66. ALDIZKARIA - 2019ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

30/2019 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, 2018. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak aurkezteko arauak eman, aitorpen ereduak onetsi eta baliabide telematikoz aurkezteko baldintzak eta prozedura zehazten dituena.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1 artikuluaren arabera, zerga horri atxikiriko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko betebeharra izanen dute; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak jasan badituzte edo zatikako ordainketak egin, dagokien zenbatekoa itzul dakien.

Aipatu testu bateginaren 82.2 artikuluan ezartzen denaren arabera, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak ezartzen ahalko ditu, eta aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak zehazten ahal ditu.

Bestalde, testu bategin horren 83. artikuluak (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez garatua) xedatzen duenaren arabera, zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, dagokien zerga zorra zehaztu eta tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan ordaindu behar dute. Gainera, aukera ematen da dirua zatitan sartzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Zergadunek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, bereziki etxera igorritako autolikidaziorako proposamenetatik ateratzen den emaitzaren diru-sarrera egin beharra denean, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 51. artikuluan eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, proposamen positiboen ondoriozko zorra bi zatitan helbideratuko da, horietako bakoitza zorraren %50ekoa, proposamenean berean ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako egunetan. Dena dela, zergadunak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatu edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari foru agindu bidez erregula dezan zergadun eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektronikoen, informatikoen eta telematikoen bidez.

Hori horrela, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak baimena ematen dio Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariari, bere eskumenen barruan, foru dekretu hori garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gaikuntza horretaz baliaturik, foru agindu honen bidez onesten da 2018ko ekitaldiari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen eredua. Eredu hori egokitu egin da, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak Zergaren Foru Legearen testu bateginean egindako aldaketen arabera.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak aplikatu ondoren, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean. Azkenik, lege testu beraren 37. eta 38. artikuluek aitorpena aurkezten dutenen betebeharra xedatzen dute: alde batetik, autolikidazioa egin eta ateratzen zaien zorra ordaintzekoa Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak erabakitzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agintzen diren agiri eta frogagiriak erantsi eta aurkezten den aitorpena sinatzekoa.

Azaroaren 19ko Ondarearen gaineko Zergari buruzko 13/1992 Foru Legearen 38. artikuluan Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari ematen zaion gaikuntza erabiliz, foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du, modu bakar bezala, ondarearen gaineko zergaren 2018ko ekitaldiko aitorpenak aurkezteko.

Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2018ko sortzapena egin dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea aitorpenen aurkezpena arautzeko, bai eta tributu-zorrak ordaintzeko aitorpen ereduak, moduak eta epeak ezartzeko eta zergadunei igortzen zaizkien autolikidaziorako proposamenen baldintzak xedatzeko ere.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude 2018ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zerga batera ordaintzen eta baterako aitorpena aurkezten ahalko dute, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz. Kasu horretan, honako lotura hauetako bat dagoela frogatu beharko dute: ezkontza bidezkoa, bikote egonkorra, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren Erregistro Fiskalaren edukia eta funtzionamendua arautzen dituen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz, edo, kasua bada, seme-alabak izatea (kasu honetan, aipatutako testu bateginean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte).

Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak harrapatu behar ditu. Haietako batek banako aitorpena aurkezten badu, gainerakoek ere banaka egin beharko dute aitorpena.

Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute Nafarroan beren ohiko bizilekua eta baterako aitorpena aukeratzen badute, behartuta egonen dira aitorpena Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen unitateko kidea, likidazio-oinarria dagokion araudiari jarraituz kalkulatuta.

3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik errentak ondoko bideetatik soilik jaso badituzte:

a) Urtean 11.250 eurotik beherako lan etekin osoak.

b) Ondasun higigarrien kapitalaren etekinak eta ondare gehitzeak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare-gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 80.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Dena dela, aitorpena aurkezteko betebeharra ez izanik ere, ezinbestekoa da hura aurkeztea kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak edo zatikako ordainketak itzultzeko eskaera egin gogo duten subjektu pasiboentzat.

