erabilera publikoaren kudeaketak eta zaintzak ukitzen duten eremua. Teknikari eskudunek egin behar dute memoria hori, eta eduki hauek izan behar ditu:

a) Erabilera publikoaren kudeaketa-lana eginen den naturagunearen deskripzio atal bat; bertan erantsiko da behar den informazio guztia, espedientea 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideen arabera puntuatu ahal izateko.

b) Erabilera publikoaren kudeaketarako jarriko diren giza baliabideen zehaztapena eta justifikazioa, pertsona bakoitzak egin beharreko lanak zehaztuz (informazioa, ingurumen heziketa, zaintza), eta aldiak, ordutegiak eta lantokiak azalduz.

c) Erabilera publikoaren kudeaketari eskainiko zaizkion giza baliabideei erantsiko zaizkien gastuen zehaztapena eta justifikazioa, konparaziorako, lan aholkularitzaren eta kudeaketa administratiboaren gastuena.

d) Alde-aldera aurreikusten den bisitari kopurua, eta kopuru hori zein informazio iturri erabilita lortu den, kontrastatzeko aukera izateko.

e) Naturagune horretan erabilera publikoaren haritik azken 5 urteetan egin diren lanen zerrenda.

f) Diruz lagundu nahi diren ekintza guztien banan-banako kostuen aurrekontu zehatza eta guztien aurrekontu osoa.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Laguntza norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko denez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta baloraziorik handiena lortzen duten eskaerei emanen zaie laguntza, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera.

ZENBAKIA

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Gunea honelakoa da edo hau biltzen du: Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean sartutako eremu babestuak (erreserba integralak eta natura-monumentuak izan ezik) edo UNESCOk izendatutako tokiak

25

2

Eremu hori Kontserbazio Bereziko Eremua (ZEC) da edo horrelako eremu bat du toki entitate eskatzaileen mugartean (bat gutxienez, eskaera bateratuaren kasuan)

25

3

Bisitariak urteko (1)

30

4

Eremuaren jabeak hainbat toki entitate dira, eta eskaera eta dokumentazio bateratua aurkezten dute (lankidetzarako pizgarria)

5

5

Erabilera publikoa kudeatu eta zaintzeko lanak egin dira azken bost urteetan (2)

15

6

Badira erabilera publikoarekin loturiko azpiegiturak (3)

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

–300 bisitaritik behera = 0 puntu.

–300 eta 3.000 bisitari artean = 5 puntu.

–3.001 eta 15.000 bisitari artean = 15 puntu.

–15.001 baino gehiago = 30 puntu.

Aintzat hartuko den bisitari kopurua laguntzaren eskaeran adierazten dena da. Bisitari kopuruaren kalkulua egiteko erabiliko dira kontrolak, antolatutako jarduerak, sarreren salmenta edo aurkeztutako estimazioa justifikatzeko aukera ematen duen beste edozein formula. Aipatu kalkulua erantzukizunpeko adierazpenerako formatuan aurkeztu beharko da, toki entitate eskatzaileen idazkariak sinatua.

(2) Eskatzaileek azken bost urteetan egindako lan guztiak sartuko dituzte laguntza eskaeran, edozein dela ere horien finantzaketa-iturria.

(3) Erabilera publikoarekin loturiko azpiegituratzat honako hauek hartuko dira: Eremuan edo inguruan kokatuta daudenak, haren kudeaketarekin lotura zuzena badute. Hauek dira, besteak beste: aparkalekuak, harrera egiteko etxolak edo antzekoak, bisitariendako kontrol edo informazio guneak, eremuaren erabilera publikoaren eskaintzan dauden bidezidor seinaleztatuak, erabilera publikorako ongi zaindutako atsedenguneak eta eremuaren eskaintza publikoan sartutako beste azpiegitura batzuk.

Bideak eta bidezidorrak ez dira erabilera publikoko azpiegituratzat hartuko baldin eta publikoaren erabilerarako eskaintzen ez badira eta seinalatuta ez badaude, ez eta beste azpiegitura batzuk ere, baldin eta beren eraikuntza edo xede nagusia erabilera publikoaren kudeaketa ez bada.

2. Eskaeren arteko berdinketa baldin badago puntuazioan, lehentasunen hurrenkera hau aplikatuko da, irizpideen zenbakiei jarraikiz: 3, 1, 2, 5, 6 eta 4.

