66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

56E/2019 EBAZPENA, otsailaren 21ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Robo ibaiaren arroa saneatzeko proiektuaren II. faserako (Legarda, Uterga eta Muruzabal), Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udal mugarteetan. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA - Iruñerriko Zerbitzuak EA da.

2018ko urriaren 5ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean dago sartua (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren helburua da kolektore berri bat eraikitzea hiri mugetatik kanpo. Kolektore horrek, egungo putzu septikoak baliogabetu ondoan, Legardako, Utergako eta Muruzabalgo isuriak bilduko ditu, Robo ibaiaren paraleloan dagoen kolektorean zehar eramateko, Garesko hondakin uren araztegiaren sarreraraino. Kolektorea 315 mm-ko diametroko PVCzko hodi grisekin egina egonen da, eta 5-12 mm-ko hartxintxar geruza baten gainean jarriko da, material berdinarekin estalita. Zangaren gutxieneko ezponda 1/5ekoa izanen da, harkaitza agertzen bada, eta 1/3koa lurrean hondeatu behar bada. Trazadura osoan zehar, ez da 2,00 metro baino gehiagoko sakonera gainditzea aurreikusten; beraz, ez da eskoratu behar. Lekuren batean sakonera hori gainditzen dela ikusiz gero, eskoratu eginen da (2,00 metroko erregistroak gainditzen dituzten lekuetatik gertu gaudenean pentsatuko dugu), edo, hala badagokio, ezponda eginen da. Unean-unean erabakiko da zein den egokiena, segurtasun arrazoiak kontuan hartuta. Zanga betetzeko, hondeaketatik ateratako materiala erabiliko da, trinkotuta. Aurkeztutako azterketan trazadura egiteko hiru alternatiba aztertu dira, eta ingurumen ukipenen azterketa erantsi da, hauek barne: prebentzio eta zuzenketa neurrien kapituluak, eta ingurumenaren zaintza eta jarraipen plana.

Proiektuan jasotakoaren arabera, hustubidearen luzera osoa, Legarda eta Uterga arteko bidegurutzeraino, 3.200,00 metrokoa da gutxi gorabehera, bere ardatz nagusian. Donejakue bidearekin gurutzatzea eta ukipenak eragitea saihesteko, zulaketa gidatu bat eginen da NA-601etik igarotzeko. Legardako adarrak osagai ditu, batetik, bulkada tarte bat, 125 metroko luzerakoa eta 15,00 metroko desnibelekoa, herrien arteko ibarbidea iragaten duena, eta, bestetik, 600,00 metro inguruko grabitate tarte bat. Utergako adarra, bidez, grabitate bidez proiektatzen da, gutxi gorabehera 700,00 metro luzez, eta bi putzu septikotako isuriak biltzen ditu. Azkenik, Muruzabalgo adarra ere grabitate bidez proiektatzen da, eta 120,00 metro inguruko luzera du.

Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen ukipenen azterketaren arabera, “Robo ibaiko arroa saneatzeko proiektuaren II. fasea (Legarda, Uterga eta Muruzabal) gauzatzeak sortuko duen ingurumen eragin orokorra baxutzat hartzen da exekuzio fasean, eta neutrotzat (oso baxua) ustiapen fasean”, baldin eta dokumentu honetan proposatzen diren prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatzen badira. Proiektuaren ingurumen ukipenen azterketak proposatzen du, beste neurri batzuen artean, putzu septikoak eraistea eta bertako hondarrak eramatea; okupazioaren zabalera 6 metrora murriztea landaredi naturala edo erdinaturala duten eremuetan, eta 5 metrora erreka-zuloak gurutzatzen diren lekuetan; erreka-zuloak gurutzatzen diren lekuak lehengoratzea, makal beltzak landatuta (Populus nigra), eta Salix atrocinerearekin ziriztatzea; eta hidroereite eta landaketa beharrak aztertzea ukitutako zuhaixka guneetan.

Espedientean Obanosko Udalaren, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren eta Natur Ingurunearen Plangintza Estrategikorako Atalaren txostena dago jasota. 2018ko abenduaren 27an, Obanosko Udalak hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena igorri zuen, eta bertan adierazi zuen kolektorea lur urbanizagarri gisa kalifikatutako lurretatik igarotzen dela herri horretan, baina errepidearekiko paraleloki proposatutako trazadurak ez dituela zailduko edo baldintzatuko aurreikusitako hirigintza garapenak. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin zuen 2019ko otsailaren 11n, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Txostena proiektuaren aldekoa da, aldeko ebazpena emanez gero kontuan hartu beharreko zenbait determinaziorekin. Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak uste du baimengarria dela kolektoreak Donejakue bidea eta Milagro-Aezkoa errege altxonbidea gurutzatzea; dena den, zenbait baldintza ezartzen ditu obren faserako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baldin eta betetzen badira prebentzio eta zuzenketa neurriak eta ingurumena zaintzeko plana, zeinak jaso baitira proiektuaren ingurumen ukipenen azterketan, baita ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan jasotako determinazioak ere.

