66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58E/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 13,2 Kv-ko erdi tentsioko aireko linea, Lodosako TEAko “Cárcar” lineako bi zati lotzeko Lodosa eta Sesma artean, Lodosako eta Sesmako udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2018ko apirilaren 26an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektutako jarduketaren helburua da 13,2 kV-ko erdi tentsioko aireko linea bat lotzea (Lodosako TEAko “Cárcar” linea) Lodosako eta Sesmako udal mugarteen artean, 5.800 metro inguruko eta 13,2 kV-ko beste aireko linea bat jarrita. Horretarako alternatiben azterketa bat egin da. Aukeratutako alternatibak (aurkeztutako dokumentazioko 1-B alternatiba) arku bat egiten du mendebalderantz, Sesmako El Salobre aldea saihesteko eta Mureluko pinudiak ez ukitzeko Sesma eta Lodosa lotzen dituen NA-129 errepideko mendate txikian. Euskarri gehienak laborantza eremuetan daude, Lodosa inguruan izan ezik. Hor, La Horca mendixkan dagoen alepo pinuaren basoberritzea ukitzen du.

Lineak zenbait drainatze eta sakan kanalizatu zeharkatzen ditu, baita abelbideak ere (La Vaqueriza eta Junquilloko iraganbideak, Iratxeko 7. zeharbidea eta Ebroko iraganbide nagusia, El Oliado eta La Lomba aldearekin lotzen den lekuan). Lodosa herriko iparraldeko pinudi eremuan paratuko diren 43., 44., 45. eta 46. euskarri berrietara iristeko, beharrezkoa da lehendik dauden bideen zati batzuk zabaltzea, 3 metroraino, eta zabalera horretako sarbide berriak irekitzea. Horretarako, sastrakak kendu eta zuhaitz batzuk moztu beharko dira aipatutako pinudietan.

Ia linea osoa Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 31n emandako 1150/2013 Ebazpenean jasotako mugen artean sartzen da. Ebazpen horrek 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzen du, zeinaren bidez ezartzen baitira hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak. Lineak ez du ukitzen ES2200031 Kontserbazio Bereziko Eremua (Estellerriko Erriberako Igeltsuak), eta Sesmako gatz eremua da KBE horren barruan lineatik gertuen dagoen espazioa.

Euskarri eta gurutzetetan pausatzen ahal den abifauna elektrokutatzea saihesteko, isolatu egin behar dira tentsioa duten elementu guztien arteko lotura zubiak. Horrez gain, zintzilik dauden euskarri eta gurutzetek 0,7 metro baino gehiagoko isolamendu distantzia izan beharko dute, eta lokailu erako elementuek, berriz, metro bateko isolamendua . Horrez gain, isolatzeko eta abifauna babesteko multzoak erabiltzeko aukera ere planteatu beharko da.

2018ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 26koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean. Epe horretan ez da alegaziorik jaso.

Espedienteak aldeko txostenak jasotzen ditu, Lodosako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandakoak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: 13,2 Kv-ko erdi tentsioko aireko linea, Lodosako TEAko “Cárcar” lineako bi zati lotzeko Lodosa eta Sesma artean, Lodosako eta Sesmako udal mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Linea berriko bao guztiak hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar dira; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Lokailu erako euskarri guztientzat U70YB20 AL isolagailua erabili beharko da, PECA-1000-A elementuarekin, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Ez dago baimenduta luzagarriak erabiltzea.

–Proiektuan jasotako hasierako eta bukaerako deribazioetako zubi lasai guztiak isolatuko dira, baita linea nagusiko zubi lasaiak ere. Ganga erako euskarrietan, erdiko kable eroalea isolatu egin beharko da eta lotzeko grapak grapa-estalkiarekin estali beharko dira. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko.

–Ebakigailuak, autobalbulak eta abar dituzten euskarrien kasuan, erabat isolatuko dira lineako kable eroaleen eta tentsioa duten elementuen arteko lotura zubiak. Kable eroalea eusteko grapak isolatu egin beharko dira, grapa-estalki aurreformatuekin, baita tentsioa duten beste elementu batzuk ere (autobalbulak, etab.).

–Abelbideen gaineko ukipenei dagokienez, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalaren txostenean zehaztutako baldintzak bete beharko dira; txostena ebazpen honen eranskinean jaso da.

–Obrak bukatu ostean, ukitutako lurren lehengoratze prozesua martxan jarriko da, lur horien baso, laborantza eta abeltzaintza erabilera berreskuratu ahal izateko.

–Zuhaitzak ukitu behar badira, beharrezkoa izanen da Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalaren baimena lortzea.

–Obrekin hasteko, aldez aurretik abisua eman beharko zaie, 48 ordu lehenago, Basozaintzari –11. barrutia: Lizarrako hegoaldea– (948556031 edo 686504339, ogfoeste11@cfnavarra.es) eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es).

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, azpiegituraren euskarriek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak edo horren gainean ezarri gogo direnak sare elektrikora lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Lineak Nafarroako Errepide Sarea ukitzen duenez, sustatzaileak, obrei ekin aurretik, Errepideak Zaintzeko Zerbitzuaren baimena lortu beharko du nahitaez, eta bertan ezartzen diren determinazioak bete. Ezin izanen dira obrak hasi errepidea ukitzen duten zatian, baimen hori eskuratu arte.

–Lineak Ebro ibaiko zenbait ibilgu eta adar gurutzatzen ditu; hortaz, ibilgu horien polizia eremua ukitzen duenez, sustatzaileak dagokion arroko erakundearen, kasu honetan Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren, baimena eskuratu behar du.

–Herri-lurren Atalak 2019ko urtarrilaren 22an egindako txostenaren arabera, jarduketa sistema gauzatzeko nahitaezko desjabetzerik egin behar ez bada, eta kontuan hartuta Iberdrola Distribución Eléctrica SAU sozietateak gauzatutako jarduketak herri-lurrak ukituko dituela, Udalak, jarduera lizentzia jaso baino lehen –Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Herri-lurren Atalaren bidez–, aipatu lurrak okupatzeko baimena lortu beharko du. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoari jarraituz. (Herri-lurren Atalaren txostena erantsi da).

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 30.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalari, Lodosako Udalari, Sesmako Udalari, Basozaintzari (11. barrutia: Lizarrako hegoaldea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902684