3. Lehentasunen hurrenkera horren arabera esleituko da aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

4. Laguntza onartu bai, baina gauzatzen ez diren ekintzen kasuan, onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan eman beharko du horren berri eta, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren, horren ondorioz askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan diru-esleipen aski ez izategatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

5. Oinarri honen 8.4 puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua aski ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura aski ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria–Ebaluazio organoa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari igorriko dio.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

11. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Laguntzak emateko, diruz lagundutako jarduketek ingurumen baimena izan behar dute.

5. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean edo, kasua bada, dirulaguntzei buruzko legerian aurreikusitako gehieneko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta, dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatuta, berariazko ebazpenik eman ez bada. Esanbidezko edo presuntziozko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

13. oinarria.–Ordainketa eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2019ko azaroaren 15a izanen da. Epe hori igaroz gero, legerian ezarrita dauden zigorrak aplikatuko dira.

1. Egindako lanen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eskaeran aurkeztutako Memoria Teknikoaren formatu berean, gauzatutakoaren benetako datuak jasoz. Egindako lanen memorian jasoko dira, besteak beste: kontratatutako langile bakoitzak benetan egindako egutegia, kontratatutako langile bakoitzaren zaintza-orduen kopurua eta ingurumenaren inguruko heziketa eta informazio ekintzak, bisitarien alde-aldeko kopurua hilabetez hilabete eta urteko kopuru osoa, edo laguntzari dagokion aldi osokoa. Jasoko dira, baita ere, dirulaguntzari dagokion aldian izandako gorabehera aipagarriak, hala nola eremu horretan antzematen diren mantenu-beharrak. Erabilera publikoaren kudeaketaren balantze ekonomikoa ere aurkeztuko da, bertan zehaztuta naturgunearen kudeaketa-aldi horretan lortutako diru-sarrerak: aparkalekuen kobrantza, dokumentazioaren salmenta...

2. 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 3ra bitarteko jatorrizko fakturak edo horien fotokopiak aurkeztu beharko dira. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren toki entitateek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako bestelako dirulaguntzen edo laguntzen berri eman beharko zaio organo emaileari.

3. Betebeharren bat betetzen ez bada, dela dirulaguntza emateko ebazpenetan ezarritakoa, dela oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa edo dela Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoa, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da eta, kasuaren arabera, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, kasuaren arabera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez igorriko dira entitate eskatzaileentzat gaitutako helbide elektronikora.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektroniko hori. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

17. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira bestelako dirulaguntzekin, esaterako, Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandakoekin.

2. Kasu horretan, jarduera bat eta bera egiteko emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9.d) artikuluan xedaturikoarekin bat. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere langabezian dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntzak ematen ditu, gizarte onurako edo onura orokorreko lanak eta zerbitzuak egiteko. Bada, entitate onuradunak laguntza horiek eskatu dituen edo eman dizkioten zehaztu beharko du, eta argitu beharko du laguntza horiek babestuko luketen kontratuen hartzaileak eta hemen ezartzen diren laguntzek babestuko luketen kontratuen hartzaileak pertsona berak diren: haien izenak, IZK, laguntza zer alditarako eskatu den eta laguntzaren zenbatekoa, ordurako ezagutzen badu.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Dirulaguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA

Laguntza eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena toki entitateentzat naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

ADIERAZPENA EGITEN DUEN TOKI ENTITATEARENTZAKO ARGIBIDE JAKINGARRIAK

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun-betebeharra bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa urtean 20.000 eurotik gorakoa denean.

b) Emandako zenbatekoak entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa denean.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua bi hauentatik txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua, kasua hori bada.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzen direlako gardentasun-betebeharrak dituzten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute, ebazpen honi erantsitako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpen eredua erabiliz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudunek, gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duten dedikazio sistema.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko du aipatutako informazioa eta Ingurumen Naturalaren Zerbitzuan aurkeztuko da. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun-betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betebehar horiek ez betetzeak onartutako dirulaguntzaren ordainketa eragotziko du eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuko du aipatutako informazioa eta Ingurumen Naturalaren Zerbitzuan aurkeztuko da. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzen direlako gardentasun-betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute, dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudunek, gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duten dedikazio sistema.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori urtebetez egonen da eskuragarri, Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, betebehar horiek ez betetzeak onartutako dirulaguntzaren ordainketa eragotziko du eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1902888