66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57E/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona hegaztitegi batean erdi tentsioko instalazio elektrikoa eta 100 kVA-ko aireko transformazio zentroa jartzeko proiektuari, Cabanillasko udal mugartean. Sustatzailea Chicken Rodri SL da.

2018ko maiatzaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren helburua da deribazio bat egitea Azucarera-Riegos lineako 3204 zenbakiko euskarritik beste euskarri batera, hortik 10 metrora. Euskarri horretan hiru XS ebakigailu, hiru tximistorratz eta 100 kVA-ko transformadore bat (20-13,2kV/400V) instalatuko dira.

Linea berriak zerbitzu emanen dien instalazioek jarduera sailkatuaren proiektuaren aldeko txostena eta lurzoru urbanizaezineko jardueren baimena dute. Horiek udal ebazpenaren aurretik eman ziren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 15eko 349E/2017 Ebazpenaren bitartez. Txosten horretan jasota dagoenez, obrak herri-lurretan egin nahi direnez, lizentzia eman aurretik beharrezkoa da herri-lurren titularra den toki erakundeak herri-lurretako ondasunak desafektatzeko baimena eskuratzea. Ez dago jasota hegaztitegiak jarduera sailkatuaren lizentzia duenik.

Espedientean Cabanillaseko Udalaren txostena jasotzen da. 2019ko otsailaren 13an, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena jaso zen, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eginen du, baldin eta halako proiektuetan aplikatzekoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea hegaztitegi batean erdi tentsioko instalazio elektrikoa eta 100 kVA-ko aireko transformazio zentroa jartzeko proiektuari, Cabanillasko udal mugartean. Sustatzailea Chicken Rodri SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Euskarri berria eta gurutzeta berriak jartzeko entregatutako dokumentazioan jasotako neurriak aplikatuko dira, kontuan hartuta kable eroaleen eta pausatzeko eremuaren arteko isolamendu distantziak gutxienez 0,7 metrokoa izan behar duela.

–Aterpez Kanpoko Transformazio Zentrorako konexio eta sarrerako euskarri berriaren elementuak eta lur azpiko pasabide berrirako euskarriaren elementuak isolatu egin beharko dira, horretarako merkaturatzen diren babesgailu aurremoldekatuekin.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Baimena bakar-bakarrik babesten du 349/2017 Ebazpenaren arabera Cabanillasko 2. poligonoko 419. lurzatian baimendutako abeltzaintza instalazioari azpiegitura osagarri gisa zerbitzu emanen dion sare elektrikoa.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen gainean uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 111.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, lurzatiak ekialdeko mugan duen bideari dagokionez, lurzoruaren sestra gaineko eraikuntza elementuek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Udalak zainduko du jarduketak udal hirigintza araudia betetzen duela eta horri egokitzen zaiola. Araudi horren arabera, energia elektrikoaren sarera lotzeari dagokionez, “lotura sareak edo lineak lur azpian egon behar du”, bat etorriz abeltzaintzako instalazioen eta horien zerbitzura dauden azpiegituren araudiarekin (Lurzoru urbanizaezinaren araudi partikularraren 8.6.1.3.2 art.) eta kontuan hartuta hegaztitegia abeltzaintza jarduera intentsibotzat jotzen ahal dela.

–Obrak egitean, ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola lehenbailehen, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Aintzat hartuko dira kasuan-kasuan eskumeneko organoak edo azpiegituraren kudeatzaileak ezartzen dituen baldintzak.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bortz urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Cabanillasko Udalari, Basozaintzari (12. barrutia: Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902683