2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala edo, bestela, betebehar erreala dutelako, zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2018ko aitorpena aurkeztera, baldin eta tributu-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak aplikatu ondoren, ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen eredua eta ondarearen gaineko zergaren aitorpen eredua, 2018. urteari dagozkionak, eta bi ereduak aurkezteko moduak onestea.

1. F-90 aitorpen eredua onesten da, pertsona fisikoen errentaren gaineko 2018. urteko zergari dagokiona; I. eranskinean ageri da eta paperean aurkezten ahalko da, edo telematika baliatuz, Internet bidez.

F-90 ereduaren paperezko inprimakia Nafarroako Zerga Ogasunak inprimakiak sortzeko duen zerbitzuan lortuko da, beste inon ez, eta Interneteko http://www.nafarroa.eus helbidean eskuratzen ahal da. Orobat, helbide berean eskuratzen ahalko da ordainketa-gutunaren 710 eredua, eta gutun hori beharrezkoa izanen da tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

Aitortzaileak izenpeturiko aitorpenek balioa izanen dute foru agindu honetan onesten den F-90 ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakietan aurkeztuta; horiek Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak garatzen duen laguntza programaren bidez edo http://www.nafarroa.eus web-orriko “Nafarroako Errenta” aplikazio informatikoaren bidez sortzen dira. Kasu horietan, aitorpenaren F-93 frogagiria jasoko da.

Laguntza programaren bidez sortzen den inprimakia telematika bidez igortzen ahalko da, edo, behin inprimatuta (F-93 frogagiria), 8. artikuluan adierazitako entitate edo bulegoetako edozeinetan aurkeztu. Aldiz, aipatu “Nafarroako Errenta” aplikazio informatikoaren bidez sortutako aitorpena telematika baliatuz bakarrik aurkezten ahalko da.

2. F-80 aitorpen eredua onesten da, ondarearen gaineko 2018. urteko zergari dagokiona; II. eranskinean ageri da eta, nahitaez, telematika baliatuz aurkeztu beharko da, Internet bidez.

Aitortzaileek izenpeturiko aitorpenek balioa izanen dute, foru agindu honetan onesten den F-80 ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakietan aurkeztuta; horiek https://hacienda.navarra.es web-orrian datorren Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren laguntza programaren bidez sortzen dira. Orobat, helbide berean eskuratzen ahalko da ordainketa-gutunaren 711 eredua, eta gutun hori beharrezkoa izanen da tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

3. Halaber, aitorpenak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren aitorpenek ere balioa izanen dute, bai inprimaketa programak sortzen duen inprimakia aurkeztuz (pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenetarako bakarrik), bai prozedura telematikoak erabiliz; betiere, inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: etekinak, ondare-gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murriztapenak eta kenkariak kalkulatzeko behar diren datu pertsonal, ekonomiko eta informatibo guztiak, eta zorra zehazteko beharrezkoak diren datu gehigarri guztiak, I. eta II. eranskinetan onesten diren aitorpen ereduetan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk aitorpenetan agertzen ez badira, Nafarroako Zerga Ogasunak zilegi izanen du okerra zuzentzeko eskatzea. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako aitorpena berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

4. Aitorpenak ordezkari baten bitartez aurkeztuz gero, telematika baliatuz bakarrik aurkezten ahalko dira, kontuan hartuta 11. artikuluan ezarritakoa.

4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena.

Aitorpena egitean, I. eta II. eranskinetan onetsitako aitorpen ereduek eskatzen dituzten datu guztiak, interesdunei dagozkienak, jarri beharko dira; hala, interesdunen egoera pertsonal eta ekonomikoaren, ondarearen eta informazioaren arabera bete beharreko lauki guztietan jarri beharko dira datuak.

5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eta ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkezteko epea.

1. 2018. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenak 2019ko apirilaren 12tik ekainaren 24ra bitarte, biak barne, aurkeztu beharko dira.