Trazaduraren zatirik handiena ureztalurretako eta lehorreko alorretatik igarotzen da, eta ukipen esanguratsuenak Milagro-Aezkoa errege altxonbidea eta Donejakue bidea gurutzatzearen ondorioz gertatuko dira, Obanosko udal mugartean (hala adar frantsesean nola aragoitarrean) eta Muruzabalgo errekan. Obrak ukitutako eremuko errekak habitat potentzialak dira bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), baina proiektuak zenbait neurri jasotzen ditu jasaten ahal dituen ukipenak saihesteko. Ez da beste ukipen adierazgarririk hautematen Natura 2000 sarean, naturgune babestuen sarean, fauna eta florarentzako babes eta interes eremuetan, sare hidrologikoetan eta beste ibilbide interesgarri edo ondare historikoaren elementu batzuetan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Robo ibaiaren arroa saneatzeko proiektuaren II. faserako (Legarda, Uterga eta Muruzabal), Legardako, Utergako, Muruzabalgo eta Obanosko udal mugarteetan. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA - Iruñerriko Zerbitzuak EA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak moztu, inausi edo kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basozaintzari, bat etorriz Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen erregelamenduak aldatu zuen lege hori).

–Abelbideak okupatzen duen azalerak (zorua, zorupea eta hegalkina) Nafarroako Foru Komunitatea - Altxonbideak titulartasuna mantenduko du.

–Obrak bukatutakoan, inola ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude.

–Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen dira altxonbidea edo Donejakue bidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta oinezkoentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.

–Altxonbidean edo Donejakue bidean ukitutako zatietan, zangen zabalera teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoru mailarekin zehatz-mehatz berdinduko dira.

–Erromesei obrak eta lanean ari diren makinak daudela abisatzeko seinale nahikoa eta egokiak jarriko dira.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Gero, lehendik landare naturalak zituzten eremuak landareztatu eginen dira, landaketen eta hidroereiteen bidez, zeinak neurri zuzentzaileetan aurreikusi baitira.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, horren berri emanen zaio ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. eta 63. artikuluei eta Espainiako Historia Ondareari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44 artikuluei jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio Basozaintzari, 4. barrutiko (Iruñea) Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 18 86 90 - 608 06 26 49; gmapamplona@cfnavarra.es).

Hirigintzako kontuetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioei jarraituko zaie.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak saneamendu sarera lotzea.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Baimena lortzeko, eskaintzaileak hitzeman beharko du, zanga bete ondoren, lurra egokitu eginen duela, lurzoruaren nekazaritzarako ahalmena ahalik eta hobekien mantentzeko, bat etorriz Ureztaketa Atalak 2019ko abenduaren 5ean eginiko txostenarekin.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzuak 2019ko urtarrilaren 30ean eginiko txostenak honako zehaztapen hauek ezartzen ditu:

a) Gurutzaketak errepideko zorua ukitu gabe eginen dira, “satorrarekin”, eta gutxienez 1 metroko sakoneran, galtzadaren sestratik hasita, eta lurzoru naturalaren sestra baino 1 metro beherago; gutxienez %1eko malda mantenduko da hodia kutxatilarako babes zorrora bideratzean.

Kutxatilak jarriko dira errepidearen bi ertzetan; hartara, lur azpiko gurutzaketa zehaztuko dute. Bide segurtasuneko arrazoiak direla eta, kutxatilek lurzoru naturalaren sestran geratu behar dute, eta zortasun eremuan, kanpoalderantz ahalik eta gehien aterata.

Errepidearekin paraleloan doazen eroanbideetan, hodi eta kutxatilak gutxienez zortasun eremuan jarriko dira. Hauek izanen dira horien mugak: tokiko errepideen kasuan, 3 eta 8 metro artean, eta autobien kasuan, 8 eta 25 metro artean; betiere errepidearen berdindutako lurreko kanpoko marratik hasita, erantsitako krokisari jarraituz.

Bide segurtasuneko arrazoiak direla eta, kutxatila guztiek lurzoru naturalaren sestran geratu behar dute.

Lur azpiko hodiek ez dute eragotziko fabrikako obretatik datozen egungo uren joana.

b) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, NA-601 eta NA-6062 errepideetan ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik. Zehazki, sustatzaileak dagokion arroko organismoaren baimena eskatu beharko du, kasu honetan Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena.

–Obrak herri-lurretan eginen direnez, obren lizentzia eman aurretik, herri-lurren titular den toki entitateak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideei buruzko ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Trazadurak Foru Komunitatearen jabetzako lurzatiak ukitzen dituenez (errepideak, autobiak eta altxonbideak), sustatzaileak, espedientearen hirigintza izapideak egiteaz gainera, lursail horietan eginen diren ukipenetarako baimena eskuratu beharko du, Ondare Zerbitzuan izapidetzen dena.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio konpromisoa har dezala, aitorpen baten bidez, baimendutako jarduera utziz gero lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Legarda, Muruzabal, Obanos eta Utergako udalei, Basozaintzari (Iruñeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko otsailaren 21ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1902681