Hala ere, aitorpena borondatez aurkezteko epea 2019ko apirilaren 4an hasi eta urte bereko ekainaren 24an bukatuko da, biak barne, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena bide telematikoen bidez aurkezten denean soilik, dela aitorpena Interneten bidez bidaltzeko aukera ematen duten programa informatikoak erabiliz, dela Nafarroako Zerga Ogasunak http://hacienda.navarra.es web-orrian zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen duen “Nafarroako Errenta” izeneko aplikazioaren bidez.

2. 2018. urteari dagozkion ondarearen gaineko zergaren aitorpenak 2019ko apirilaren 4tik ekainaren 24ra bitarte, biak barne, aurkeztu beharko dira.

6. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari dagozkion agiriak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira beren aitorpenetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean.

2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dituena; eta maiatzaren 25eko 176/2004 Foru Agindua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak eraman eta eginbidetzeko modua ezartzen duena.

3. Subjektu pasiboak ez daude behartuta aurreko 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak Nafarroako Zerga Ogasunaren esku uztera, erakunde horrek berariaz eskatzen duenean izan ezik; hori hala izanen da, aitorpena berrikusi, likidatu eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak betez eta instruitu edo ebatzi dezakeen edozein administrazio prozedurari jarraikiz.

Dena dela, eta aitorpenak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean aitorpena egiteko programak aitorpenean sartutako datuekin, zergadunek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute diferentzia justifikatzeko. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Zerga Ogasunak dokumentazioa eskatu ahal izatea, aurreko lerroaldearen ezarritakoarekin bat.

Interneten (http://hacienda.navarra.es) eskuragarri dagoen “Dokumentazioa erantsi” aplikazioaren bitartez aurkeztuko da 3. apartatuan aipatzen den dokumentazioa, lehentasunez.

4. Aitorpena egiteko erabiltzen bada Nafarroako Zerga Ogasunak ematen duen laguntza-zerbitzua, subjektu pasiboak eta beren senar-emazteak edo bikote egonkorrak (baldin eta aitorpena elkarrekin aurkezten badute), beren NAN, pasaporte, AIZ edo gidabaimena jatorrizkoekin identifikatu behar dira.

Aitorpena entitate laguntzaile baten bidez aurkezten bada, aurreko paragrafoan esandakoaren arabera identifikatzeaz gain, PIN zenbakia ere aurkeztu beharko da.

Halaber, subjektu pasiboek ondoko datu gehigarri hauek eman beharko dizkiete aitorpena prestatzen duten operadoreei:

a) Lanbide eta/edo enpresa jardueretatik sorrarazitako etekinak aitortzen badira, jarduera bakoitzeko erantsi diren zenbatekoak, erabilitako inprimaki edo programetan agertzen diren kontzeptuen arabera bereizita. Zenbatespen objektiboaren araubideko jarduera bat bada, zeinu, indize edo moduluen modalitatean, erabili diren moduluen unitateak.

b) Ondare-eskualdaketak aitortzen badira, balioak eta eskuratze-datak eta eskualdatutako ondasunen balioak eta datak.

c) Bost ondare-eskualdaketa edo gehiago aitortzen badira, aitortu beharreko ondare gehikuntza edo murrizketa garbien zenbateko orokorren batura, eskualdatu diren izaera bereko ondasunei dagozkienak.

Datu horiek ematen ez badira, laguntza zerbitzuek uko egiten ahalko diote aitorpena egiteari, interesdunek horiek aurkeztu behar izatea galarazi gabe.

7. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren aitorpenari dagozkion agiriak.

Aitorpenetan, subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta aitorpenean azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.

8. artikulua. Non aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena.

Egiten den autolikidaziotik ordaindu beharreko kopuru bat ateratzen bada, subjektu pasiboak aurkezten ahalko du aitorpenaren F-90 ereduaren inprimakia, edo aitorpenaren F-93 frogagiria telematika bidezko igorpenik izan ez bada, ordainketa egin duen finantza entitate laguntzailean edo Nafarroako Zerga Ogasuneko hurrengo bulegoetako edozeinetan:

–Tuterako Lurralde Bulegoa (Sancho el Fuerte plaza 8).

–Lizarrako Lurralde Bulegoa (Koroatze plaza 2).

–Tafallako Lurralde Bulegoa (Teófano Cortés plaza 7).

–Iruñeko Errenta Kanpainako Bulegoa (Ezkirotz kalea 20 bis).

–Doneztebeko eskualdeko bulegoa (Merkatarien karrika 6).

–Beste herri batzuetan aitorpenak jasotzeko irekitzen diren bulegoak.

Subjektu pasiboek posta ziurtatuz ere igortzen ahalko dituzte aitorpenak Iruñeko Ezkirotz kaleko 20 bis zenbakian dagoen Errenta Kanpainako Bulegora.

Egindako autolikidazioen ondotik itzultzeko edo “zero” kuota ateratzen bada, aurreko atalean aipatu diren Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoetako edozeinetan aurkezten ahalko da aitorpenaren F-90 ereduko inprimakia edo aitorpenaren F-93 frogagiria telematika bidezko igorpenik izan ez bada; bestela, Iruñeko Ezkirotz kaleko 20 bis zenbakian dagoen Errenta Kanpainako Bulegora posta ziurtatuz igorriko da. Halaber, Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza-entitatetan aurkez daiteke, baldin eta bere borondatez aitorpenak jasotzeko zerbitzua bere gain hartu badu.

Aurreko 5. artikuluan ezarritako epetik kanpo egiten diren aitorpenak Nafarroako Zerga Ogasunaren bulego iraunkorretan aurkeztu beharko dira, edo posta ziurtatuaren bidez hara igorri F-90 ereduko inprimakian.

9. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Zerga-zorra zatitzea eta ordainketa helbideratzea.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboetatik ateratzen den zenbatekoa, 710 eta 711 ereduko ordainketa-gutunak, hurrenez hurren, erabiliz ordaintzen ahalko da Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan edo, hurrengo 3. apartatuan zehazten diren inguruabarrak ematen direnean, bankuan helbideratuz. Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2019ko uztailaren 4a arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2019ko azaroaren 20a arte, biak barne.

Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek aitorpena aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenengo zatiari dagokion diru-sarrera aurreko lerroaldean aipatu epearen barrenean gauzatzea.

Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, indarrean den araudiaren arabera ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2020ko ekainaren 24ra arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2018. urteko zergatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren diru-sarrera, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Kasu horretan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du ordaindu beharreko kuota, atal honen lehen lerroaldeak aipatzen duena.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren aitorpena 5. artikuluan ezarritako borondatezko epean aurkezten denean Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak zergadunen eskura jarritako prozedura automatikoak eta telematikoak erabiliz, zerga-zorra, osorik edo zatika, ordaintzen ahalko da Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena eskuz betetzen den F-90 inprimaki ofiziala edo, telematika bidezko igorpenik egin ez bada, aitorpenaren F-93 frogagiria erabiliz aurkezten denean, honela egin beharko da diru-sarrera:

a) Bi zatitan egitea erabakitzen bada, bata 2019ko uztailaren 4ra arte, egun hori barne, ordainduko da ordainketa-gutuna (710 eredua) erabiliz, eta bestea, 2019ko azaroaren 20ra arte, egun hori ere barne, modu berean edo bankuan helbideratuz.

b) Zatitzen ez bada, ordainketa bakarra eginen da, 2019ko uztailaren 4ra arte, “710 eredua” ordainketa-gutunaren bidez bakarrik.

10. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako proposamena.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidaziorako proposamenean subjektu pasiboak 2018. urtean izandako errentari buruzko datuak bildu beharko dira, eta zerga horren pean dauden subjektu pasibo guztiei bidaltzen ahalko zaie, familia-unitatea osatu edo ez.

2. Prozedura hauetako bat erabiliz komunikatuko da autolikidaziorako proposamena:

a) Posta arruntaren bidez, Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri den zergadunen helbidera igorrita, agiri hauekin batera:

–Autolikidaziorako proposamena.

–Proposameneko interesdunen datu fiskalen inprimakia.

–Informaziorako beste agiri batzuk.

b) Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orriaren bidez; autolikidaziorako proposamenaren berri emanen da aurreko puntuan aipatutako helbidera gutun pertsonalizatua igorriz. Gutun horretan, beste informazio interesgarri batzuen artean, orri horretarako sarbidea adieraziko da; orrialde horretatik abiatuta, prestatutako autolikidaziorako proposamena ikusi eta inprimatzen ahalko dute interesdunek.

Zergadunek proposamena jakinarazteko modua hurrengo urteetarako aldatu nahi badute, zuzenean eta beste tramiterik gabe egiten ahalko dute Nafarroako Zerga Ogasunaren Interneteko web-orrian sartuz, edo, bestela, telefono bidez edo bertaratuz, horretarako ezarritako bideak erabiliz. Aldaketak aitorpenaren baterako modalitatean eraginik badu, aski izanen da eskaera familia-unitateko kideetako batek egitea.

3. Subjektu pasiboak uste badu autolikidaziorako proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, artikulu honetako hurrengo ataletan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamenak aitorpen eta autolikidazio izaera izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

4. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, aitorpena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 9. artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru-sarrera egin ezean edo Interneten bidez, bertaratuz edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz berariaz uko eginez gero, subjektu pasiboak autolikidaziorako proposamena ez duela berretsi ulertuko da eta, horrenbestez, dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago.

Igorritako proposamenaren arabera sartu beharreko diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza %50ekoa, 9.2. artikuluan ezarritako egunetan, autolikidaziorako proposamenean berean adierazitako banku-kontuan.

Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi baldin badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://hacienda.navarra.es webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Zerga Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara (interesdunaren IFZ eta PIN zenbakiak adieraziz betiere); ziurtapen digitala, NAN digitala edo Nafarroako Zerga Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2019ko ekainaren 24a baino lehen egin beharko dira.

5. Autolikidaziorako proposamenean “zero” kuota zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz, edo bertaratuz edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Bestela, autolikidaziorako proposamena ez dela berretsi ulertuko da, eta dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago.

6. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat, itzuli beharrekoa, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak zerga honen aitorpena aurkezten ez badu edo Interneten bidez, bertaratuz eta telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz berariaz uko egiten ez badio. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Zerga Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidaziorako proposamena, eta dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 1.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Subjektu pasiboak itzuli behar zaiona jaso baino lehen kontrakorik adierazi ezean, itzulketa hori proposamenean horretarako adierazitako banku-kontuan eginen da. Adierazpen hori Nafarroako Zerga Ogasuneko bulegoetan agertuz egin daiteke edo hark telematika bidez zergadunen eskura helburu horretarako jartzen dituen aplikazioak baliatuz.

7. Subjektu pasiboak, bidaltzen zaion autolikidaziorako proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, aitorpen bat aurkezten badu eta aitorpen horrek, aurreko atalean xedatutakoaren arabera, lehen bidalitako proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:

a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:

–Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.

–Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2019ko uztailaren 4ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

–Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.

b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:

–Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2019ko uztailaren 4an.

–Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 9. artikuluan adierazitako lehenengo epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren %50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako %50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.

–Subjektu pasiboak zerga-zorra ordainketa-gutun baten bidez ordaintzea erabakitzen badu, aurreko bi paragrafoetan adierazi diren baldintzen arabera jokatuko da ordainketaren zatikatzeari, zenbatekoei eta epeei dagokienez.

11. artikulua. Nola aurkeztu telematika bidez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak telematika bidez aurkezteko beharkizunak.

Aitorpenak telematika bidez aurkeztean baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ). Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek baterako aitorpena egiten badute, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du. Aurreko edo ondorengo ahaideen, desgaitasuna dutenen edo pertsona lagunduen kasuetan, murrizketarako eskubidea badute, zerga sorraraztean 14 urte baino gehiago dituztenek IFZ eduki eta adierazi behar dute, baita, adin horretatik beherakoak izanik, zergari lotuta dauden eta aitorpenean sartu beharrekoak diren errentak dituztenek ere.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa bada Nafarroako Zerga Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, nork bere identifikazio pertsonalerako kodearen bidez (PINa) edo Nafarroako Zerga Ogasunak ontzat emandako sinadura digitalaren ziurtagiriaren bidez.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Aitorpenak telematikoki aurkezteko bai laguntza programaren bitartez bai “Nafarroako Errenta” izeneko informatika aplikazioaren bidez, aitortzaileak nor den erakutsi beharko du sinadura digitalaren ziurtagiria edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN) baliatuz, Nafarroako Zerga Ogasunean eskuratzen baita.

Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek baterako aitorpena egiten badute, biek eduki beharko dute sinadura digitalaren ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak ontzat emana, edo bestela, IFZren eta dagokion PINaren bidez beharko dira identifikatu.

Halaber, aurkezpena egiteko modalitate hori hautatzen duten aitortzaileek aurkezpen horretarako eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian daude argitaratuta Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

2. Akats formalak dituzten aitorpenak aurkeztea.

Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenak bide telematikoz aurkezteko prozedura.

–Aplikazioa ireki ondoren, programak datu fiskalak ematea nahi baldin bada, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak aurreko 1. apartatuan adierazitako moduan frogatuko dute nor diren. Hori agertzea nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, aipaturiko autentifikazioa.

–Nortasuna frogatuta, eskatutako aitorpenari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, aldatzen ahalko du.

–Aitorpena bukatutakoan, bidaltzeari ekinen zaio, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero. Une horretan, aitortzaileak eta, zein den kasua, bikotekidea edo bikote egonkorreko kideak nor diren frogatu beharko dute aurreko 1. atalean adierazitako moduan.

–Aitorpena onartzen bada, elektronikoki balidatutako igorpenaren F-93 egiaztagiria inprimatuko da, zein datatan aurkeztu den adierazita. Inprimakia zerga arloko Administrazioaren eskura gorde beharko da, zergaren preskripzio epean.

–Aitorpena onartzen ez bada, atzemandako akatsak azalduko dira pantailan. Kasu horretan akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.

–Orobat, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenari dagokion F-93 egiaztagiria inprimatzen ahalko da, telematika bidez aurkeztu gabe, barra kodearekin. Dena dela, kasu honetan balioa eta eraginkortasuna izan dezan, eskuz beharko da aurkeztu 8. artikuluan aipatu tokietako edozeinetan.

4. Aitorpenak bide telematikoz ordezkari baten bitartez aurkezteko prozedura.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren aitorpenen aurkezpen telematikoa aitortzaileek behar bezala baimendutako ordezkari baten bidez egiten ahalko da, baldin eta ordezkari horrek banakako atxikipen agiria sinatu badu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan adierazten dena, hain zuzen ere. Kasu horretan, aitorpena telematika bidez aurkezteko beharrezkoa den sinadura digitala ordezkariarena izanen da, eta ez da beharrezkoa izanen ordezkatuena.

Alabaina, “Nafarroako Errenta” izeneko aplikazioa baliatuz aitorpenak telematika bidez aurkezten diren kasuan ezinezkoa da aitorpenaren aurkezpen telematikoa ordezkari baten bitartez egitea; betiere, nork bere izenean aurkeztu beharko du, IFZ eta PINa erabiliz edo, bestela, aitortzaileen sinadura digitalaren ziurtagiriaren bidez (Nafarroako Zerga Ogasunak ontzat emana).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

I. ERANSKINA

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga. Inprimakiak (PDFa).

II. ERANSKINA

Ondarearen gaineko Zerga. Inprimakiak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1904161